J.M. Olaizola "Txiliku": «Niretzat idaztea as matzea da, besteentzat atsegina izatea»


2005eko maiatzaren 01an

Bere liburuak J .M. Olaizola izenez agertu ohi dira. J. M. delakoen baitan, Joxe Mari edo Joxe Martin izan zitekeen. Jexux Mari da ordea. Jexux Mari Olaizola inork gutxi ezagutzen du ordea. Txilikuz galdetuta, aldiz, mundu batek ezagutu lezake edo Zarauzko mundu batek bederen. «Txiliku Zarauzko auzo bat izan zen; hartaz ez da ezer gelditzen, iturri bat izan ezik. Lau bat baserri ziren. Auzo oso entzutetsua zen, bertan ontziolak zirelako. Duela 400 urteko kontuez ari naiz...». Izena auzoari zor dio. Norengandik jasoa alabaina?: «Txiliku izena gure aitonak jaso zuen. Aia herriko auzo batekoa zen eta Txilikuko kale-baserri batera etorri zen. Ezkondu zenerako emana zioten izenorde hori eta berak oinordekoei pasa digu». Txilikuk seme-alaba koxkortuak edo heldu samarrak ditu dagoneko, hauek Txiliku baino Txili izenez deituak omen direla esan digu solaskideak.

Txiliku hamabi urtez aritu zen irakasle. Orduan beste garaia eta erreferentziak bizi omen zituen. Seme-alabak aitarengandik ipuinaren xarma jaso zuten. Eskolan nahiz etxean kontu kontari aritzeak adorea eman zion ipuinen munduan murgiltzeko. Ipuinlari izateko, ahalik eta kontu, istorio eta mundu gehien ezagututa hainbat hobeto. Hitzez gainera edo hitzen azpian, munduek eta paisaiek osatzen dute ipuina. Txiliku euskal literaturaren paisaiaren partea da honezkero: «Paisaia mota askotarikoa da gure literaturarena, beste literaturen mailakoa, zorionez. Ni neroni, berriz, paisaia horretara kontatzeko samurtasuna eta gogoa ekartzen saiatzen naiz». Etengabe idazten duen jitea hartu diogu Txilikuri: «Ez pentsa. Egunero idazteko ohitura daukat, baina boladak izaten ditut. Azkenaldion gutxi idazten ari naiz. Tira, zerbait beti izaten dut buruan, prestaketan…». Idaztea zer den galdetu diogu irrikaz: «Batez ere ekimen atsegingarria da. Niretzat idaztea asmatzea da, besteentzat emaitza atsegina izatea nahi dut». Kontatzeak merezi duelakoan ari da Txiliku. Eta zeregin horretan »ez da lehen saria» 2004ko Gazte eta Haur Literatura saria irabazi zuen Osaba Bin Floren liburuaren eskutik: «Ustekabea izan zen, sorpresa atsegina. Hainbeste urtetan ari naiz idazle lanetan, bada, lana beste norbaitek gustuko duela ikusteak poza ematen du». Ez da kaleratu duen azken liburua, harrezkero, Jokin Galtxagagorri ipuinak argia ikusi baitu. Bi liburu hauetan barneratu gara egilearekin batera.

Osaba Bin Floren

«Bi liburu hauek enbor komun bat dute, biak foiletoi gisa astekarietarako eginak dira, astero-astero idatzitakoak. Lehena Euskaldunon Egunkarian eta Berrian argitaratu zen eta Berrian bigarrena. Beraietan kazetari baten konpromisoa dago nolabait. Astetik astera etengabe idatzi gabe ere, egunkarian astero agertu behar zuen ipuinen segidak. Inspirazioa zetorrenean »atal bat edo pare bat astean» idatziz gauzatu nituen ipuinok». Liburuak beranduago argitaratuak eman ziren, orrazketa bat edo beste hartu ondoren. Egunkarian atera zenean Osaba Florentinoren ipuinak izenburua eraman zuen Osaba Bin Floren ipuinak. Gero, orduan eta orain ospetsua den Osama Bin Laden figuraren ukitua hartu zuen, izenburuaren soinu-kidetasuna. Beraz, honek badu kutsu hori: «Liburuek bere garaia edo unea dute, garaian garaiko seme edo alabak dira», adierazi digu zarauztarrak. Elena Odriozolak egunkarirako nahiz libururako egokitutako marrazkiak goraipatu ditu ipuinlariak.

Ipuina non girotua dagoen aipatu dugu: «Bi munduetan egokitua edo kokatua dago. Zati bat, orain dela 50 urte inguruko auzo batean, Euskal Herrian». Txiliku auzoa ote den itaundu dugu, berriz ere irrikaz: «Ez da Txiliku auzoa, ordurako erre eta desagertua zen. Auzoak Behorlegi du izena, mendiko herri koskorra da, Donostiako Igeldo auzoa izan liteke, agian… Behorlegiko telefono bakarra Garmendia Txiki baserrian dago. Euskaldun-amerikar baten ondarea da».

Ipuinean agertzen den beste zatia »zatiak hobekiago esanda, ipuinak ipuin handi batean tartekatzen baitira» arabiar mundua da. Iragan hurbileko Euskal Herrian eta arabiar munduan barrena murgildu gaitu Txilikuk: «Europak iraganean nolabaiteko erromantizismoa bilatu zuen eta arabiar herrialdeetan aurkitu zuen nolabaiteko altxorra. Egia da, arabiar ipuingintzan badago altxor hori, denetarik dago. Funtsean arabiar ipuinak »kontatzekoak diren ipuinak» kontakizunetan sustraituta daude. Forma berezia dute, memoriari laguntzen dioten istorioak dira. Hango kontatzeko moldeak berezko trikimailuak ditu: ipuin baten barruan beste bat tartekatzeko modua agertu ohi dute. Horretan ere ageri da beren ipuinen magia».

Osaba Bin Floren ipuinaren pertsonaia nagusia Florentino da: osaba. Bere ondoan berriz, Inazio, Maite eta Tomaxito ilobak dabiltza ipuinen gose: «Irudimenezko ipuinetan edo ipuin fantastikoetan badago halako objektu magikoa. Honetan osaba Florentinori sendagileak jarri dion benda da. Bendak bere mundua aldatu egingo du. Alegia, osabak bizi duen mundua aldatu egiten da, bere buruan ez du Behorlegi ikusten, mundua beste nonbait ikusten du. Hartara, bere imajinazioak ipuin klasikoen tokira egiten du bide, Arabiara».

Ipuinek bere magia izaten dute. Txilikurentzat honetan datza ipuinen magia: «Rafik Schami idazleak badu liburu bat, Gaueko kontalariak, eta bertan badira hainbat ipuin kontalari. Nahiz eta ipuinak oso-oso fantastikoak izan, jendea prest izaten da kontatzen dena sinesteko. Ordea, kontalari batek une batez esaten badu Ameriketan bizi den iloba bat duela eta »kontatzen badu» telebista bezalako tresna bat eta teknika eta teknologia baliatzen dituela, jendeak esaten dio ‘ez etorri guri horrelako kontuekin’. Beraz, ipuina sinestarazteko, kontakizunak berezko gramatika behar du. Rodarik horri fantasiaren gramatika deitzen zion; ipuinak forma bat eduki behar du, badakigu ez dela egia, baina sinetsi nahi dugu eta egia balitz bezala bizi dugu».

Jokin Galtxagorri

Ipuinek magia behar badute, zer egokiago magia egiten duten pertsonaien bidez ipuina osatzea baino, ezta? Galtxagorriak euskal mitologiako pertsonaiak dira. Ez dira urruti bizi izan, bestela entzun adi-adi Txilikuk zer dioen: «Galtxagorriak magia egiten duten pertsonaiak dira. Zarautzen pertsonaia ezagunak ziren, gaur ez hainbeste jakina». Txilikuk gure mitologiaren pertsonaia hauek erakutsi dizkigu Jokin Galtxagorrin: «Galtxagorriak jeinuak ziren, langileak, agindutako guztia egiten zutenak, eta gurean, Baionan erosten omen ziren. Hara joan eta bi dukat ordainduta ekartzen ziren. Aspaldiko kontuak dira. Euskal mitologian kontatzen denez, haiek lana ematea nahi zuten. Nik, berriz, langilea izan beharrean alferra zena bilatu dut. Berezi samarra da, nahiago du beste edozer egin lana baino. Esate baterako, ipuina kontatzea nahiago du beste ezer egin baino».

Mattin marrazkilariak »Txilikuren hitzetan» ederki apaindutako ipuinean, Aitona Martin eta Maiderren arteko harremana kontatzen da. Tartean Jokin jeinua dago. Maider alfer samarra da ordea, eta Jokin baliatu nahi du eskolako lanetan. Hau alferra izaki, horiek komeriak! Aitonak lagunduko du Maider, ez eskolako lanetan, Jokin alferraren dohainak ikusten baizik: «Jokinek edonor aspertzeko modukoa izaera dauka, baina ipuin kontalari trebea da...», diosku Txilikuk.

Galtxagorriaren pertsonaiaz gainera, Basajauna edota Lamia agertzen dira ipuinean. Beren alde ona eta gaiztoa hizpide izan ditugu segidan: «Gaur egun, euskal mitologiako mundua gero eta urrutiago daukagu. Nik, hala ere, manikeismoa kenduko nuke, ona edota gaiztoa izate hori, alegia. Basajauna, adibidez, ez da ona edo gaiztoa, beste kultura batekoa da, bizitzeko beste kultura du, baita lamiek ere. Beren izateko eta bizitzeko ohiturak bestelakoak dira».

Egileak ez dio ikuspegi klasikoa eman ipuinari. Umorez deskribatu ditu pertsonaiak. Baita egungo pertsonaiak aipatu ere, hala Son Goku nola Pokemon… «Lehenengo horiek badoaz eta hauek badatoz berriz. Nahitaezkoa da hori. Guk Superman edo Marvelen heroiak bizi izan genituen, mitologiaren kutsua zutenak. Gaur egungo pertsonaia berri hauek ez ditut hainbeste ezagutzen, baina gaurko umeek badute horien berri. Eta nik 'gure gaurko mitologiako' pertsonaia horiek aipatu egin ditut. Horientzat ere toki bat behar baita». Edonola ere, Txilikuren gusturako, mitologiak gure irudimenean lekua du oraindik ere, mitologiak badu oraindik zer esana. Gure irudimena pizteko balio du. Ipuinak irudimena pizteko balio ote duen itaundu dugu azkenik: «Gaur egun irudimena piztea gero eta konplikatuagoa da, hori egia da. Hasteko eta behin, lehen baino askoz irudi gehiago dagoelako. Ez dugu liburua behar, zinea eta telebista hor daude. Dena dela, liburuak badu abantaila bat, irudi bidez ikusten duguna egina dago eta liburuak aldiz irudia -eta ipuina bera- are gehiago garatzeko aukera ematen digu».


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude