Euskarazko zinemagintza: Benetako industriaren lehen fotogramak?

  • Euskal zinemak lozorroan dirudi aspalditik: ez industriarik, ez ekoizpenik. Sektoreak 80ko hamarkadan izandako loraldiaren euskarazko azken emaitza Koldo Izagirreren Off-eko maitasuna filma izan zen, 1992. urtean. 2005a, ordea, euskarazko zinemagintza berpiztera dator eta hainbat baldintzari esker itxaropentsu ageri dira etxeko profesionalak. Udaberrian, Aupa Etxebeste! filma estreinatuko da eta Kutsidazu bidea, Ixabel proiektua grabatzen hasiko dira. Gainera, ekoizleek ETBrekin etorkizunerako akordio baikorra lortu berri dute. Benetako bultzada izan daitekeenaren atarian, film bat egitera animatu gara. Prozesuak Euskal Herrian dituen oztopoak eta zailtasunak ezagutzeko, Aupa Etxebeste! izan dugu eredu eta Asier Altuna eta Telmo Esnal film horretako zuzendariak, berriz, hizlari.

2005eko otsailaren 20an
Film bat egiteko orduan kontuan izan behar diren baldintzak eta bidean aurki daitezkeen trabak asko dira, are gehiago pelikula Euskal Herrian egin nahi denean eta euskaraz filmatzeko asmoa dagoenean. Diru-laguntzek ez dituzte produkzio-etxeak asetzen, aktoreek beraien kexak dituzte, grabazio epeak errespetatu behar dira, banaketa alternatiboak bilatzea komeni da, publikoa euskarazko filmetara ohitu beharra dago eta industria serioa lortzeko egin beharreko lana handia da oraindik. Hori guztia gertutik ezagutzeko, Aupa Etxebeste! pelikula burutzeko prozesuan murgildu gara, hutsetik abiatuta filma urratsez urrats eraikiz.

1 Ideia. Edozein gai, irudi edo elkarrizketa izan daiteke inspirazio iturria. Asier Altunak dio ideiak hemen ez direla falta. Prozesuaren ondorengo beste urratsak gaindituz, ideia gauzatu ahal izatea da erronka nagusia. Berak, esaterako, burutazio ugari izan ohi ditu hemendik eta handik hartuak, noiz garatuko zain.
Aupa Etxebeste!, adibidez, lagun arteko elkarrizketa batean jaio zen. Dirudienez, ezaguna da oporretara doala esan eta bizilagunek ez ikusteko etxean sartuta geratzen den familiaren istorioa. «Baina denek beste herriren batean gertatu dela esaten dute», dio Telmo Esnalek. Kutsidazu, berriz, Joxean Sagastizabalen liburu arrakastatsuan oinarritutako ideia da. Taula gainean izan duen harrera onaren ostean, Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo zuzendariak arduratuko dira film luzeaz.

2 Tratamendua. Ideia ipuin bihurtzea da Altuna eta Esnalen teknika, pertsonaiak definituz eta istorioari hasiera, korapiloa eta amaiera emanez. Tratamendua emateak kontakizunaren nondik norakoak zehazten ditu eta gidoirako oinarri baliagarria da. Aupa Etxebeste! filmak ukitu propio ugari du, hemengo kutsua nabari zaio eta gaia ere lokala da. Gaia «zenbat eta lokalagoa izan, orduan eta unibertsalagoa» bihurtzen dela uste dute zuzendariek.

3 Gidoia. Hamar bat urte pasa dira Altuna gidoia idazten hasi zenetik eta hasierako zirriborroaren hamaika bertsio moldatu dituzte urte horietan. «Polita da horretarako denbora izatea. Lehenengo pelikulan denbora asko erabili ohi da halako gauzetarako, baina filma enkarguzkoa bada, epeak ematen dituzte eta ez dago hainbeste denborarik perfekzionatzen ibiltzeko». Gidoiak arina eta erakargarria izan behar du eta, batez ere, praktikoa. Azken finean, filma egiteko tresna da, denentzako balioko duten argibideak dira. Aktoreak zeintzuk izango diren buruan izateak lagundu egiten omen du. Altunak eta Esnalek bazekiten zein aktore nahi zituzten eta pertsonaia nagusietarako aukeratutakoek baiezkoa eman zieten ondoren.

