Gizonkeria erantzi nahian

  • Emakumeek urteak daramatzate elkartzen, antolatzen, beraien rola aztertzen eta sexismoaren aurka borrokatzen. Orain, gizonen txanda ere iritsi dela dirudi. Sexismoak, orain elkartzen eta antolatzen hasi diren gizonezkoen talde hauen arabera, emakumea zapaltzeaz gain gizona ere baldintzatu eta zapaltzen du. Historikoki izan dituzte gizonek sistema patriarkalari esker emakumeek izan ez dituzten zenbait pribilegio. Kontua da pribilegio horiek nolabait gizonak eurak ere kaltetzen dituela. Dirua, askatasuna eta erabakiak hartzeko aukera dute. Baina aldi berean horrek, lehiakortasuna ezarri die, autoestimu falta eragin eta afektibitatearen mundua itxi. Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiteaz gain, gizonak beraien bizitza kalitatea hobetu nahian, duten alde femeninoa landu nahi dute. Gizonen krisia eta gizonen aldaketa aipatzen da nonahi azkenaldian, baina gutxiengo batean eta modu partzialean ematen den zerbait da oraindik. Hala ere, eta beraiek oraindik modu publikoan egiten ez badute ere, merezi du gizonei zer gertatzen ari zaien eta zertaz hitz egiten ari diren jakitea. Euskal Herrian urteak dira zenbait gizon biltzen hasi zirenetik. Urtxintxa eskolako gizonak dira adibidea. Beraien lantegira sartzeko aukera izan dugu eta hona hemen gizonez eta gizonei buruz ikasi ahal izan duguna.

2005eko martxoaren 20an
Bostgarren saioa da hau Bizkaiko Urtxintxa eskolako gizonentzat. Hau, beste batzuk baino jendetsuagoa da eta Ibon Arrizabalaga, saioaren gidaria, pozik dago. Ibon EHUko Emakume eta gizonen arteko berdintasunerako masterra ikasten ari da, baina gizon eta emakumeen arteko berdintasunean eta gizonen inguruko lantegietan esperientzia andana du. UEUn, Gite-Ipes-en, sindikatuetan... eta maila pribatuan ere, lan horretan ari da. Gizon gunea gizonen rolak aztertzeko, hausnarketak egiteko, emakume eta gizonen arteko berdintasuna aldarrikatzeko, gizon eredu tradizionala gainditzeko... sortu du Urtxintxak. Bostgarren saio honen hasieran, parte hartuko duten zortzi gizonek (Ibon barne) maiatzean Urtxintxako emakumeekin egingo duten asteburuko lantegiaren data finkatzen ari dira. Ordurako ari baitira pixkanaka prestatzen, saio hauen bidez. «Asmoa da ordura bitarte gaia pixka bat lantzea, eta beraz, emakumeen eskarmentu horren guztiaren aurrean moldatzeko gai izatea. Badakigu egurra emango digutela, hala ere». Gizonek gizon bezala bizi duten egoera aztertzea da lantegi horren xedea, eta Iboni esparru orokor batzuk lantzeko eskatu diote aurrez Urtxintxatik. Gu prestakuntza lantegi horietako batean sartu gara. Urtxintxako gizonak nolabait antolatzen hasiak dira. Ez dira bakarrak. Mundu mailan pixkanaka gertatzen ari den fenomenoa da.

Gizona aldatzen ari da, gizona krisian dago, gizonak ere antolatzen ari dira, diote prentsako titularrek eta liburuetako izenburuek. Horixe da behin eta berriz entzuten dena. Baina egia da? «Argi dago feminismoaren hamarkadetako borroka ez balitz emakumeentzat beste rol sozial bat planteatzen ari, gizonak ez ginatekeela ataka honetan egongo. Gero, nik ez dakit esaten hori krisi kontsideratu behar dugun edo ez. Gizon gehienentzat hala da? Emakumeek egin duten bidea onuragarria da gehienontzat, eta gizon batzuei ireki digu atea beste era batera jokatzeko gure harremanetan. Beste gizon gehiengo bat oraindik mantentzen bada ere itxuraz lehengo ereduak diren horietan, beraiek ere badaukate orain beste abagune bat, lehen oso estua zena eta orain zabalagoa. Baina ez nuke esango gizonak orain paretaren kontra gaudenik ez dakit zer gertatuko zaigulako. Hobe da une hau kristoren aukera balitz bezala ikustea», dio Ibon Arrizabalagak. Sexismoak mendeak egin ditu gure artean eta orain dela ez hainbestera arte, gauza naturaltzat jo da. Batzuentzat sexismoa emakumeen zapalketa da; beste batzuentzat bi sexuen zapalketa. Batera edo bestera, sexismoak bitan banatzen du gizartea, eta ondoren, batzuk besteen gainetik jarri: «Ez dakit sexismoaren barruan sartu behar dugun gizonon baldintzapena edo zapalketa, baina egia da gizonok ere gizon egin gaituztela». Emakumeek bide luzea egin dute, eta oraindik ere beraiek dira gizartearen eraldaketarako motor nagusienetako bat. Beraiek egindako lanak ekarri du neurri handi batean gizonek beraien identitatea zalantzan jartzea. Emakumeek patriarkatuaren aurka egindako borrokak eraman ditu gizonak gizonen identitatea bera ezbaian jartzera eta beraien jokaerak aztertzera eta kasu batzuetan aldatzera. Nahiz eta oraindik hori gutxiengo batek bakarrik egiten duen. Dena den, gizon feministak, sexismoaren aurkako gizonak, berdintasunaren aldeko gizonak... eta horrelako izenak dituzten taldeak ugaritzen ari direla argi dago. AEBetan, Europan (Holandan, Danimarkan, Britainia Handian...), Canadan, Australian, eta Latinoamerikako herrialde askotan horrelako taldeak daude. Gehienetan antropologoek, hezitzaileek eta psikologoek hartzen dute parte. Urtxintxako Gizon gunean ere begiraleak, irakasleak eta hezitzaileak dira denak. Euskal Herrian hamar urte inguru badira horrelako taldeak sortu zirenetik. Baina isileko lana egiten dute. Ez dute gizarte mugimendu gisa funtzionatzen eta ezagunen eta gertukoen artean sortutako taldeak dira. «Talde horiek oraindik barnera begira ari dira, baina nik uste dut gizarteratu egin beharko liratekeela», esan digu Txaro Arteaga Emakundeko buruak. Ibon Arrizabalagak, ordea, kontrako iritzia du: «Oraindik asko dugu egiteko eta gutxi hitz egiteko. Emakumeak oraindik kristoren borrokak egiten ari dira eta prentsan azaltzeko ahalegin izugarriak egiten dituzte. Gu askoz gutxiago egiten ari gara eta askoz oihartzun handiagoa ematen zaigu, gizonak garelako. Egia da itxaropen handiak jarrita daudela: gizonak aldatzen bagara, dena askoz errazagoa izango da. Baina ez da justua inorentzat egiten ari garen hastapen trakets hauek lau haizetara hedatzea». Oraindik ez dago gizonen aldetik hausnarketa kolektibo bat. Eta Arrizabalagaren ustez, batasun hori errazago lortuko dute titularrik gabe.

Baina titularrak izan badituzte. Eta feminismoa aitzindaritzat badute ere, gizonen mugimendu hauek homosexualen borroka ere gogoan dute. «Estigma bat itsatsi zaien arren, beraiek izan dira gizontasunaren esparru zabalago bat mantentzeko borrokan arrakastatsuak izan direnak eta guri atea zabaldu digutenak».

Gizon egin egiten da, ez sortu

Emakumeen eta gizonen berdintasunerako bidean, orain artean, nagusitu den ildoa emakumeen «maskulinizazioa» izan da. Orain, gizonen bizitzaren «feminizazio» gisa formulatzeko ordua iritsi dela dirudi, hainbat adituk diotenez. Baina horrretarako motibaziorik egokiena ez da emakumeen egoerarenganako errudun sentimendua. Garrantzitsua da gizonek eurek jabetzea sexismoak emakumeei bezala beraiei ere kalte egiten diela, eta hori izatea bien arteko berdintasunaren alde lan egiteko zioa. «Gizon askori ez zaigu interesatzen berdintasunaren aldeko borroka, horrek gure boterea, historikoki eman zaizkigun eskubide eta pribilegioak, ez aprobetxatzea esan nahi duelako. Baina maskulinitate tradizionala aztertzen badugu, konturatuko gara gizonontzat ere oso eragin kaltegarriak dituela, afektibitatearen alorrean adibidez. Gizonak konturatzen dira beraien bizitza osoagoa dela sentiberagoak badira, afektiboagoak, batez ere seme-alabekin duten harremanean», dio Patrick Welshek. Welshek hogei urte daramatza genero eta gizontasun arazoen alorrean lanean Latinoamerikan. Pribilegio horiei sasipribilegio deitzen die Arrizabalagak, ordea. Gizonei dirua, askatasun handiagoa, erabakiak hartzeko aukera... eman izan zaie pribilegio gisa. Eta modu horretan emakumeen gainetik ezartzen ditu sistemak, nolabait. «Horiek sekulako onura bezala aurkezten dira. Baina onura materialak dira, ez dute zoriontasunik ematen. Engainatzeko nahikoa da ordea, eta nola erosoagoa den hor goian egotea hemen azpian baino, funtzionatu egiten du. Behean daudenek, emakumeek, ikusten dutena da guk zapaltzen ditugula eta askatzeko bidean jartzen direnean, lehenengo lana da gizonei aurre egitea, zeren gizonak gainean jarrita gaude hori oztopatzeko. Lortuko bagenu gure zapaltzaile rolari uko egitea eta bat egitea emakumeekin eta munduko beste gizaki guztiekin, gizaki parekideek osatutako gizarte batean egongo ginateke», azaldu du Arrizabalagak Gizon gunean. Baina nola mantendu da hori dena urteetan zehar? Zergatik ari dira orain konturatzen horretaz? Azalpenak jarraitzen du gizonen lantegian. Hiru zutabe egon dira sistema horrela mantentzeko: heziketa, sistema ekonomikoa eta bortizkeria bera. Heziketa da indartsuenetako bat, eskolan, kalean, familian, hedabideetan... ematen baita. Sistemak erakutsi digu nola izan behar den emakume eta nola izan behar den gizon. Patriarkatuak gidatu du gizartea urte askoan. Horren arabera, emakumeak seme-alabak izan behar ditu, hezi behar ditu, etxeko lanak egin behar ditu eta familiaren osasun fisiko eta emozionala zaindu behar du. Eta gainera horiek guztiak «maitasunez» egiten ditu. Gizonak aldiz gune politikoak eta publikoak betetzen ditu eta etxera dirua ekartzeko lanak egin izan ditu. Lanaren banaketak garrantzi handia izan du historikoki. Eta orain gizonak hasi dira konturatzen ez bakarrik emakumeengan eragiten duten zapalketaz, baita egoera horretan eurek galtzen duten guztiaz ere. Gizon izateko modu horrek eragin negatiboak ditu gizonen osasun fisiko eta mentalean. «Egiten dugun guztian arrakastatsuak izatera bultzatzen gaituzte, gizonen arteko lehia iraunkorrera. Horrek bizitza konplikatzen digu eta berdintasunezko harremanak izateko zailtasunak jartzen dizkigu. Munduko herri guztietan gizonak emakumeak baino 5-8 urte gutxiago bizi gara eta gero eta frogatuago dago bizitzeko eredu matxista tradizionalarekin harremana duela horrek. Sistema matxista hau gizonak deshumanizatzen ari da, hiltzen ari gaitu», aitortu digu Welshek. Areago: mundu mailako fenomenoa da gizon gazteen suizidio kopuru altua.

Mutiko eta neskato zoriontsu haiek

Sistema patriarkala heziketaren bidez mantendu da urteetan zehar. Prozesu luze eta latz bat gabe ezin da lortu gizaki bat, adibidez, emakume bat jarrera sumiso batera eramatea. «Sekulako egurra eman behar diozu, ez dago beste modurik», azaldu du lantegian Ibon Arrizabalagak. Ingurukoak ez dira harritu ere egin espresioarekin, ohituta daudela dirudi. «Eta sistema hau egonkortzeko pentsa dezakegu urte luzeetako borrokak egon zirela. Borrokak jarraitzen du, baina maila indibidualean, eta denok dakigu horrela ahulagoak garela. Zuetako bakoitzak egurra jaso du, azkenean, heldu bezala orain duzuen jarrera hori onartzeko. Emakumeei gertatu zaien antzeko zerbait gertatu da gizonekin: gu jaio ginen pentsa dezakegun gizaki maitagarriena bezala, alaiak ginen, gustatzen zitzaigun jendearekin egotea, edonori irribarre egiteko gai ginen. Lortu dute gizaki hori bihurtzea mesfidati, bortitz, modu txarreko, jendearekin tratuan zailtasun handiak dituena, bere buruarekin gustura egoteko arazoak dituena... ez dakit ohartu zareten kaletik nolako gizonak ikusten diren, aurpegi zurruneko gizonak. Ohituta gaude beraien barrura sartuta dauden gizonak ikusten eta kanpora kaka besterik botatzen ez dutenak». Hori erakutsi egiten da, gero ikasi eta errepikatu. Gizonek autozentsuratzen ikasi dute, eta ordutik aurrera horrelakoak direla onartu dute, modu naturalean. Horri barneratutako zapalketa deitzen zaio, «gogoratzen duzue nola esaten ziguten ‘Zertaz ari zara barrez’? Eta ondoren, Boom!, zartakoa ematen ziguten. Momenturen batean sinestarazi digute gu ez garela onak, gaiztoak garela». Arrizabalagak AEBetan beltz ghettoetan egiten den joko bat jarri du adibidetzat. Joko horretan beltz gazteek pasillo bat egiten dute eta mutikoek erditik pasa behar dute, beste guztiek iraintzen dieten bitartean. «Denak zuri irainka ari zaizkizu eta zuk pasa behar duzu axolako ez balitzaizu bezala. Jolas bat da, baina argi dago entrenamendu bat dela barneratzeko tokatzen zaizun rola, eta horrekin, nola hala, gero bizirik irauteko».

«Deigarriena da ikustea herrietan zenbateraino dituen jendeak bereganatuta jarrera hauek, nola ikasketa batzuk egiteagatik edota negar egiten duen mutila izateagatik sailkatzen zaituzten, eta familian ere bai. Zu aldatzen zoaz eta hala ere, jendea gero eta gehiago dago zure kontra», hartu du hitza lantegiko kide den Anderrek.

Iñakik 45 urte ditu eta bigarren aldiz etorri da gaur lantegira. Beste guztiak baino zaharragoa da eta «gizonaren errepresentazio aspergarri»ari buelta asko ematen dizkiolako etorri omen da taldera. Taldean gaiari bueltak ematera. «Gu oso maskulinoak izateko hezi gintuzten. Emakumeenganako gure lehenengo harremana maskulinitatearen arabera egin genuen. Gero, gure goxotasuna ateratzen joaten garen neurrian, eta gure neska lagunak gure feminitatea ere badugula onartzen duen neurrian, aldatzen joan gaitezke. Baina aldaketa guztiek krisia dakarte. Eskolan nabarmena da gure gizartearen adibidea: ikusten baditugu bi ume borrokan, banandu egiten ditugu eta elkarri afektua adierazten ikusten baditugu, harrigarria iruditzen zaigu». Bortizkeria da hain zuzen patriarkatuaren sistema iraunkortzeko beste arma bat. Izan ere, sistema honi aurre egiten ausartzen den edonor bortizki tratatua da oraindik. Patrick Welshek Latinoamerikan bizi izandako esperientziei buruz ere zera zioen: gizonen arteko biolentzia arazo handia dela aldaketa egin ahal izateko. «Homofobia lantzea ere oso garrantzitsua da, ez bakarrik aldaketa prozesuak benetazkoak izan daitezen, baita ere gizon heterosexualek homosexualekiko adierazten duten biolentzia oso handia delako».

Sistema patriarkalaren hirugarren zutabea sistema ekonomikoa da. Gizona da oraindik soldata duena edo soldata handiena duena. «Medikuntza terminoetara eramanez: gure gizartea gaixorik dago, eta orain hasi gara sintomak ezagutzen: genero indarkeria, zapaltzaileak, zapalduak, botere ekonomikoan oinarritutako gizarte bat... Sintoma horiekin gaixotasun berri bat deskubritu dugu, eta horren kontra borrokatzen hasi garenean badakigu zer daukagun aurrean. Guk udalekuetan ikusi ditugu sei urteko bi mutil eskutik helduta. Hamabikoak ez. Non dago muga? Adin horren inguruan», dio Anderrek. 24 urte ditu eta horrelako beste lantegietan ere aritua da.

Gizonen mundua

Gizonek orokorrean beraien buruarekiko pertzepzio positiboa izaten dute. Hala dio Welshek. Txikitatik erakutsi izan zaie beraien beldurrak ezkutatzen. Dena ondo dihoanaren itxura egiten erakutsi diete, nahiz eta barrutik ez horrela izan. Ez dituzte beraien barruko ezinegonak agertzen, egingo balute beraien gizontasuna zalantzan jarriko lukete. Baina hori nolabait aldatzen ari da. Victor J. Seidler Londreseko Unibertsitateko Soziologia departamenduko kideak Emakundek 2002an eginiko jardunaldietan aurkeztutako txosten batean agertu zuenez, «ohiko lanek behera egin ahala, geroz eta gogorragoa da aitentzako beraien nortasun maskulinoen zentzua mantentzea, hots, familiarentzako hornitzaile eta euskarri izatea». Horren ondorioz, hurrengo belaunaldira igaro daitekeen depresioa sor daiteke eta mutilek, gizon gazte gisa, zalantza ugari izan ditzakete.

Orain arte gizonak patriarkatuak zehaztutako eredua mantentzen zuen batez ere: beste gizonak arerioak ziren, eta txikitatik indartsuenak, adoretsuenak eta azkarrenak izan behar zuten. Gizonekiko afektu harremanak zentsura handi baten pean egon dira mendeetan. Emakumeei, etxean beraiek agintzen zutela erakustera zeuden behartuta. Gizonek, benetako gizonek behintzat, ez zuten negarrik egiten. Baina barrutik negarrez egon zitezkeen urte askotan.

