Idazle ikusezinen arrasto beltza

  • Erresuma Batuko lehen ministro izandako Winston Churchillek 1953an irabazi zuen Nobel saria ez ote zuen beste batekin partekatu behar? Zerikusirik izan al zuen Deustuko Unibertsitateko irakasle eta historialari Fernando Garcia Cortazarrek Olarra enpresari eta senatari zenaren Postfranquismo, proyecto de futuro liburuan? Ruben Dario poeta eta Alejandro Sawa idazlea zergatik haserretu ote ziren? Galdera hauen guztien atzean idazle beltzen arrasto iluna sumatzen da. Ez du azalaren kolorearekin zerikusirik, nahiz onarpen ezak belzten dion kopeta. Beltza deritzo beste batentzat ilunpean egiten duelako behar. Behar zikina, itzalekoa. Ustez ikusezina, baina bidean uzten dituen lorratzak usteak usteltzen ditu, tanta beltzak egun zuri batean bezain ikusgarriak direlako, ustez, beltzaren lorratzak.
Ezkutuko idazleak
Ezkutuko idazleakGhost_striatic/CC-by-sa
Ingelesez ghostwriter bezala ezagutua idazle profesionala da. Espainian Negro literario deritzo. Nègre da Frantzian. Ezkutuko idazlea edo beltza hemen. Izenak hamaika, baina egitekoa bakarra: beste batentzat idaztea. Itzalean egiten du lan, onespenik jaso gabe, baina bere jarduna ez da klandestinoa, legez kanpokoa dirudien arren erabat baimendua baitago.
Autoreak eta itzaleko idazleak liburua idatzi aurretik adosten dute prezioa. 2.000 ala 500.000 mila ale saldu, beltzak hasieran hitzartutakoa kobratzen du. Tokian toki eskulanaren prezioa ezberdina da. Kanadan esaterako, Idazleen Elkarteak gutxieneko tarifa ezarri du ghostwriter-entzat: 200-300 orrialdeko liburuagatik 25.000 dolar (17.000 euro). Erresuma Batuan eta AEBetan ere zifra horien inguruan dabiltza. Indian orrialde kopuru bereko liburuagatik 3.000-5.000 dolar (2000-3500 euro inguru). Ezetz asmatu herrialde horien artean nora jotzen duten editorialek ezkutuko idazleen bila?

Euskal Herrian zer?

Gure herri bedeinkatu honetan ezkutuko idazleek ere badute kabida, ez ordea haren jardunaren aitortzak. Argiak euskal literaturaren ingurumarian erreferente diren hainbat idazleren iturritik edanez jakin du halakoak existitzen direla, baina hortik aurrerako inbestigazio lana hondarrean hazia ereitea bezalakoa da, antzua.

Haatik, idazle beltzaren haritik tiraka, beste kontzeptu batekin egin dugu topo: pinttoarekin. Josu Zabaletaren arabera halakoei zuzentzaile esan ohi zaie eta ez diegu inoiz merezi bezala eskertuko haiek egiten duten lana. Gaur egun hizkuntza zerbitzuak eskaintzen dituen Rosetta enpresan ari da lanean Zabaleta eta 2001. urtean Literatura Itzulpen Onenaren Euskadi saria jaso zuen. Kasu batzuetan idazleak berak egiten du zuzenketa eskaria eta idazlearen eta zuzentzailearen artean harreman estua sortzen da. “Tamalez, kasu askotan testuaren lehen egileak ez du zuzentzailearen lana ezertarako kontuan hartzen. Okerragoa ere izan daiteke eta –izan da–: lan batek argitaraturik izan dituen arazoen errua zuzentzaileari botatzea edo zuzentzailearen lana guztiz estali nahi izatea, adibidez”. Zabaletaren esanetan, begi zorrotz samarrez irakurtzen bada, ordea, idazle bat baino gehiago dago lan batetik bestera estilo desberdinak dituena –ideiak kontuan hartu gabe– zuzentzaile bakoitzak bere arrastoa uzten baitu. Zuzentzaileak lan batean esaldi bat bera ere zegoen bezala uzten ez dituen kasuak ezagutzen ditu eta ez idazle edo itzultzaile ezezagunena; “norena da testu hori? Irakurleak ez al du ezagutzen gezurrezko egile bat?”, galdetu du Zabaletak.

“Testugileak badaki zuzentzaile bat izango dela ondoren, eta horren aurrean askok arreta gehiago jartzen duten bezala, beste batzuei inolako arretarik gabe idazteko balio die. Guztiz testu negargarriak irakurri behar izan ditu zuzentzaileak. Irakurri bakarrik ez, zuzendu ere bai, ia-ia sortu, txineratik itzuli, testugileak testua idaztean gogoan zer izan zezakeenaren hipotesirik bitxienak eginez”. Zeren ondorioa da hori? Zabaletaren aburuz testugileak oso hizkuntz konpetentzia urria dauka. Alegia, komunikatzeko tresna urri eta akastun batez ezin daitezke diskurtso ongi lotu eta ongi moldatuak sortu.

Horretaz gainera, idazleen munduan bada beste lanbide bat: re-writing edo berridazlearena. Testua zuzendu ez ezik birmoldatu egiten du: idazlearen ideiak, gidoia hartu eta beste era batera moldatzen ditu.

Beltzak beti uzten du bere lorratza

Orain gutxi El Mundo obragatik Planeta Saria eskuratu duen Juan José Millás idazle espainiarra itzaleko idazle izan zen bere garaian eta El País egunkariko Domingo gehigarrian adierazpenok egin zituen: “Izugarri gogoko nuen beste autore batzuei buruzko aipamenak egitea euren jatorria azaldu gabe, akrostikoak sortzea, nire lanaren jabearekiko azpijokotan aritzea.... zure lanaren fruituak beste batek jasotzean geratzen zaizun ordain bakarra da”.

Ana Rosa Quintana telebista aurkezle espainiarrak halako azpijokorik nozitu zuen. 2000. urtean, Sabor a Hiel liburua bere sinadurapean kaleratu zuten. Sasoi hartan (orain ere bai) Espainiako telebista kateentzako aurpegirik preziatuenetarikoa zen eta inor gutxi harritu zen Sabor a Hielek izan zuen harreraz. Aste gutxiren buruan 100.000 ale saldu zituen eta gehiago ere izango ziren, harik eta Interviú aldizkariak liburua plagioak jota ustelduta zegoela salatu izan ez balu. Danielle Steel AEBetako idazlearen Familly Album eta Angeles Mastretta mexikarraren Mujeres de ojos grandes nobelen parrafoak hitzez hitz kopiatu zituela leporatu zioten. Hitzez hitz ez, Ward eta Faye izenen lekuan Francisco eta Adriana jarri zituen, horregatik aurkezleak gertatu zena akats informatiko baten ondorioz izan zela argudiatzean inork ez zion sinetsi. Ebidentziaren aurrean gertatua aitortu beste biderik ez zuen izan. Bere lehen nobela zela eta laguntza eskatu ziola bere konfiantzazko pertsona bati –beltzari– eta hark ziria sartu ziola.

Behar beharrezkoak AEBetan

Ezkutuko idazleen jarduna horren premiazkoa bada, orduan zergatik aritzen dira itzalean? Galdera horrekin hasi zuen Gregory Baruch Washington Post egunkariko kazetariak ezkutuko idazleei buruzko artikulua. AEBetan kontaezina da zenbat liburu kaleratu diren autoreak lerro bakar bat bera ere idatzi gabe. Gehiago saltzen du aurpegi batek testu batek baino; merkatuak bere egin duen legea da eta editorialak horretaz baliatzen dira. Politikari, aktore... ospetsu askoren idatzien atzean beltz baten eskua dago. Hillary Clinton senatariak 8 milioi dolar ikustean (5,5milioi euro), begi egarriz gelditu nahi ez eta barruak hustu zituen It Takes a Village biografia liburuan, bere senar Bill Clintonen afera sexuala gori-gorian zegoenean. Barbara Feinman idazlearen “laguntza” izan zuen. Horregatik, Feinmanek orain arte ezkutuko idazle batek inoiz jaso duen diru kopururik handiena jaso zuen, 500.000 dolar (350.000 euro inguru). Time magazineko artikulu baten arabera, prezio horren barruan idazleak ezin zuen inorekin hitz erdirik ere egin gertatutakoaz.

Simon & Shusters argitaletxeak Ronald Reagan AEBetako presidente ohiaren An American life, 729 orrialdeko biografia liburua argitaratu zuenean Reaganek hauxe esan omen zuen: “Entzun dut liburua negargarria dela. Halako batean liburua irakurriko dut”. Robert Lindsey idazleak egin zuen iluneko lana.

Pamela Harrimanen kasuak ere bazterrak astindu zituen. Harriman AEBetako enbaxadore izan zen Frantzian Clintonen garaian, 90eko hamarkada hasieran. Christopher Ogden izeneko idazlea bere memoriak idazteko kontratatu zuen 1991n. Entrebista askoren ostean –kasik 40 orduko grabazioa zuen Ogdenek– proiektua bertan behera gelditu zen eta Harrimanek ez zion deus ordaindu. Beltzak orduan, bildu zuen informazio guztiarekin The life of the party liburu biografiakoa kaleratu zuen, zeinak salmentetan harrera ezinhobea izan zuen.

Medikuntzan amarruak berdin balio du

AEBetan literaturaren mugak gainditu ditu idazle beltzaren iluntasunak. Interneteko zurrumurruek diotenez, farmazia etxeek dirua ordaintzen diete idazle beltzei medikuntza edo egunkari zientifikoetan merkaturatu berri dituzten botikei buruzko testuen truk. Idatziok gainera, gizartean prestigioa duten fisikari, zientzialari, medikuntza akademietako kide edota medikuntza elkarteetako presidenteek sinatzen dituzte. Testu horietan dena delako sendagaia mirarigiletzat jotzen da eta arlo ezberdinetako prestigiozko profesionalen sinadurapean, tontoa ontzira erori nola, hala irensten du jendeak.

Sinaduragatik 1.000 dolar inguru kobratu ohi dute (680 euro), baina irabaziak prestigioaren arabera gehiago ala gutxiago izan daitezke. Hezkuntzan lan egiteko edo euren aurkikuntzetarako aitzakian kobratzen dute. Hainbat farmazia industriak, editorialek eta mediku elkartek legez kanpokotzat jo dute, AEBetako legedia urratzen dutelakoan. Zilegitasunik ez duen baimendutako praktika arrunta da.

Onkologian eta psikiatrian erabiltzen dira batez ere halako trikimailuak.

Blog-ak ere belztuta

Politikariek, kazetariek... itzaleko idazleak dituzte euren blogak idazteko. Areago, idatzi dutenari buruz erantzunak jartzen dituzte izen desberdinekin. Blogetarako ghostwriter-ak eskaintzen dituzten enpresen arabera halakoak zilegitasun osoko merkatu teknikak dira. Ez zen iritzi berekoa izan The Los Angeles Times egunkaria Michael Hiltzik kazetari izarraren bloga bertan behera utzi zuenean. Kazetari hark pseudonimo bat erabiltzen zuen bere blogean ezezik besteetan ere iruzkinak uzteko. Hugh Hewitt irrati esatariaren eta Patrick Frey abokatuaren blogetan, biak ala biak kontserbadoreak eta fama handiko pertsonak, izugarriak bota zituen Mikekoshi izengoitia erabiliz, baita harrapatu ere. Hiltzik ez zen kazetari arrunta. 1999an Pulitzer Saria irabazi zuen Chuck Philipsekin batera entretenimenduaren industrian ustelkeria afera argitara eman zuelako eta berripaper horren zutabegile puntakoena zen.

Ahaztu gabe galderak erantzun ditzadan. Nobel sariagatik Churchill ministro zenak dirua irabazi bai, baina fikziozko lanik sekula egin gabe. Fernando Garcia Cortazarrek Olarraren liburuan iluneko beharra egin zuen.Alejandro Sawa eta Dario haserretu egin ziren. Loria guztia bigarrenak eramaten zuen, testuak lehendabizikoak idatziagatik. Dirua ere usaintzen ez zuenez hauxe idatzi zion Dariori: “Niretzako ez zara ezer, hilik bazeunde bezala. Areago, inoiz existitu ez bazina bezala”.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude