«Gerra ostean Karrantzan agur! esaterik ere ez zegoen»

  • Korrika 15ak eman zigun Lourdes Zimarro andrearen aztarna. Haren eskutik jaso zuen lehenengo lekukoa Karrantza Haranean 1 zenbakidunak, Karlos Santistebanek, Lourdesen semeak. Andrearen historia zein den jakin nahirik Karrantzara jo eta gerra garaiko lekukotasuna bildu dugu: Durangoko bonbardaketa, erbestea, familiaren sakabanatzea… Durango eta Karrantza, 83 urteko emakumearen bizitza zedarritu duten bi herriak.
Lourdes Zimarro
Dani Blanco
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Kontu zaharrak berritzen hasi behar dugu eta zera jakin nahi nuke…


Hasteko, esan behar dizut aita argiketaria zela eta lan asko egiten zuela Durangoko Udalarentzat. Horrela jakin zuen sirenak jartzekoak zirela Santa Maria dorrean, ordurako Molak agindua zuen-eta kiskali egingo gintuztela lubakiak errenditzen ez baziren. Gure aitak berak jardun zuen sirenak jartzen. Bada, Durangoko jendea, hain katolikoa!, denek Santa Maria elizara nahi zuten. Gure aitak, berriz, ez zigun uzten elizara joan gintezen, babesik ez zuela eta. Nahikoa zela bonba bat hura dena zirtzilatzeko. San Agustinalde kalean, ostera, ospitalearen parean, Gasteiza doan bide nagusian, ardandegia zegoen, eta han soto bat egina zeukaten, Errioxatik ekartzen zituzten zahagiak bertan uzteko. Gure aitari, ardandegiko soto hura eliza baino leku egokiagoa iruditu zitzaion nonbait, eta udaletxeko baten batzuekin hitz egin eta han babesteko baimena eman zioten. Lurrean hondar eta lur zakukada batzuk bota, eta sirenak jotzen zuenean haraxe joaten ginen korrika. Aita, ama eta hiru alaba ginen etxean. Neu nintzen gazteena.

Ardandegia babesleku! Zeuek asmatu! 336 lagun hil ziren martxoaren 31tik apirilaren 4ra bitarteko bonbardaketa latzetan.


Bai, gure ahizpa bat hantxe ibili zen, Karmen, zaurituak biltzen. Ezin izaten zuen lorik egin. “Hainbeste hildako ekarri dituzte!” esaten zutela entzuten nuen. Ez zuten nahi nik entzuterik, baina… Hemezortzi bat urte izango zituen Karmenek, eta zaurituak jasotzera irteten zen, ospitalera laguntzera joaten zen… Baita aita ere. Nik ez nuen askorik egiterik, ez zidaten uzten-eta. Neska koxkorra nintzelako, alegia. Barrenkalen bizi ginela, zaurituak ospitalera nola eramaten zituzten ikusi nuen. Horixe da Durangotik irteterakoan ikusi nuen azkena. Beste gertakizun batez ere akordatzen naiz, aurrekoa. Milizianoak, Otxandiora zihoazela. Pasadizoan, tabernan geratzen ziren zer edo zer hartzen. Gu pozik, hainbeste mutil gazte ikusita. Joan bai, joaten ziren Otxandiora baina itzuli, ezta erdiak ere! Gure disgustua hura jakiten genuenean. “Han geratu dira, batzuk hilda, beste batzuk zaurituta!”, esaten ziguten. Asko hil ziren Otxandio partean.

Ez zineten Durangon geratu.


Bonbardaketak hasi eta hirugarren egunera, koinatu Andresek, okina zenak, hartu furgoneta bat, etxeko puskak bildu eta Karrantza Haranera ekarri gintuen, bere senide batzuen etxera. Baina aita eta gainerakoak han geratu ziren. Geroago etorri ziren Karrantzara.

Zer berri izan zenuten Karrantzan?


Etxe batean jarri ginen bizitzen. Gero, etxe hura ere kendu egin ziguten, Karrantzako hainbat etxe gerrako zaurituak artatzeko hartu zituzten-eta, ospitale moduan. Etxea utzarazi eta paper xahar bat eman ziguten ordainetan, Santanderra joateko, han etxe bat eman behar zigutela-eta. Hori dena, gorriekin. Santanderra heldu eta etxe bat, Puerto Chicon, artean obratan, erdizka egina. Orduantxe ezkutatu zitzaizkigun aita, Kontxa eta honen gizona, okina.

