Trumpek Israel eta Iran arteko su-etena iragarri du eta ordu gutxira zalantzan dago jada

  • Iranek AEBen Qatarreko base militarrari eraso egin ostean eman du ustezko akordioaren berri Etxe Zuriko maizterrak, Truth Social sare sozialean. Ostean, Israelgo Gobernuak adierazi du Trumpen proposamena onartu duela, eta berdina egin du Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseiluak. Ustezko su-etena indarrean dela, Israelek haren aurka bizpahiru misil jaurtitzea leporatu dio Irani eta, Iranek salatu duenez, hainbat misil jaurti ditu. Israeli leporatu dio urraketa Trumpek: "Ez nago kontentu Israelekin".


2025eko ekainaren 24an - 09:16
Azken eguneraketa: 15:26
Teheran, Israelek eginiko eraso baten ostean. Reuters
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

AEBek Fordowr, Natanz eta Isfahan gune nuklearrei igande goizaldean eginiko erasoarekin, bazirudien Israelen eta Iranen arteko gerrak beste dimentsio bat hartuko zuela hurrengo egunetan. Are gehiago, erasoari erantzun gisa, astelehen arratsaldean Iranek AEBen Qatarreko base militarrari misilak jaurti ostean. Bada, badirudi Teheranen eraso horrek dimentsio sinbolikoa hartu duela militarra baino gehiago, ordu batzuk geroago Donald Trump Etxe Zuriko maizterrak Truth Social sare sozialean iragarri baitu Iranekin su-eten akordio batera heldu direla, azken egunetan Ekialde Hurbilean nagusi den ezegonkortasuna are gehiago handitu duen gatazkari amaiera emateko.

"Zorionak guztioi! Israelek eta Iranek adostu dute erabateko su-etena ezarriko dela, gutxi gorabehera sei ordutan, bi herrialdeek azken helburuak bete dituztenean. Hamabi ordu iraungo ditu, eta une horretan gerra bukatutzat joko da", idatzi du Trumpek astelehen gauean. Meniak diharduen bitartean bi aldeek "bakea errespetatuko" dutela adierazi du Etxe Zuriko maizterrak, eta, horrela, amaiera eman "hamabi eguneko gerrari". Iran eta Israel ere zoriondu ditu, gerrari amaiera emateko "ausardia eta adimena" izateagatik.

Indarrean sartu bezaian azkar kolokan

Indarrean sartu eta ordu gutxira kolokan dago AEBen bitartekaritzarekin Iranek eta Israelek adostutako su-etena. Izan ere, Israelek haren aurka bi misil jaurtitzea leporatu dio Irani, eta Israel Katz Defentsa ministroak Teherani eraso egitea mehatxu egin du. Iranek ukatu egin du Israelera misilik jaurti izana, eta aldiz, salatu du Israelek hainbat misil jaurti dituela. Trumpek Israeli egotzi dio su-etena urratu izana bere sare sozialean: "Israel, ez itzazu bonba horiek bota. Hori egitea urraketa handia da. Itzul itzazu zure pilotuak etxera, oraintxe bertan!". Israeli "lasaitzeko" eskatu dio AEBetako presidenteak.

Trumpen arabera, azken egunetako erasoek Iranek arma nuklearrak garatzeko duen gaitasuna asko kaltetu dute, baina ez dute lortu Israelek eta AEBek horrenbeste aipatu duten "uranio aberastua" desagertzea, IAEAko zuzendari Rafael Grossik jakinarazi baitu Iranek mineral hori "leku babestuetara" eraman duela. Gainera, ikusteko dago hurrengo egunetan ea su-etenaren urraketarik gertatuko den, Israelek Gazarako eta Libanorako adostutakoarekin behin eta berriz egin duen gisara: esaterako, azken herrialde horri astearte goizaldean eginiko eraso batean Tel Avivek pertsona bat hil du.

Eraso sinbolikoa Qatarreko AEBn base militarrari

AEBek igande goizaldean eginiko erasoari erantzun gisa, Iranek 2020. urtearen hasieran gertatutako Qassem Soleimani Guardia Iraultzailearen jeneralaren hiketaren "mendeku" bera burutu du: duela bost urte 22 misil jaurti zituzten Washingtonek Iraken erabiltzen dituen bi base militarretara, eta astelehenean sei eta hamar misil artean jaurti ditu Qatarren duen beste base batera. AEBek Ekialde Hurbilean dituzten baliabideak militarki kolpatu ordez, badirudi erasoak kutsu sinbolikotik gehiago izan duela, Reuters berri agentziaren arabera AEBak eta Qatar aldez aurretik erasoaren jakitun baitziren.

Horren adierazle da erasoaren aurretik, AEBek base militarrean zeuden baliabide militar guztiak ebakuatu zituztela. Horrez gain, Qatargo Defentsa Ministerioak jakinarazi du Iranek jaurtitako misil guztiak suntsitu dituztela, eta Trumpek esan du eraso "ahula" izan dela.


Eguneraketa berriak daude