Hodei guztien azpitik eta olatu guztien gainetik

  • Kirol hegazkinera hurbildu gara: Cessna 172, adituen arabera Zeruetako Zapelatza edo Cessna Saindua, “dena barkatzen dizulako; zaila da airean izan dezakezun konplikazioa izanda ere onik ez ateratzea”, kontatu digu pilotuak. Hori entzun ostean, lasaiago aireratuko gara. Izan ere, Hondarribiko aireportutik abiatuko dugun ibilaldia hodei artean egingo dugu oraingoan. Aste Santuko jai egunak aprobetxatuz, osteratxo berezia egiteko proposamen bikaina iruditu zaigu.
     
    Goizeko 10:00ak dira eta eguraldi ona egiten du Hondarribian, laino gutxi batzuk baino ez zeruan. Jorge Capdequi pilotua segituan iritsi da, jaka beltza eta eguzkitako betaurrekoak jantzita: filmetako pilotua dirudi. Berehala aireportuan sartu gara eta segurtasun kontrolak igaro ostean, pistako izkina batean dagoen Cessna 172 hegazkinera eraman gaitu. Horrelako bat hain gertutik ikusten dugun lehenengo aldia da eta abioi komertzialak baino askoz txikiagoa bada ere, gure errespetu guztia irabazi du. Capdequik ere errespetuz hitz egiten du bere lan tresnaz. “Ikusiko duzue zein bista ederrak dituen nire bulegoak”, dio irribarretsu.
Euskal Herriko kostaldea airetik
Dani Blanco
Aireratu aurretik, hegazkinaren, eguraldiaren eta inguruaren ikuskapen zorrotza egitea garrantzitsua dela azaldu du pilotuak. Aireportuko Meteorologia Bulegoak inprimatutako txostenaren arabera –guk ulertu ez dugun kodez betea–, ez da eguraldi arazorik izango. Hala ere, gertuko beste bi aireportu erabilgarri dauden egiaztatzera behartzen du Meteorologia Legeak. Goitik behera arakatu du hegazkina Capdequik: hegoak, barneko makineria, ateak, gerrikoak, erregaia… Hego bakoitzak 84 litro erregai ditu eta gutxi gorabehera orduko 28 litro kontsumitzen ditu hegazkinak. Edalontzi batean erregai pixka bat botaz, ezpurutasunik ez dagoela egiaztatu du pilotuak. Azkenik, segurtasun neurriak esplikatu dizkigu, atea, gerrikoa eta leihoak nola erabili, eta argazkilariak eta biok elkarri begiratu diogu, urduri samar.

Helizeari eraginez motorra berotzen

Gogo biziz sartu gara hegazkinean. Kanpotik dirudiena baino leku gehiago dago barruan, lasai eta eroso joateko moduan. Ahorainoko mikrofonoa erantsita duten entzungailuak ipini ditugu, helizearen hotsak eragotzi gabe gure artean hitz egin ahal izateko. Komunikazioa itxia da; hots, gu hirurok baino ez dugu entzuten, baina pilotua aparailu batera konektatuz gero, gainontzeko abioiekin eta aireportuko dorrearekin komunikatu gaitezke. Halaber, entzungailuetatik aire-kontrolatzailearen nahiz gainontzeko pilotuen esanak entzuten ditugu, ingelesez batik bat. Bitartean, Capdequik motorra berotzen jarri du eta potentzia, frenoak eta beste mila gauza aztertu ondoren, dorrearekin jarri da harremanetan. Inguruari, presio atmosferikoari eta haizeari buruzko datuak eman dituzte dorretik, zenbaki ulertezinen bidez, eta Hegaldi Plana onartu dute. Prest gaude; abiadura hartu, pistan metro batzuk egin eta segituan aireratu gara, kilo askoko tramankulu hau luma bezain arina bailitzan.
 
Urrutiratu gabe inguruan bueltatxoa egitea da asmoa. Igotzen hasi bezain laster, Txingudiko badia osoa eta itsasoa agertu zaigu aurrean, bare-bare. Itsasoarekin bat egiten duen horizontea beste era batera ikusten da airetik, are infinituagoa. Egia esan, dena ikusten da beste era batera zerutik: ikuspegiak eta distantziak bestelakoak dira. Hain zuzen, abiatu besterik ez gara egin eta Pasaian gaude dagoeneko, baina Hondarribia, Irun, Hendaia… ere ikus daitezke, denak bat eginda. Gainera, gure kostalde gorabeheratsuak lauagoa dirudi, Jaizkibel mendiaren silueta malkartsu eta boteretsua ondo bereizi daitekeen arren. Lurretik 3.000 oineko altueran ari gara hegan egiten, 1.000 metrora, alegia. Leihatilatik gauzak ondo hauteman ahal izateko eta aldi berean kostaldeko ikuspegi zabala hartzeko altuera egokia dela dio pilotuak. Abiadura berriz, 95 korapilokoa da, 170-180 kilometro orduko, gutxi gorabehera. Hala ere, ez dirudi inondik inora hain azkar goazenik, ia mugitu ere egiten ez garela ematen baitu. Gidari trebea dugun seinale.

Hodeietan ezkutaturik

Hodei bakan batzuek inguratu gaituzte bidean eta horietan barneratu nahi al dugun galdetu digu Capdequik. Guk ez dugu zalantzarik izan: aurrera. “Normalean –esan digu–, eguraldi lainotua dagoenean ez dut bidai turistikorik egiten, bezeroek paisaia garbi ikus dezaten eta nolabaiteko arriskua egon daitekeelako, baina pilotuei gehien gustatzen zaigun eguraldia hau da, laino artean ibili ahal izateko”. Eta arrazoi du: laino azpitik, artean eta gainean eraman gaitu eta panorama edonor aho zabalik uzteko modukoa da: kotoizko hodeietan gabiltza, airean flotatzen, orain dena zuri-zuri, orain urdin-urdin. Gainera, airetik ikus daitekeen fenomeno meteorologiko bitxia paratu zaigu aurrean. Lurretik ortzadarra ikusteko euria eta eguzkia batzea beharrezkoa den bitartean, zerutik eguzki izpiek hodeietan islatzen duten ortzadarra ikus daiteke. Hantxe agertu zaigu, hodei batean lehenengo, hurrengoan ondoren… 360 graduko ortzadarra, airetik ikusten den Erromako zubiak borobil perfektuaren forma baitu.
 
Gidariak bere abildadeak erakutsi nahi izan dizkigu, hodei artetik ateratzeko 180 graduko birak emanez, hegazkina dezente alderatuz eta beheraka eginez. Orduantxe sumatu dugu hegazkinaren abiadura handia. Konturatzerako, Donostiako postaleko irudia azaldu da hankapean: Kontxa, Santa Klara uhartea, Igeldo, Urgull, kanpoaldea… Guztia bista bakarrean. Kursaala dotore ikusten da zerutik eta Anoetak ere itxura berezia hartzen du. Saihesbidean egiten ari diren obren txikizioa berriz, are nabarmenagoa da 1.000 metroko altueratik.

Mendialdean Adarra

Horizontea, itsaso zabala eta kostalde bihurritua izan dugu lagun orain arte, baina pixka bat bederen barnealdera jotzea erabaki du Capdequik. Hernani aldera egin dugunean, laino ugariz jantzi da zerua eta itsasoko urdinaren aldean berdea nagusitu da behealdean. Hernaniko Onddi eta Urdaburu atzeman daitezke, Urnietako Adarra ere handi ikusten da eta urrunxeago Ernio ageri da, Andoain eta Tolosa artean. Eta mendi horien guztien magal, inguru eta tarteetan, herrixkak, herriak eta hiriak, adreilu eta hormigoizko etxe txikiak, bestelako eraikin eta zubiak, hirigintzaren fruituak. Dena inurrien pare.
 
Abiaduraren antzera, denbora ere uste baino azkarrago igarotzen da airean –gustura joanez gero, behintzat–. Halako batean, Hondarribirantz bueltatzeari ekin diogu. Errenteria gainetik pasa eta berriz kosta ingurura. Eta berriz nagusitu da Jaizkibel gure begien aurrean. Bertako itsasargia dotore irekitzen zaio itsaso zabalari, porturatu nahi duten barku galduen zaindari. Irun eta Oiartzun artean, Aiako Harria ere ez da txiki ikusten. Txingudiko Badia osoa begi bistan dugu jada eta Jorge Capdequik lurra hartu nahi dugula ohartarazi dio aire-kontrolatzaileari. Dirudienez, gurearen antzeko beste kirol hegazkin batek eta abioi komertzial batek ere aireportu berean lurreratu nahi dute. Batzuei eta besteoi aginduak ematen hasi dira dorretik eta guri azkenak lurreratzea egokitu zaigu. “Aireportu handiagoetan ohituta daude hegazkin bat baino gehiago batera kontrolatzera, baina hemen ez da ohikoa eta kontrolatzailea urduri samar dagoela nabari da”, dio pilotuak. Abioi bat gure aurretik pasako dela ere esan digu, eskuin aldetik, baina ez da ezer ikusten. Dorretik eman dizkioten aginduen arabera, ordea, hala omen da. Bat batean esandako puntuan agertu da abioia eta pilotuak adierazitako ibilbidea egin du, aireporturantz. Bitartean, ezkerreko leihatilatik begiratuta, Hendaiak bat egin du Hondarribiarekin, inongo muga geografikorik gabe. Administratiboki, halabaina, airean ere badago muga, Frantziako Estatuaren aire eremuan sartuko bagina gure hegazkina identifikatu beharko genukeela azaldu baitigu Capdequik. Dena den, Hendaia ondo ikus daiteke gauden lekutik: kirol kaia, hondartza luzea, Ipar Euskal Herrian hain ohikoak diren etxe zuri gorriak… Eta Lapurdiko kostaldearen zati bat ere antzeman daiteke; Ziburu eta Donibane Lohitzune behintzat ezagutu ditugu.
 
Aire-kontrolatzaileak baimena eman digu eta lurreratzeko garaia iritsi da. Pistarantz abiatu gara zuzenean, baina pista gainditu eta 180 graduko itzulia eman du pilotuak. Pista aurrez aurre dugu orain, beste aldetik, eta eskua leihatilatik ateraz gero teilaturen bat ukitzeko gai izango ginatekeela dirudi kasik. Abioi handiek lurra hartzen dutenean egiten duten talkarekin ohituta, garamatzan hegazkin txikia lurrean zeinen arin pausatu den harritu gaitu. Ordularia begiratu dugu, oso denbora gutxi iragan dela iruditu baitzaigu, baina 40 minutu eman ditugu hegan. “Nik bezainbeste gozatu izana espero dut”, esan digu pilotuak, pista hiru gurpil gainean zeharkatu bitartean. Gure irribarreak begiratzea baino ez dago.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoa
Icebergaren punta

Putaren bakarrizketa eroetxean

  • Egileak: Franca Rame eta Dario Fo.
  • Itzultzailea: Xabi Martinez De Lezea.
  • Aktorea: Laura Penagos.
  • Noiz: apirilaren 12an.
  • Non: Zizurkilgo Atxulondo Kultur... [+]


Donostia tentsio handiko eremu izendatu du Eusko Jaurlaritzak

Uztailean argitaratuko da behin betiko Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), eta Hego Euskal Herriko lehen hiriburua da izendapena lortzen.


Konpromiso sindikala Donostiako Udalean
“Euskaraz lan egin eta bizitzeko aukera bermatu daiteke, borondatea baldin badago”

Donostiako Udaleko langileen batzordea osatzen duten bost sindikatuek (ELA, LAB, CCOO, Erne eta ESAN), akordioa egin dute, Euskaraldia dela-eta langileen parte hartze aktiboa sustatzeko eta euskaraz bizi eta lan egiteko aukerak bermatzeko. LABeko ordezkari Joseba Alvarezek... [+]


Bittor Barandiaran. Lekuan lekukoa, garaian garaikoa
“Arrainarena edo okelarena baino askoz ere mundu gozagarriagoa da barazkiena”

Kax-kax jo dut etxolako atean, segituan ireki didate. Bi musu emateko prest nengoela eskua luzatu dit Bittor Barandiaranek. “Ala, ze ongi”, pentsatu dut. Ederra da barnea eta leihoen bestaldekoa, basoak inguratzen du garaian jatetxe izandako elkarte gastronomikoa... [+]


Amaiur Egurrola. Ernaiko bozeramailea
“Ez dut uste Ernairen eta GKSren artean modu zuzenean gatazkarik egon denik jai herrikoietan”

Aste Santuan Berriozarren egindako topaketetatik egun gutxira bildu gara Gasteizko Sorturen bulegoan. Hango kontuez jardun dugu apur bat, baina batez ere gaur egun euskal gizartean dantzan diren gaiez aritu gara, Ernaik horien gainean duen iritzian sakontzeko asmotan. Amaiur... [+]


Euskara eskakizunak defendatuz Pasaiako Udalak aurkeztutako helegitea atzera bota du epaitegiak

2023an B1 maila eskatu zuen udalak kale garbitzailea posturako, baina horren kontrako epaiak eman zituten Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. eta 3. zenbakiko epaitegiek. Epai horien aurkako helegiteak atzera bota dituzte orain. Hizkuntza eskubideen urraketei... [+]


Pepi Arrospide: “Batzuetan pentsatzen dugu ongi egoteko gimnasiora joan behar dela, baina euskal dantzak hori dena ematen dizu”

Biteri Kultur Etxean egin dugu zita Pepi Arrospiderekin (Hernani, 1952). Izaskun Auzmendirekin (Arribe, 1964) agertu da, biak San Joan konpartsako kideak. Telefonoa. Auzmendirena da, hizketan hasi da, baina Arrospide adi-adi dago. Ia sartu da telefonora bera ere. Segituan... [+]


Enpresari bat atxilotu du Ertzaintzak paperik gabeko langileak esplotatzea egotzita

Ikerketa urtarrilean abiatu zuen Ertzaintzak, biktimetako batek Gizarte Segurantzan laguntza eskatu ostean. Nahiz eta egunero hamar ordu baino gehiagoz lan egin "ez zuen nahikoa baliabiderik, ezta jateko ere". Ondorioz, zuntz optikoa instalatzen zuen enpresa bateko burua... [+]


2025-05-12 | Garazi Zabaleta
Ortulaguntza
Ekoizle txikiei arnas emateko lanpostu publikoa Debagoienan

Duela urtebete pasa gauzatu zuten Ortulaguntza proiektua Debagoienan. Langile bat kontratatu dute bailarako nekazaritza proiektu txikietan txandaka lanean aritzeko, hartara ekoizleei lan karga arintzeko eta baldintzak duintzeko. “Sektorea zaurgarri zegoela eta errelebo... [+]


2025-05-12 | Jakoba Errekondo
Baso bat da dolarea, baita sagardoa ere

Aurten bai urtea da. Sagar urtea izango da aurtengo hau (Malus domestica). Eta baialdia behar bezala agurtu eta baliatzeko, besteak beste, dolareak gertatu beharko ditugu. 


Turiel: “Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldia prezioen sistema perbertsoak eragin zuen”

Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]


Txago kolektiboa
“Grabaketek balio handia dute Poliziaren bertsioa baliogabetu eta bere inpunitatea amaitzeko”

Poliziaren indarkeria erregistratzen ditu Donostiako Txago kolektiboak. Berriki 2024 urteko Karrikaratu txostena aurkeztu du, zeinean jasotzen diren Poliziaren indarkeria formak, estrategiak, ezaugarri nagusiak, edo jo puntuan dituzten herritarren tipologia. 156 esku hartze... [+]


2025-05-06 | Estitxu Eizagirre
Amasa-Villabonako Udala Premier enpresarekin negoziatzen ari da Amasamendiko herri lurretan bi haize errota jartzeko baldintzak

Ander Goikoetxea Amasa-Villabonako zinegotzia da eta EH Bilduko Legebiltzarkidea. Premier ESPF Ipaz Haizea enpresak Amasamendin ezarri nahi dituen bi haize erroten orain arteko prozesua nola izan den azaldu du.


2025-05-06 | Antxeta Irratia
Irungo Lakaxita gaztetxeak pintaketa faxistak salatu ditu berriz

Joan den abenduan gaztetxeak pintaketa nazi-faxistak salatu zituen ere, eta oraingo honetan “Stop LGTBI”, “Fuera degenerados” edota “No os dejaremos dormir” bezalako mehatxuak izan dira asteburuan Lakaxitako hormetan azaldu diren mezuak, diana... [+]


Berriz ere okupatu dute Guardetxea, oraingoan, bertan geratzeko asmoarekin

Hainbat okupazio "sinboliko" egin ostean, dozenaka lagun Urgulleko Guardetxean sartu dira eta garbitzen eta txukuntzen ari dira, ekitaldi kulturalak antolatzeko.


Eguneraketa berriak daude