Bizia lurretik kanpo

Ez dugu bakarrik egon nahi

  • Gaueko zeru argiari begira etortzen zaizkigu gogora gizateriaren galdera handietako batzuk. Badago bizirik hor kanpoan? Horri erantzutea –eta ahal dela, baietz erantzutea– lehentasun izendatu dute ikertzaileek, eta proiektu handinahiak ari dira garatzen bizilagunik ba ote dugun jakiteko. Eguzki Sistemaren barruan zein kanpoan dihardute bila; orain gutxi NASAko ordezkari batek esan zuen bezala, “ez da amamaren etxera txangoa egitea”.
Unai Brea @unaibrea
2008ko ekainaren 01a
Planeta
planeta
Lur planetatik kanpo bizia topatzea gizateriak egindako aurkikuntzarik garrantzitsuena izango litzateke Agustin Sanchez Lavega astrofisikari bilbotarraren ustez. Ez da lan erraza ordea. Unibertsoa oso handia da eta gure bitartekoak ez horrenbeste, baina gogotsu ari gara bilatzen. “Beste planeta batzuk existitzen direla dakigunetik, planeta horietan bizidunik ba ote dagoen jakin nahi izan dugu”, dio Sanchez Lavegak. Kopernikok XV. mendean frogatu zuen planetak eguzkiaren inguruan biraka dabiltzala, eta harrezkeroztik era guztietako pentsamoldeak izan dira bizi estralurtarraz. XVIII. mendean, eguzkian ere bizia egon zitekeela uste zuten batzuek. Baina bilaketa serioa XIX.ean hasi zen.

Etxe ondotik hasi ginen. Marte da Lurretik hurbilen dauden planetetako bat, eta baita bizia gordetzeko susmagarri nagusia ere. XIX. mendean teleskopioak nahiko aurreratuta zeuden, eta horri esker ikusi ahal izan zen Martek polo kasketak zituela, eta baita urtaroekin batera agertzen eta desagertzen diren orbain berdexkak ere. Gaur egun badakigu harearen mugimenduak sortzen dituela orbain horiek, baina garai hartan landaredia izan zitekeela pentsatzen zuten askok. Eta hori gutxi balitz, Marteko kanal ospetsuak “agertu” ziren.
Marteko kondaira

1870eko hamarkadan, Giovanni Schiaparelli astronomo italiarrak egitura estu eta luzeak ikusi zituen Marteko gainazalean. Egia esan, irudikatu egin zituen, bere teleskopioa txikiegia baitzen halakorik ikusteko, baina hala eta guzti ere “aurkikuntza”-ren berri eman zuen. Schiaparellik canali deitu zien egitura haiei. Mende haren amaieran, Percival Lowell estatubatuarrak ideia haiek jaso eta sutsuki defenditu zituen. Gainera, Schiaparelliren canali hitza itzultzeko, Lowellek ingelesezko canales erabili zuen –artifizialki eraikitako zeozer–, nahiz eta italiarrak esan nahi zuena adierazteko egokiagoa zen channels, hots, egitura geologikoak. Lowellek temati defendatu zuen bere teoria, eta haren bultzadari esker sortu zen Marteri buruzko ikonografia. Gaur egun arte osasuntsu iraun duen negozio baten lehen urratsak izan ziren. Orain badakigu Marten ez dagoela kanalik (canale), baina beti egon dira edozer sinesteko prest dauden lurtarrak.

XXI. mende hasieran gaude eta zientzialarientzat nahikoa litzateke bakterio xume batzuk aurkitzea Marten edo beste inon. Itxuraz behintzat, gure Eguzki Sistemako planetetan ez dago bizia loratzeko baldintza egokirik. Biologoen ustez, hiru gauza behar dira bizia sortu ahal izateko, guk ezagutzen dugu eran behintzat: karbonoa, energia iturri bat eta ur likidoa. Lehenengo biak nonahi daude, beraz ura da gakoa. Zientzialariek “biziegokitasun eremu” kontzeptua sortu dute planeta batean ur likidoa egon daitekeen ala ez kalkulatzeko. Hau da, bere izarretik zer distantziatara egon behar duen planeta batek ur likidoa eduki ahal izateko. Biziegokitasun eremua nahiko estua da, eta gure eguzki sisteman Lurra da haren barruan dagoen planeta bakarra. Hala ere, susmoa dago ur likidoa egon daitekeela Eguzki Sistemako beste leku batzuetan, eguzkitik urrun egon arren. Bizi estralurtar bila egiten diren ahalegin gehienek “susmagarri” horiek ikertzea dute xede.

Marteri buruzko elezahar guztiak baztertuta ere, bera da oraindik helburu nagusia bizi bilaketa honetan. Ikertzaileek uste dute ura egon daitekeela planeta gorriaren lur azpian. “Baliteke bizia egotea hor, mikrobioren bat-edo, horregatik bilatu behar da”, dio Sanchez Lavegak. Ura eduki lezaketen beste gorputzak sateliteak dira, ez planetak. Bata Europa da, Jupiterren satelitea eta gure ilargiaren tamainakoa gutxi gorabehera; bestea, Entzelado, askoz txikiagoa da, 500 kilometroko diametroa besterik ez du, eta ez da planeta baten satelitea, beste satelite batena baizik: Saturnoren inguruan biraka dabilen Titan-ena, hain zuzen. Bai Europako bai Entzeladoko gainazalen azpian ur likidozko ozeanoak egon daitezkeela pentsatzen da, eguzkitik hain urrun egonagatik. Euren barne-beroak azalduko luke gainazaleko izotza urtzea. Edonola, erratzeko beldurrik gabe esan daiteke Marten, Europan zein Entzeladon ez dagoela bizirik gainazalean. Izatekotan, lur azpikoa da.

Eguzki Sistemako gainerako planetak baztertuta daude inoren bizilekutzat. Merkurio eta Artizarra Eguzkitik hurbilegi daude eta infernuak dira. Planeta erraldoiak (Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno) gasez eginda daude ia osorik eta sekulako presioa dago bertan, oso handiak direlako. Egin kontu: Jupiterren 1.000 Lur inguru sartuko lirateke. Gainera, hidrogenoa da nagusi horietan; gas pozoitsua eta biziarekin –guk ezagutzen dugunarekin betiere– bateraezina. Ez dirudi bizilagunak ditugunik auzoan.

Bilaketa Eguzki Sistematik at

Eguzki Sistematik kanpo ere bada unibertsorik, eta hor bai, bizirako aukera asko egon daiteke. Astronomoen kalkuluen arabera, gure galaxiak 100.000 milioi izar ditu, eta 100.000 milioi galaxia dago unibertsoan. Hala ere, izar guztiak ez dira bizitzeko inguru egokiak. Esne Bidearen erdian, esaterako, erradiazio guztiz kaltegarria igortzen duten izarrak daude; hor ez dago bizitzerik. Gure eguzkiak ere igortzen ditu mota horretako erradiazioak, bidenabar esateko, baina askoz kopuru txikiagoan. Beste izar batzuek oso iraupen laburra dute, eta seguruenik ez dago denbora nahikorik haien inguruan bizia pizteko. Badira supernobak osatuz eztanda egiten duten izar eskergak, beren inguru osoa txikitzen dutenak. Eta beste batzuk txikiegiak dira.

Bizia bilatzeko gure eguzkiaren antzeko izarrak bilatu behar dira. Ez da dirudien bezain zaila: eguzkia bezalako izar asko dago unibertsoan. Eta zientzialariek uste dute mota horretako izar guztiek dituztela planetak inguruan. Hautagai kopurua eskerga da. Horregatik Agustin Sanchez Lavegaren iritziz harritzekoa litzateke bizia ez egotea Lurretik kanpo, gure galaxiatik irten gabe ere.
Aurkitzea beste kontu bat da. Behaketa zuzenak gehienetan ez du balio, izarren arteko distantziak ikaragarriak direlako. Momentuz, eguzkiz kanpoko planeta bakarra ikusi ahal izan da teleskopioz. Gauza izan gara, hala ere, beste planeta batzuk atzemateko, bilaketa modu ez-zuzenak erabilita. Gaur egun 30 inguru ezagutzen dira, denak handiak. Oraindik ez daukagu teknologia nahikorik txikiagoak aurkitzeko, baina laster edukiko dugula dirudi. NASA eta ESA, AEBetako eta EBko espazio agentziak hurrenez hurren, hainbat proiektu garatzen ari dira horretarako.

Superlurrak, astronomoen itxaropena

Lurraren tamainako planetak detektatu ahal izateko teknologia garatzen den bitartean, astronomoek superlurrak bilatzen dituzte. Lurrarena baino bost edo hamar aldiz handiagoa den masadun planetak, hain zuzen. Handiak, baina ez hainbeste; horrek esan nahi du harkaitzez osatuta daudela eta barne-beroa eduki dezaketela, Lurrak bezala. Orain arte topatu den superlur txikiena, Gliese 581-c, Lurraren bost halako da (masan), eta bere izarraren biziegokitasun eremuan dago. Aurkitu duten zientzialariek 0 eta 40 gradu arteko tenperatura daukala uste dute, gainazalean ur likidoa izateko aproposa beraz, eta esan gabe doa bere izena letra gorriz idatzita dagoela bizi bilatzaileen agendetan.

“Halako planetak bilatu behar dira –dio Sanchez Lavegak– Lurra baino txikiagoak ikustea oso zaila izango delako”. Bestalde, handiegiak eta txikiegiak ez dira komeni, grabitateak zerikusia eduki dezakeelako biziaren garapenean. Grabitate txikiak ez dio atmosferari eusten, eta handiak bertako edozein bizidun zapalduko luke.

Planetaren tamainak ez ezik, haren konposizioak ere garrantzia dauka: elementu kimiko astunik gabe ezin daiteke Lurra bezalako planetarik sortu. Izarretan sortzen dira elementu horiek, baina ez edozeinetan. Gure Eguzkiaren %99, esaterako, hidrogenoa da, eta helioa du elementurik astunena. Eguzki Sistemako planetak eratu dituzten elementu astunak beste nonbaitetik etorri dira, supernoben eztandetatik hain justu. Izarren hautsa gara, ez besterik. “Horregatik, planeta berriak bilatzeko elementu astun horiek dituzten izarrak bilatzen ditugu lehenengo”, azaldu du Agustin Sanchez Lavegak.

Bizia piztea zori kontua al da?

Jo dezagun, bada, konposaketa eta tamaina egokia dituen planeta dugula bere izarraren biziegokitasun eremuan. Eta jo dezagun planeta horrek Lur planetak orain dela 4.600 milioi urte inguru zuen atmosfera bera duela. Ezinbestean sortuko litzateke bizia hor, ala zoriak badu zeresana? Ez dugu erantzunik galdera horretarako, dakigunez hemen baino ez baita bizia sortu, eta ezin da teoria orokorrik eman kasu bakarretik abiatuta. Baina badira iritziak.

Antonio Lazcano, Mexikoko UNAM unibertsitateko biologoa, munduko adituenetakoa da biziaren jatorrian. Dioenez, “Lurra orain dela 4.600 milioi inguru sortu zen, eta ikertzaileok bat gatoz orain dela 3.500 milioi urte oso mikrobio-biosfera aberatsa zegoela, gure planetako eskualde desberdinak betetzen zituena. Bizia piztu zeneko bizkortasunak aditzera eman dezake haren sorreran indar handiko osagai deterministikoa dagoela”. Bestela esanda, nolabaiteko ezinbestekotasuna. Bada tesi horren aldeko beste elementu bat: laborategian duela 4.600 milioi urteko Lurraren baldintzak simulatzen dituztenean, nahiz eta simulazio hori aldaera desberdinekin egin –energia iturri desberdinak erabiliz, berbarako– sortzen diren molekulak oso antzekoak dira beti. Zoriaren garrantzia ez litzateke hainbestekoa, hortaz. “Hala ere –gehitu du Lazcanok– orain dela hilabete eskas egindako esperimentu batzuek aditzera ematen dute zenbait molekularen asimetria kasualitatearen ondorioa dela”. Erantzun bat ematearren, Lazcanok uste du nola-halako determinismo kimikoaren aldeko froga batzuk badaudela, baina gehiegi busti gabe.

Arestian esandakoak Sanchez Lavegaren tesia indartzen du: baldintza egokiak dituzten milioika planeta daudela ontzat ematen badugu, eta baldintza horietan bizia piztea nahiko “erraza” bada, nolabait esatearren, ziurtasun handiz esan daiteke ez gaudela bakarrik. Bitartean, denbora, indar eta diru asko xahutzen segituko dugu, baieztapen bila. Ez hainbeste ordea, Sanchez Lavegaren ustez: “Beste gastu batzuekin konparatuta, espazioa ikertzeko erabiltzen dena nahiko gutxi da seguruenik. Espainiako Estatuan BPGaren %1 erabiltzen da zientzian. Eta zientzia guztiaz ari naiz! Zer zati dagokio espazioari?”. Adibidez, TPF proiektuaren aurrekontua 380 eta 510 milioi euro bitartekoa da. Eta txikia omen.

Gutxi edo asko, Lavegarentzat gastua justifikatuta dago. “Lehenik eta behin, ezagutzan inbertitzen delako. Lurretik kanpo bizia aurkitzea ikaragarria litzateke, ez dakigu zer nolako garrantzia edukiko lukeen, filosofian, erlijioan... Bestetik, pentsa dezagun bizia topatzen dugula eta, esaterako, haren oinarria ez dela DNA molekula. Galdera kopuru infinitua sortuko litzateke”. Lavegaren hitzek munduko ikertzaile gehienen pentsamoldea laburbiltzen du: bizi estralurtarra bilatzea lehentasuna da gaur egungo zientziarentzat.

100.000 milioi galaxia eta kalkulagailu arrunten gaitasuna aise gainditzen duen izar kopurua. Posible ote da lurtarrak izatea unibertsoko bizidun bakarrak? Gizateriak ezin izango ditu planeta guztiak banan-banan arakatu noski, baina nola edo hala jakiterik bagenu planeta txiki honetan baizik ez dela bizia sortu, ondorioak bizia aurkitzearenak bezain garrantzitsuak lirateke. Hemen baino ez bada gertatu, zer ote da bizia?
Pioneer X eta XI, gure mezua daramaten botilak
1972an, NASAk Pioneer X zunda igorri zuen espaziora. Hura izan zen Marte eta Jupiterren arteko asteroide gerrikoa zeharkatu zuen lehenengo espaziontzia, baita Eguzki Sistematik irtengo den aurrenekoa ere –Eguzki Sistemaren mugan dago orain–. Bai Pioneer Xek bai haren ahizpa Pioneer XIk –1973an jaurti zuen NASAk–, mezu bat daramate balizko zibilizazio batentzat. Pioneer plaka esaten zaio mezu horri, eta honako irudiak agertzen ditu:
  • Eskuman, zundaren irudia, eta haren aurrean gizon bat eta emakume bat. Zunda agertzearen arrazoia gure tamainaren berri ematea da, irudien proportzioa benetakoa da eta.
  • Ezkerrean, puntu beretik abiatzen diren lerro zuzen sorta bat. Puntu hori Lurra da, eta lerrook gugandik hurbilen dauden pulsarrak –irrati-uhinak igortzen dituzten izarrak– adierazten dituzte. Lerro bakoitzean, pulsarraren pultsu-maiztasuna ageri da, sistema binarioan idatzita. Irudi hori, nolabait esatearren, Lurraren “helbidea” da. Pulsarrak ezagutzen dituen zibilizazio aurreratu batek, ustez, plaka interpretatzen jakin behar luke.
  • Beheko aldean Eguzki Sistemaren eskema txikia dago. Pioneer zunden hasierako ibilbide ere ikus daiteke bertan. Goian, ezkerrean, eta sistema binarioaren bitartez adierazita halaber, hidrogeno molekula baten spin-a ageri da. Hidrogenoa da unibertsoko elementurik ugariena.
Etxe bila, agian?
Biziaz gain, bizilekua aurkitu nahian gabiltza? Aspaldi hasi ziren hitz egiten beste planeta batean Lurrekoak bezalako baldintzak sortzeaz, hemendik alde egin behar dugunerako. Eztabaida etikoak albo batera utzita, Agustin Sanchez Lavegak dio ez dagoela horren inguruko egitasmo ofizialik, besteak beste hamarkada asko igaro beharko direlako pertsona bakarra Martera bidali ahal izateko. Hala ere, hamar urte barru ilargian baratzeak jartzeaz mintzatu berri da, serio-serio, ESAko zientzialari bat.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Espazioa  |  Energia krisia

Espazioa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude