Indarrez kendu zizkiguten haiek

  • 1936ko Gerra Zibilean fusilatu zituzten. Senide gehienek etxekoak desagertu zirela dakite. Ez dakite ez non, nola eta noiz hil zituzten eta ez dakite egun hartatik gorpuak non diren.Senitartekoek bederen ez dituzte etxekoak ahaztu eta ez dakitena ezagutzeko gogoa dute. Jendearen eskaerak kontuan hartuta, Aranzadi Zientzi Elkarteak hitzarmena sinatua du Eusko Jaurlaritzarekin Euskal Herriko eta inguruetako makina bat hilerritan eta zulo galduetan lurra astindu eta fusilatuen arrastoa bilatzeko.

2003ko azaroaren 02an

Milaka eta milaka pertsona fusilatu zituzten Espainiako azken Gerra Zibilean garaile izandakoek. Herri bat beren mende hartu orduko, etsaitzat jo eta harrapatutako guztiak desagerrarazten zituzten, hauetatik asko besterik gabe tiroka hiltzeko. Isilean gehienetan, heriotza zigor haien berri eman gabe. Horregatik, hilketa haiek gertatu eta hirurogeita zazpi urte pasa eta gero ere, oraindik familia askok ez daki benetan zer gertatu zitzaien beren senitartekoei. Ez non, ez nola hil zituzten. Baina diktadurak ezarritako indarkeria eta beldurraren gainetik lan egin du memoriak, belaunaldiz belaunaldi han gorde baitituzte fusilatutakoak bereek, urteetan eta urteetan haien bila jarraituz. Eta batzuetan aurkitu izan dituzte, duela ez hainbeste O Bierzon (Leonen) aurkitutako gorpuzkinak lekuko. Hego Euskal Herrian, gutxienez, 5.500 pertsona izan ziren horrela fusilatuak, eta aspalditik du Aranzadi Zientzi Elkarteak osatua horiek aurkitu ahal izateko beharrezkoak diren indusketak egiteko taldea. Nola Espainia mailan horrelako aditu talde gutxi dagoen, hain zuzen ere Aranzadikoa izan zen O Bierzoko indusketak egin zituena. Geroztik, makina bat lekutik jaso dute eskaera berbera: Asturiasetik, Burgosetik, Palentziatik, Galiziatik… eta baita Euskal Herritik bertatik ere.

Aranzadiko ikerketa taldea

Esate baterako, O Bierzoko indusketen arrakastak izan zuen oihartzunari esker jarri omen zen Martin Ibarguren Zaldibiko Udalarekin harremanetan iaz, esateko han hilobi komun bat zegoela, berak ondo ezagutzen zuen tokian. Orduan, Zaldibiko Udalak (Gipuzkoa) Aranzadiri deitu zion ikerketa lanak aurrera eraman zitzan eta gorpuzkinak aurkitu zituzten. Geroztik, Arrasatetik eta beste toki askotatik jaso dute Aranzadikoek eskaera berbera. Hainbeste izan dira fusilatuen inguruko deiak, azkenean Eusko Jaurlaritzak bulego bat ireki duela dei horiek guztiak jasotzeko, eta dagoeneko hirurehun bat dei jaso omen dituzte aipatu bulegoan, kasu batzuetan bere senideengatik galdetzeko, eta beste batzuetan isil-isil memorian gordeta zeukaten datua emateko. «Nik badakit non dagoen hilobi bat», esaten zioten Aranzadiri, eta hark ekiten zion beharrezko ikerketari, batzuetan gorpuzkinak aurkituz, besteetan ez. Dena dela, lan horrek esparru berezi bat planteatzen zion Aranzadiri eta erabaki zuen 1936ko Gerra Zibilarekin lotuta zegoen batzorde bat osatzea. Gaur egun -auzitegiko medikuak, antropologoak, armetan adituak, historialariak eta beste- hogei bat lagunek osatzen dute talde hori. Faxistek desagerrarazitakoen inguruko ikerketa integrala egiteko Euskal Herrian dagoen talde bakarra denez, Eusko Jaurlaritzak hitzarmena izenpetu du Aranzadirekin, eta hemendik aurrera Euskal Herriko hilobi komunen mapa osatu eta gorpuzkinak altxatzen hasiko dira. «Baina haien senideek, udalek edo norbaitek eskatzen badute bakarrik altxako ditugu» argitzen du Iñaki Egaña historialariak. «Ez gara joango inora gorpuzkinak altxatzera familiakoek hori egiterik nahi ez badute".

Hori bera egin omen zuten Gipuzkoako Hernani herrian. Ondo zekiten berrehun bat fusilatu izan zirela eta han fusilatutakoen hamabost bat senidek beraien familiakoen gorpuzkinak altxatzea eskatu zuten. "Ikerketa historiko bat egin genuen eta Hernanin dauden bi hilobi komunetako 120 baten identifikazioa lortu genuen. Baina hilobi txikienean indusketa egin, eta porrot! Han ez ziren gorpuzkinak agertu". Izan ere, oso zaila omen da gorpuzkinak aurkitzea. Fusilatu zituztenetik ia hirurogeita hamar urte pasa direlako, eta askotan fusilatzeak gertatu zireneko lekuak zeharo aldatu direlako. Adibide bezala Asturiasekoa dago. Ustez oso datu zehatzak zituzten, baina hilobia aurkitzeko hamar egunez aritu behar izan zuten indusketak egiten. "Duela gutxi Azketan (Nafarroa) egon gara. Bagenekien Mendabiako hiru seme zeudela han, eta baita nortzuk ziren ere… Baina lauzpabost egun aritu, 150 metroko prospekzioa egin, eta ez ditugu aurkitu".

Oso lan zehatza egitea eskatzen dio honek guztiak Aranzadiri, krimen ikerketa batean epaileak eskatzen duenaren araberakoa, batik bat Nazio Batuek onartua dutelako desagertuen kasuek ez dutela artxibatzeko mugarik, eta balitekeelako etorkizunean hemen ere prozedura judizial batzuk egotea. "Ikerketa zientifiko hori da orain arte egin ez dena", dio Iñaki Egañak. Nafarroan, adibidez, duela hogeita bost bat urte gorpuzkinak altxa zituztenean, ez omen zekiten norena zen bakoitza. Beraz, ustezko beraien herrietara gorpuzkinak eraman eta guztiak hilobi batean sartu zituzten eta han denen izenak jarri. "Baina gaur egun ikerketa zientifiko oso bat egin daiteke», azpimarratzen du historialariak. «Eta familiak hala eskatzen badu, ADN frogarekin bakoitza nor den jakitea dago".

Borreroak bizirik

Nolanahi ere, ADN zein zientzi aurrerapen ugari beharko dira faxistek fusilatu zituzten guztien berri zehatza jakiteko. Zeren tiroz hiltzeko harrapatu zituzten lekutik urrun eramaten zituzten askotan biktimak. Donostiako bat Valladolidera, Arabako asko Burgosera, eta Burgoseko batzuk Arabara, kasu. Zergatik egiten zuten hori? Iñaki Egañak oso garbi dauka: "Normalean salaketak herrian bertan eginak ziren. Adibidez, Tolosako bat atxilotzen bazuten, haren salataria Tolosan bertan bizi zen. Jakina, salatua herritik ateratzen zuten fusilatzera, salatariaren lana nolabait ezkutatzearren".

Jakina da urtetan eta urtetan frankistek fusilatze asko ukatu dituztela. Fusilatuen familiakoak bizirik egotea izan daiteke ukazio horren arrazoietako bat eta biktimaren borreroak bizirik egotea, izan daiteke arrazoi garrantzitsuena. Orain, berriz, biktimen senide zuzen gehienak desagertu dira eta borreroak ere bai...

Fusilatu gipuzkoarren espedienteak A Coruñan

Gerra hasieran, atxilotu eta hurrengo goizaldean bertan fusilatzen zuten jendea. 1937tik aurrera, ordea, hilketa egin aurretik epaiketaren itxurako zerbait egitea erabaki zuten borreroek. Ezer gutxi ekarri zien hark biktimei, baina hari esker hasi ziren sortzen espedienteak eta espediente horietan idatzita gelditzen zen salaketa, eta zer-nolako prozedura eraman zuten aurrera. Material arriskutsua zen, faxistentzat, eta Aranzadikoak dagoeneko norbaitek espediente horiek erreta izango zituelakoan zeuden, Martin Villaren garaian txosten asko erre zirelako. Baina hara non jakin duten Euskal Herrian epai modukoa izandakoen espedienteak A Coruñako artxibategian daudela. Esate baterako, Gipuzkoako 1.100 fusilatuetatik 600 baten espedienteak han omen daude. Eta A Coruñako artxibategi horren ateak orain arte itxita eduki dituzten arren, azken hilabete hauetan zenbait ikerlari sartu omen da hara eta Iñaki Egaña historialaria oso itxaropentsu agertzen da. "Arazorik ez badago behintzat hemendik aste gutxira Galiziara noa, espediente horiek gure historiaren zati handi baten azalpena izan daitezkeelako".

Artxibategiena, iker bide bat da, espetxeena bestea. Baina bai Iruñean eta bai Donostian, sarrera ukatu diete. Iruñean espedienteak badaude. Gipuzkoako kasua askoz garrantzitsuagoa da, fusilatutako gehienak Donostiako Ondarretako kartzelatik pasa baitziren. "Baina saiatuko gara. Denbora badugu!", dio Aranzadiko kide honek.

Gerra osteko lehenengo bilaketa saiakerak

Euskal Herrian izandako desagertuekin benetan zer gertatu zen jakiteko lehenengo saiakera 1939an egin zen, ordurako Baionara ihes egina zen ELA sindikatuari esker. Hegoalde guztia Frankismopean egonik, oso baldintza zailetan egindako lana izan zen berea, eta akats batzuk zituen ELAk bildutako lehen zerrenda hark. Bazen han falta zenik… eta baita, zorionez, zerrenda hartan fusilatua bezala agertu eta gaur egun ere bizirik dirauenik ere. Ulergarria. Dena den, berehalakoan behintzat beste inork ez zion bilaketa orokor horri ekin, 60ko hamarkadan Astilarra goitizeneko apaizak Mexikon Guerra civil en Euskadi bi liburukitan argitaratu zuen arte. Lan hartan, ELAk bildutako izen guztiak gehi beste batzuk agertzen ziren.

Hirugarren saiakera, berriz, Tafallako Altaffaylla kultur elkartearena izan zen, 1986an Navarra 1936. De la esperanza al terror osatu zuenean. Izugarrizko garrantzia izan zuen Altaffayllakoen lan horrek, ordura arte frankistek Nafarroan 600 bat fusilatu baino ez zirela izan esan ohi zutelako, eta Altaffayllakoek 3.000 bat gutxienez izan zirela frogatu zutelako.

Horren ondoren, aditu batzuek beste ikerketa bati ekin zioten duela bospasei urte. "Baina gure ikerketa hori ere pribatua izan zen -dio Iñaki Egañak-. Ez al da harrigarria? Nik beti pentsatu izan dut horrelako ikerketa baten atzean erakundeek egon beharko zutela, baina ez da horrela gertatu. Eta hori, gaur egun Nafarroako Parlamentuan edo Baskongadetakoan dauden alderdi batzuk Errepublika garaian ere existitzen zirela (EAJ, PSOE, PC…). Fusilatu asko beraien alderdikideak ziren! Zergatik ez dute horrelako ikerketarik egin? Beraiek jakingo dute".

Nolanahi ere, historialari honek beste aditu batzuekin batera egindako lan pribatu horrek, 2000ko apirilean Aralar Liburuak plazaratu zuen 1936. Gerra Zibila Euskal Herrian liburuan jasorik dagoenak, Jimeno Jurio historialaria izan zuen eredu eta laguntzaile ezinbestekoa, lehenago Altaffayllakoekin egin zuen bezala.

1936. Gerra Zibila Euskal Herrian lanak 155.000 fusilaturen izenak biltzen ditu. Euskal Herriari dagokionean zehazten du, izen eta abizen, Nafarroan, gutxienez, 3.050 fusilatu izan zirela; Gipuzkoan, 1.100 bat; Bizkaian, mila inguru eta Araban 350 bat.

Ikerketa egiterakoan, aurretik egindako ahalegin guztiak izan zituzten kontuan -hau da, ELAkoena, Mexikokoa eta Altaffayllakoena-, haietan agertzen zena behar bezala aztertzeko. Gainera, Altaffayllakoek jarritako metodologia berarekin, epaitegi eta erregistro zibil guztietara jo zuten, gerra garaiko lekukoek esateko zutena arretaz entzun eta aztertu, eta herriz herri elizak eta kanposantuak arakatu zituzten.

Artxiboak erre zituztenekoa

Errepublika garaiko alderdi eta erakunde politikoen artxibategietan, baina, oso gauza gutxi aurkitu zuten, gerra galdu zutenean, askok beren artxiboak erre zituelako. Adibidez, CNTk Euskal Herriarekin lotura zuten artxibo guztiak erre zituen. PSOEk ere gauza bera.

Artxiboak erretzearena erabat ulergarria dela dio Iñaki Egaña historialariak. Galtzaile gertatu ziren gerra horretan, eta erbestera ihes egin behar izan zuten, beraien alderdikide ugari falangistek atxilotuak eta fusilatuak ziren bitartean. Handik gutxira II. Mundu Gerra hasi zenez, ez zuten ez erarik ez astirik izan desagertuen inguruko ikerketa egiteko. "Gero 40 urte frankismopean, artxibategi guztiak itxita zituztela, guztia debekaturik… Oso zaila izan zuten. Baina 1975ean Franco hil zenean, hori aztertzen hastea zuten!".

Faxistek ezkutuan hil zituztenen bilaketa etengabean aritu direnak haien familiartekoak izan dira. Haien lekukotasunak asko lagundu izan die ikerlariei, kasu batzuetan behintzat. Datu horiek biltzea oso zaila dela azpimarratu digu Iñaki Egañak. Gerrako kronikarekin gertatzen den berdina gertatzen omen zaie ikertzaileei-eta: zerbait orokorra bildu ahal izateko eragozpen ugariri egin behar diotela aurre. "Gerran ibilitako askok ez daukate perspektibarik. Datu batzuk badituzte, baina bakoitzak bere esparrua baino ez du ezagutzen, eta maiz oso murritza izan ohi da. Esate baterako, Lemoako kuartel batean zegoen gudari edo milizianoak ez zekien Bermeon edo Ondarroan zer gertatzen zen".

Indarrez desagerrarazi zituztenen kasuetan, zailtasuna areagotu egiten da, jakina. Gaur egun justu kontrakoa gertatzen ari omen da, hau da, fusilatuen familiarteko gehienak Aranzadi Elkartera jotzen dute, ez datuak eskaintzera, datuen bila baizik. Familia askok Aranzadikoen bidez jakin dute faxistek beren senidea hil zutela. Aurretik ere bazuten horren susmoa, noski, baina ez zekiten ez noiz gertatu zen, ez non eta ezta gorpuzkinak non aurki zitezkeen ere. "Horrek garbi azaltzen du nolako isiltasuna eta beldurra egon zen frankismo garaian. Eta gehiago ere esango nuke: ziur nago gaur egun ere lekukotza asko eta asko ez ditugula jaso, oraindik beldur asko dagoelako", dio historialariak.


ASTEKARIA
2003ko azaroaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
#2
Zigor Olabarria Oleaga
#3
Estitxu Eizagirre
#4
Gorka Bereziartua
Azoka
Azkenak
2024-05-14 | Irutxuloko Hitza
Desokupako bi gizon Donostiako etxe bat ilegalki husten saiatu dira

'Desokupa kanpora' lelopean, elkarretaratzea egin dute larunbatean, etxebizitzaren aurrean.


2024-05-14 | Axier Lopez
94 egunez gose greban dago preso politiko maputxe bat

Guillermo Camus Jara izena du eta Txileko Lebuko kartzelan dago. Egoera larrian da, gose greba luzeaz gain, ostiraletik egarri grebari ere ekin baitio.


2024-05-14 | ARGIA
LABek salatu du Amazonek "errepresio sindikala" egiten duela

Amazonek Trapagaranen duen lan zentroan grebalarien kontra "jazarpen eta zigorrak" darabiltzala salatu du sindikatuak


Sei pertsona igo dira kapital israeldarra duen Bilboko NYX hotelera, boikota bultzatzeko

Larunbatean egin zuten ekintza, Bilbo erdigunean. Honela zioen pankartak: Bilbo Palestinarekin. Hiri antisionista. Israeli boikota. Hotelaren sarreran hamarnaka lagunek Palestinaren aldeko eta Israeli boikota egiteko deia egin dute.


Eguneraketa berriak daude