e-hiritarra, etorkizuneko espezie berria?


2005eko uztailaren 24an
Eman dezagun X izena dugula eta, noski, telefono mugikorra beti gainean daramagula. e-gobernuan aditu Roc i Fages katalanak jarritako adibidearen arabera, esnatu eta berehala trafiko zerbitzuak lantokira dugun ibilbideko zirkulazio egoeraz informatu gaitu mugikorreko mezu baten bidez. Kataluniako trafiko zerbitzuak dagoeneko eskaintzen du aukera hori. Bidea auto ilarez betea dagoela jakinarazi digu mezuak eta beraz, autobusean joango gara lanera. Erroman garraio publikoetako txartela SMS bidez ordaindu daiteke eta nahikoa da mugikorreko pantaila gidariari erakustea. Asteburua izanez gero, Euskalmetek esaterako eguraldiari buruzko informazioa bidal diezaguke mugikorrera, edo Bartzelonan biziko bagina hiriburuko agenda kulturalaren berri izango genuke sakeleko telefonoan. Azken finean, lan eskaintzei, errepide eta hirigintza lanei, elektrizitate-mozketei eta abarri buruzko informazioa zuzenean telefonora bidaltzen duten konpainia ugari daude jada eta etorkizunean, geroz eta zerbitzu hedatuagoa eta ohikoagoa izango da.

Izan ere, egungo euskarri elektronikoak ez dira ordenagailura mugatzen. Mugikorraz gain, adibidez, telebista digitalak ere Informazioaren Gizartean protagonismoa handitzeko aukera ugari du. Internetek zenbaitentzat izan dezakeen zailtasunaren aurrean, telebista digitalaren bidez eskainitako zerbitzuek etxe gehienetara iristeko ahalmena dute, ia biztanle guztiek daukaten eta ondo ezagutzen duten sarbide erraza baita. Telebista telefonora konektatuz gero, zerbitzu jakin bat nahiz Administrazioaren eta herritarraren arteko harremana gauzatu daiteke. Gerora, txartel digitalek telebistaren bidez salerosketak egiteko eta informazio pertsonalizatua elkarbanatzeko balioko dute.

Euskarri eta sare horien guztien bitartez erakunde publiko eta pribatuek hiritar xumeongana iritsi nahi dute. Baina ez soilik iritsi, erantzunak ere jaso nahi dituzte eta horregatik, teknologia berrien bidez Administrazioan herritarron parte-hartzea bultzatzeko proiektuak garatzen ari dira. Edo hori da behintzat e-gobernua bezalako hitz potoloen helburu nagusietakoa. Adituen esanetan, hiritar digitalaren nahia edozein lekutatik edozein ordutan botere publikoarekin harreman erraza eta arina lortzea da. Udal eta gobernuetako informazioa eskuragarri izan nahi du eta harrera pertsonalizatua jasotzea eskatzen du. Eta hiritar hori ez da estralurtarra, munduan pixkanaka zabaltzen ari den fenomenoa baizik.

Horren guztiaren lekuko ditugu hainbat herrialdetako gobernuek martxan jarri dituzten zerbitzu berritzaileak. Ekainean Miramonen eskaini zituzten jardunaldietan, gaian aditu Steven Clift estatubatuarrak adibide ugari eman zituen. Hala, Korean esaterako hauteskundeetako hautagaiek hiritarrei zuzendutako web orrialde bitxiak zabaldu ohi dituzte. Horietan, bideoak, txartel elektronikoak, deskargatzeko melodiak, bozkatzeko argibideak eta abar aurki daitezke. Are gehiago, web orrietan parte hartzen dutenen artean sari bat irabazteko aukera eskaintzen dute hautagaiek! Zeelanda Berriko beste politiko batek, berriz, bere bulegoa birtualki bisitatzera gonbidatzen ditu internautak. Gainera, astean behin kafe birtuala hartzen du hautesleekin, txatean egiten dizkioten galderei erantzunez. Udala barrutik erakusteko eta jende gehiagorengana iristeko modua dela dio berak.

Bloga ere norberaren iritzia gainontzekoei helarazteko geroz eta hedatuagoa dagoen fenomenoa da. Munduan 32 milioi weblog zenbatu dituzte eta urte bukaerarako 53 milioi inguru izango direla espero da. Egun, edozein kazetarik, idazlek edo hiritarrek ipini dezake webloga sarean. Alkateak, udaltzaingoak, trafiko zerbitzuko zuzendariak, suhiltzaileek eta herri bereko beste hainbat zerbitzuk ere webloga dute jada leku askotan. Hauteskundeetan politiko dezentek erabili ohi dute. EAEko azkeneko hauteskundeetan, adibidez, hautagai gehienek beraien orrialdea zuten eta horietan boto-emaileen kexei, galderei eta iradokizunei erantzuteko prest agertu ziren. Zenbaitzuk hitzordu zehatzetan herritarrekin zuzenean txateatzeko aukera eskaini zuten. Hori bai, blog horiek berritzeaz eta idazteaz arduratzen direnak ez dira askotan hautagaiak izaten, laguntzaileak baizik. Halakoetan, orrialdeak bere funtzioa galtzen du.

Eztabaida on-line

Hiritarren parte-hartzea bultzatzeko beste tresna baliagarria foroa izan daiteke. Herriko gai eta arazo anitz sarean eztabaidatzeko erabiltzen dute udal ugaritan. Sailkapen modura, web orrialdean aldatuz joango diren gai beroak edo une horretako gai polemikoak izeneko atala izatea ondo dagoela uste du Cliftek. Zuzenagoa da Minnesotan duten sistema. Osoko bilkurak kamerarekin grabatzen dira, Interneten zuzenean ematen dituzte eta hala jendeak bilkuretan parte har dezake, bere iritzia bidaliz eta bilkuretan eraginez. Indian ere bideokonferentziaz baliatzen dira urrun dauden herri txikiekin komunikatzeko. Hartara, hitzordua jarriz gero, herri txiki guztiekin batera denen intereseko diren gaiez hitz egin dezakete.

Beste hainbat herrialdetan, sakelako telefonoaz baliatu dira eta zerbitzu benetan arin eta eraginkorrak lortu dituzte. Filipinetan, adibidez, presidentearekin eta parlamentariekin komunikatzeko edonork SMSa bidal diezaieke eta politikariek mezua itzultzen diete. Erantzuna lanetik nahiz etxetik bidali ohi dute eta beraz, ez dute ez entzunarena egiteko aitzakiarik. Hain urrutira joan gabe, Donostiako su-artifizialen lehiaketan parte hartzeko mugikorreko mezu batekin bozka daiteke eta EHUko notak ezagutzeko edo udaleku publikoetan onartua izan zaren jakiteko SMSa bidaltzen dizute. Espainian, 2004ko martxoaren 11 eta 14 arteko egunetan jazo ziren gertakariak iraultza izan ziren SMSaren erabileran. Hiritarrek, modu espontaneoan, milaka mezu bidali zituzten PPren egoitza aurrean manifestatzera deituz. Herriak botere publikoari presioa egiteko bide berria ireki zuen gertaera hark.

Ahalik eta jende kopuru handienera iristeko helburuarekin, kalean eta hirietako txoko ugaritan aurki ditzakegun e-panelak ere aproposak dira inkestak egiteko, foroak bultzatzeko eta informazioa banatzeko. Interneteko jokoak ere erabiltzen hasiak dira, haurrei gobernuaren funtzionamendua eta antzeko kontzeptuak azaltzeko. Hala ere, posta elektronikoa da politikariek eta herritarrek elkar komunikatzeko aukeratzen duten bide ohikoena eta baliagarrienetakoa. Zerbitzua ondo antolatuz gero, informazioa helarazteko eta komunikatzeko tresna egokia da.

Partaidetza bultzatzeko ekimen aurreratuenen artean, Wikipedia ekimena dugu. Hainbat hizkuntzetan, milaka artikulu biltzen dituen web orria edo graffiti digitala da, nahi duenak sartu, moldatu eta aldaketak egin baititzake bertan, informazio ahalik eta zehatz, zabal eta alderatuena osatzeko asmoz. Wiki esperientzia hori hemen bultzatzeko atal berria zabaldu du Euskadiko Internauten Elkarteak bere web orrian. Queensland (Australia) herrialdean, berriz, e-demokrazia izeneko departamentua sortu dute jada; hau da, «erabateko demokrazia, demokraziaren klika, klik egin eta gobernu barruko bizitzan murgildu baitzaitezke», dio Cliftek.

Baina gobernuaren bizitzan murgildu nahi ez baduzu? Adituen esanetan, orokorrean herritarrek partaidetzarako joera dute. Bide berri horietara erakartzeko, ordea, beren eraginkortasuna frogatzea ezinbestekoa da. Hau da, hiritarren kexak entzuteko Interneten web orria zabaldu eta gero kexa horiekin ezer ez egiteak ez du ezertarako balio eta kasu horretan Administrazioak ez du zerbitzu osagarririk eskaini. Hori da Euskal Internauten Elkarteko kide eta aditu Mentxu Ramilok egindako kritiketako bat. Bere ustez, burokrazia gehiegi dago oraindik Administrazio publikoan eta teknologia berriekiko inplikazioa ez da handiegia. Ondorioz, herriak ez ditu berrikuntzek eskaintzen dituzten abantailak ezagutzen.

Mentxu Ramiloren esanetan, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien kultura barneratzea garrantzitsua da, bai Administrazioan eta bai herritarren artean, beti ere kontuan izanda garrantzitsuena ez dela teknologia bera, «erabiltzaileen arteko interakzioa baizik». Teknologia horiek denen eskura ipintzea eta sarean seguritatea, pribatutasuna edo babesa bezalako kontzeptuak ziurtatzea dira beste erronkak. Teknologia berriak hiritarrek boterea kontrolatzeko erabili behar direla diote adituek, ez alderantziz. Gobernuen esanetan ere, jendea e-hiritar bihurtzea da helmuga. Baina teknologia aurreratuenak kontrolpean izango dituen hiritarra, ala euskarri elektronikoen mende bukatuko duena? Erantzuna geroz eta gertuago dagoela dirudi.

Mugikorretik
Filipinetan, presidentearekin eta parlamentariekin komunikatzeko edonork SMSa bidal dezake eta politikariek mezua itzultzen diote. Erantzuna lanetik nahiz etxetik bidali ohi dute eta beraz, ez dute ez entzunarena egiteko aitzakiarik. Espainian, 2004ko martxoaren 11 eta 14 arteko egunetan jazo ziren gertakariak iraultza izan ziren SMSaren erabileran.

Euskal Herrian ere, Administrazio digitala
Ibarretxe Planaren prozesu guztia jarraitu eta Espainiako Kongresuan eskaini zuen hitzaldia bideoz ikusi nahi duzula? Eusko Legebiltzarreko bilkurak bideoz aztertu eta hartu dituzten erabakiak irakurri nahi dituzula? Are gehiago, legebiltzarkideei kexaren edo proposamenen bat bidali nahi diezula posta elektronikoz? www.parlamento.euskadi.net web orrialdean aukera horiek guztiak dituzu. EAEko Administrazioa konturatu da Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) garrantziaz. Euskal Herriko udaletan, ohikoa da jada isunak edo agiriak ordaintzeko nahiz informazioa eskuratzeko Internetera jotzea.
Udalei dagokien ekimenen bat azpimarratzekotan, hiritarrok.net izenekoa aukeratu dugu. Ekimenaren baitan, duela gutxi EAEko hainbat udalek eztabaidarako plaza publikoa izan nahi duten web orrialdeak martxan jarri dituzte. Orrialde horietan alkateak, zinegotziek, oposizioak, elkarteek eta hiritarrek proposamenak egin ditzakete. Proposamenak denen artean eztabaidatzen dituzte eta txalotuenen rankinga ikus daiteke. Ekimenaren bultzatzaileen esanetan, udaletako agintariek herritarren iritzi horiek guztiak kontuan hartzearen araberakoa izango da web gunearen arrakasta. Hernanin, esaterako, babes ugari jaso duen biztanle baten proposamena aurrera ateratzea erabaki du alkateak eta web orriko parte hartzeak gora egin du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Internet
2024-04-18 | Gedar
Lanuzteei ekin diete berriz Trapagarango Amazonen

Aste honetan egiten ari dira lanuzteak, lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Aurreko hiru hilabeteetan ere izan dituzte grebak.


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


2024-04-14 | Diana Franco
Teknologia
Desinformazioaren jokoa

Askotan pentsatzen dut informazio larregi jasotzen dugula, eta, zeinen ondo bizi den ezjakintasunean. Hainbeste informaziorekin, pertsona xumeok botere ezberdinen helburuak eta horiei loturiko jokabideak ulertzeko ditugun aukerak inoiz ez bezalakoak direla dirudi. Baina ez da... [+]


'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eguneraketa berriak daude