Kontua da kontuak aldatu egin direla, neurri batean behintzat. Orain, emakume askok diote beraien bikoteak etxean ziurtasun eza handia agertzen duela emozionalki sentitzen duenari buruz. «Gizonok normalean ez dakigu zer sentitzen dugun, horretan ez gaituzte trebatu», azaldu digu Arrizabalagak. Eta horrez gain, betitik gizonen alorra izan den sexuan, gazte askok diote aspertuta daudela iniziatiba beti beraiek eraman behar izateaz, hoberenak izan behar izateaz eta gauza guztiak egiteko gai direla agertu behar izateaz. Hori da nerabeen artean, Erick Pescador Albiach soziologo eta sexologoak eginiko ikerketa batean agertatutako ondorioetako bat.

Ikerketen arabera gainera, nerabezaroan adibidez, gizonek lehenago uzten dituzte beraien ikasketak eta emakumeak baino lehen sartzen dira lan munduan. Baina emakumeak akademikoki hobeto prestatzen dira eta konpetentzia handiagoa dira beraientzat lehen baino. Lan mundura sartu dira, oraindik beraien egoera oso prekarioa den arren. Gizona ordea, ez da oraindik, nahiz eta gune pribatura gerturatzen ari den pixkanaka, erabat etxera sartu.

Horrez gain, Euro RSCG publizitate agentziak Ingalaterran eta AEBetan 2.000 gizonen eta beraien bikoteen artean eginiko inkesta baten arabera, emakume gehienek beraien bikoteek ukitu femeninoa izatea nahiago dute, batez ere, etxean laguntzeko gai badira, eta sentimenduak adierazteko trebeak badira. Baina hortik berdintasun efektibora badago aldea. Madrilgo Gizon Baldintzaren Zentroko zuzendaria den Luis Boninok hala dio: «Diskurtso oso positiboa dago gizon sentibera berriaren eta aita berriaren inguruan, baina gizonek gaur aitatasunaren zati dibertigarrienean hartzen dute parte »futbolean jolasten dute, etxeko lanak egiten laguntzen diete» baina ez dituzte haurrak janzten edo beraien elikadura kontrolatzen». Sentimenduak ere adierazten ikasi omen dute, «baina kontua ez da hainbeste bere sentimenduak agertzea, baizik eta besteen mundu emozionalaz arduratzea. Eta gizonok oraindik ez dakigu besteei entzuten».

Txaro Arteagak iritzi bera du: «Orain dela 20 urte gizonezko bat ez zenuen inola ere zentro komertzial batean erosketak egiten ikusiko. Orain erosketetarako orga eramaten ikusten dituzu. Agian hori bakarrik egingo dute, baina aurrerapauso bat da. Hala ere, etxeetara joaten bazara, oraindik ere gutxi dira benetan etxeko martxaz arduratzen diren gizonak. Benetan arduratu esan nahi dut; lagundu bai, laguntzen dute. Bidea lantzen ari gara, baina oraindik denbora beharko dugu, zeren gainera emakumeek esan beharko dute zenbateraino dauden prest jarraitzeko orain duten kargarekin».

Gizon izateko modu asko dago

Nahiz eta Luis Boninok hainbat artikulu eta elkarrizketetan esan duen moduan, oraindik ez den gizonengan benetako aldaketa hori gertatu, egia da Urtxintxa eskolako Gizon guneak erakusten duen bezala, behintzat, gertatzen zaiena aztertzen ari direla. Lehenengo pausoa izan daiteke hori aldaketari begira, gizonek ere denbora eskatzen baitute gertatzen zaiena aztertzeko. «Gizon asko gaude gogoz, ohartuta gaude badugula zerbait irabazteko. Bakarka egin genezakeena egin dugula konturatu gara, eta emakumeei bilduta eman dien etekina ikusita, garaia dela uste dugu gu ere elkartzeko eta ikusteko zer egin dezakegun bide hori azkartzeko». Edozein iraultza harreman onetan oinarritzen dela dio Ibonek eta «gizonak gizon izateko sistema honetan gizona isolatzea oso garrantzitsua izan da. Lehenengo neskengandik banantzen gaituzte, ze haiekin bazabiltza marineska zara. Eta gero, homofobiaren mamua zabaltzen zaigu. Ezin zara mutilen oso laguna izan. Horrela lortzen da edozertarako prest dauden erdi-makinak sortzea, gizonak gizaki izatetik nahiko urrun gauden gauza bezala».

Gaurko lantegia amaitzen ari da. Ibonek txikitako lagunen arteko harremanak gogorarazi dizkie bildutakoei (ikus ezkerreko orrialdeko koadroa), eta gaur egun horrelako laguntasun harremanak bilatzearen garrantzia azpimarratu. Lagun taldean topatu izan duten bortizkeriaz mintzo dira, ez direla lasai egoten, ez dagoela afektua demostratzerik... Lehenengo aldiz bildu zirenean beraiek ere ezin zutela sinetsi zein eroso eta konfiantzaz hitz egiten zioten elkarri aitortu digute lantegiko gizonek. Sorpresa izan zen beraientzat ere. «Nik behar dudana beste batzuek ere behar dutela ikustearekin gustura nago, ez naiz ni bakarrik. Gutxi gara, baina nonbaitetik hasi behar dugu hau aldatzen», dio Anderrek lantegia bukatu baino lehen egindako balorazioan.

Sexua ezin da aldatu, baina gizon eta emakume izateko moduak bai. «Gizon izatea ez da maskulinoa izatea, baizik eta pertsona izateko modu bat, nahiko hurbil dagoena berez emakume izateko modutik, baina maskulinitateek urruntzen dutena». Arrizabalagaren hitzak dira.

Gizonek negar egiten dute
Sistema patriarkalak gizonengan sustatutako baloreak dira indar fisikoa, adimen arrazionala eta askatasuna -sexuala, soziala, mugitzekoa, bakarrik egotekoa nahi dutenean, familiako ardurei uko egitekoa...-. Orain, ordea, gizon asko emakumeen kualitatetzat hartuak izan diren hainbat ezaugarri hartzen hasiak dira edo hartu nahiko lituzkete, berdintasun egoerara iristeko, eta gizonen euren onerako ere bai. Patrick Welshek dioenez, ideala honako ezaugarriok gizonek bere egitea izango litzateke: afektibitatea, elkartasuna, entzuteko gaitasuna... Baina oraindik sozializazio prozesuak indar handia du eta egia da bizitza guztian zehar gizonei honako mezuak eman zaizkiela:

-Jaio berritan: «Ez negar egin»
-Eskolan hastean: «Hoberena izan behar duzu»
-Nerabezaroan: «Neskekin atera beharko zinateke»
-Hizkuntzari dagokionez: «Esan gizonei mahaian esertzen hasteko, bazkaria prest dago eta»
-Maitasunean: «Ez zaitez maitemindu erokeria da eta»
-Lanean: «Diru asko irabazi behar duzu eta ospetsu izan»
-Senar-emazteen artean: «Zuk agintzen duzu».

Denok gogoratuko ditugu ordea, ondokoa bezalako esaldiak: «Egin negar emakume moduan, ez baituzu jakin gizon moduan zure burua defendatzen». Bada, gezurra da neurri handi batean. Gizonek negar egiten baitute. Erresuma Batuan Kleenex taldeak egindako inkesta baten arabera, galdekatutako gizonen ia herenak onartzen du hilabetean behin behintzat negar egiten duela. Oxfordeko Ikerketa Sozialeko Zentroak 2.000 gizonen artean egin zuen galdeketa. Dirudienez, emakumeentzat bezala gizonentzat ere negar egiteko lehen arrazoia gertukoen heriotza da. Bigarrena, ordea, gizonentzat, liburu edo filmetako eszena tristeak dira. Eta %22ak bakardadeagatik, %18ak musika entzuten duenean eta %16ak min fisikoarengatik egiten du negar. Hala ere, gogoratu beharra dago negarraren debekua ez dela beti benetako gizontasun horren ezaugarri izan. Iraultza industrialaren ondoren hasi baitzen, hain zuzen, gizonen rol berri hori agertzen. Orain gizonek negar egitea berriz modan omen dago eta Kleenex-ek gizonentzat bakarrik den linea bat atera du, mukizapietan. Baina, ezagutzen al duzu oraindik gizonik publikoan negar egiten duenik?, egin digu galdera Ibon Arrizabalagak. Gutako bakoitzak ezagutzen du erantzuna.

Teoriatik praktikara
Gizonak itxura fisikoari dagokionez aldatzen ari direla garbi dago. Baina gauzak ez daude hain argi beraien ideiak eta jokaerak aztertzean. Luis Bonino mediku psikiatrak Europako hainbat herrialdetan eta Espainian egin izan diren ikerketak aztertu eta emakumeen aldaketen aurrean dituzten jarreren arabera, gizonak hirutan sailkatu ditu. 2002an eginiko Emakundeko jardunaldietan eskainitako txosteneko datuak dira hauek:

1-Emakumeen aldaketen aurkakoak: gehienbat 55 urtetik gorakoak dira baina azkenaldian 21 urtetik beherakoak ere ugaritzen ari dira. Beraientzat emakumeen borroka ez da berdintasunera iristeko helburuarekin egiten, baizik eta gizonak dominatzeko xedearekin.

2- Emakumeen aldaketaren aldekoak: gazteak, ikasketa maila handikoak, ezkongabeak, seme-alabarik gabeak... Batzuek ez dute euren rol maskulinoa zalantzan jartzen, beste batzuek onartzen dute emakumeek funtzio maskulinoak hartzea, baina ez alderantziz. Beste gutxi batzuek beraien rola zalantzan jartzen dute. Eta beste batzuk, gero eta gehiago, neska-lagunaren lagun pasiboak dira eta iniziatiba emakumeengan uzten dute, modu horretan gizonek ez dute ia jokaera «maskulino»rik hartzen. Hauetako askok profeministatzat dute euren burua, nahiz eta gehiago diren ideien alorrean praktikan baino.

3-Aldaketa horiekiko anbibalenteak direnak: hauetako asko nerabeak ziren 68ko Maiatzean, eta helduak ziren Espainian Franco hil zenean. Batzuk ados daude emakumeen aldaketekin, beste batzuk ez. Eta horregatik galduta sentitzen dira.

Ikerketen arabera, Espainiako Estatuan kategoria bakoitzak gizon guztien heren bat hartzen du. Baina Boninok dioenez, modu argi batean emakumeekiko berdintasunaren alde daudenen kopurua %5ekoa baino txikiagoa da.

Negozio bihurtu dira
Depilatu, arropa asko erosi eta produktu estetiko anitz erabiltzen duten gizonak ugaritzen ari dira. Metrosexualak edo heterogayak deitu izan zaie. Itxuran behintzat, gizonak aldatzen ari direla ezin ukatu. Gizonen industria estetikoak 8.000 milioi eurotik gorako negozio mundiala sortu du. The Economisten arabera, 25 eta 45 urte bitarteko gizon iparamerikarren %35ak metrosexual ezaugarriak ditu. Eta beste bi datu: anorexia eta bulimia kasuen %20ak dagoeneko gizonenak dira. Eta orain arte ezagutzen ez zen arren, %70ak andropenia izaten du, emakumeen menopausiaren baliokidea.

Lagunen lagunak
Ariketa bat jarri die Ibon Arrizabalagak Urtxintxa Eskolako lantegian bilduta dauden gizonei. Txikitako lagun mina gogoratu behar dute. «Harreman oso estuak genituen mutilen artean txikitan, 7-8 urterekin homofobiaren mamua ezarri ziguten arte. Gaur egun horrelako harremanak ditugunean, badago beti zerbait urruntzen gaituena. Gure artean anaitasun hori lortu behar dugu», dio.

«Nire lagun onenak eta nik 2-3 urterekin ezagutu genuen elkar» »hasi da kontatzen Ander». «Halakoa zen nik berari nion miresmena, berak nagusitan soldaduskara joango zela esan eta ni berarekin joango nintzela esan bainion, biok batera joango ginen soldaduskara tanke baten barruan. Ni prest, baita berarekin gerrara joateko ere. Azkenean gu baino nagusiagoak ziren batzuekin lagun taldea osatu genuen. Koadrila horretan beti kideren bati egurra ematen aritzen ginen, eta halako batean niri tokatu zitzaidan, 13-14 urterekin. Erabaki nuen ez nuela haiekin gehiago jarraituko. Beste lagun talde bat aurkitu nuen. Hala ere, nire lagun onena izandakoarekin ordutik harreman kordiala mantendu dut».

«Nik, berriz, 10-11 urterekin ezagutu nuen, eta oraindik laguntasunak dirau, nahiz eta beste modu batekoa den. Tartean behin farrandatxo bat egiten dugu elkarrekin. Konplizitatea da gehien gogoratzen dudana, bata bestearen ondoan lasai egoten ginen, bi egonda urduri jarri gabe, gaur egun ez dena hain erraza, niretzat behintzat», dio Iñakik. «Nik txikitatik izan dut lagun bat, 18 urtera arte. Institutuan hasi ziren gure arteko diferentziak. Geroztik oso gutxitan egon gara elkarrekin, baina uda honetan hileta batean egin genuen topo. Garai batean kristoren istiluak izan genituen, baina udan aurkitu ginenean oso momentu berezia izan zen. Azken finean maitasun kontua da», dio Hasierrek.

Nk
Etorkizunera begira
Luis Bonino Madrilgo Gizon Baldintzaren Zentroko zuzendaria etorkizunera begira jarri zen Emakundek 2002an Gizonak giza antolamendu berriaren aurrean izenarekin antolatutako jardunaldietan. Boninok honako ildo nagusiak markatu zituen etorkizunean gizonak benetan berdintasunaren alde lanean ari daitezen motibatzeko. Batetik, talde eta gizarte estrategiak garatzeko beharra azpimarratu zuen, gizonek patriarkalak ez diren interes berriak garatu ditzaten eta uzteko prest ez dauden eskubide «maskulinoen» erabilera ez dela legitimoa frogatzeko. Zenbait herritan ari dira horrelako politikak martxan jartzen, esaterako, bizitza familiarra eta lan arloa bateragarriak izateko lan baldintzak malgutzea, aitatasun bajen sustapena, gizona etxeko lanetan eta ingurukoen zaintzan inplikatzeko estrategiak lantzea edota krisian dauden gizonen laguntza psikologikorako zentroak martxan jartzea. Politika hauez gain, Boninoren ustez gizonak motibatzeko ezinbestekoa da hausnarketa taldeak, ikastaroak, gizonei buruzko jardunaldiak eta horrelakoak sustatzea, hain zuzen ere, gizonek rol berriak deskubritu ditzaten, beraien gaitasun enpatiko eta zaintzailea garatu dezaten eta aldaketarako zailtasunak azter ditzaten.
Gainera, hainbat ikerketek diotenez, gizonek aldeketarako joera handiagoa dute bizitzako zenbait egoeretan, hots: nerabezaroan, lehen seme edo alaba jaiotzen denean, 30, 40 edo 50 urteko krisialdian, lan arloan aldaketak gertatzen direnean, bizitza arriskuan jartzen duten gaixotasun edo istripuak gertatzean eta banantzeetan. Beraz, aldaketa sustatzeko politikak bizitzako une konkretu horietara bideratu beharko liratekeela dio Boninok.

Mugimenduan
Azken 20 urtean hainbat herrialdetako gizonezkoak antolatzen ari dira, gizontasuna edo maskulinitatea aztertu nahian. Era askotako mugimenduak daude, baina oraindik ere parte hartzen duten gizonen kopurua txikia da. Beste gizon askok isilik jarraitzen dute. Mugimendu horietako batzuek gizon eredu tradizionala berreskuratu nahi dute. Orokorrean, hala ere, Espainiako Estatuan mugimendu antisexistak dira nagusi. Horiek gizontasun eredu tradizionalaren aurka daude. Herri anglosaxoi eta eskandinabiarretan sortu ziren 70eko hamarkadan. Gehienak klase ertaineko gizonek osatzen dituzte eta hezkuntzaren inguruan lanean dihardutenek. Mugimendu hauetan parte hartzen dutenek gizonaren ardura onartzen dute emakumearen menpeko egoera sozialarekiko eta autokritika egiten dute. Aldi berean gizon «biguna»ren kultura sustatzeagatik kritikatu dituzte zenbait gizonek eta hainbat feministek ere beraien egiazkotasuna zalantzan jartzen du. Kide gutxi dituzte, baina nazioarteko erakundeek arretaz entzuten dituzte beraien ahotsak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Feminismoa
Endometriosia
"Genero kontua da: osasun sistemak guztiz baztertzen eta erasotzen gaitu, ikusezinak gara"

Pertsona oso energetikoa da eta gorputzak uzten dion bitartean “ahalik eta gehien” disfrutatzen saiatzen da Espe Ciriza Asenna Nafarroako Endometriosi Elkarteko kidea (Iruñea, 1981). Endometriosia dauka, eta horren ondorioz, “izugarrizko” min... [+]


Erdi Aroan erditzea

Toledo, 1272-1280. Alfontso X.a Gaztelakoak Ama Birjinari eskainitako 427 kanta monodiko bildu zituen. Santa Mariaren Kantigek Erdi Aroko musika eta literatura bildumarik garrantzitsuenetakoa osatzen dute, baina, kantiga miniaturaz apainduta daudenez, ilustrazio horiek beste... [+]


2024-05-05 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Intimitatea

Etxe batean badira zenbait gune, gutxitan erakusten zaizkionak etxetarra ez den norbaiti. Esan trastelekua, ganbara, galdara gela, armairu bat. Askotan lurrazpiko etxeko oinean edo irisgarritasun gutxiko etxearen goialdean kokaturik dira. Etxearen txoko hauek lotsa,... [+]


‘Gu’-aren inguruan marraztu du Tupust! kolektibo feministak bere hirugarren alea

Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude