Leyla Zana eta Abdullah Oçalan: kurdu erresistentziaren bi ikur


2006ko uztailaren 2an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Leyla Diyarbakir eskualdeko herrixka batean jaio zen 1961ean. Medi Zana bere senarra Diyarbakir-eko alkatea izan zen, 1980an militarrek estatu kolpea eman zuten arte.

Urte gogor haietan, Ankarak kurduen garbiketa etnikoari hasiera eman zion. Milaka hildako, erraustutako kurdu herri, eta beste hainbeste atxiloketa eta bortxaketa izan ziren. Mendebaldeak laguntza eskaini zion NATOko kideari. Turkiarren erasoei aurre egiteko, Abdullah Oçalanek sortutako Kurdu Langileen Alderdiak (Partiya Karkere Kurdistan-PKK) erresistentzia armatuari ekitea erabaki zuen 1984an. Hego-Ekialde txiroan ez, Ankaran sortu zen PKK taldea, marxista-leninista ideologia zuten kurdu unibertsitarioen eskutik.

Espetxetik atera ondoren, Leylak karrera politikoari eutsi zion, 1994an Turkiako parlamentuan lehen emakume kurdu bilakatzeraino. Kargua turkieraz sinatzean, esaldi bat gehitu zuen kurdueraz: «Turkiar eta kurduok demokrazian bakean bizi gaitezen borrokatzen dut».

Bere ausardiak 15 urteko espetxe zigorra ekarri zion «traizio» karguengatik.

1999ko otsailaren 9an, Eusko Legebiltzarrak erbesteko 65 kurdu kideri parlamentua eskaintzea erabaki zuen, ekitaldi sinboliko bat egin zezaten. PP eta PSOE kontra agertu ziren, eta Mayor Oreja barne ministroak «terrorismoaren aldeko ekitaldi penagarritzat» jo zuen ekimena. Azkenean, Madrilgo presioa zela medio, kurduek ezin izan zuten legebiltzarrean elkartu. Antza denez, Ankara eta Madrilen arteko merkatal interesak kolokan zeuden, esaterako, turkiar armadak erosten zituen CASA hegazkin militarrak. Manuel Martorell kazetari elizondotarraren hitzetan, «espainiar mekanikariak garraio hegazkinen mantenuaz arduratzen ziren, turkiar soldaduek kurdu herriak erre, nekazariak bota eta emakumeak bortxatzen jarrai zezaten».

Legebiltzarra eskaini eta 6 egun beranduago, Abdullah Oçalan atxilotu zuten Kenyako greziar enbaxadan, CIA eta Israelek lagunduriko operazio batean. PKK-k su-etena aldarrikatu eta Irakeko Kurdistango mendietara jo zuen.

2004an, Ankarak Leyla Zana askatu zuen, Europar Batasunaren aurrean itxura demokratikoa ematearren.

Egun, Oçalan segurtasun handiko espetxe batean dago, Marmara itsasoko irla batean.

Leylak jarduera politikoari ekin dio berriz eta Irakeko Kurdistango agintariekin elkartu zen joan den apirilean.



Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!