Euskara enpresetan: Torlojuak estutzeko garaia

Helduok lo-orduz kanpo denbora gehien lanean pasatzen dugu. Irakaskuntzan, iritziak iritzi, 25 urtean aurrerapauso handiak eman dira. Irakaskuntzan egindako ahaleginek ostiko ederra jasotzen dute lan mundura heldutakoan. Datu bat besterik ez da, baina esparru sozioekonomikoan euskarak duen indar urria azaltzeko esanguratsua: Euskal Autonomia Erkidegoan, 15 langiletik gorako 6.221 enpresa daude eta horietarik %2k du abian euskararen erabilera-planen bat. Horiez gain, enpresa batzu-batzuek euskararen aldeko neurriak hartu dituzte eta gutxi batzuek sorreratik funtzionatu dute euskaraz.

Esparru sozioekonomikoan euskarak bizi duen egoerari buruz azalpen gehiago eman baino lehen, erreportaje honetan zein lan esparrutaz ariko garen azaltzea komeni zaigu. Lan munduan era guztietako enpresak, ikastetxeak, fundazioak, elkarteak sartzen dira. Erreportajean administrazioa eta eskola albo batera utziko ditugu eta esparru sozioekonomikoaz arituko gara, bi multzo horietan sartzen ez diren enpresetaz, alegia. Esparru hau da handiena.

Alor sozioekonomikoan euskarak duen presentzia datu zehatzekin adieraztea ez da batere erraza, baina egoeraren adierazle interesgarria da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erabilera-planak abian jartzeko diru-laguntzak lortzeko egiten dituen deialdi publikoak (Iparraldeko eta Nafarroako Foru Erkidegoko administrazioek ez dute inolako planik. Hala ere, EAEko euskara-planak diseinatzen aritzen diren aholkularitzak Nafarroako enpresa batzuekin ari dira lanean). Esate baterako, 2005eko deialdiari erantzunez diru-laguntza jaso zuten enpresak 119 izan ziren. Lehen esan dugu 15 langiletik gorako 6.221 enpresa daudela EAEn. Euskara-planak eta bestelako proiektuak txertatu dituzten enpresek badituzte ezaugarri zehatz batzuk. Nabarmena da ekonomia sozialaren edo kooperatiben pisu erlatiboa. Edozein izaerako enpresak kontuan hartuta, euskara-planen bat dutenak enpresen %2 dira. Plana duten horien artean herenak kooperatiba izaera du. Kooperatiben munduan gune garrantzitsua da Debagoiena. Bada, Debagoiena da plan gehien dituen eskualdea, hiru hiriburuei aurrea hartuta. Bestalde, euskara-planak enpresa handi eta ertainetan aplikatu dira gehienbat, nahiz eta EAEko enpresa gehienak txikiak diren.


1991ko proiektu pilotua

Enpresetan euskaraz bizitzeko oraindik urrats asko eta asko eman behar dira, baina 2006ko egoera aurreko urteetako ahaleginen ondorioa da. Egindako proba guztiak ez ziren izan egokiak, baina bidea eginez ikasi dute esparru honetan eragiten dutenek. 70eko hamarkadan eman ziren lehen urratsak: euskara eskolak ziren oinarri. Elhuyar Kultur Elkartea (orain Elhuyar Aholkularitza) izan zen aitzindaria 1980ko urteetan laneko euskara irakasten, hau da, euskara eskola arruntak baino euskara espezifikoa irakasten hasi ziren. Ahaleginak ahalegin, lan metodologia sendorik ez zegoen eta gainera, euskara ikasteak edo zekitenek hobetzeak ez zuen erabilera bermatu. Eskola horiek bere hartan ez zuten balio helburuak betetzeko: enpresan euskaraz bizitzea. 80ko hamarkadan baita ere, krisi ekonomikoa etorri zen, eta enpresek bazuten dirua non gastatu euskaran baino. Krisi ekonomikoa, metodo egoki falta, egoera soziopolitikoa... hainbat faktore tarteko urte luzez bere horretan segi zuen lan munduak. 90eko hamarkadan ordea, bultzada kualitatiboa gertatu zen, metodologia lantzea lortu zelako. Proba pilotua Elay enpresan (Antzuola) aplikatu zuten. Elhuyar Kultur Elkarteak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu zuten 1991. urtean eta 1992 eta 1997. urteen artean industria arloko lehenengo proiektu pilotua abian jarri zuten. Proiektu honek erakutsi zuen euskararen erabilera areagotzen zela eta gainera, hizkuntza politikaren prozedurak enpresaren kudeaketaren osagai bihurtzen zirela. Elay enpresaren segidakoak izan ziren Arrasateko Ikerlan (Jaurlaritzaren laguntzaz aritu zena), Beasaingo CAF (Elhuyarren bidez) eta Loiuko Arlan (Artez-en laguntzaz). Proiektu horiek garatuta, aldaketa kuantitatiboa zein kualitatiboa nabarmena izan da (ikus infograma). 1996an lau enpresa ari baziren erabilera-planetan murgilduta, 1998an 24 enpresa ziren. 1996an, ez zen ezerezetik sortu Debagoienan Emun lana euskalduntzeko kooperatiba.


Lan mundua euskalduntzeko enpresak

Euskara eguneroko lanean txertatzeko enpresek aholkularitzei laguntza eta aholkua eskatzen diete gehienetan. Euskararen erabilera lan munduan bultzatzeko planak prestatzen aritzen diren bi enpresa garrantzitsu dira Elhuyar Aholkularitza (Usurbil eta Durango) eta Emun (Arrasate eta Andoain). Badira gehiago ere noski, hala nola, Artez, Ahize-AEK eta Siadeco. Elhuyar Kultur Elkartea lau-bost langilerekin hasi zen lan munduan muturra sartzen duela hogei bat urte. 210 inguru proiektu landu ditu (euskara-planak eta bestelakoak) eta 27 bat langile ditu planak aurrera eramateko. Hiru erronka nagusi azpimarratu dizkigu Elhuyar Aholkularitzako Agurtzane Loidik. Lehena, euskararen erabilera gehiago bultzatzea; bigarrena, enpresak euskararen balioaz jabetzea eta hirugarrena, euskara-plana bukatutakoan (hiru edo bost urtekoak izaten dira enpresaren tamainaren arabera), euskararen gaia enpresa bera bakarrik kudeatzeko kapaz izatea lortzea.

Emun 1996an sortu zen eta 60 inguru langileko lan taldeak erabilera normalizatzeko, gaur egun, abian diren planen erdien ardura teknikoa du. Enpresa zehatzetan landu beharreko erronka nagusiak erabilera eta motibazioa direla dio Juan Luis Arexolaleibak. Egoera orokorrean hartuta berriz, Arexolaleibak azpimarratu du kooperatibak ez diren enpresa motetan eragin behar dela eta enpresa txikiagoetara jo behar dela, orain arte enpresa handi eta ertainetan jarri baitira abian euskara-planak. Bestalde, Debagoienan, kooperatiben altzoan, hartu zuenez indarra enpresen euskalduntzeak Gipuzkoan daude planak dituzten enpresa asko. Bizkaian ere indarra hartzen hasi da eta Araban eta Nafarroan ale solte batzuk baino ez daude.


Eika, 600 langileko enpresa

Bizkaiko Lea Artibai eskualdeko Etxebarria herrira hurbildu gara Eika Kooperatiba Elkartea euskalduntze prozesua nola ari den gauzatzen ikusteko. Ainara Aldazabalek egin digu ongietorria, Eikan lanean ari den Emun aholkularitzako teknikariak. Luze eta zabal aritu gara berriketan, 600 langileko enpresa euskalduntzea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Ondoren, bulegoetatik ekoizpen gunera hurbildu gara eta han ikusi ditugu langileak gure etxeko labeentzako erresistentziak eta bitrozeramiketako foku irradiatzaileak egiten. Makina eta aparailu artean hasi dira agertzen errotuluak, gehienak euskaraz eta batzuk elebitan. Halako batean Hiztegia jartzen duen koadernoa aurkitu dugu makina baten hormatik zintzilik. Bertan sortutako euskara-gaztelania/gaztelania-euskara hiztegiak 1.900 hitz ditu. Hor ageri dira hagaxka, zurruntasuna, arrabola eta iragazkia. Langileak zerbait idatzi behar duenean hiztegia begiratu besterik ez du eta idazkiren bat ulertzeko gaitasunik ez badu euskaraz baino ez dagoelako, hiztegia alboan du. Paperean eta baita intraneten ere. Bitrozeramika eta hiztegi artean Italiatik ekarritako makina bat ikusi dugu. Pantaila bi hizkuntzetan dago: italieraz (matxuratzen bada langile italiarrak uler dezan) eta euskaraz. Haren alboan ari da lanean Gorosti. Halaxe esan digu berak: "Italieraz ez dakigu eta euskaraz erabili behar. Horixe da onena, euskaraz eta kito. Badira beste bi makina pantailek euskarazko zein gaztelaniazko aukera dutenak eta euskaraz dakitenek ere, ohituraz, gaztelaniazkora jotzen dute". Irantzuri ere egin diogu bisita. Berak eta Ainarak harro erakutsi digute mantentze-lanak gestionatzeko duten euskarazko programa informatikoa. Enpresako martxa guztia kontrolatzen dute programa horren bidez eta makinek matxurak, atzerapenak edo dena-delakoak dituztenean langileek oharrak sartzen dituzte. Ohar horiek erakutsi dizkigu Irantzuk eta ia denak euskaraz daude. Pentsatu segundo batez foku irradiatzaileak egiteko makina baten matxura euskaraz eta idatziz azaltzeko, alfabetatu gabeko langilea nola molda daitekeen... Bada elkar ulertzen dute.

Eika enpresa 2000. urtean hasi zen euskara-plana ezartzen Emunen eskutik eta oraingo egoera hausnartu ondoren, Kontseiluak banatzen duen Guk zerbitzua eta lana euskaraz ziurtagiria lortzea izango dela helburua erabaki dute. Ainarak dioenez errazena egin dute eta hemendik aurrerakoa izango da zailena. Adibide bat jarri digu: Eikako 600 langiletik %83 euskal hiztuna da eta enpresa barneko ahozko erabilera informala %53koa. Erabilera formala are eta baxuagoa. Ahozko erabilera areagotzea da helburuetako bat, baina badituzte gehiago, esate baterako, euskararen instituzionalizazioa. Hau da, enpresako zenbait kideren borondatean oinarritutako gaia enpresako beste edozein gai izatera heltzea. Euskara batzordean esaterako, kontseilu errektoreko eta kontseilu sozialeko ordezkari bana, enpresako bi sailetako langile bana eta hiru zuzendari (gerentea, pertsonaleko zuzendaria eta kalitateko zuzendaria eta era berean lehendakaria eta euskara-planaren koordinatzailea dena) daude.

600 langileko enpresak helburua nolanahikoa jarri ez badu ere horretan segiko du urratsez urrats eta enpresa euskalduntzea ahalegin nekagarriegia izan ez dadin, ekainaren 16an Euskararen Eguna ospatuko dute azken bi urteetan egin duten bezala. Oraingoan Lealde eta Fagor Arrasate enpresak ere gonbidatu dituzte, bakarrik baino elkarren babesean euskararen bidea samurragoa delakoan.


Tolosako Panelfisa enpresari bisita

Torlojuak egiten dituzten Tolosako enpresan 77 langile inguru ari dira lanean. 2000. urtean hasi ziren euskara-plana ezartzen Elhuyar Aholkularitzaren laguntzaz. Lau urte eta gero bakarrik jarraitzea erabaki zuen enpresak euskalduntze prozesuan eta orduz geroztik Elhuyarri urteko ikuskaritza baino ez dio eskatzen. Eneritz Arkauzek eman digu enpresako berri, euskara alorraren koordinatzaileak.

2000. urtean hizkuntza paisaia (errotulazioak-eta) erabat gaztelaniaz zuten eta baita idatzizko guztia ere. Ehunka errotulu euskaratu dituzte eta baita idatziak euskaraz edo bi hizkuntzetan jarri ere. Langile gehienak inguruko herrietakoak dira, euskal hiztunak, eta Eneritzek dioenez, dakitenek euskaraz egiten dute. Duela urte batzuk langile asko hasi ziren euskara eskolak ematen, baina Eneritzek aitortu digu oso garestia zela. Orain, irizpideak jarrita dituzte euskara eskolak nork jaso erabakitzeko. Lanpostu giltzarriak deitutakoak dituzte eta lanpostu hori dutenek euskara jakitea nahi du enpresak. Langile horiek dira euskara eskolak jasotzen segitzen duten bakarrak. Batzuk ikasten dute eta beste batzuek ez. Ikasten ez dutenekin zeregin handirik ez dute, baina jende berria kontratatzeko irizpidea ezarri dute: bi curriculum antzeko badituzte euskaraduna hartuko dute eta ez badaki eta lanpostu giltzarria izango badu, kontratuan ezarria izango du lanean ari den bitartean, enpresaren kontura ikasi beharko duela euskara.

Eneritzek dio diru-laguntza gutxiegi jasotzen dutela eta euskara eskolak garestiak baziren, programa informatikoak ez dira atzean geratzen. Bestalde, euskara batzordeko kide izateak ere lana eta denbora eskatzen duela aitortu du eta kide horien denbora hori ere nolabait ordaindu beharko litzatekeela uste du. Euskalduntzeko iniziatiba enpresako kontseilu sozialak (langileen ordezkariek) hartu zuen, baina Eneritzek azpimarratu digu orain euskara batzordean kontseilu sozialak eta zuzendaritzak hartzen dutela parte eta hasiera-hasieratik zuzendaritzak bultzada eman diola euskarari.

Ziurtagiria izatearen garrantziaz galdetu diogu eta Panelfisak ez duela ezertarako behar adierazi digu ia bezero guztiak atzerrikoak direlako. Euskara ez dute nahi kanpora begira jarduteko, eguneroko lanean, torlojuak egiterakoan ere, euskaraz aritzeko baizik.

Kontseiluaren akordio soziopolitikoa eta Bai Euskarari Ziurtagiria
Bost urte baino gehiago dira Kontseiluak Bai Euskarari kanpaina abian jarri zuela. Kanpaina haren ondoren heldu zen akordio soziopolitikoa. Euskara Sustatzeko eta Euskalgintza Babesteko akordioa sinatu zuten segidako sindikatuek: ELA, ENHE, ESK, HIRU eta LABek. Hain zuzen, sindikatuak dira enpresetan, euskarari dagokionez, akuilu lana egin dezaketen eragile garrantzitsuenetakoak. Duela gutxi jarri du abian Kontseiluak Enpresan Bai Euskarari kanpaina. 1.200 enpresekin jarri nahi dute harremanetan eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren berri eman. Kontseiluko teknikariak enpresetako zuzendaritzekin jarriko dira harremanetan eta langile komiteekin berriz, sindikatuak. Enpresan euskararekiko konpromisorik hartu nahi duten ala ez eztabaidatu beharko dute eta aurrera egitea erabakiz gero, orduan, Kontseiluak konpromiso prozesua abian jarriko du.

2005eko datuen arabera, 1.141 enpresa, saltoki eta entitatek daukate ziurtagiria. Zaku horretan arlo sozioekonomikoko enpresak eta bestelakoak, denak sartzen dira, baina sektorekako datuak ere badira. Esate baterako, 79 finantza eta aseguru etxek lortu dute ziurtagiria, 13 elkargo profesionalek, 429 komertzio, ostalaritza eta gainazal handik eta lan munduko 119 enpresek.

Iñaki Lasari, ildo politikoko arduradunari, bi gairi buruzko balorazioa eskatu diogu. Batetik, azken unean CCOO akordio soziopolitikotik at geratzeko arrazoiaz galdetu diogu. Lasaren ustez bi arrazoi daude: «Batetik, akordioaren gaur egungo osaketa, deserosoa da batzuentzat, ez baitaude egon beharko luketen guztiak eta bestetik, CCOOek euskararen aldeko pausoak eman nahi ditu, baina batzuetan (Bertendona kasu) euskararentzat kaltegarri diren jarrerak hartzen ditu. Dena dela, berandu baino lehen topo egingo dugula espero dut».

Bi ziurtagiri izateak zentzurik duen ala ez galdetu diogu: bata Kontseiluarena eta bestea, administrazioak prestatu nahi duena. Lasaren ustez, administrazioak egin nahi duen ziurtagiria herri ekimena zapuztera badator ez da ongi-etorria izango. Logikoena bien osagarritasunaz hitz egitea litzatekeela dio.

Sindikatuek egindakoa eta egitekoa

ELA

Autokritika
Leire Txakartegik, ELAko euskara arduradunak, aitortu digu beren eskuetan dagoen guztia ez dutela egin. Orain arte, ekimen orokorretan hartu dute parte gehienbat; Korrika dela, Bai Euskarari ekimena... Eskariaren arabera ibili direla dio Txakartegik, enpresaren batek euskalduntzeko gogoa erakutsi duenean, babesa eman diote, baina hortik aurrera gutxi egin dute. Gai honekiko borondatea erabatekoa dela esan digu eta aurrera begirako asmoen berri eman digu.

Enpresaz enpresako lana
Duela bi urte LABekin egindako "Ordua da" izeneko kanpaina du gogoan Txakartegik eta baita Kontseiluaren eskutik egindakoa ere. Kanpaina orokorrek goia jo dutela uste du ordea, eta helburu xumeagoak jarri eta enpresaz enpresako lanari lehentasuna eman behar zaiola nabarmendu du.

Kultura Sailaren proposamena
Kultura Sailaren nahia Lan Harremanen Kontseilua, Confebask eta administrazioaren artean adostasuna lortzea da enpresek normalizazio planak ezar ditzaten. Txakartegiren ustez, proposamenak garrantzia du Confebask hor dagoelako eta hor daudelako CCOO eta UGT. Txakartegik zera azpimarratu du: "Gu egongo gara, baina sindikatu guztiak sartzen badira; LAB sartuko ez balitz gu ez ginateke sartuko. Baina itxura ona eman diogu. Ekimena nahiko interesgarria iruditzen zaigu, lehen aldia delako lan munduan zer edo zer sistematizatua ezartzeko ahalegina egiten dela".

Hitzarmen kolektiboa
Langileei dagokienez, askotan euskararen gaiak atzera egiten du, beraien ustez, garrantzia gehiagoko gaiak badirelako, hala nola, soldata, lan ordu murrizketa eta bajak. Enpresariek euskara gastutzat jotzen dute eta ez kalitate plus moduan.
ELAk (200dik gora langile ditu) 2000. urtean egindako Biltzarrean onartu zuen normalizazio planen ebazpena eta etxerako erabilera-plana 2002an jarri zuen abian Artez aholkularitzaren bidez.


CC.OO.

Kontseiluaren akordiotik kanpo
Kontseiluak lortu duen akordio soziopolitikoan ELA, LAB, EHNE, ESK eta HIRU sindikatuak sartu dira, baina CCOO ez. Jesus Uzkudun, sindikatuko euskara arduradunaren ustez, Kontseiluak sindikatuek garatzekoa den kanpaina diseinatu duenean, CCOOek horrren aurkezpenean eta garapenean egoteko gogoa helarazi dio Kontseiluari, baina ez da sindikatu honen parte-hartzea kontuan hartu.

Administrazioaren proposamenarekin itxaropentsu
Jesus Uzkudunek ilusioz hartu du Kultura Sailaren asmoa. Euskara lan munduan txertatzeko akordio bidea ikusten badute Kultura Sailaren proposamenari baiezkoa emateko inolako arazorik ez dutela azpimarratu du. Beti ere sindikatuaren baldintza gogoan izanez gero, alegia, euskara bultzatzeagatik lanpostuak arriskuan ez jartzea.

Akordiorik gabe indarrik ez
Lan munduan euskarak aurrera egitea zaila dela dio Uzkudunek, gaur egungo egoera soziopolitikoak eta sindikatuen arteko harremanek zailtzen dutelako. Adibide bat jarri digu: "Langile bat hiltzen denean elkar hartzeko gauza ez bagara zer egingo dugu euskararekin?". Euskalduntzea akordioen bidez baino ezin dela ondo bideratu azpimarratu du.

Euskara-plana sindikatuarentzat
CCOOek 8. Biltzar Nagusian (2004) euskara eta hizkuntza normalizazioari buruzko ponentzia onartu zuen. Uzkudunen ustez, aurrerapauso handia izan da onarpena bera, kontuan hartu behar baita sindikatuan euskararekiko sentsibilitate desberdinak daudela eta ponentzia ez zela batzuen gustuko. Ponentziak dio sindikatuak jarraituko duela euskara gizartean bultzatzen, nahiz eta badakien badirela indar nazionalista batzuk CCOO euskararen aldeko ekimenetatik urruntzeko gogoz. Sindikatua bera euskalduntzeko plana 2003an jarri zuten abian eta horretarako euskara teknikaria daukate kontratatuta.



LAB

Akordioaren garrantzia
Aitziber Madrazo euskara idazkariaren ustez, oinarrizkoa da sindikatuen, enpresarien eta administrazioaren arteko akordioa. Horrelako esperientziak udalerrietan baino ez direla egin dio eta ekimen horiek ez direla lan munduak eragindakoak udalerriek eragindakoak baizik. LABek uste du EAEn egin daitekeela antzeko zerbait, hau da, diseinu orokorra.

Plan orokorra eta legearen garapena
Kultura Sailak egin berri dien proposamena beharrezkoa dela dio. Hala ere, 2005-2008 arterako prestatutako egitasmoan jauzi nabarmenik ez duela ikusi dio sindikatuak: "Plangintza orokorrik ez dugu ikusi, eta boluntarismoaren zain ezin gara egon. Bermea bilatu behar da eta hori plangintzak ematen du. Legea garatu behar da, eta lege horrek behartu ere egin beharko du zenbait kasutan nahitaez. Plana legea garatuta etorriko da eta hori Sailburuordetzaren egitasmoetan ez dator". Dena den, Madrazok dio ez dela kontua plan zoragarriaren zain egotea.

Kontseiluarekin akordioa
Planteamendu anbiziosotzat du LABek. Oso ondo ikusi arren eragile estrategikoak falta direla dio. Espero baino motelago doa prozesua, zailtasun handienak enpresariekin dituzte. Langileek ere gehiago egin dezaketela uste du, haien eskaerak ez direlako exigentzia bilakatu eta aitortu du LABek langileak bultzatzeko beharrezko lana ez duela egin, euskalgintzaren dinamikaren arabera ibiltzen direla.
1992rako zuzendaritzan euskararen ardura bazegoen. 1998an plan zehatza onartu zuten sindikatu barrura eta kanpora begirakoa eta abiatu 2000. urtean. Ahize-AEK Hizkuntz Aholkularitzarekin ari dira lanean.

Diru-laguntzak
Eusko Jaurlaritzak 1997. urtetik aurrera egin ditu deialdi publikoak enpresek diru-laguntzak eska ditzaten euskara-planak lantegian ezartzeko. Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Hobetuzek (Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa) ere ematen dituzte diru-laguntzak. Udalak eta udal mankomunitateak hasi dira alor sozioekonomikoan euskara sustatzeko ahalegina egiten eta diru-laguntzak ere bideratzen hasi dira. 2000. urtean egin zuten lehen ekimena Oarsoaldean eta iaz indartu egin zen udalen ekimen mota hori.

Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea: «Lankidetza estuan ari gara Industria eta Lan Sailarekin lege garapenaren esparruan»
Irakaskuntza euskalduntzeko ahalegin handia egin da, eta ondoren, lan munduan gogor mozten da bide hori.
Irakaskuntzan 25 urtetan egindako ahalegin berezia ez da batere harrigarria, ezinbestekoa delako transmisiorako, baina ez da nahikoa. Transmisio kateak bere bidea egingo badu garrantzitsua da eskola ondorengo bizitzan hizkuntzaren erabilera ziurtatzea. Arlo horien artean, arlo horretan ematen ditugun orduengatik besterik ez bada ere, lan mundua da garrantzitsuenetakoa. Horregatik diogu arlo sozioekonomikoari erreparatu beharra dagoela modu berezian, trinkoagoan eta sistematizatuagoan, nola esan, modu anbiziosoagoan. Jakin badakigu, arlo horri eustea ez dela batere lan erraza.

Zergatik da orain alor horri heltzeko ordua?
Batetik, hezkuntza sisteman eta euskalduntze-alfabetatzean egindako ahalegin izugarriari esker, gero eta gehiago dira elebidunak. Bestetik, ikasketak euskaraz egin dituzten belaunaldiak gero eta gehiago ari dira heltzen enpresetara. Azkenik, azken urteotan, enpresetan lehen baino behar eta gogo sendoagoa ikusten da gai honekiko.

Enpresa munduko eragileekin biltzen hasi zarete oraintsu. Elkarlana bultzatzea dela diozu inportantea.
Hizkuntza Politikan aurrera egiteko behar-beharrezko oinarria da ahalik eta adostasun sozial, politiko eta kultural zabalena izatea. Arlo sozioekonomikoan aurrera egingo badugu, bistan da, eragile nagusien adostasuna eta partaidetza ez interesgarria baizik eta ezinbestekoa da. Adostasunik gabe bidea askoz malkartsuagoa izango da.
Eragileen multzoan ez ditugu ahaztu nahi eragile publikoak, hau da, Industria eta Lan Saila. Guretzako beste oinarri nagusi bat da Hizkuntza Politikari transbertsalitate izaera onartzea. Hori aitortzeak esan nahi du Lan eta Industria Sailek lan munduan euskara normalizatzeko zeresan eta zeregin handia dutela. Dagoeneko lankidetza estuan ari gara bi Sailekin lege garapenaren esparruan.

Euskararen ziurtagiria da beste egitasmo bat.
Enpresetako euskararen erabilera gaurko kalitate parametroen arabera aitortzeko eta ebaluatzeko prozedura finkatu nahi dugu. Bi modutara egin daiteke: espresuki horretarako ziurtagiria sortuz edo enpresa mundurako dauden kalitate ziurtagirietan euskararen aldagaia sartuz. Bietara ere egin daiteke. Lanean ari gara kalitate ziurtagiriak ematen dituzten erakundeekin, erabaki ahal izateko errekonozimendu esparru horretan zehazki zer egin daitekeen. Edozein eratara, azkenean, kalitate ziurtagiriaren kontuan ari diren enpresekin egiten ari garen lanaren ondorioz ateratzen den konklusioa baldin bada ziurtagiri berezia sortu behar dela, beti ere izango litzateke, kalitate parametroen araberako baldintzak betetzen dituen ziurtagiria. Oso inportantea da euskararen erabileraren aitortza eta ebaluazioa gizartean beste hainbat aldagaitarako erabiltzen diren parametro berdinekin egitea.

Euskara-planen zabalkundea nola egingo da?
Hiru lehentasun aipatuko ditut: batetik, indartsua den enpresa indartzea, bestetik, oro har, inguru euskaldunagoetan dauden enpresak lehenestea eta hirugarrenik, enpresaren konpromiso maila kontuan hartzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude