Lektorego programa: Atzerriko Unibertsitateetan gure herria ikasgai

  • Euskara eta euskal kulturarekiko nazioartean dagoen interesa aspaldiko kontua da. Erronka berria aipatutako interesa egituratzea eta euskal kulturari atzerriko unibertsitateetako ikasketen baitan balio akademikoa ematea da. Azken proiektua Lektorego Programa dugu; Euskara eta Euskal Kultura ikasgaia irakasteko Jaurlaritzak atzerriko hainbat unibertsitaterekin sinatu duen hitzarmena, alegia. Egitasmoan parte hartzen ari diren irakasle eta ikasleekin izan gara, haien bizipenak gertutik ezagutzeko.

2006ko martxoaren 05ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Euskal Herritik at euskal gizartearen irudi positiboa zabaltzea xede izango duen Euskal Institutua sortu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako, lege proposamena aurkeztu dute eta aurreikuspenak betez gero, hurrengo urtean martxan jarriko litzateke. Dena den, euskara eta euskal kultura munduan zabaltzeko asmoz lehenengo urratsak eman dituzte dagoeneko. Izan ere, Kultura Sailak Lektorego Programa hitzartu du atzerriko hainbat unibertsitaterekin. Hitzarmenari esker, unibertsitate horietan Euskara eta Euskal Kultura ikasgaia gehitzea lortu da eta, are garrantzitsuagoa dena, balio akademikoa eman zaio. Hau da, irakasgaia edo modulua unibertsitatearen ikasketa programaren baitan dago eta hartutako orduen arabera, kredituak lor daitezke, beste irakasgaiekin parekatuz.

Jaurlaritzak antzeko beste akordio ugari ditu munduan zehar -Boisen (AEB) euskal ikasketen minorra edo graduatuondokoa ikasteko sinatutakoa eta Frankfurten (Alemania) euskal gaiak sustatzeko eginikoa, adibidez-, baina zehazki Lektorego Programa osatzen duten atzerriko unibertsitateak oraingoz hamaika dira eta Txilen, Uruguayn, Mexikon, Alemanian, Finlandian, Polonian, Italian eta Espainian daude kokatuta -ikus hurrengo orrialdeko infograma-. Lehenengo kontaktuak 2003. urtean hasi ziren arren, 2005-2006 ikasturtean sinatu dituzte hitzarmenak.

Hala, Txilen, Alemanian nahiz Finlandian euskal literatura, musika, antzerkia edo bertsolaritza ikasteko aukera dute ikasleek. Jorratuko dituzten gaiak aukeratzeko garaian, interesa eta karrera hartu da kontuan: «Historiako ikasleak badira, Euskal Herriko historiaren inguruko zerbait sartzen dugu, esaterako», azaldu digu Lorea Bilbao ekimeneko arduradunak. Gainera, urtean zehar lektore edo irakasleek Euskararen Eguna edo Euskal Astea bezalako ekintza osagarriak antolatzen dituzte. Materialari dagokionez, oraindik ez dute bereizitako ikasmaterialik prestatu, baina aurten irakasleek erabilitako informazioa egokituz hurrengo ikasturteetarako material bereizia osatu nahi da.

Ikasgaiak arrakasta izan du oro har eta eskolak bete egin dira. «Helsinkin 60tik gora ikaslek eman dute izena, Txilen 100 baino gehiagok... Unibertsitate bakoitzeko ikasle kopurua kontuan hartuz, proportzioa ona izan da denetan», dio Bilbaok. Mexikon, adibidez, aurreikusitakoa baino ikasle gehiago jaso dituzte eta bi taldetan banatu behar izan dira. Oinarrizko moduluek interesa piztu dute, Euskal Herriko kultura erakargarria zaiolako askori, eta modulu hori bermatzea izango da helburua, ikasgaiari jarraipena emango dioten bigarren edo hirugarren mailako moduluak martxan jarri aurretik. Hala ere, hitzarmenik gabe euskal gaien inguruko eskolak ematen denbora gehiago daramaten unibertsitate batzuetan bigarren modulua ere eskaintzen da.