“Ezkutatu”?


Frantziara eramango gintuen itsasontzi bat izango genuela esan ziguten eta gauero ditxosozko itsasontziaren zain. Joan batean, eta ezer ez. Joan hurrengo egunean, ezer ez. Hiru gauez joan ginen jarraian eta ezer ez. Halako batean, gure koinatuak lagun bat inguratu zuen, txalupa zeukana. Santandertik alde egiteko asmotan, alegia. Bada, txalupa hartara sartzeko, pareta bat saltatu behar genuen. Lehenengo, Karmen ahizpa pasatu zen. Gero, aita. Ondoren, umeak hartu behar zituztenean, txalupako lagun hura, ontziak hainbeste jende ezin eramango ote zuen beldurrez eta Karmen Andres okinaren andrea zelakoan, martxan jarri eta abiatu egin zen. Hantxe geratu ginen gu: gure ama; Kontxa nire ahizpa hiru umerekin eta beste baten zain, sei hilabeteko zegoela; eta ni. Karmen ahizpa ezkongabea, Andres koinatua eta aita joan ziren. Gainerako familia lehorrean geratu ginen. Handik lasterrera, nazionalak Santanderren sartu ziren eta Karrantzara itzuli ginen, koinatuaren familiaren babes bila berriz. Han, nazionalek Durangora itzularazi gintuzten, ezer baino lehen guardia zibilaren kuartelera joan behar genuela aginduz.

Guardia zibilak orduan ere.


Karrantzan ginenean, gure amak “agur!” esateko ohitura zeukan. Bada, baten batek esan zion: “Hipolita, hortik goratxoan zoazela pentsatu ere ez ‘agur!’ esaterik, e!”. “Zergatik, ba?” gure amak. “Guardia zibilak daudelako hor”. “Eta ‘agur!’ esateagatik...”. Horixe esaterik ere ez zegoen. Hemen, kanpotik etorritako jendeak beste inork ez zuen euskaraz egiten. Gure amak eta. Esaterako, niri “euskaldunaren alaba” esaten zidaten.

Esan duzunez, familia hautsi egin zen Santanderren...
Bai. Eta gero, handik Karrantzara etorri eta nazionalak sartu zirenean, Durangora bidali gintuzten gu. Zein bere jaioterrira bidali zuten, guardia zibilaren kuartelera. Aitak eta koinatuak ez zuten afiliazio politikorik. Joera bai: bata nazionalista, bestea ezkerrekoa. Afiliatu izandakoak, berriz, atxilo geratzen ziren guardia zibilaren eskuetan. Libre geratu ginenez, libre ginen nahi genuen lekura joateko. Baina nola Durangon ezer ez geneukan, atzera Karrantzara etorri ginen. Gure kontrako aitzakiarik izan balute, seguru zen “txabolara” bidaliko gintuztela bi hilabeterako!

“Txabolara”? Kartzelara


Bai, kar, kar, kar… “Txabolara”.

Itzul gaitezen Santanderrekora, eta familia sakabanatu zenekora. Aita, Karmen ezkongabea eta Andres koinatua txalupan, auskalo nora, eta zuek berriz, ama, Kontxa eta zu zeu lehorrean.


