ARGIA.eus

Itzulpen automatikoa / Machine translation

"Abertzale larregi dago hemen!"

  • Andoni Esparzak kooperatibaren bidea urratu zuen Elorrion orain dela 50 urte. Gazte bizargabeko, Funcor kooperatiba sortu zuen soldadutzatik etorri berri. Aitzindaria. Garai berean, ondoko ibarrean Arrasateko esperientzia abiarazi zuen Jose Maria Arizmendiarrietak. Arrasateko kooperatibak. Lan Kide Aurrezkia. Aseguru-zerbitzua. Batean jardun zuten aldi batean. Gero, etena. Sesioa eta liskarra. Arrasatek erabat ukatu zuen Andoni Esparza. Oraindik orain, liburu mina kaleratu du Julia Itoizek: La otra experiencia. El libro que nadie quiso publicar a Jorge Oteiza. Andoni Esparzak Arestirekin bat egin du liburuan: «Nik ere badut nire egia, eta bankero jaunarenak bezainbat, edo gehiago, balio du». Eta kontatu du.


2006ko otsailaren 05an
Andoni Esparza
Andoni EsparzaDani Blanco

Elkarrizketa egingo genuela erabaki ondoren, non bizi zinen galdetu nizun. Helbidea eman zenidan, eta kartzela ondoan zela esan zenuen. "Hor ere pasatuta gaude gau bat".

Bai, 1971n, Martzillan lanean ari nintzenean. Guardia zibilak bila etorri zitzaizkidan. Ni bilatzeko eta atxilotzeko agindua zutela. Ez zidaten esan zer leporatzen zidaten. Hartu eta Tafallara. Epaitegira. Ziegan eduki ninduten, balde txar bat besterik ez neukala. Ez ohe eta ez ezer. Handik, hona, Iruñera. Orduantxe igaro nuen gaua kartzelan. Gero, Durangora, hemendik etorri zen eta denuntzia. Funcor Kooperatibatik eta Jose Maria Ormaetxeagandik...

Funcor Kooperatiba. Zeuk sortu zenuen, gazterik, soldadutzatik etorri berri.

Bai, soldadutzatik etorri eta segidan. Nik Afrikan egin nuen soldadutzan, Rifeko mendikatean, 54an. Banekien Elorrion fitxa galanta neukala.

Fitxa?

Bai. Gazte nintzenean, Elorrioko denboran, herrian ez zegoen ezer. Liburutegi bat ez zegoen. Gazteak elkarrekin bildu eta kartatan edo domino jokatzeko lekurik ez zegoen. Egon, parroko bat zegoen oso ona, Tomas Elexpuru. Denbora hartan tonbolak jarri ziren modan. Eta guk ere jarri genuen. Tonbola jartzeko, hamar, hamabi mila pezeta behar ziren, horixe eskatu ziguten agintariek. Guk, berriz, diru horixe atera nahi genuen tonbola ipinita. Ez zen negozioa! Zer egin genuen? Zuzenbidez ezin? Eskubidez egin! Batek esan zigun: "Erraza duzu hori. Litxarreria-saltzaile baimena atera eta ez duzu dirutzarik pagatu behar izango!". Eta, halaxe, litxarreria-saltzaile zerga pagatu, 300 pezeta inguru, eta parrokoari kontatu nion. Bera, konforme, geu arduratzekotan. Gu gazte ginen, eta herrian gaizki ikusiak, mugitu egiten ginen eta! Mendigoizale-taldea egin genuen, txistu-eskolak... Txistua jotzen ondo ikasten zuenari, txistua erregalatzen genion guk!


Gazte ekinak zineten...

Gazte... gaizki ikusiak! Pentsa ezazu, tonbolak arrakasta izateko, tartean sartu genituen "karitateko damak". Eskupeko bat ematen genien, eta aurrera. "Karitateko damak" ez ziren herriko erdi mailako andreak, hortik gorakoak baizik. Litxarreria-saltzaile baimena eman zidaten. Karitateko damak tartean sartu genituen. Tonbolako txartelak, gure etxean egin zituzten sei-zortzi bat umek. Gure amak askaria ematen zien, eta hantxe, txartelak egiten denok. Bilbon, berriz, bazen biltegi handi bat, Zeberiotarrena, sukaldeko ontziteria saltzen zuena. Ontzi asko, modatik pasatu eta baztertu egiten zituzten, nahiz eta ondo ibili. Horrela, hainbat ontzi, kafeontzi, balde, marmita... merke zurrean hartu eta tonbolan jarri genituen. Jendea, baserrietakoa, joaten zen mezatara domeka goizean, 10etan. Handik irten eta tonbolara, jokatzera. Eta nola baldeak eta traste horiek ezin diren ezkutatu, eskuan ibili behar diren, jendeak ikusi eta "nik ere jokatu egin behar diat!", esaten zuen. Ateratako diruaz, parrokoak zeukan areto handi bat hartu eta atondu genuen, 300 metro karratukoa. Eta biblioteka ipini genuen, beste aretotxo bat joko isilak egiteko, ambigu bat -taberna moduko bat, baina ia eskomikatzeko moduko zer edo zer-, otxotea, dantza-taldeak... horrela, orduko Elorrion!, gosea eta miseria urteetan! Inork ez zigun esaten zer egin eta zer ez. Geuk erabakitzen genituen gauzak! Gurekin batera zegoen Elorrioko bat, ETAko lehenengo bahiketak gertatu zirenean bitartekari lanak egin zituena. Dena ez zen ondo atera, jakina, argiak eta ilunak izan ziren, baina lana, eta aurrera!


Horregatik esan duzu "fitxa" zeneramala soldadutzara...

Bai, banekien gorabehera haiek denak eta gero, arrabete eta erdiko fitxa izango nuela. Borroka indarretara bidali ninduten, erregularretara. Ni ez nintzen batere instrukzio zalea eta, aurretik, koadrilako zenbait lagunekin hitz egin nuen, Elorrion. Mediku ziren, eta laguntza eskatu nien: "Gaixotasun baten sintoma duda gabekoak eman behar dizkidazue, mediku batek konprobatu ezingo dituenak". Izan ere, Rifeko puntan ospitale eta antzekoetatik aparte izango ginen. Nire mediku lagunek onena sinusitisa nuela esan zidaten, eta sintoma denak zehatz kontatu zizkidaten. Eta joan nintzen Rifera. Han, lehenengo egunetan medikuarenera joaten zenak arrazoi sendoa behar zuen: alegia, berna hezurra hautsia, 40 graduko kalentura edo holako arrazoi gogorren bat behar zuen. Gainerakoan, baimen guztiak kenduko zizkizuten. Hortaz, lehenengo egun horiek igarota, medikua azaldu zen soldadu artean, kanpamenduan geunden batean. Berari joan nintzaion. "Mediku jauna, ni osasun onekoa izan naiz beti baina hona etorri eta hau eta hau gertatzen zait". Eta mediku lagunek adierazitako sintoma den-denak azaldu nizkion, argi eta garbi. "Ama alarguna dugu, neu naiz seme zaharrena, kezkatuta nago... ez dakit ba! Zer egin nezake? Zure iritzia jakin nahiko nuke". Eta erizaindegira eraman ninduen.


Asmatu zenuen ederki!

Kontua da erraz igaro nuela soldadutza, ez instrukzio eta ez beste. Zigor-konpainiara bidali ninduten. Diru gorabehera narratzen bat egina zuten han teniente-koronel eta kapitain batek. Agintariek nire fitxa ikusi, egindako ekonomia-ikasketak, eta galdera egin zidaten: "Konpainiaren kontabilitateaz arduratuko zinateke?". "Bai", nik. Logela bat eman zidaten, neuretzat, soldaduetatik aparte, eta hantxe ni, lotan eta bizitzen. Eta, handik eta hemendik, artxiboetara heldu nintzen halako batean, eta Elorriotik militarrei nire gainean bidali zieten fitxa irakurri ahal izan nuen: "Jarrera ona du alde guztietatik. Luistarren akzio katolikoko presidentea da. Nonbait, euskal nazionalisten ideiak ditu, bere aita zenak bezala; aitak ere euskal nazionalisten ideia aurreratuak zituen". Horren ondotik, gomendioak zetozen: ezin nuen destinorik izan, lanik beharrenak egin behar nituen... Baina ondo ibili ginen.


Etorri eta Funcor fundatu zenuen, paraje hartako lehenengo kooperatiba...

Ez zen lehenengo kooperatiba izan. Lehenago, beste bat zegoen, Abadiñon. Ariñorena zen. Iaz 50 urte bete ziren soldadutzatik etorri nintzena, eta Funcor sortu nuena. Maiatzean lizentziatu soldadutzatik, eta ekainean estatutuak aurkeztu. Ordurako ikusita nengoen langileak hamar, hamaika eta hamabi ordu lanean, somara lan egiten, langile haiek familiak goseak zituztela jakinda, arropa egokirik gabe... Hura ez zen lan egitea, esklabotasuna baizik! Hura esplotazio latza zen, gero! Nazional-katolizismoaren garaia zen. Izugarria zen hura. Injustiziak ezker-eskuin. Asasinatuak. Behin ere ez nuen justiziaren gainean berba bat ere entzun. Ebanjelioak agintzen duen lehenengo manamendua, maitasuna, inon ere ez. Hura zen inperioa, hura! Erlijio denak errespetatzen ditut, elizarik bat ere ez. Are gutxiago Vatikanoko Inperioa; oker ez banago, munduko hamar fortuna handienen artean dagoena! Kristautasunaren ukazioa bera da hori!... Tira, ikasten hasi eta beste modu bat behar zela erabaki nuen, lan egin, beste modu batean. Suediako haizeak ere hartu ninduten eta soldadutza aurretik egin ezin izan nuena, gero egin nuen. Funcor sortu.


Horrela hasi ziren kooperatibak. Hura izan zen hasiera...

Bai. Abadiñoko galdategia lehenengo, eta Funcor gero, lana beste modu batera egin behar zela jakinda genuen eta.


Funcor-ek soka handia ekarri zuen. Bertako langileentzako seme-alabentzako eskolak, horiei ikasketak egiten laguntzeko bekak, Oteizarekin abiaturiko haur-unibertsitatea, artistentzat bideraturiko diru-laguntzak, beste zenbait laguntza (Ama Lur filma egin ahal izatekoa...). Non ikasi zenuen hori dena egiten?

Galdetuta, lagunei galdetuta. Nire lagun denak izan dira ni baino hogei edo hogeita hamar urte zaharrago. Orduko denboran mojen kolegioan ginen eta galdetzea edukazio txarreko zen. Gure aita, guztiz kontrakoa zen: "Zuk, errespetu guztiarekin, galdetu. Galdetzea da mundu honetan aurrera egiteko modu bakarra". Aita entziklopedia bat izan zen niretzat. Ahal zuen neurrian erantzuten zidan, eta beti umiltasun handiarekin. Izan ere, pertsona dezimala ez izateko, pertsona osoa izateko, umila behar da izan, behin ere ez harroa. Harrokeriak bide laburra egiten du. Nik jakin egin gura nuen, eta inguruan ez nuen girorik. Eta zer egin? "Galdetzerik ez dago! Edukazio txarreko omen da. Eta nik, galdera besterik ez dut buruan! Galderak eta galderak, eta erantzunik ez!". Bada, motorra erosi nuen. Ondo akordatzen naiz: 49. urtea. Motorra erosi nuen, ez erromerietara joateko, jendeari galdezka joateko baizik. Nik ez nuen jakituriarik, gazteegi nintzen, gogo gar bat besterik ez nuen.


Galdetu, nori?

Ni baino gehiago zekien jendeari. Hartu motorra eta bata eta bestearengana jotzen hasi nintzen, galdezka: "Halako naiz, gaztea, jakin gura dudana. Zuk hainbat dakizu arlo jakin honetaz eta zurekin harremanetan egon nahiko nuke, zenbait gauza ikasi gura nukeelako". Horixe zen nire jarrera, eta egiten nien eskea. Horretarako jaio nintzen ni, ikasle izateko. Ontzi txiki bat eta belakia hartuta joaten nintzen ni: belakia uretan busti eta xurgatu egiten nuen, jakintza xurgatu, harik eta behar zen momentuan belakia bihurritzen nuen eta bildutako jakintza-ur hori ontzitxoan isurtzen nuen. Apal-apal, baina galdetu. Banitatea ez da lagun ona. Egunean sei bat bider hartu beharko genuke banitatearen kontrako txertoa. Horrelaxe ezagutu nuen Manu Oñatibia, Zarautzen, ni baino 30 urte zaharragoa. Elorriotik Zarautza motorrean joanda. Lube markakoa zen motorra. Gasteiza joan nintzen, Karlos Abaitua apaizarekin egotera. Nekazari gazteekin zer lan egiten ari zen jakin nahi nuen: apaiz horrek, gazteek uzta bildu eta atseden tartea zutenean, haiek elkartu eta uzta hobetzeko teknikak erakusten zizkien. Ordukoa da Luberri, nekazari eta ganaduzaleentzako buletin txikitxo bat. Bi ale atera genituen, eta gerra ostean atera zen euskarazko lehenengo aldizkaritxoa izan zen.


Luberri...

Inguruan genbiltzan Karlos Abaitua, Joakin Olaizola, Manu Oñatibia -albaitaria zen eta-, beste albaitari bat, ataundarra, Enrike Zurutuza... honek Barandiaranekin harremanetan jarri gintuen. Guk aldizkaria atera nahi, baina baimenak eta lortzea gauza gaitza zen. Barandiaranek, Salamancako unibertsitateko erretorearekin hitz egiteko esan zigun, ea handik zer edo zer ateratzen genuen, aldizkaria ateratzeko bidea edo. Salamancako erretore zera zen garai hartan, Antonio Tovar, falangista, baina Larramendi katedra ipini zuena hango unibertsitatean. Itxura denez, haren aita notario ibilia zen Bizkaian eta bazuen euskararentzako zera bat. Tovarrek egin zituen gestioak, baina erantzuna ezetz. Ezin zitekeela. Ezin zitekeela? Gero, ordea, batari eta besteari galdezka, Aranzadi Elkarteko kide batek eman zidan soluzioa. (Ni, 17 urteko gaztea, eta Aranzadiko bazkide nintzen!). Esan zidan: "Ez, motel! Bada lege bat asmo zientifikoa edo erlijiosoa duen edozein aldizkari argitaratzeko baimen ofizialik ez dela behar esaten duena". Bi zenbaki egin genituen. Apaiz bat genuen aldizkari hura egiten, baina gotzainak ez zion horretan utzi. Gero, Imanol Berriatua ezagutu nuen, frantziskotarra.


Anaitasuna aldizkariaren sortzaileetakoa?

Bai. Baditut haren eskutitzak ere. Harekin Anaitasuna atera genuen. Handik, Zeruko Argia etorri zen. Luberri izan genuen hasiera. Gero, Karlos Santamaria ezagutu, eta horrela. Taldeak osatu bata egiteko, bestea egiteko... Giroa zegoen. Elorrion bertan, frontoia zegoen, baina futbolean egiten zuten bertan. Garai hartan, apaiz bat etorri zen Elorriora, ondarrutarra: Azpiri. Zoragarri jokatzen zuen pilotan eta, gainera, oso konprometitua zen. Hain konprometitua, azkenean belarrondoko batzuk eman zizkioten eta Venezuelara joan zen. Hark, luistarren idazkari jarri ninduen, ni, 17 urteko gaztea. Besteak ni baino zaharrago ziren, denak. Azpiri joan zenean, geuk zuzendu genuen luistarren taldea, erreminta inportantea zen eta talde hura. Gerra ostean ginen, eta giroa sortu genuen. Eta gerra osteko miseria bizi barik ez dago hura nolakoa izan zen kontatzeko hitzik. Pilotariei, alkandora zuria, praka zuriak eta gerrikoa jartzen hasi ginen. Jendea, pilotarien senideak, partiduak ikustera joaten hasi zen: gurasoak, aitaita-amama, osaba-izebak... eta giroa! Ez zen kasualitatea izan, kausalitatea baizik! Ordu arte, ez zen pilotari profesionalik izan Elorrion, esku-huska. Palan bai, Eizagirre. Ba, giro hartatik sortu ziren Hilario Azkarate, lehen mailako txapelduna; Lejarazu, bigarren mailako txapelduna; Alvarez, afizionatu mailako Espainiako txapelduna... Lan egiten genuen!


Bistan da.

Niretzat ez da ezin litekeenik. Zuzenbidez ezin bada, eskubidez! Badago aldea, zuzenbidea eta eskubidea. Hori dugu guk beste bekatu bat: euskararen gramatika, bai, badakigu; hitzek daukaten esan nahi sakona zein den ez dakigu, ordea. Eta, izan, hau da inportantea, sustraiak, eta ez gramatika: sintaxia, ortografia... hori azala da. Hizkuntzaren sustraiak, balioak... ez ditugu batere ezagutzen. Gernikako arbola bezala.


Gernikako arbola?

Hara, nik uste dut gure herriak izan duen inbasiorik handiena kristautasun txarra izan dela. Guri, izan ere, ez zitzaigun benetako kristautasunaren arrastorik heldu, Vatikanoa baizik. Eta honek dena suntsitu zuen. Guk, gaur egun, ez dakigu orduko denboran, orain 2.000 urte gure asabek zein izen zituzten. Kultura guztia moztu ziguten. Horregatik, Gernikako arbola ere susterretik atera eta azpian zer dagoen ikusi behar da. Andoni Iralarekin laguntasun handia izan dut, nik ezagutu dudan pertsonarik osoenetakoa da, eta Abellanedako forua ekarri zidan behin. Batzarrak egiten ziren eta hau eta hura. Bertakoek bazekiten han burdinazko mineral asko zegoela eta, batek mineral hura atera nahi zuela eta, baimena eman zioten, baldintza batzuk gorabehera jarrita: "... lan egin dezan, berak, eta bere familiakoek". Berebiziko garrantzia du horrek, batak bestea esplotatzea galarazten du eta horrek. Hala ere, izan zen Salazar bat, Bilboko handikia, hogeita hamar edo berrogeiren bat seme-alaba izan zituena. Seguru hainbat andrerekin izan zituela umeak, "familiakoek" lan egiteko baimena eduki zezaten. Eta, horrela, hasieratik bertatik, gaizki erabilita dago legea, batzuek bere probetxua gura dute eta, beste gauza askoren gainetik.


(...)

Manuel Lekuonari ere egin nion berba honen gorabeheran, eta ez zekien. Pedro Arregiren etxean egoten zen Manuel Lekuona eta hantxe ezagutu nuen. "Zu, Andoni, eta non lortu liteke hori?", galdetu zidan Lekuonak. Bada, ordutik hona ez naiz geratu! Gernikako juntetxera joan naiz behin baino gehiagotan eta azkeneko pisuraino ere ailegatu naiz, zuzendariaren bulegoraino, baina zuzendaria behin ere ez dago han. Eta ezin Abellanedako forua lortu. Gernika? Joaten dira ikastolako umeak arbola ikustera eta silexko aizkora bat egiten dute. Joaten dira etxera, erakusten diete gurasoei eta, hauek, lerdea dariola! "Silexez egindako aizkora!". Handia, gero! Baina foruaren berri eman, hark esan gura duena? Batere ez! Gernikako arbola? Hantxe galtzen dira gure sustraiak. Berdinen arteko paktua omen, "eman" diguten forua... Orduko denboretan gizartea horizontala zen, batzarretan funtzionatzen zuen, eta forua ez da testu idatzia, ez zegoen idatzi beharrik ere. Forua ohitura eta erabilera da, ez besterik, dinamismoz beterik dago! Legea, aldiz, estatikoa da. Hortaz, zer ari gara, ordea? Nola liteke orain inor XVII. mendeko legearen arabera epaitzea? Zer da hau, ordea? Horregatik esaten dut nik behar-beharrezkoa dela forua zer den ulertzea. "Gizatalde batek modu librean erabakitzen dituen ohitura eta erabilerak". Puntu! Ez da hain gaitza ere! Niri ez zait iruditzen behintzat!


Hain erraza?

Gauza handi guztiak errazak dira.


1970en pikutara joan zen dena. Lehen aipatu dugun denuntzia etorri zen: Elorrioko laurehun familiaren hondamendia ekarri zenuela, batere sosik gabe utzi zenituela. Caja Laboralaren inguruko jendeak zabaldutako zurrumurrua, ETAri dirua eman zeniola... Hainbat urte izan zuen prozesu juridikoak, eta kalte izugarria egin zizun horrek. Mugarri izan zen zure bizitzan...

Liburuan kontatzen dut dena. Han daude datu denak. Nik, errespetua eskatzen dut. Behar-beharrezkoa da errespetua. Hitzak garrantzizkoak dira. Hitza ezin da edozein modutara ibili. Funcor-eko kontuak garbiak dira, orain atera den liburuan ageri denez. Ormaetxea? Jose Maria Ormaetxeak neurrigabeko anbizioa dauka. Galtzontziloak zikintzen zaizkio halako agiria edo halako domina eman diotelako. Nik nahi nuke, liburuan esaten dena era zientifikoan aztertzea. Baina ez buruzagi politikoek, ez, unibertsitateko irakasleek baizik. Era guztietako irakasleek epaitu beharko lukete esaten ari naizena. Kooperatibak eta? Nazionalizaziorantz joan beharko ginateke. Hortik jo beharko genuke.

 

Nafarroara, Martzillara etorri berri zinen 70eko hamarkadaren hasieran, ganadu-haztegi berritzailea helburu... Elorrion abiatu zenuen asmoa, lagundu ez zizuten arren...

Nafarroara etorri nintzen, hango saltsak nazkatuta. Kooperatiben mundua utzi nuen gauzak okertzen hasi zirenean. Proiektuak bai, banituen, baina giroak ez zidan lanean batere laguntzen. Lagunek ere esaten zidaten, abisu ematen zidaten. Eta Nafarroara etorri nintzen. Han egon nintzen bizi izaten eta lanean, denuntzia etorri zen arte... Liburuan kontatzen dut dena. Jakingo duzue, irakurtzen baduzue.


Telefonoz hitz egin genuenean hil ala biziko egoeran gaudela esan zenidan...

Ez dugu eta ikusten! Elorrion, unibertsitate infantilean, horixe zen Jorgek eta, gogoan geneukan kontu bat: begiratzen erakutsi. Begiratzen ez badakizu, alferrik ari zara, ez duzu eta ikusiko. Txorakeria ematen du, baina ez da. Gaur egun, hartu Jaurlaritzaren dokumentazioa eta, beti, "euskal hiria" aipatzen da. Bistan da herriak biltzen ari direna, hiri inguruetara jo besterik ez dago hori ikusteko. Egiten ari diren azpiegiturak eta! "Hiria" bai, baina "herria" galdu egingo da, desagertu egingo gara. "Euskal Hiria" izango da, baina ez "Euskal Herria". Zifra makroekonomikoetan lehenengoak izango gara, inor ez da gure parean izango. Alemanak eta, etorriko dira, joango dira halako herri txikira, hartuko dute bermuta eta sagar-dantza egingo diete. Guggenheim eta! Bere onak eta txarrak ditu, jakina. Nik uste neurria galduta gabiltzala. Pertsonari, bere erako janzkera dagokio. Bata konkorduna bada, konkor horren araberako jaka edo dena delakoa egin behar zaio. Gogoratzen naiz eztabaida bat Leizaolarekin Parisen.


Jesus Leizaola, lehendakari?

Bai. Agirre hilda ordurako eta lehendakari zen Leizaola. Izango dira berrogeiren bat urte edo. Zera esan zidan, albiste handi bat ematen ariko balitz bezala: "Andoni, iturri onetik dakit Bilboko portu handia egingo dena, eta, itxura guztien arabera, Europa buelta honetako porturik inportanteena izango da. Zoragarria da, hainbat onura ekarriko dizkigu eta". Nik kontra egin nion: "Ez dakit ba. Ez zait iruditzen. Hori ez dator gurekin bat. Bizkaia txikia da. Portu handi horrek lekua behar du: itsasontziak atrakatzeko, azpiegiturak egiteko... ingurua desagertuko da. Zer da portua? Galdera horri erantzun behar diogu lehenengo. Hortik datorrena aztertu, mafiak eta beste. Ez dezagun 'denik eta handiena' egin, gure izatearekin bat datorren zerbait baizik". Lehengo lepotik gabiltza gaur egunean ere: distira handienekoa gura dugu, argi ematen digunari jaramon egin gabe. Eta, distira handieneko horrek badakizu zer egiten duen azkenean? Itsutu, itsutu egiten gaitu, ez digu ikusten uzten. Zer egiten dugu argi handi bat dugunean gure gainean, ikusten uzten ez diguna? Itzali. Bada, horixe, ez dut gura itsutzen gaituen argi handi horietakorik, ikusten laguntzen didan argia gura dut nik. San Inazio Loiolakoa eta...


San Inazio Loiolakoa?

Bai. Mingarria da, gero! Nire iritzia azalduko dizut, eta ez dut inor mindu nahi. Gortera joana, karrera egitera, militarra... eta halako batean hona ekartzen dute, Iruñera, senideen kontra borrokan. Zauritu zuten, baina ez larriegi, konturatzeko beste!, eta, okerrena da oraindik Bizkaiko patroia dela! Ez ezak izorratu! Bizkaiko eta Gipuzkoako patroia. Baina non gaude! Erotuta gaude? ETAk hildako lehenengo hura, Meliton Manzanas, Euskal Herriko herrialde bateko patroi izendatzea bezala! Asmo horretan etorri zen San Inazio Iruñera. Zauritu zuten, baina ez larriegi. Nik uste historian izan den konspiratzaile handi eta trebeenetakoa izan zela. Baina gure herrian patroi?! Erotuta gaude. Gernikak alemanak patroi izendatzea bezala.


Gure identitatea, euskal izaera galtzen ari garela uste duzu zuk, oker ez banago...

Euskal Hiria, Euskal Herria... Zer nahi dugu? Nora goaz? Zifra makroekonomiko ikusgarriak izatea? Hortik ote dator herriarentzat nahi dugun askatasuna? Egipton izan nintzen behin. Eta haraz gero, piramideak ikusi behar. Haien handitasuna! Zenbat langilek egin zuen behar han? Eta, haietako bat hiltzen zenean egiten zutena? Langilea hil eta bertan botatzen zuten, harri azpira, harri tzarrak errazago irrist egitearren. "Lanpostuak sortuko dira", esaten zaigu hemen, behin eta berriz. Horren arabera, monumentua egin beharko genieke Kolonbiako eta AEBetako kafe-saltzaile nagusiei, 70 milioi esklabo eraman zituztelako Afrikatik Amerikara! "Lanpostuak sortzea" da hori? Izan gaitezen serio, faborez!

 

Zer duzu aberriaren kontra?

Aberria da bat, eta herria beste bat. Nire iritzia da. Abertzale larregi dago hemen, eta gure herriak hainbeste abertzalerekin ez du zereginik. "Aberria goratu, eta herria izorratu? Hori ez da bidea, eta behar dugu aldatu!". Aberria jainko handi horiek bezalakoa da. Hitzaldietan eta, jendearen bihotza hunkitzeko balio du. "Aberriaren alde!". Aberria? Lekutan! Aberriaren aitzakian betiko alprojek irabazten dute, betiko potentzia handiek. Nafarroan bertan ere, orain dela hirurogeita hamar urte, zeinen alde egin zuten gazte askok? "Jainkoagatik, aberriagatik, erregeagatik!". Eta, gainera, gerra irabazi zuten! Zer eman zien aberriak? Ezer ez. Gerra amaitu eta ez zuten lanik ere. Jende asko joan zen Bartzelonara, Gipuzkoara, Bizkaira... Zeinek atera zuen etekina? Besteak beste, Rodezno kondea. Lur handien jabe izateaz gainera, Francoren lehen gobernuko justizia ministroa izan zen. Etekina? Betikoentzat! Hargatik diot nik: Herriak bai!, aberriak ez. Hitzen esanahia landu behar da, zer sustrai duten aztertu.


"Herriak bai, aberriak ez". Zer pentsa ematen du. Berritzaile ere bada...

Ameriketan ere ibili nintzen eta hangoa kontatuko dizut. "Herri indigenen mugimendua" esaten dute han. Bolibarren garaitik hona asko aldatu dira gauzak. Aberria eta! "Herri indigenen mugimendua!". Horrek esan nahi du Kolonbiako indigenak senidetzat daukala Peruko indigena. Nik uste dut guk ere hortik ikasi behar dugula. "Aberria, aberria, aberria!". Jainko itxuragabeak. Gorroto ditut holakoak. Erlijio guztiak errespetatzen ditut. Kristautasuna bera ere, ebanjeliotik abiaturik, liberatzaile dela uste dut, dudarik gabe. Baina, Vatikanoa? Horra, herria eta aberria, aberria eta herria, biak nahasirik. Ez dut horretan federik.

 

Teknologia berriak 50ekoan
"Joakin Olaizola zumaiarraren kasua-eta! Gerra aurrean Suitzara bidali zuten gurasoek, ingeniari agronomo ikastera. Dirudunak izango ziren, nonbait, ze handik bueltan-edo, gaur egun Legution dagoen golf zelaia, Larrabea, erosi zion aitak. Gerran edo gerra ostean konfiskatu egin zieten, ejertzitoarentzat, eta 50eko hamarkada arte edo ez zieten itzuli. Realean ere jokatu zuen Olaizola hark, gazte zenean. ELA-STVn Nekazariak elkartean ere egon zen sartuta, eta bat egin zuen Karlos Abaituarekin. Honek zuzentzen zituen baserritar gazteak Olaizolaren Larrabean egoten ziren ikasten, eta bertako pabilioi batean egiten zuten lo, oheak ipinita. Eta hantxe, Olaizola eta Abaitua abadea, baserritar eta nekazarientzako eskolak, teknika berriak erakusten, Legution, 50eko hamarkadaz gero, Espainiako ejertzitoak terrenoa itzuli zionean!".
Lagunak, hil arte
"Nire lagunak beti izan ziren ni baino hogei, hogeita hamar urte zaharrago. Lagun onak. Hil arte iraun didate. Benetako lagunak. Behartuta nengoen haien ondoan egoten, jakin egin nahi nuen eta, honetaz eta hartaz enteratuta bizi. Nire sasoikoekin ez nuen laguntasun askorik egin: kanpoan estudiatu nuen; erromerietara joan beharrean motorrean ibiltzen nintzen jendea bisitatzen eta galderak egiten, beti jakin guran. Manu Oñatibiaren lagun izan nintzen, hil zen arte, orain dela hamabosten bat urte arte. Jorge Oteizarekin ere, azkeneko urte arte. Joakin Olaizola ere hil zen... Bakarrik geratu nintzen. Zorionez, gaur egun nire lagunek ni baino hogei, berrogei urte gutxiago dituzte nik baino. Zorioneko naiz".
Bertsoa
Doinua: Agur sagar beltzarana

Abertzale gehiegi
omen dago hemen,
zeuk ere hitz gehiegi
entzungo zenuen.
Abertzale gehiegi,
itxuraz bederen,
aberria diona
herria baino lehen,
jakin gabe bat eta
bestea zer diren.
Nortasun agiria
Andoni Esparza Gallastegi. Elorrio, 1932. XVI. mendean Nafarroatik Arrigorriagara joandako bi familiaren odolekoa. Esparza ziren batzuk, Salazar bestetzuk. Andoni Esparzak Bilboko komertzio-eskolan eta International Bedaux-rekin ikasi zuen. Gaztetan, Elorrioko gazteria suspertzen lan egin zuen. Funcor kooperatiba aitzindaria sortu zuen bertan 1955ean, hogeita hiru urte besterik ez zituela, langileen esplotazioa galarazteko asmotan. Gero, asmoak biderkatu zituen: eskolak; haur-unibertsitatea Jorge Oteizarekin; zinema, Epoca films, Luis Buñuelen Tristana, Basterretxea eta Larruquerten Ama Lur; Durangoko Azokaren asmoa -«egin ezazue liburu-erakusketa Durangon»-, eman omen zion Leopoldo Zugazari. 1970ean, akabo. Salaketa. Pertsekuzioa. Kaltea. Eta atzera burua jaso beharra. Gure herriaren historia ilunetako bat, oraintsu argitara atera dena. Gizon bat, elkarrizketa soil batera ekartzerik ez dagoena.
ARGIA
"Lehen Zeruko ARGIA zineten. Guadiana bezalakoa zen aldizkaria. Batean agertu, bestean ezkutatu. Oraintxe argitaratzen zen, oraintxe ez. Orduko denboran talde bat osatu zen aldizkariaren inguruan. Karlos Santamaria -hura pertsona nagusia, gu gazteak-, Rikardo Arregi, Joakin Olaizola eta beste batzuk ibili ginen han. 60ko hamarkada baino lehen izango zela uste dut. Nola-halako abalak ere behar zituzten aldizkaria berriro ateratzeko. Ordurako Luberri atera genuen guk Elorrion, eta uste dut horregatik deituko zidatela Zeruko Argiara. Kontua da abalak behar zirela aldizkaria berriro martxan ipintzeko. Nik, neure eman, edo eskaini, baina ezetz, ukatu egin zidaten, Gipuzkoakoa ez nintzelako!".

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia eraldatzailea
2023-11-08 | ARGIA
Aztarna ekologikoa murrizteko neurriak hartzen hasi da ARGIA liburuen eta aldizkariaren ekoizpenean

Kataluniako Ekoedizioaren Institutuko bazkide egin da ARGIA, Europako bakarra, eta Euskal Herrian halako urratsa eman duen lehen eragilea da. Zigilu baten bidez, bere argitalpenen aztarna ekologikoa neurtu eta garbi adieraziko du hemendik aurrera. Dagoeneko sei liburu ekoeditatu... [+]


Marinaledako lur komunalak espekulatzaile pribatuen eskuetan gera daitezkeela ohartarazi dute

Andaluziako Marinaleda herrian dagoen Los Humosos lursaila saldu nahi du Andaluziako Juntak. Duela hamarkada batzuk lur horiek okupatu zituztenetik kooperatiba baten bidez landu dituzte hango jornalariek, baina 2021an desalojatzeko agindua jaso zuten eta horri jarritako... [+]


Udalgintza eta herrigintza eraldatzailea: Euskal Herriko ekimen burujabeak saretzeko jardunaldiak Hernanin

Hernani Burujabe herri proiektuak, Hernaniko Udalak eta Udalbiltzak hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte urriaren 19tik 21era, burujabetzen gaia ardatz hartuta, herrigintza eta udalgintza ikuspegi eraldatzaile batetik jorratzeko. Hainbat esperientziren inguruko hitzaldiak... [+]


‘Laia’ aldizkaria, ARGIArekin batera

Bidasoaldeko irakurlea bazara, honezkero izango dira hiru urte Laia aldizkariaren lehen alea jaso zenuela etxean. BDSKOOP eraldaketa fabrikak –eskualdean Ekonomia Sozial Eraldatzailean dabiltzan kooperatiba eta proiektuak biltzen dituen elkartea– Behe Bidasoan eta... [+]


Olatukoopek Saretze Eguna egingo du Gasteizen, ekonomia eraldatzaileko eragileen artean harremanak josteko

Olatukoopeko kideak Montehermoso kulturunean bilduko dira larunbatean, Saretze Egunean. Gasteizen eta Araban ekonomia eraldatzailera hurbildu nahi duten eragileekin "harremanak jostea" izango da helburua.


Eguneraketa berriak daude