4 Produkzio-etxea. Atez ate ibili behar da produkzio-etxeren bati ideia interesatzen zaion arte eta gauza benetan zaila dago Euskal Herrian. Zuzendarien hitzetan, produkzio-etxe bakoitzera gidoi pila iristen dira eta pelikula gutxi ekoizten dira. Altuna eta Esnal aurretik grabatutako film laburrei esker ekoizleekin zuten harremanaz baliatu ziren beraien proiektuan inbertitzea lortzeko. Industria honetan, zuzendari gehienak film laburrekin hasten dira film luzerako saltoa eman aurretik. Berez, istorio bakoitzak bere neurria daukala eta laburrek berezko garrantzia eta nortasuna dutela dio Altunak, baina lehenengo laburretan aritzea ikasteko eta ekoizpen-etxeek zuzendari bati konfiantza emateko balio duela aitortu du. Luze eta laburren arteko desberdintasunak argi dauzkate: «Baldintza ekonomikoak eta denbora, Aupa Etxebeste! luze egin zaigu. Gainera, jende gehiago dago gure menpe eta guk dugu azkeneko hitza, dena zehatz-mehatz azaldu beharra dago».

5 Dirua. Betiko leloa. Aupa Etxebeste! proiektuak, adibidez, 1,2 milioi euroko aurrekontua izan du. Zinema egitea «oso-oso garestia da», aitortu digu Mireia Gabilondok, «eta diru-laguntzarik gabe ezinezkoa da. Diru-laguntzak lortzea zaila da, zinerako diru gutxi dagoelako eta Euskal Herrian are gutxiago. Zer esanik ez euskarazko ekoizpenetarako».

Gauzak aldatzeko bidean egon daitezke, ordea. Euskal ekoizleek ETBrekin izandako negoziaketei esker, telebista publikoa urtean zazpi film luze egiteko diru-laguntza ematera konprometitu da. Horietako bat, gutxienez, euskarazkoa izango da eta 250.000 euro jasoko ditu. Gainontzekoek 150.000 euroko diru-laguntza izango dute. Urtean zazpi dokumental ekonomikoki laguntzea eta formatu profesionalean eginak dauden film laburren emisio eskubideak erostea ere erabaki da. Orain arte, zinema produktuen inguruan eztabaidatu dute ETBrekin eta laster telebistarako produktuen baldintzak negoziatuko dituzte.

Juanba Berasategi Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko (IBAIAko) presidentearen ustez, euskal industriarentzako bultzada garrantzitsua izango da hori: «Hurrengo urtean zazpi film luze osatzea lortzen badugu, ez da neurri kaskarra izango». Berasategiren esanetan, lehen sei edo zazpi film grabatu ohi ziren Euskal Herrian eta aspaldian sektorea geldirik egon bada, ETBrekin konbeniorik ez zegoelako izan da. Gainera, dioenez, urte batetik aurrera Eusko Jaurlaritzak diru-laguntzak areagotzeari utzi zion eta hori kaltegarria izan da sektorearentzat. Presidentearen ustez, Jaurlaritzak fitxa mugitu eta diru-kopuru handiagoa eman behar du. «Laguntzak oreka ditzala da gure nahia, aspaldian ez baititu aurrekontuak gehitu». Gaur egun, Jaurlaritzaren eta ETBren parte-hartzearekin euskal ekoizpen-etxeek lortzen duten diruak filmeko aurrekontuaren %25-30 ordaintzeko balio du. Berasategik argi dauka Euskal Herriko diruarekin bakarrik ez dela posible pelikula osatzea eta diru-laguntzetan Madrilekiko mendekotasun handia dutela azaldu du. Hala ere, «Jaurlaritza eta ETBren diru-laguntzak batuta filmeko aurrekontuaren %40 ordaintzera iristen bagara, nik uste bide onetik joango garela, ohituta baikaude beste iturrietatik dirua jasotzera». Gure mugetatik kanpo koprodukzioaren, banaketa harremanen, Estatuko telebista kateen eta diru-laguntzen bidez lortzen dute dirua euskal ekoizleek. Dena den, Jaurlaritzak hemendik aurrera ikus-entzunezko ekoizpena sustatzeko interes gabeko eta interes txikiko maileguak emango dituela jakinarazi berri du. Aurten, 15 milioi euro erabiliko ditu horretarako.

Zenbaitzuk autokritika egiten dute eta diru-laguntzak beharrezkoak direla jakin arren, haratago joan behar dela diote. «Industria egin nahi badugu, salerosketarekin jokatu behar dugu, ETBrekin zabaldu den atea aprobetxatuz», dio Altunak, «banaketa mantenduz eta inbertsio pribatua sustatuz, diru-laguntzak itxaroten egon gabe». Edozein sektoreko merkatuan bezala, errentagarritasunak agintzen du. Berasategirentzat, pelikula jendea zinemara joaten denean da errentagarria, «ekonomikoki noski, baina baita kulturalki ere». Kultura horrek behar duen babes publikoa baloratzean dago gakoa.

6 Epea eta prestakuntza. Grabaketa hasteko epea finkatu ostean, baimenak eskatzen dira, aktoreak eta ekipoa aukeratu eta kontratatu behar dira, dekoratuak prestatzen dira, entseatu egin behar da eta hitz gutxitan pelikula diseinatzen da, nola errodatuko den antolatuz.

Teknikoak eta aktoreak aukeratzeko garaian, zuzendariek ekoizleekin negoziatzen dute, nahiak eta dirua uztartzeko. Altuna eta Esnalen hitzetan, harrobi ona dago Euskal Herrian. Tekniko ugari dagoela diote eta filmean erabilitako ia tekniko guztiak, esaterako, bertakoak dira. Profesionalen bila ez dago atzerrira irten beharrik.

Hala ere, aktoreen kasuan hemengo harrobia ez dela aprobetxatzen uste du Joxean Bengoetxea Euskal Aktoreen Batasuneko idazkari nagusiak. Adibide hurbilak jartzearren, zuzendari berri onenaren Goya saria jaso duen Pablo Maloren Frío Sol de Invierno eta Montxo Armendarizen Obabakoak aipatu ditu. «Hemengo aktoreez benetan baliatu den bakarra Aupa Etxebeste! izan da, eta euskaraz delako. Halako proiektuen suspertzean dugu esperantza, hamabost urtetan ez baitzen euskaraz ezer egin». Bengoetxearen iritziz, hemengo harrobia ez da aprobetxatzen ezjakintasun handia dagoelako. «Ikusleek ere ez dituzte aktore asko eta asko ezagutzen, beren lana erakusteko biderik ez baitute eta kanpokoa askoz gehiago baloratzen da, edozein lanbidetan». Badaki industriaren arauak direla: «Dirua mugitzen da eta etekina jaso behar da. Izen ezagunekin askoz ere handiagoa da etekina».

Bengoetxeak dio lan eskasiaren beste arrazoietako bat ekoizpen kopuru urria dela, erakundeen laguntzarik ez dagoelako. ETBrekin lortutako akordioek ekoizpena eta ondorioz aktoreen lana areagotuko dutela aitortu du, baina beldur da hala ere ekoizleei EAEn lizentzia fiskala eta soziala izatea baino ez ote zaien eskatuko, «kanpoan eta kanpoko jendearekin grabatzeko eskubidea emanez». Hori saihesteko, IBAIAko presidente Juanba Berasategik azaldu du ETBrekin negoziatutako konbenioaren arabera Euskal Herriko tekniko eta aktoreetan gutxienez %20 inbertituko dela. Baina Bengoetxea ez da itxaropentsu agertu. Bere esanetan, egungo industriarekin, Euskal Herriko aktoreen lanbidea antzerkian dago. Bestela, kanpora joan beharra dago lana egitera. Baita ikastera ere, hemen ez baitago Antzerki Dramatikoko Eskolarik, «leku txikiagoetan bai baina hemen ez; lotsagarria da».

7 Filmazioa. Grabazioan zenbat eta gehiago aurreztu, hobe, hemen ez baitago Hollywoodeko produkzioen pareko dirutza. Hala pentsatuko zuten baita ere Aupa Etxebeste! filmeko arduradunek. «Ijitoen modura ibili gara», diote zuzendariek barre artean. Zazpi astetan zehar, Bergaran kanpoko eszenak eta Pasaian barrukoak filmatu zituzten pasa den udan. Furgonetetan eta autoetan traste andanarekin ibili ziren alde batetik bestera eta catering zerbitzuak prestatutakoa elkarte batean bazkaltzen zuten. Afaltzera eta lo egitera, berriz, bakoitza bere etxera joan ohi zen, ekoizpen-etxetik Donostia inguruko langileak hartzen saiatu baitziren. Ez zuten roulotterik eta hotelik izan, baina horien beharrik ere ez. «Aurrekontu baxuko filma eta gainera lehenengoa izateko, oso baldintza onetan aritu gara», esan digute zuzendariek. Giroa alaitzeko, abesteari ekin ohi zioten Altunak eta Esnalek, ekipo osoak kantarekin bat egiten zuen arte. Hori bai, denbora ez dago soberan eta filmazioko sekretua ideiak argi eramatea dela nabarmendu dute, ahalik eta gutxien inprobisatzeko.

8 Muntaketa. Zuzendariak eta muntaketa taldea arduratzen dira irudien eta soinuaren muntaketaz. Filmatutako irudiak laborategira bidaltzen dira, bertan formatu egokira pasatzen dituzte eta muntaketa taldeari iristen zaizkio, ordenagailu bidez eszenak lotzen joateko. Lan gogorra da eta aldaketak ugariak dira, dauden irudiekin egin daitekeen muntaketa ez baitator beti bat grabatzerakoan zuzendariek filmaz duten ideiarekin. «Muntaketan pelikula berriz egiten dela esaten da», dio Altunak.

Aupa Etxebeste! filmeko taldeak Madrilgo laborategia erabili behar izan du filmatutako irudiak moldatzeko, hemen ez baitago mota horretako laborategirik. Materialari dagokionez, Euskal Herrian baliabideak falta direla aitortu du Esnalek. Bere ustez, horrek kanpoko baliabideekiko mendekotasuna sortzen du eta industria propioa sortu nahi bada prozesu guztia bertan egin ahal izatea ezinbestekoa da. Mireia Gabilondok ere argi dauka: Euskal Herrian ez dago industriarik, tantaka egiten diren pelikulak baizik. «Herri txikia gara eta proportzioan agian produktu gutxiago egin behar da», dio, «baina egin behar direla argi dago».

Dena den, benetako industria sortzeko asmoz, bada ekimenik Euskal Herrian. Donostia Film Commission zerbitzuak, esaterako, eskualdean filmatzeko dauden aukeren berri ematen du eta sektoreko taldeak eta baliabideak batzen ditu. Duela hiru urte sortutako Biarritz Image ikus-entzunezko profesionalen taldeak, berriz, Plateau Image proiektuan du Iparraldeko azpiegitura egokiena: mediateka, Film Comission delakoa eta irudia eta soinua ikasi nahi dutenen formaziorako zentroa eskaintzen ditu, besteak beste. Etorkizunera begira, Oiartzunen Zinealdea egitasmoa ipini dute martxan. Ikus-entzunezko sektorearekin zerikusia duten eragile zein enpresak bilduko dituen industria parkea izatea du helburu. Trebakuntza zentroa, Film Commission bat, teknologia berriak, nazioartera zuzendutako proiektuak, baliabide teknikoak, laborategiak, ekoizpen-etxeak, komunikabideak, estudioak eta ahalik eta azpiegitura sendoena elkartuko dira bertan. Jada lanean ari dira horretarako, baina oraindik urte batzuk itxaron beharko dira ametsa errealitate bihurtzeko.

9 Banaketa. Zine merkatua oso handia da eta handiak txikia jaten du. Hala dio Mireia Gabilondok. Horregatik, garrantzitsua da enpresa banatzaile ona izatea. Gabilondoren esanetan, kanpotik datozen pelikulak Espainia eta Frantzia osoko zinetan estreinatzen dira, kopia asko dituzte eta hilabete iraun dezakete aretoetan. Hemen egiten direnek, ordea, banatzaile txikiagoak dituzte, estreinatzea zailagoa da eta pantaila handian astebete baino gehiago irautea zer esanik ez. Jendeak ez duela ahoz ahoko propaganda egiteko aukera kritikatzen du Gabilondok: «Askotan pentsatzen da hemengo pelikulek ez dutela irauteko ahalmenik, baina horretarako ere konfiantza eta beta eman behar zaie, jendeak entzun dezan badagoela zerbait eta ikustera joan dadin». Horren aurka egitea oso zaila dela badaki, azkenean diruaren eta merkatuaren diktadurak agintzen baitu. «Zenbat film daude azkenean zineetan estreinatu ere egiten ez direnak?». Kanpoko industria boteretsuagoei aurre egiteko, hemengo istorio txikiak babestu beharko liratekeela uste du Gabilondok, mota guztietako produktuei aukera eman behar zaiela.

Areto komertzialen kontrola duten major estatubatuarren aurrean, aldiz, bide berriak zabaltzeko saiakeretan ari dira IBAIAn. Erraldoi horien menpe ez dauden aretoak aztertzen ari dira, distribuzio alternatiboa indartzeko asmoz. Azterketa baikorra izaten ari dela dio Juanba Berasategik, jada berrogei bat sala alternatibo aurkitu dituztela Euskal Herrian eta euskaraz egindako zinemarentzako bultzada garrantzitsua izan daitekeela. Kataluniako ereduari begira, dagoeneko hainbat filmentzako zirkuitu berezia dute han eta beraiekin harremanetan jarri dira euskal ekoizleak. Zirkuitu hori aprobetxatu behar dela azaldu du Berasategik, «gure pelikulak katalanera itzuli eta zirkuitu horretan saltzeko».

Eta batzuk bide berriak irekitzeko ahaleginetan ari diren bitartean, beste batzuk ohiko areto komertzialetan euskarak lekua izan dezan ari dira lanean. Tinko Euskara Elkarteak, adibidez, 1993. urtetik darama euskara zinera eramateko ekintzetan lanean. Elkarteko lehendakari Marian Galarraga pozik dago egungo egoerarekin: «Hasi ginenean pentsaezina zen euskarazko filmak areto komertzialetan ikusiko zirela, baina kontrakoa frogatu dugu». Egun, Euskal Herri osoan euskarazko film bat estreinatzen da hilean behin gutxienez, areto komertzialetan eta ordutegi arruntean. Tinkok hitzarmenak ditu Donostiako Sade enpresarekin, Bilbo eta Gasteizeko Mikeldirekin eta Nafarroako Golemekin. Gainera, Donostian urtarrilean ireki zituzten Antiguo Berri zine aretoetan euskarazko filmak hilabetez mantenduko dituen aretoa lortu nahi dute. Iparraldean, Uda Leku elkarteak kudeatzen du zineetan euskarazko pelikulak proiektatzeko ekimena.

Galarragaren esanetan, datozen hamar urteetan euskarazko zineak azken hamar urte hauetan izan duen adinako bilakaera baldin badauka, arazoa konpondua egongo da eta euskarazko filmen proiekzioa normalizatua egongo da Euskal Herriko zineetan. Hala ere, egiteko asko dago oraindik eta Disney edo Warner bezalako multinazional handien pelikulak euskarara itzultzea da elkartearen hurrengo erronka. Banatzaileen esku utzita, ez da halakorik emango, eta horregatik konponbidea dirua eskaintzea dela azaldu du Galarragak, haientzako ekonomikoki errentagarria izan dadin.

10 Promozioa. Euskal Herrian ez da promozioan asko gastatzen, baina denek argi dute ikus-entzuleari pelikula saltzeko ezinbestekoa dela. Marian Galarragak dioen bezala, Ameriketan film bat egiten badute eta X milioi dolar gastatzen badituzte, beste hainbeste promoziora doa; «zerbaitengatik izango da». Hemen, ez dago gauza bera egin ahal izateko diru nahikoa. Hala ere, erakunde publikoek eta komunikabideek gehiago egin dezaketela uste du Galarragak eta garbi ikusten du jorratu beharreko bidea: promoziorako plangintza behar da, prentsan, irratian eta telebistan gure produkzioak promozionatzeko. «Telebista garrantzitsua da; hemen, ETBn saltzen ez dena ez da saltzen». Adibide gisa haurrentzako animaziozko Olentzero filma aipatu du. Nahiz eta pelikula hobeak egon, arrakasta izan zuen, Euskal Telebistan promozio ikaragarria egin zitzaiolako. Aupa Etxebeste! ezagutzera emateko promozioaren arduradunak lan ona egiten ari direla uste dute filmeko zuzendariek. Estreinatu aurretik filmak Euskal Herrian jada oihartzuna izan duenik ezin uka. Kutsidazu bidea, Ixabel proiekturako, berriz, liburuaren eta antzerki lanaren arrakastak izango dira, seguruenik, promozio hoberena.

11 Harrera. Hilabete askotako prozesuaren ostean, filma estreinatzeko unea iristen da. Altuna eta Esnal nekatuta daude jada, ikus-entzuleen erreakzioa ezagutzeko gogoz. Publikoa gaztelerazko filmak ikustera ohituta egon arren, pelikula honekin euskaldunak identifikatuta sentituko direla uste dute. Pertsonaiek kaleko euskara hitz egiten dutela eta filma euskaldunen %100era iritsiko dela diote.

Baina gauza jakina da orokorrean euskarazko filmak ikusteko ohitura falta dagoela. Marian Galarragaren arabera, frogatuta dago gaur egun helduentzat euskarazko film bat ipiniz gero ez dela inor joango. Horregatik, haurrentzako zinea edo zine familiarra delakoa eskaintzen da Tinko Euskara Elkartearen bidez. «Orain euskarazko zinea normal-normal ikusten duten haur horiek heltzen doazen heinean, gu ere filmen adina heltzen joango gara», esan digu Galarragak. Hala, hurrengo belaunaldietan helduen artean ere euskarazko zinea nahiko normalizatua egongo denaren itxaropena dauka.

Azken finean, ildo desberdinetatik euskarazko zinemagintza sustatzeko eta jendea erakartzeko egitasmo ugari martxan da dagoeneko. Mugimendua behintzat nabari da eta bertako industria txukun eta serioa sortzeko geroz eta gutxiago falta dela dirudi. Zeinek daki, urte batzuen buruan, XXI. mende hasierako euskal zinemagintzaren loraldiaz hitz egiten aritu gaitezke.

Animazioa, eredu
Animaziozko euskal zinemak Espainiako Estatuan duen presentzia azpimarragarria da. Hala uste du Jose Mari Goenaga animaziozko zinemako zuzendariak. Irudi errealeko zinemagintzan baino mugimendu gehiago dagoela dio, agian irudi errealak Madril eta Bartzelonan zentratzen diren baliabide eta ekintzak beharrezkoagoak dituelako eta animazioa egiteko hemen erraztasun handiagoak daudelako. «Espainiarekin alderatuz, oso egoera onean gaude. Estatuan urtean lau bat ekoizpen egiten dira eta hemengo film pare bat beti egon ohi dira Goya sarietarako izendatuak. Erreferentzia bezala hartzen zaituzte eta fama pixka bat ere badugu», aitortu du Goenagak. Horrek Jaurlaritzak sektorea kontuan hartzeko balio izan duela eta iaz lehenengo aldiz animaziora zuzendutako diru-laguntza propioa atera zuela aipatu digu.
Animazioan, proiektu bakoitzak gutxi gorabehera urtebete edo gehiago iraun ohi du eta horrek azpiegitura mantentzeko aukera ematen dio industriari. Beraz, sektore honetan, bada lana Euskal Herrian. Lehen atzerrirako zerbitzu ugari eskaintzen zuten, baina merkatua eskulan merke bila Txinara edo Indiara joan denean, film luzeen ekoizpenera jo dute. Egoerara egokitu eta jarraitasuna lortu dute. Dena den, oraindik egiteko eta ikasteko asko dutela eta kalitatea hobetuz jarraituko dutela dio Goenagak.

Ehunekoak
Gaur egun, Jaurlaritzaren eta ETBren parte-hartzearekin euskal ekoizpen-etxeek lortzen duten diruak filmeko aurrekontuaren %25-30 ordaintzeko balio du. Juanba Berasategik argi dauka Euskal Herriko diruarekin bakarrik ez dela posible pelikula osatzea eta diru-laguntzetan Madrilekiko mendekotasun handia dutela azaldu du.

Euskaraz
Tinko Euskara Elkarteko lehendakari Marian Galarragaren esanetan, datozen hamar urteetan euskarazko zineak azken hamar urte hauetan izan duen adinako bilakaera baldin badauka, euskarazko filmen proiekzioa normalizatua egongo da Euskal Herriko zineetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinema
Laburbira hasiko da ostiralean: euskarazko zortzi film labur, 35 herritan

Apirilaren 12an egingo dute XXI. edizioaren estreinako emanaldia, Bergaran. Maiatzaren 12ra bitartean, 35 herri bisitatuko ditu euskarazko film laburren ekimenak. Berrikuntza gisara, ikusleek film labur onena hautatzeko aukera izango dute.


Ecozine jaialdiak ingurumenaren inguruko filmak ekarriko ditu datorren astean Iruñeko Golem zinemetara

Apirilaren 8tik 11ra bitartean laburmetrai eta dokumental sorta emanen da, tartean Oskar Alegriaren 'Zinzindurrunkarratz' eta Goya sariaren irabazle 'To bird or not to bird'.


Palestinari, osasun mentalari eta transexualitateari buruzko filmak ikusi ahalko dira Giza Eskubideen Zinemaldian, besteak beste

Hilaren 12tik 19ra egingo dute 21. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia, eta askotariko filmak proiektatuko dituzte: osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta... [+]


2024-04-05 | Euskal Irratiak
Iparraldean ere, euskararen aukera ahalbidetu du Netflixek

Martxotik Frantziako Netflix plataforman euskarazko audio eta azpitituluetako filmak ikusgai dira.


2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


Eguneraketa berriak daude