Eta ez genuen haien berri izan bederatzi hilabete igaro arte. Aita, ahizpa ezkongabea eta koinatua, denbora horretan ez genuen jakin non ziren! Karrantzan, Kontxa ahizpa ile-apaindegi lanean saiatu zen, horretan jarduten zuen-eta Durangon. Baina Karrantzako beste ile-apaintzaile batzuek salatu egin zuten, agiriak ez zituelako! Eta lanari utzi behar! Orduan, koltxoi bati artilea atera, ardatza inguratu eta galtzerdi egiten jardun zuen, saltzeko, edo zerbaiten trukean egiteko. Amak, berriz, jendeari laguntzen egiten zuen lan. Andresen familiaren senide ginen eta ezagutzen gintuzten. Patatak, esnea eta antzekoak ematen zizkiguten. Horrela bizi ginen. Bestalde, Kontxak azti batengana joan besterik ez zuen egiten. Aitaren eta bere senarraren berri jakin nahi hark! “Ur artean dabiltza, baina ondo bizi dira, ondo daude”, esaten zion aztiak. Eta huraxe poza gure ahizpak! Handik bederatzi hilabetera jaso genituen aitaren-eta berriak. Frantzian zirela. Bada, handik lasterrera, aita eta Karmen ahizpa Valentzian zirela jakin genuen. Koinatua, Frantziatik Venezuelara joan zela. Handik puska batera, aita Valentziatik Karrantzara etorri zen. Valentzian zela, Karmenek nazioarteko brigadetako bat ezagutu zuen, suitzarra izatez. Harekin ezkondu eta Suitzara joan zen. Horrelaxe familia, sakabanatua. Aitak ere Durangoko guardia zibilen kuarteletik pasatu behar izan zuen. Herrira ailegatu eta lagunen batek esan omen zion: “Hi, Satur, hire familiak ez dik kuidadorik, baina hi ez hadi guardia zibiletara goizean goizago arte hurreratu. Sasoi horretan nire ezagun bat egongo duk han eta jakinaren gainean jarriko diat hura”. Horrelaxe irten ginen handik libre. Harrezkero Karrantzan egin genuen bizimodua.

Eta koinatua Venezuelan…


Lanean hasi zen. Lehenengo, Caracasko zezen-plazan. Baina hango klimak ez zion onik egiten eta bertako euskal etxeko lagunek Meridarako bidaia ordaindu zioten, Venezuelan bertan. Han, okindegi batean hasi zen lanean eta, hango fundamentua gustatu ez eta beste bat ireki zuen, bere kontura. Eta asmatu! Baina okindegiko lanak ere bere osasunari erasan egiten ziola eta ostatu txiki bat ireki zuen, Toki Eder izenarekin. Orduan, bertara eraman zituen andrea –Kontxa nire ahizpa–, eta lau umeak; horietako bat bera joan eta gero jaiotakoa.

Toki Eder ostatua Meridan!


Bai, seme bat badut ostatu haren argazkia baduena. Lau bat aldiz edo izango nintzen ni Meridan. Izan ere, gure gurasoak ere haraxe joan ziren bizitzera, artean sasoia zeukatenean. Hantxe hil ziren. Meridan daude lurperatuta.

Eta Karmen, brigadistarekin ezkondu zena?


Suitzara joan zen bere gizonarekin. Bi seme izan zituzten. Zaharrena Tenerifera joan zen bizitzera, ezkonduta. Karmen, parajea ikusi, gustatu, eta Tenerifen jarri zen bizitzen. Eta hantxe hil zen, duela hamar bat urte.

Gurasoak eta Kontxa eta Andres, Venezuelan, Karmen, Suitzan… Zu beste inor ez da Karrantza Haranean geratu.


Ni beste inor ez Karrantzan. Kostatu zitzaidan!


Kostatu?


Bai, asko akordatzen nintzen Durangoz. Baina etorri eta berehala Bilbora joan nintzen, etxe batera, umezain. Hamalau urte nituen. Karrantzan zegoen ahizpa lagundu beharra neukan, lau ume moko eta amarekin geratu zen-eta hemen. Lau urte egin nituen Bilboko etxe hartan lanean [Guggenheim museoaren aurrez aurre dagoen etxe batean egon zela esaten digu Lourdesen alaba Inohak]. Bai, txakurtxoaren parean…

“Txakurtxoa”, kar, kar, kar… Ez dago gaizki esana!


Bai, kar, kar, kar… Ikusi nuenean barregura eman zidan. “Begira ezak non jarri duten!”. Etxe handi batean egon nintzen lanean. Hamabostean behin irteten uzten zidaten, igandetan, eta zortzi eta erdietan etxera! Alde batetik, penatuta joan nintzen, Kontxa hemen utzita, bere ume eta gure amarekin, baina bestalde, Bilbo besterik zen, ez zen Karrantza. Are gehiago, orduan orain baino askoz okerrago zegoen herri hau. Etxeetan ez zegoen urik, ezta argi-indarrik ere, gauez kendu egiten zuten batzuetan, eta aparte zeuden auzoetan ez zuten argirik. Karrantza Durango baino eskasago zen! Durangon zinemara joaten ginen. Gainera, gure aita Tabira zinemako bazkide izan zen, eta berak botatzen zituen filmak. Berekin joaten nintzen Tabirara, eta han atzean egoten nintzen, filmak bertatik ikusten.


Bilbon lau urte eta Karrantzara buelta?


Bai. Kontxa Venezuelara joan zen, agiriak zuzendu eta gero, gizonarekin biltzera. Ama hemen, aita lehenengo Durangon lanean baina gero hemen… Etorri nintzen, “karrantzarra” ezagutu, eta bertan!

“Karrantzarra”. Senarra, alegia.
Bai.

Bertakotu zinen.


Baietz esango nuke. Lagunak egin nituen. Adibidez, beste bi neska, Durangokoak, koinatuaren ilobak. Haiek ere gorriak ikusi zituzten. Koinatuaren arreba batek, Lolak, gozo-denda zeukan Durangon. Lokalaren jabeak –fatxa izan behar zuen, nonbait–, nazionalak sartu zirela baliatu eta dendarekin segitzea galarazi zion, jabeak berak irekitzeko! Kontua da oihu jakin batzuk egiteaz akusatu zutela, nahiz eta egia ez izan. Lola atxilo hartu zuten, lokalaren jabeek eman zuten lekukotasunaren ondorioz, ilea hondo-hondotik moztu eta auskalo zer beste egin zioten! Txikizio galanta, behintzat! Preso eduki zuten urtebetez. Gero, hona etorri zen familia dena: andre-gizonak eta bi alabak, nire lagunak. Nire adinekoak ziren eta haienera joaten nintzen, hitz egitera, jolasera… eta horrelaxe igaro zen nire bizitza, “karrantzarra” ezagutu arte, alegia: Aurelio Santisteban. Zazpi seme-alaba izan genituen.

Seme-alaba horietan bat, gazteenetakoa, aurtengo Korrikaren 1 zenbakiduna, Karlos Santisteban idazlea…


Horixe. Hunkigarria iruditu zitzaidan Korrikaren kontu horretan parte hartzea.

Azkenak
Statkraft, Kutxabank eta Azpeitiko Udala

Ia oharkabean pasa da joan zen asteazkenean (2025eko ekainak 18) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen iragarkia.

Izenburua: Azpeitiko 5. poligonoko 58. lurzatian aldi baterako estazio meteorologiko bat
interes publikokotzat deklaratzeko eskaera (GHI-049/25-J01)
. Hemen... [+]


EAJren hizkuntza eskakizunetarako proposamena “atzerapausoa” dela salatu dute ELAk eta LABek

Euskara eskakizunak zehazteko derrigortasun indizea ezabatzea eta erabakia erakunde bakoitzaren esku uztea proposatu zuen iragan astean EAJk. LABek salatu du derrigortasun indizea kenduz gero, epaileen "borondate euskarafoboak" ezarriko lukeela hizkuntza eskakizunaren... [+]


Arabako Aldundiak indarkeria matxistaren biktimei arreta murriztu diela salatu du ESK-k

Lanpostuak, emakumeak artatzeko egonaldi ertaineko harrera zerbitzua eta aurrekontua murriztu ditu Aldundiak.


Zenbait lagun zauritu dira Hernaniko San Joan gaueko istiluetan, eta gutxienez pertsona bat atxilotu dute

Xabier Lertxundi alkateak adierazi du istiluak leku eta ordu ezberdinetan gertatu direla, eta haien artean ea loturarik dagoen ikertzen ari dira. Udaltzaingoak laguntza eskatu dio Ertzaintzari 03:30 aldera, eta haiek oldartzean hainbat lagun zauritu dituzte. Segurtasun Sailak... [+]


2025-06-24 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Chen Yun: txoria eta kaiolaren auziak hortxe jarraitzen du

Ekainaren 13an, ezohiko ekitaldi baten lekuko izan zen Pekineko Herriaren Areto Handia: Txinako Alderdi Komunistaren aginte goren osoak (baimenduta leudekeen absentziak salbu; nola jakin horietakoa ote zen He Weidong jeneralarena? Izan ere, ez zen ageri mahai nagusian,... [+]


Bilboko Bira Kulturak eskaintza gutxituko du laguntza publikoen murrizketagatik

Ez dute itxiko, baina orain arte eskaini duten programazioari ezin izango diote eutsi. "Bira txikiago bat" izango dela zabaldu dute sare sozialetan.


Nola debekatu sare sozialak erabiltzea 16 urtez azpikoei? Australiako Gobernuak badu formula

Legez, 16 urte bete arte ezingo dituzte sare sozialak erabili Australian, urte bukaera honetatik aurrera. Baina nola gauzatzen da hori praktikan? Gobernuaren azterketa batek ondorioztatu du teknikoki bideragarria dela, eta aurrekaria jarri du bide bera hartu nahi duten... [+]


Israeli boikota musika jaialdietan ere

El Salto hedabideak argitaratu zuen Espainiako dozenaka musika jaialdiren Superstruct sustatzailea Israelen aldeko funts batek erosi zuela. Geroztik, musika talde eta bakarlari ugari batu dira KKR-ren aurkako boikot kanpainan, eta Israel Palestinan egiten ari den genozidioaren... [+]


NATOtik ukatu egin dute Sánchezek iragarritako gastu militarraren salbuespena

Mark Rutte NATOko Idazkari Orokorrak ukatu egin du “baztertze klausula” onartu zaionik Espainiako Estatuari. Kalkuluen arabera, BPGren %3,5a gastu militarretara bideratu beharko du gobernuak, NATOk eskatzen dituen kompromisoak betetzeko.


Trumpek Israel eta Iran arteko su-etena iragarri du eta ordu gutxira zalantzan dago jada

Iranek AEBen Qatarreko base militarrari eraso egin ostean eman du ustezko akordioaren berri Etxe Zuriko maizterrak, Truth Social sare sozialean. Ostean, Israelgo Gobernuak adierazi du Trumpen proposamena onartu duela, eta berdina egin du Irango Segurtasun Nazionaleko... [+]


Asteburu honetan eginen da EHZ festibala, Arberatze-Zilhekoan

Fermin Muguruza afixan nagusi, Olaia Inziarte, Naxker, Xiberoots, Errobi, Kaskezur, Zetkin, Tapia eta Leturia eta beste hainbat musikari igoko dira oholtzara ekainaren 27, 28 eta 29an. Horrez gain, antolatu diren hitzaldietan, hala nola lurraren defentsaz, diskurtso eta... [+]


Udaltzaingoan arreta euskaraz bermatzeko gomendatu dio Arartekoak Erandioko Udalari

2024ko irailean, herritar batek salatu zuen Erandioko udaltzain batek arreta euskaraz ukatu eta jokabide hori behin baino gehiagotan errepikatu zela, baita telefonoz kexatu zenean ere. Salaketak erakusten duenez, hasiera batean, arreta eta dokumentazioa gaztelaniaz bakarrik eman... [+]


2025-06-24 | Gedar
“Gazteon erantzunari esker Durangoko Gaztetxeari eustea lortu dugu”

Gaztetxearen aldeko manifestazio jendetsu bat egin zuten larunbatean Durangon, espazioaren irekieraren berri eman eta lau egunera. "Lehenengo gaua ere ez genuela bertan pasatuko esan ziguten, eta oraindik gaztetxean tinko jarraitzen dugu", aldarrikatu... [+]


2025-06-24 | Euskal Irratiak
Laida Mugika
“Espero dugu datorren urtean halakorik egin beharrik ez izatea, eta errektoretzak neurriak hartzea”

Errektoretzaren erantzun ezan, ehun bat irakaslek berriz eskainiko diete ikasleei ahozko froga euskaraz pasatzeko aukera. Guraso elkarteek ere bat egin dute ekimenarekin, errektoretzaren inplikazioa eskatuz.


Eskuin muturreko talde batek Donostiako ‘Jesusen Bihotza’-ren aldeko ekimena egin du

Donostiarra, defenda ezazu zurea leloarekin pankarta bat jarri dute, Jesusen Bihotza duen Espainiako bandera batekin batera.


Eguneraketa berriak daude