Emaitza horiekin, egitasmoaren balorazio positiboa egin du Bilbaok. Gainera, ikasleen erantzunaz gain unibertsitatearen iritzia jasotzea ere garrantzitsua da arduradunentzat eta zenbait kasutan baloraziorik baikorrena unibertsitateek beraiek egin dutela ikustean oso pozik jarri dira. «Modulu horiekin jarraitu nahi dutela esan digute -dio Bilbaok-, bitarteko gehiago jarri behar direla, hurrengo urteetarako bereizitako eskaintza handiagoa egin behar dela». Eta ez hori bakarrik. Euskal kultura ikasketa programan sartu nahi duten atzerriko unibertsitateen eskaria oso handia da eta jada, hainbat unibertsitate harremanetan jarri da Jaurlaritzarekin. 2006-2007 urteen artean eskaerak bideratzea da asmoa eta hurrengo urtetik aurrera, ekimena Euskal Institutuak koordinatzea. Baina nola sortu da halako demanda? Bilbaoren ustez, unibertsitateen artean dagoen harremanengatik eta Euskal Etxeen, Hizkuntza Azoken eta halakoen bitartez gure kulturak kanpoan duen presentziarengatik. Azken finean, «badago euskal munduari lotutako interesa eta sarritan, guk uste baino handiagoa».


Professore di cultura vasca

Programan parte hartzen duten irakasleek jatorri desberdina dute. Helsinkiko unibertsitatekoa, esaterako, Hanna Lantto, bertakoa da. Aurretik euskara ikasitakoa eta Euskal Herrira etorritakoa da. Uruguayko irakaslea ere bertan jaiotako emakume bat da. Beste batzuk hemendik atzerrira joandako euskaldunak dira, Alex Mendizabalen antzera. Mendizabal Erroman dago eta bertako UPTER unibertsitateko euskara departamentuan, Introduzione a la Lingua e la Cultura Vasca izeneko eskolak eman zituen iaz. Ekimenaren hastapenak 2002koak dira. Urte horren bukaeran, Mendizabalek berak eta beste hiru lagunek Associazione Culturale Euskara elkartea sortu zuten eta ia berehala, elkarteko kideak UPTERen euskal gaiak irakasten hasi ziren. Horregatik, hitzarmenari esker orain diru laguntza jasotzen badute ere, unibertsitatean egiten duten lana ez da aldatu. Gainera, Erromako unibertsitatean euskal gaiek departamentua dute, ez soilik ikasgaia. Mendizabalek argi du helburua ez dela atzerrian dauden euskaldunengana iristea, euskal kulturarenganako interesa duen edozeinengana baizik. Horregatik, aurten irakasleak italiarrak dira, bertako jendea erakartzeko.

Gainera, mota guztietako ikasleak hurbiltzea nahi dute eta horretarako unibertsitatera jende interesgarri asko ekarri dute eta ekarriko dute; hala nola, Mariasun Landa eta Edorta Jimenez idazleak, Roberta Gozzi euskaratik italierara zuzenean itzultzen duen bakarra, Fernando Rey italieratik euskararako itzultzailea, Karidadeko Benta taldeko kideak, Mertxe Urteaga arkeologoa eta Angel Lertxundi eta Xabi Erkizia musikariak. Azken finean, arlo horietan interesa duen jendea hitzaldietara joan ohi da, eta publiko anitz hori erakartzea garrantzitsua iruditzen zaio Mendizabali. Bere esanetan, Italian ez dago euskal komunitate garrantzitsurik, baina italiarren artean euskararenganako interesa badago eta demanda hori asetzen saiatzen dira.

Hego Amerikan, aldiz, eta batez ere diasporaren eraginez, euskal komunitatearen presentzia handia da. Iraia Biteri Txileko hiriburuko bi unibertsitatetan irakasle aritu da 2004tik -orain udako oporretan daude han- eta iritsi orduko hiri erdian Eusko Etxe erraldoia topatu zuela kontatu digu. Emandako eskoletan ere, ikasleen %30ek euskal jatorria zuten -Otondo, Leturia, Oñate, Etxeberria, Barraza, Jauregi, Navarro, Bergara...-. Dena den, ikasgelan ehun lagun baino gehiago izan ditu, gehienak 17 eta 22 urte artekoak, eta hainbeste ikasleren artean, modulua aukeratzeko interesak anitzak dira. «Euskal Herriko egoera interesgarria iruditzen zaielako ematen dute izena, leku polita eta ondo antolatua iruditzen zaielako; Euskal Herria aski ezaguna da hemen askorentzat eta geroz eta presentzia handiagoa du komunikabideetan», argitu digu Basauriko irakasleak. Gazte txiletar asko euskal musikak erakarrita doazela ere gaineratu du. Gurutzne Etxeberriak gauza bera esan digu Mexikoko UNAM unibertsitatetik: «Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau eta beste zenbait talde ezagutzen dituzte eta abestien hitzak itzultzeko eskatu izan didate; muguruzatarrak idolotzat dituzte». Etxeberriak 80 ikasle ditu Mexikon, bi taldetan banaturik eta 10 inguruk euskal jatorria dute. Gainontzekoen artean, gehienak Mexikoko indigenak dira, Hidalgo, Sinaloa edo Chiuahua zonaldetakoak. Irakasleak dio kontatzen dien guztia oso interesgarri egiten zaiela eta jartzen dituen hemengo filmak ere atsegin dituztela.


Pasión por las herri kirolak

Claudiok, esaterako, Euskal pilota: larrua harriaren kontra filma ikusi ostean eman zuen izena ikasgai honetan. Txileko Chiloé artxipelagokoa da eta han ere kultura propioa eta mitologia aberatsa dutela azaldu digu. Horregatik, Euskal Herrian gure kultura kontserbatzeko egin den ahalegina miresten du. Gainera, gure herriaz zuen irudia aldatzeko aukera eman diote eskolek, komunikabideek beti terrorismoari lotuta eskaintzen duten informazioaren eraginez lehen irudi okerra zuela baitio. Hala diote baita ere elkarrizketatu ditugun beste hiru ikasle txiletarrek. «Euskal Herria gudu-zelai bihurtutako Erdi Aroko herria zela uste nuen -esan digu Leonardok-, baina berezitasunez eta bitxikeriaz betetako kultura eta herria topatu dut». Herri kirolenganako «duzuen pasioa» eta musika tradizionala bereziki atsegin ditu.

Maitek berriz, euskal dantzak ditu gustuko eta Txileko Zentro Nafarreko dantzari taldea osatzen lagundu zuela azaldu digu. Hemengo baserriak, elizak eta oro har arkitektura tradizionala ere atsegin ditu. Otondo abizena du eta iaz Baztanen egon zen, bere arbasoen jaioterria ezagutzen. Aurrerantzean, euskal musikan, dantzan, arkitekturan eta adierazpen artistikoetan sakontzea gustatuko litzaiokeela esan digu.

Catalinak ere jatorri euskalduna du: herenamona nafarra zuen, baina goiz hil zenez familian ez zuten euskal ondarerik jaso. Orain, gure kultura ezagutzen hasi denean, harrigarria iruditu zaio Euskal Herriak duen autonomia eta, batez ere, gure artean hiria eta nekazal mundua nola uztartzen diren. «Europan dena hiriak direla uste dugu eta hain txikia den herri batean hainbesteko aniztasuna egotea oso interesgarria da». Euskal Herrian eta baita Txilen ere, herriaren nortasuna berreskuratzeko asmoz kultura propioa sustatzen dela dio eta kultura horien ezaugarriak ikertu nahi ditu. Gustuen artean, euskal zinema, artea eta kirola aipatu ditu. Arrazoiak arrazoi, elkarrizketatuek euskal kulturari buruzko ikasgaia atsegin dute eta gure kulturan sakontzen jarraitu nahiko lukete. Horregatik agian, lauek argi dute etorkizunean Euskal Herria bisitatu eta gertutik ezagutu nahi dutela.

Mitologia eta euskal rocka
Asko dira Lektorego Programaren baitan gure herriari buruz jorratzen dituzten gaiak. Atzerriko unibertsitateetan, esaterako, Euskal Herriko paisaiak, klima, gastronomia, azokak, erromeriak, tradizioak eta jai tipikoak aztertzen dituzte. Halaber, hizkuntza, folklorea, mitologia, herri kirolak, baserria, familia tipikoa, literatura, musika -tradizionala, herrikoia, folka eta rocka-, bertsolaritza, antzerkia, zinema, historia, turismoa, jaiak, administrazioa eta ekonomia ere ikasi ohi dituzte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
‘Geldi euskara zapaltzea!’ lelopean iganderako elkarretaratzeak antolatu ditu Euskal Herrian Euskarazek

Euskal Herrian euskara "hainbatetan ukatua edo bigarren hizkuntza bezala tratatua" dela salatu du EHEk, eta egoera hobetzeko hizkuntza politiketan jauziak egitea ezinbestekoa dela adierazi du. Hori dela eta, elkarretaratzeak egingo ditu Maulen, Donapaleun eta Baionan,... [+]


ANALISIA
Lasserre edo betiko leloaren betiko leloa

Egoerak bere horretan segituz gero, Euskal Hirigune Elkargoak ez du izenpetuko EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzeko hitzarmen berria. Orain artekoa urte hondarrean bukatuko denez, baliteke 2026an ofizialtasunik gabe izateaz gain, hizkuntza politika bideratzeko egitura... [+]


2025-07-14 | Rober Gutiérrez
25 urteko bidaia

Sortze beretik proiektu batekiko lotura profesionala egon denean eta atxikimendu emozionala hain handia denean, zaila izaten da berari buruz hitz egitea. Bai Euskarari ziurtagiriak 25 urte bete ditu, eta bizi izandako oroitzapenak eta esperientziak metatzen zaizkit oroimenean... [+]


2025-07-14 | Ahotsa.info
Euskaldunon bazkari antiarrazista Sanferminetan

Laba, EHE eta Harituk antolatuta, bazkaria Oko Plazako Herri Sanferminak gunean izan da. Bertan, antolaketaren zergatiak azalduko dizkiguten galderak egingo dizkiegu.


2025-07-14 | Antxeta Irratia
Irunen hizkuntza politikak aldatzeko “borondate berri baten hasiera izatea” espero du Aski Da! kolektiboak

40 elkarte biltzen dituen kolektiboa baikor agertu da, azken hilabeteetako hartu emanetan Irungo Udalak hizkuntza politikak elkarlanetik zuzentzeko borondate berria erakutsi duelako. «Hasierako alde bietako mesfidantzak gaindituz, adostasunak bilatu eta Hizkuntza Plan... [+]


EHUk euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu Medikuntza Fakultatean

2025-2026 ikasturtean, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean euskarazko 32 ikaspostu gehiago eskainiko ditu EHUk. Erakundeak adierazi du kopuru hori lortzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin izandako... [+]


“Pazienteen segurtasuna kolokan jartzen duena euskaraz ez dakien osasun profesionala da”

Hizkuntzak osasun arretaren kalitatean duen eragina aztertu dute EHEk eta EHUk. Jon Zarate Sesma EHEko kide eta EHUko ikertzaile doktoreak emaitzen xehetasunak eman ditu.


Hamar urte barru euskararen arnasgunerik ez dela egonen ondorioztatu dute

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen eskariz, 2036an Hego Euskal Herrian euskararen egoera zein izanen den aztertu du Siadeco ikerketa etxeak. Hipotesi batzuk beteko balira, hemendik hamar urtera ukanen genukeen errealitate soziolinguistikoari begiratuta, "egoera... [+]


2025-07-11 | Enbata
Eztabaidaren gainetik… gazte batzuen bizipena

Azterketak euskaraz gaia aktualitatean jarri zen berriz ekainean, baxoaren hilabetean. Etxepare lizeoko ikasleek aldarrikatzen segitu dute Baionako suprefeturaren edo herriko etxearen aitzinean eta euskaraz ari diren irakasleek prentsaurreko bat eskaini dute azpimarratzeko... [+]


2025-07-09 | Euskal Irratiak
Peio Jorajuria: «Departamendua jukutrian aritu bada, Maider Behotegik berehala dimisioa eman behar du»

Euskalgintzako hainbat eragile Baionako karriketara atera dira EEPren finantzaketaren inguruko kezkak agertzeko. 2017tik izozturik den aurrekontuaren aurrean, Frantziako Estatuak iragarritako 100.000 euroko igoera "trufa" gisa salatu dute.


Euskararen oldarraldiaren kontrako hainbat mobilizazio eta ekimen egingo ditu LABek urrian

Administrazioa euskalduntzeko legeria aldatu beharra dagoela azpirramatzen du LAB sindikatuak eta hori lortzeko "herritarren aktibazioa" ezinbestekotzat hartu du. Hainbat ekimen eta mobilizazio egingo dituzte udazkenean.


Euskal Konfederazioak azalpenak eskatu dizkio Behotegiri, EEPren aurrekontuaren inguruko negoziazioengatik

Dozenaka lagunek agerraldia egin dute astelehen arratsaldean Baionan, Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren egoitzaren aurrean. Frantziak EEPn 100.000 euro gehiago inbertituko dituela iragarrita, euskararen etorkizuna bermatzeko hizkuntza politikak "ausardia eta... [+]


2025-07-08 | ARGIA
Euskaraz aritzeagatik lotarako tokia hartzea ukatu diote Bilboko aterpetxe batean Lapurdiko eskola bati

Lapurdiko eskola batetik saiatu dira datorren ikasturterako Ganbara Hostel Bilbaon aterpea lotzen, baina Behatokian salatu dutenez, idatzizko komunikazioan euskaraz aritzeagatik zera esan diete azkenean: “Espainolez mintzatzen ez ginenez, ez gintuztela beren hotelean... [+]


Eguneraketa berriak daude