Emakumeari gizadiak zor diona

  • Gizakiaren eboluzioa erakusten duten ohiko grafikoetan –Saharako “Tumai” famosotik hasi eta Australopitekoagandik pasatuz gaur egungo Homo Sapiens Sapiensarengana iristeko urratsak markatzen dituzten horietan– gizona, arra, irudikatzen dute marrazkilariek. Adieraziko balute bezala jendakiak egin duen urrats bakoitza gizonezkoek eboluzioaren katean egindako aurrerapenen emaitza dela. Aldiz, emeak, emakumeak gizonezkoak adina garrantzia edo gehiago eduki du eboluzio horretan. Honetaz ari da Norbert Gualde mikrobiologo eta medikuak idatzitako Ce que l’Humanité doit a la femme.

    Emazteen fabore izenda zezakeen –Bernard Detxeparek bere poema famatua bezala– liburu hau Norbert Gualdek. Gizakiaren eboluzioan emeak egin duen ekarria izugarria dela eta hori aitortzeko garaia badela irizten dio Gualde mikrobiologoak. Emakumeak baduela gizonezkoaren aldean fisiologia aldetik nagusitasun bat, immunologia aberatsagoaren jabe dela, sexuen arteko ezberdintasun biologikoa, HLA eta kromosoma mailakoak, menopausiaren funtzioa eta amona edo amamaren teoria... emazteen fabore, eremu labainkorretan ere sartzen da Gualde, eta irakurleari pista erakargarriak eskaintzen dizkio.
'Eme Sapiens Sapiens'
Pili Eraunzetamurgil
Norbert Gualde (Bordele, 1943) Medikuntzan eta giza biologian doktorea da. Bordeleko unibertsitatean immunologia irakasten du. Hiri horretan dagoen Kantzerraren Aurkako Erakundearen ataletako baten zuzendari ere bada. Hain zuzen, kantzerraren ikerketan farma-industriak egiten dituen manipulazio eta eroskerien salaketa moduan argitaratua du Les chiens du cancer (Kantzerraren zakurrak); Frantzian hainbat jende asaldatu du liburu horrek, beren buruak ikusi baitituzte ezizenez beztituta baina ederki ezagutzeko moduan.
 
Gualdek –esango genuke abizen hori frantsestutako deitura euskalduna dela, Hualde edo Ugalde– idatzi dituen beste liburuak mikrobioei eta horien kontra gizakiak garatu duen inmunitateari lotuak dira: Epidémies, la nouvelle carte, Un microbe n’explique pas une épidemie eta Immunité et Humanité dira ezagunenak. La vengeance du singe vert (Tximino berdearen mendekua) nobela ere egin du. Berrikitan plazaratu du Ce que l’Humanité doit a la Femme (Gizadiak emakumeari zer zor dion). Mediku jakintsuen moduan Gualde ezagutza entziklopediko baten jabe da, eta liburu honekin irakurle arruntari ezagutarazi nahi dizkio bere immunologiako ikasketetatik abiatuta ze nolako berrikuntzak aurkitu dituen emakumeak gizakiaren eboluzioan daukan garrantziaz.

Emakumeak eta gizonak ezberdinak gara
Hiru emakume berezi eta erakargarrirekin egiten du topo irakurleak orrietan barna, haien eskutik eramango baitu idazleak andreen balio ez hain ezagutuak ezagutzera. Estreina, Gualdek denboran atzera egin eta bisita bat asmatuko du AEBen bizi izan zen Helen Deutsch-ekin elkarrizketatzeko: gizonezko biologo gaztea eta Emakumeen psikoanalisia idatzi zuen Helen Deutsch doktore zaharra, Sigmund Freuden ikasle eta gero kritikoa, aurrez aurre.
 
Bigarren atalean, Afrikako erreserba batean jarriko ditu asmatutako bi gazte kontu hauetaz hizketan: Senegaleko emakume medikua eta Bordeleko epaile gaztea, soziobiologia sinesten gaitz egiten zaiona. Hirugarren ataleko solasaldia are bitxiagoa da: arte galeria batean elkartuko ditu Mexikoko Frida Khalo pintore eta militante ezkertiarra eta XV. mendean pozoituta akabatu zuen Pic de la Mirandola eruditoa.
 
Helen Deutsche –Norbert Gualdek liburu honetan berarekin balizko lehen elkarrizketan aurkeztu duen emakumea- lehen feministetakoa izan zen. 1925an psikologia femeninoari buruzko liburu bat publikatu zuen. Aldiz, hogei urte beranduago –nazien hatzaparretatik ihesi Ameriketara joanda- Psychology of women publikatu zuen. Bera izan omen zen gizonen eta emakumeen artean funtsezko ezberdintasun biologikoak daudela azpimarratzen lehenetakoa, eta horrek haserrarazi zituen bere lagun feminista asko. Orduan indarrean zegoelako gero Simone de Beauvoiarrek honela definituko zuena: “Ez da emakume jaiotzen, emakume egin egiten da”.
 
Gai hau irristakorra dela badaki Gualdek eta horregatik definizioak egiten Deutsche feminista jarri du. Hala, “gizonak” eta “emakumeak” izendatzen ditugu, baina talde bateko zein besteko sexu biologikoa daukaten pertsonek hori era ezberdinetan erakusten dute. Banaketak ez ditu bi multzo erabat bereizi sortzen, erdian tarte hutsa dutela, baizik eta kanpai formako kurba bat, Gauss-en kurba: bi ertzetan sexu biologikoa oso argi –arketipo moduan– definitua duten jendakiak daude eta kurban barrena definizio maila ezberdinak eskaintzen dituzten pertsonak kokatzen dira. Hala ere, dio: “Sexu biologikoak ezin du sexu soziala -ingelesez ‘gender’ esaten dena, generoa– predestinatu, baina biologikoa existitzen da, baita emakumeen gain sexu sozialak egiten duen presioa kontutan hartuta ere, eta ezin dugu hori ukatu zenbait feministak egiten duen moduan”.

Emakumearen immunitatea indartsuagoa da

Gauza da ikerketa zientifiko askoren arabera emakumeen erantzun immunitarioa hobea dela gizonezkoena baino. Gizakia elkarteetan bildu zenetik emakumeak gizonak baino neke handiagoak jasan behar izan ditu, eta selekzio prozesu gogorragoari egin dio aurre. Selekzio horretan ziurrenik mikroorganismoek garrantzi handia eduki dute. Eta emakumeak hobeto daude prestatuta mikrobioei aurre egiteko.
 
Pertsona bakoitzak darama bere baitan immunitate kapital bana, baina aldi berean “populazioen immunitatea” delakoa bada. “Immunitate sistema ekosistemekin guk dauzkagun harremanetan protagonista funtsezkoa denez, giza populazioen immunitatea alde batetik fenomeno biologikoen ondorioa da eta bestetik inguru mikroskopikoarekiko egokitzapen kulturalarena”. Marokon gertatutako fenomeno bat mahairatu du Gualdek honen argigarri.
 
Marokon ohartu ziren 1950ean poliomielitisak gazte europarren artean 20 halako eragina zeukala bertako gazte marokoarrekin alderatuta. Ikertu zuten, eta zeraz jabetu ziren: europarren haurrak askoz inguru garbiagoetan bizitzen zirela marokoarrenak baino, eta ondorioz oso berandu egiten zutela topo polioa eragiten duen mikrobioarekin. Aldiz, bertako haur txiroagoek oso umetan topatzen zuten mikrobioa, artean amak eragindako immunitate sistema indarrean zeukatela.
 
Emakumeak mikrobioen aurrean berez duen indar hau, ordea, gero faktore sozialek hondatu egin dute historian zehar sarritan. Hori azken urteotan are nabarmenago jazo da HIESArekin. Estatu Batuetan, adibidez, gertatu da gay jendeak –gizonezkoek nagusiki- “lobby” lana egin duela HIESAren kontra borroka egiteko, baina gaitz hori heterosexualen artean gero eta gehiago zabaldu denez, hil diren emakume beltz txiroen kopuruek HIESAk hildako gizon amerikarrena gainditu dute. “Immunitateari dagokionez, sexu sozialak galarazi dio emakumeari sexu biologikoaren arabera zegozkion abantailak”. Horri erantsi behar zaio gizon seropositiboak sexu harremanetan birus gehiago jariatzen dituela emakumeak baino, horretan ere kalte andrearentzako. Afrikan, faktore horiei emakumeen bizi baldintza tamalgarriak erasten zaizkie.
 
Baina tamalez horrek erakusten du ere zergatik gizonetan baino gehiagotan egiten duen huts immunitate sistemak emakumeen baitan, beren buruei erasoz. Auto-immunitate gaitzek jotako gaixoen hiru laurden emakumezkoak dira. Diabetea –auto-immunitatearekin lotutako motakoa- daukaten emakumeak gizonezkoen bi halako dira, baina Hashimotoren tiroiditisa duten emakumeak gizonezkoen 30 halako. Emakumeen dohain eta aldi berean arrisku den hau esplikatzeko, zientzialari batzuek hormonak aipatzen dituzte. Gualdek, hormonen garrantzia ukatu gabe, genetikari lotutako beste bi faktore eduki nahi ditu kontutan: X kromosomak eta mitokondriak.

Mitokondriak eta kromosomak, amaren opari

Gure zeluletan dauzkagun mitokondriak ia osorik amagandik jaso ditugu. Mitokondriak? 1880an deskubritu zituzten eta hari formakoak dira. Aditu batzuek diote bakterioak gure antzinako zeluletan sartzean sortu zirela mitokondriak. Gauza da mitokondrien gain dagoela gure zelulen barne arnasketa –zelularen metabolismoaren ardatza- eta mitokondriok %99,99an amarengandik jaso ditugula. Mitokondriek gidatzen dute gure zelulen bizimodua, eta horiek erakusten diote gure organismoari tolerantzia immunitarioa.
 
Bestalde, kromosomek markatzen dute gizakion sexu biologikoa. Emakumeek beren 46 kromosomen artean bi X kromosoma dituzte eta gizonezkoek bata X eta bestea Y. Gualdek dioenez, Y kromosomaren lan ia bakarra gizakiaren sexua determinatzea da, gainerako gene garrantzizko gehienak Xn daude. Baina emakumeek bi X dauzkatenez, bietatik bakar batek egiten du “lan”, bestea zelularen nukleoan dago kasik geldirik. Hori gutxi balitz, emakumearen zelulen erdietan beren bi Xtatik aitagandik jasotako Xk egiten du lan, eta beste erdietan amarengandikoak. Horrek are nabarmenago egiten du emakumearen konplexutasuna, eta emakumeen artean gaixotasun auto-immuneak hain ugariak izatea esplikatuko luke hein batean.
 
Baina X eta Y horiez gain beste 22 kromosoma pare dauzkagu gizakiok. Pare horietako bakoitzean bata amagandikoa eta bestea aitagandik jasoa. Azken urteotan aurkitu da kromosoma bakan batzuek aitaren edo amaren “marka genomikoa” daramatela. Eta horietan ikertuz ezagutu ahal izan da amagandik hartutako geneak direla gizaki berriaren enbrioia eta bereziki burmuina osatzeko ardura dutenak. Xaguen burmuinetan arakatuz jakin da amagandiko geneek “pentsamendua” eta “ekintza” kudeatzen dituzten zentroak garatu dituztela eta aitagandiko geneek batik bat “emozioen” alorrean dutela eragina.
 
Gizakiotan, aitaren geneek eragiten dute nerbio sistema zentralaren egitura arkaikoetan eta amarenek ahalmen intelektual nagusietan. Umeki edo fetuaren kasuan, aitaren geneek haurlagun edo plazentari eragiten diote –ume berriaren elikadurari– eta amarenek fetuaren garapen alorrei. Baina kromosomen kontuan bada bitxikeria gehiago. Gizakiok beste tximuengandik ezberdin egiten gaituena hitza da, mintzoa. Eta mintzatzeko ahalmenari lotutako geneak amak oparitzen dizkigun kromosometako batean datoz.

Intzestuaren tabua: soziala ala garapenerako abantaila?

Soziobiologiarena gai gatazkatsua da aspaldion. Gualde liburuko bigarren pertsonaiaz baliatu da gaia pausatzeko. Senegaleko oihanean lanean ari den Binta emakume sendagileak Paristik bisitan etorri zaion abokatu eta epaile-gai gazteari galdetuko dio: “Seguru unibertsitateko zure irakasleek ez dizutela sekula hitz egin gure izaeraren alderdi biologikoez; eta pentsa lagunduko lizuketela zuri, epaile izan behar duzun horri, gure hurkoek eta gizarteek nola funtzionatzen duten hobeto ulertzen”.
 
Gualdek aitortzen du soziobiologia oso auzitan jartzen dutela aditu askok, faxismo teoriko bati bidea errazten diola ere ez du ukatzen, baina balio dezake hobeto ulertzeko emakumeek gizateriari egin dioten emari genetikoa.
Gualdek intzestuaren gaiari ere heldu dio, eta psikoanalistek emandako esplikazioei biologiarenak kontrajarri dizkie, HLA sistemaren eskutik. Berriro immunitate sistema.
 
Human Leucocyte Antigen (HLA) izeneko sistema bereziki garrantzizkoa da gizakion immuniate sisteman. HLA molekulak gure soineko zelula guztietan (odolean salbu) daude eta horiei esker egiten diegu aurre mikro-organismo etsaiei. Gizakion HLAk daukan polimorfismo handia oso lagungarri zaigu gaixotasunen aurrean, baina familia barruan dauka ahulezi puntua: anai-arreben HLAk ezberdinak izanik ere antzekotasun handiak dituzte. Hori dela eta, intzestua –anai-arreben harreman sexuala- desabantaila litzateke eboluzioan.
 
Intzestua ekiditeko, gutako bakoitzak soinean daramagun usaina sartzen omen da tartean. “Gure usainen aniztasuna –dio Gualdek- gizakion aniztasun genetikoaren agerpena da, ez gutxiago eta ez gehiago”. Esperimentu askotan demostratu omen da animaliek bezala gizakiek sexu harremanetarako bere bikotekidea hautatzean usainak zeresana baduela, eta usainarekin zerikusia badute HLA molekulek.
 
Esperimentu batzuek erakutsi dute emakumeei erakargarri zaizkiela bereagandik urrunekoak diren HLA ezberdina daukaten gizonen usainak. HLA jakin batzuetako emakumeei beste HLA jakinetako gizonezkoek egun betez soinean eramandako elastikoak usaintzera eraman eta gozoen edo erakargarrien zein sumatzen duten galdetuz egindako esperimentuak aipatu ditu Gualdek. Iduri du sexurako eta umeak egiteko arra aukeratzean, emeak polimorfismoaren aldeko apustua egiten duela garbi, animalietan bezala pertsonetan.

Amonak gizadiaren altxor

Amama, amatxi, amona edo amandreari garrantzia berezia eman dio bere liburuan Norbert Gualdek. Eta horri lotuta, menopausiari. “Emakumea da ugaztun edo mamifero emeen artean menopausia ezagutzen duen bakarra, agian baleen salbuespenarekin”. Menopausia esplikatzeko, Kristen Hawkes-en teorian babesten da.
 
Hawkesen iritzian, duela bi milioi urte lehen hominidoak landareen sustraiak janez bizi ziren. Antzinako garai haietan, emakume zaharrek lagunduko zieten lanean neska gazteei, hauentzako –umeak zeuzkatelako- oso zaila zelako. Hori zen amonek alaba umedunei egiten zieten laguntza. Beste ikerlari batzuek ere baieztatu dute jokabide bera, baita XX. mendean antzinako eran bizi ziren indigena batzuen artean ere. Horrela, eboluzioan amaren ugalkortasun garaia mugatu egin zen, alaba gazteari lagundu ahal izateko.
 
Giza emeak denbora luzeagoz zaindu behar ditu bere kumeak beste tximino eta animaliek baino. Eta hor lehiakortasuna ematen dio gizakiari amandreak. Badira, noski, menopausia bizitzaren luzapenarekin lotuta dagoela uste dutenak; Gualdek aldiz arrazoi ematen die amonak edo amamak eboluzio katean garrantzizkoak direla uste duten etologoei. “Amandreak handitu egiten du emakume gaztearen ugalkortasuna, lanak arinduz. Eta ondorioz, amonaren ugalkortasunaren galerak bere alabarena handiagotzen du”.
 
Giza taldean emakume zaharrak egoteak baditu abantaila gehiago. Batetik, lanerako gai izaten segitzen dute eta aldi berean oso energia gutxi kontsumitzen dute. Bestetik, garrantzi handia dute taldearen immunitatean. Zahartutakoan gizakia ahalmenak galtzen doalako ez da hau oker ikusi behar: zahartzarora iritsi denak immunitate kapital handia dauka berekin. Horrek esplikatzen du nola epidemia batzuetan gehienik hil direnak ez diren zaharrak izan, gazteagoak baino. Eta hiltzen hasita ere, epidemia bat den suteari sakrifikatzen zaion “kontrako sua” efektutzat interpreta daiteke.
 
Norbert Gualdek Ce que l’Humanité doit a la femme emazteen faborez idatzi duela nabari da liburuaren orri guztietan. Baita atzeko zokoko ohar aberatsetan ere. Bat aipatzekotan, 52.a, geneez eta ADNaz aritu baita liburuan, eta alor horretan emeak edo emakumeak daukan garrantziaz, hona Gualdek ahaztu gabe markatuta utzi duen istorio paradoxikoa. “1953ko apirilaren 2ko zenbakian, Nature aldizkariak plazaratu zuen artikulu bat ADNaren egitura deskribatuz. Artikulu izugarri haren egileek, James Watson, Francis Crick eta Frederic Wilkins-ek, 1962ko Nobel saria jasoko zuten. James Watsonek aitortuko zuenez, emakume gazte batek, Rosalind Franklin-ek, proposatu zuen ditxosozko helize bikoitzaren egitura saridunek baino lehenago... Berak aurkitu zuen molekula magikoaren egitura X izpiko mikroskopio kristalografikoa erabiliz. Teknika hau gerra ondoren Parisen Laboratoire Central des Services Chimiques delakoan egin zuen egonaldian ikasi zuen. Bazterketa sexistak eta kantzerrak menderatuta, 1958an hil zen, eta ahaztu egin zuten. Berrogeita hamar urte beranduago, Rosalind-en oroitzapenik apenas agertu den”. Honi ere zor dio zerbait gizadiak.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Gorputz hotsak
"Filmak ez daude gorrentzat eginda; euskara ez dakitenentzat eginda daude"

Jende askorekin eta elkarrizketaz inguratuta dagoenean isil-isilik edo ohi baino isilago egoten da Irati Erauskin (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Horregatik, “oso irekia” den arren lotsatia dela uste dute batzuek. Entzumen urritasuna dauka, eta batzuetan “oso... [+]


Zapi morea

Andre zahar dotorea senarraren besotik zihoan gurutzatu ginenean. Bistaz ezaguna, oker samar zegoela ikusi nuen, adinaren ajeak. Benetako señora eibartarra: perlazko lepokoa; ilea kardatuta harro-harro, ostirala izanda, ile-apaindegian goizean egon zela ezagun zuen. Gure... [+]


“Denbora deskolonizatzea metatze kapitalistari uko egitea da”

Adriana Guzmán Arroyo herri-hezitzaile aymara eta Boliviako feminismo komunitario antipatriarkaleko erreferentearekin batu eta kolonialismoa, arrazismoa, estraktibismoa, nahitaezko heterosexualitatea, familia, komunitatea, Estatua eta pribilegioak izan ditugu mintzagai,... [+]


2024-03-17 | Diana Franco
Teknologia
Zirkuitua hackeatu

Martxoaren 8a dela eta, berri eta iritzi ezberdinak irakurri ditut. Berdintasunerako bidean lan handia egiten ari da gure gizartea, eta publikoki berdintasunerako bidean feminismoa onartua den borroka bada ere, gizarteko mikrokosmosetara jaisterakoan, bada oraindik berdintasuna... [+]


Bizipoza: aniztasun funtzionala, kulturala eta sexuala bistaratzen eta lantzen

Izaera berezia duten elkarteak eta behar bereziak dituzten haurren familia-elkarteak biltzen ditu Bizipozak, 38 denera. Familia horien errealitatea ikusarazi eta bertatik bertara ezagutzeko asmoz, jaia egingo dute apirilean. Unitate didaktikoak eta material pedagogiko ugari ere... [+]


Eguneraketa berriak daude