LUIS MARI BENGOA: «HERRI KIROLETAN PILOTAREN EREDUAN EZ DUGU ERORI BEHAR»

  • Geldirik egoten sekula ikasi ez duen horietakoa da Luis Mari: hamar urterekin Otxandioko musika bandan sartu zen tronpetista, aita bezalaxe. Hamabost urterekin Parrokiako Gazteen zuzendaria zen eta 18 urterekin koadrilakoek fundatu zuten «Bulkano» futbol taldea. Herrian pilota partidak ere antolatzen zituzten, eta Olaru harri jasotzailearekin entrenatzen zuen. Herriko kronikak idatziaz sartu zen kazetaritza munduan. Sei urte zituenerako jada egunkariei adi-adi begiratzen zien.
Estitxu Eizagirre @eeizagirre  |  Ixiar Eizagirre
2003ko ekainaren 08a

Hamalau urterako tailerrean egiten zenuen lan, eta handik aterata aitonaren baserrian. Gaztetan herrian hamaika gauza antolatzen zenituzten. Soldadutzatik etorri eta liburu saltzen hasi zinen...
Esperientzia oso polita izan zen. Gogorra ere bai, ate bat jo eta ez baitakizu beste aldean nor egongo den. Psikologia asko lantzen duzu. Bere arriskuak ere bazituen: lan ordu gutxi, irabazi asko, eta beraz, gastatzeko nahikoa denbora eta gehiago ere bai! Orduan erabaki nuen neure kontura hastea drogeria eta perfumeria gauzak saltzen. Bitartean gauez ikasten jarraitzen nuen (hala egin nuen 32 urtera arte). Hemengo enpresa bat enteratu zen nola saltzen nenbilen eta hartu egin ninduen, merkatari bezala. Hori ere esperientzia polita izan zen, beste bezero batzuekin tratatzen ikasi bainuen: dendariekin. Haiek konbentzitzea pentsa zer den!



Vital Kutxa bankua eta herri kirolak uztartu zenituen 1975ean.
Vital Kutxan sartu nintzenean, merkatari lanean hasi nintzen Araban zehar. Vital Kutxa hiriburuan bankurik handiena zen, baina probintzia mailan ez. Zerbait asmatu beharra zegoela esan nion zuzendariari, herrietako jendeak gure bankua ezagutu zezan. Herri kirolak antolatzea izan zen asmakuntza. Joaten ginen herri txikietara, han probak antolatu eta nik bitartean mikrofono batekin esplikatzen nien herri kirolak zer ziren, eta gure bankua zer zen. Beti bezala berritsu ni! Euskaldunoi buruz hitz egiteko aitzakia bat ere bazen hura. Ilusio handiarekin aritzen nintzen, herri kirolak Araban ia erabat desagertuta baitzeuden eta hura berpizteko aukera baitzen.



Bankuan lana eginaz, nekazaritza eta abeltzaintza munduan ere sartu zinen.
Herrietan bulegoak ireki ahala, baserriz baserri hasi nintzen bisitatzen, bezeroak egiteko. Hala sartu nintzen mundu horretan buru-belarri. Nekazarien sindikatuak sortzen ere jardun nuen lanean.
Edadeko baserritarrak genituen hemen, eta gure ardura modernizatzea zen, bai azpiegitura mailan eta bai kalitate aldetik. Gure arteko bilerak egin eta hitzaldiak, ikastaroak ematen hasi ginen.
Ordurako ezagutzen nuen baserritarren idiosinkrasia edo izaera, eta argi nuen haiek kanpora atera beharra zutela, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duelako. Alorrez alor bidaia profesionalak antolatzen hasi nintzen Vital Kutxatik: ardikoak Roquefortera eramanez, frisiar behiak zituztenak Holandara eroaten, nekazariak Israelera... Zer lortu genuen? Batetik, bertako baserritarrak elkar ezagutzea, eta bestetik besteengandik ikastea. Roqueforten, esaterako, ikusi zuten leku siku edo pobre batetik etekinak ateratzeko zer abildade eduki zuten, marka komertziala sortuta. Idiazabalgo labelarentzat ere, lehen ideia hortik hartu zen.
Gero Eusko Jaurlaritza martxan jarri zenean, diru gehiago etortzen hasi zen eta mugimendua zabaldu zen. Baina ordurako jada martxan ginen. Une honetan Vital Kutxaren barruan dauden lehen sektoreko elkarteak Euskal Herriko zaharrenak dira.



Lehen sektorearen etorkizuna nola ikusten duzu, merkatua dagoen bezala egonda?
Bidea alternantzia dela uste dut, industria eta nekazaritza konplementatzea. Otxandio inoiz ez da aberatsen herria izan, baina beti ondo bizi izan gara. Zergatik? Uztartu izan dugulako nekazaritza eta industria txikia. Tailerrean lan egin eta gero, ortu edo esne-behietara iristerik izan dute, produkzio handitan sartu gabe. Batetik jan egiten zenuen eta bestetik aurreztu. Gainera gaur dauden aurrerapenekin, lehen zortzi ordutan egiten ziren baserriko lanak orain hiruan egiterik badago. Nekazaritza hutsetik bizi direnak, berriz, subentzioei esker bizi dira. Eta hori ez hemen bakarrik, Europa guztian ere berdin gertatzen da. Hego Amerikan subentziorik ez dago eta goseak hiltzen daude nekazari denak. Munduko errealitatearekin bizi behar da. Gure jokaeran, ondo goaz kalitateko produktuak eginez. Gutxi produzitu, baina hura kalitatekoa. Eta hala ere gaur egunean horrek ematen duenarekin bakarrik ezin da bizi.



70eko hamarkadan Araban herri kirolak berpizten lan handia egin zenuen. Herri kirolek zer bilakaera izan dute Araban?
Arabako herri kirolen historian, 1900 urte inguruan «Chato de Alava» zen oso famatua. San Vicente zuen abizena, Araia aldeko aizkolaria zen. Garai hartan aizkora jokoa ikazkinen artean egiten zen, mendi batekoak bestekoen kontra. Bestetik Estibalizen egiten ziren idi probak, hemen lautadan nahiko idi bazen-eta. Harri jasotze eta beste gauzak ez genituen ezagutzen. Esan liteke Araban herri kirolen arloa berria dela.
70eko hamarkadan erakustaldiak bakarrik egiten ziren, eta bi besterik ez: Santio egunekoa eta San Prudentzio egunekoa. Ni herriz herri joan eta gazteekin taldeak osatzen hasi nintzen. 1977an lehenengoz egin genuen Arabako Herri Arteko Txapelketa, 11 talde aterata. 1979an lehen aldiz Euskal Herri Kirolen Batzarra egin genuenean, Iparraldekoekin jarri ginen harremanetan eta ikusi genuen han beste modalitate batzuk bazirela: lasto altxatzea, orga jokoa, ingudea... Modalitate horiek hemen erakustea izan zen gure lana. Lan askoren poderioz Araban izen handiak atera dira. Zazpi Herrialdeetako Txapelketan, lehen urteetan bosgarren edo seigarren egiten genuen, eta azken urteotan bigarren eta hirugarren egin dugu.



Herri kirola biren arteko apustu edo desafiotik, txapelketa edo marketara pasa da. Nola izan da aldaketa hori?
Herri kirola apustuak salbatu edo gorde du. Franco denboran eta baita lehenago ere, herri kirolak ez zuen batere laguntzarik eduki, eta apustuari esker biziraun zuen. Beraz, nik apustuari beti izango diot errespetua.
Federazioak martxan jarri zirenetik, poliki-poliki laguntza gehiago lortu da, txapelketak antolatu eta errekor bideak jarri dira... Beraz orain apustuak ez du lehen zuen indarra, Urrezko Aizkora edo Euskal Herriko Txapelketa bezalakoetan bakoitzak erakutsi dezakeelako bere abildadea.
Herri kirolean marken norabidea hartzen lan asko egin duena, Iñaki Perurena da. Perurena ere apustu mailan hasi zen, baina konturatu zen hura ez zela kirol mailan aurrera egiteko modu onena, sarritan ez baita eskrupulorik egoten. Apustu asko edozein modutara egiten ziren, baita hitzartuta ere (alegia, itxurak eginagatik azkenean ez zutela dirua jokatzen, eta sarreratan aterea erdi bana egiten zutela). Hori jendeak ez zuen onartzen. Azken urteetan apustuek bere izaera galdu zuten.



Apustuetako saltsaren bat kontatzerik bai?
Bagenuen harri jasotzaile bat, eta behin koadrila bat etorri zitzaigun euretako baten aurka apustu egin zezan, proba eske. Diru asko ez genuela jokatu nahi esan genien. Denak konforme. Proba baino hiru egun lehenago etorri ziren beste harri jasotzailearen lagunak: "gurea ez dago ondo, ezin du harria jaso...". Apustua iragarrita zegoen ordea, jendea etorri egingo zen ikustera, eta hala esan genien: "proba egin egin beharko dugu, baina zuena ondo ez badago, gu ez gara txikitzera joango". Eurek baietz, proba egitearekin konforme zirela eta gure mutila hasteko, lasai-lasai. Gu apustuen munduan berriak izan, eta "zuenak zenbat egingo du?" galdetu genien, gurea ere horretara errenditu zedin. Txanda bakoitzean zazpina jasoaldi egiteko ados jarri ginen bi aldeak.
Hasi zen gure mutila aurretik, eta zazpi jasoaldi egin. Bestea badator gero, eta: bederatzi jasoaldi bai! Guk bigarren txandan ere zazpi jasoaldi egin genituen, eta hirugarrenean ere zazpi. Sarrera leihatilara joan nintzenerako gure partearen bila, besteek diru denak eramanak zituzten. Apustua irabazi zuten, baina apustu bat irabazteak bizi guztirako jendearekin gaizki konpontzea badakar, ez du merezi. Oso gaizki bukatu zuten gurekin eta azkar desagertu ziren, denei kontatu baikenien zer nortasunez jokatu zuten. Tira, guretzat lezio txiki bat izan zen. Geure begiez ikusi genuen apustuak ez zirela garbiak, eta hura ez zela kirol mailan hobetzeko bidea.



Herri kirolak artisautza bihurtzeko arriskua ikusten omen duzu. Zergatik?
Kanpotik politikoak datozenean beti deitzen digute erakustaldiak egin ditzagun, "zeren han ez dago halakorik, eta euskaldunak garela erakusteko zer hoberik gure herri kirolak baino!". Halakoetan hain argi badute herri kirolen garrantzia, lagundu dezatela benetan bizi dadin, bestela laster politikoek eurek jaso beharko dute harria! Geuk zaindu behar dugu gurea, kanpotik ez dira etorriko gurea babestera.
Orain herri kirolak beste kirol guztien alorrean daude sartuta, eta diru laguntzak fitxa kopuruen arabera ematen dira. Baina herri kiroletan batetik oso jende gutxi aritzen da, oso kirol gogorrak direlako, eta bestetik garestiak dira, behar den materialagatik (egurra dela, harria dela...). Gure instituzioek ez badute bereziki laguntzen, galzorian dauden animaliekin egiten den bezalaxe, akabo: gure moduko erdi-zoro batzuk bakarrik ariko dira lanean, eta kirolariek erakustaldietan bakarrik jardungo dute.



Pilotan enpresak sartzearekin, abantailekin batera desabantailarik ere etorriko zen.
Bai, Federazioari ihes egin dio profesionalen mailak. Ofizialki ez dago kontrolik maila profesionalean, enpresako diruen menpe dago pilota. Enpresa txikiok liga horretatik kanpora geratzen gara eta bi enpresa handi dira jaun eta jabe, «pilota zer den dakitenak». Eta pilotari txikiak nork defendatzen ditu? Ikuslea nork defendatzen du? Inork ez. Dopin kontrolak nork ziurtatzen ditu, dirua tartean egonda? Gu pilotari berriak sortzeko ari gara lanean, baina badakigu pilotari batek aurrera egingo badu enpresa handi horren begietakoa izan behar duela, bestela ez dela inora iritsiko!
Funtzionatzeko modu hori, gaur indartsuak diren enpresentzat ere bada arriskutsua: bihar enpresa handiago bat sartzen bada, hark aginduko du pilotan gertatuko den guztia. Oso bide okerrean dago pilota profesionala. Herri kiroletan ez dugu eredu horretan erori behar. Federazioen babesa eta kontrola da gure bidea.



Pottokak Hegoaldean zabaltzen ere egin duzu lan. Nondik pottokekiko kezka hori?
Herri kiroletan Iparraldekoekin harremanetan hasi ginenean deskubritu nituen pottokak, Hegoaldean guztiz galdua baitzegoen. 1972rako jada Ezpeletako Pottoka Elkartea lanean hasia zegoen, eta ikerketa bat ere aurkeztua zuten Frantzian pottoka arraza homologatzeko. Baita lortu ere. Egindako lan ederra ikusita, Iparraldekoekin harremanetan jarri eta pottokak Hegoaldera ekartzea pentsatu nuen. 1982rako Arabako eta Euskal Herriko Pottoka Elkarteak sortu genituen. Hegoaldean pottoka homologatzeko lanak, berriz, Madrilekin egin behar, zaldien eskumena Defentsa Ministerioarena baitzen, ez Eusko Jaurlaritzarena. Nire autoan koronel bi eta teniente koronel batekin pasata nago muga, haiei pottokak zer ziren erakusteko! Horrenbeste lan egin, eta homologazioa lortu genuen behintzat.
Pottokek ez dute haragitarako balio, baina ikusi genuen frantsesek hipika eskoletarako erabiltzen dituztela pottokak, umeentzat espeziala baita zaldiz ibiltzen ikasteko. Halaxe hasi ginen Espainiar estatuko eta Hego Euskal Herriko hipika eskoletara zabaltzen.
Beti gertatzen den bezala, inbidia sartu zen tartean, eta Bizkaiko Diputazioko teknikari batzuk (eurek ez dute kulparik, euren nagusiak baino) hasi ziren esaten pintoa ez zela pottoka, beltza bakarrik zela pottoka. Alegia, orain homologazio aldetik pottoka mota bat daukagula Iparraldean eta bestea Hegoaldean. Hori hanka-sartze galanta da. Pottoka bere sorreran nolakoa zen inork ez daki. Gure eskutan dago euskal zaldi ofizial bat egiteko aukera. Pottoka haurrei begira indartu dezakegu, eta haurrek 14 urtera arte koloreei erreparatzen diete. Hori da gure merkatua, eta gu geure buruari mugak jartzen! Hainbeste lan egin eta gero guk egindako bidea ebaki ziguten, eta nazkatuta utzi egin genuen. Gaur pottokaren egoera txarra da oso, hipika eskoletarako ez da batere salgarria.

Curriculuma
Jaio: Otxandion, 1945ean.
Bizi: Elosun (Araba).
Ikasketak: Kazetaritza eta gizarte graduatua. Zuzenbide ikasketak ere egin ditu hiru urtez.

Ibilbidea

- 1975az geroztik Vital Kutxan egiten du lan.
- 18 urterekin Radio Vitorian eta Norte Espressen hasi zen Otxandio eta Erandioko berri ematen. «Gaceta del Norte»n kirol kronikak idazten zituen.
- 1976an «Euzkadi» aldizkarian hasi zen idazten.
- 1983tik 1995era arte «Deia»n herri kirolen kronikak idatzi ditu.
- ETBn eta Radio Vitorian egun emititzen diren programarik zaharrenen aurkezle da: «Sustraia» eta «Araba Lur Bizia».
- Araban herri kirolak sustatzen lan handia egin du 70eko hamarkadatik hasita. 1977an lehen Arabako Herri Arteko txapelketa antolatu zuen.
- 1979an Euskal Herri Kirol Batzarrean parte hartu zuen, eta hortik sortuko zen Euskal Federazioa.
- Besagain pilota enpresako arduradunetako bat da.
- Arabako eta Euskal Herriko Pottoka Elkarteetako lehendakaria 1982tik 1993ra.
- Araba Buru Batzarrean izana hiru alditan.

Ikasten segi.
Otxandioko «Bulkano» futbol taldea fundatuta Gasteizera etortzen nintzen Federazioko batzarretara, 18 urterekin. Erdaraz justu justu egiten nuen eta beti lotsa nik, beti aparte.
Soldadutzan, sarjentu analfabeto bat agintzen ikusita, eta alfer hura tailerrean hamaika ordu lan egiten genuenok baino hobeto bizi zela pentsatzean, ikasketekin jarraitzea erabaki nuen, aurrera egiteko gure aukera horixe baita.

Aita Santuarekin

«Aita Santuarekin egona nago, æBurusoil UmoretsuakÆ Elkarteko Ohorezko Partaide egitera joanda. Elkarte hau estatutu eta guzti sortu genuen, gaur egunean gizonek zer konplexu eta txorakeria dituzten ikusita. Kortezubiko alkatea, Marko, da lehendakaria eta ni bigarrena. Biok joan ginen Erromaraino, Aita Santuarekin hitz egin ere bai, baina ez genuen Ohorezko Bazkide egin, ilea baduela ikusi genuen-eta! Zuri-zuria du, plantxa-plantxa eginda, eta soila dirudi baina ez da»

Bertsoa
Doinua:
Bogart eta Bilintx

Herri kirolen tratamendua
zabaldu egingo nuke,
hemengo hainbat ohiturarekin
parekatu behar luke.
Ezkontzatako trajeen antza
askotan hartzen digute,
okasiotan janzten dutena
itxura onaren truke,
gero erantzi, kutxan gorde ta
hurrenarte ahanzten dute.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Akabatzearen negozioa argitara

Hiltegietako irudiak publiko egiteak kaltea eragiten dietela jakitun, animaliak hiltzea negozio bilakatu duten arduradunek hermetismo handia ezarri dute hiltegien inguruan.


2018-10-21
Otegi eta Zapatero Txillarren elkartu dira, jendeari horrelako bilerak inporta zitzaizkionean bezala

Arnaldo Otegik eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok ezkutuko bilera egin zuten irailean Elgoibarko Txillarre baserrian. Bileraren xedea “elkar ezagutzea” zela esan duten arren, ezker abertzaleko iturriek Beranduegiri esplikatu diotenez, bi politikariek beren buruari egindako omenaldia ere izan da.


2018-10-21
Legioko ahuntzak idatzi du Casadoren diskurtsoa

Oso gutxitan erabiltzen dutela-eta, Espainiako Legioak erabaki du bere desfileetan parte hartu ohi duen ahuntza, Cientocincuentaycinco, birziklatzea.


2018-10-21 | Adur Larrea
Ez hanka ez buru
Behingoz edo garaia da

"Mitxoletak nahi ditugu", pestizida guztiak orain debekatzeko aldarria

Urriaren 5ean milaka pertsona bildu dira Frantziako Estatuko hirurehun hiri eta herri baino gehiagotako udaletxeen aurrean, "Nous voulons des coquelicots" (Mitxoletak nahi ditugu) deialdiarekin bat egiteko. Bi urte iraungo duen kanpainaren antolatzaileek ez dute huskeria eskatzen: pestizida kimiko guztiak debekatzea eta oraintxe bertan. Bioaniztasunaren hondamendiari eta gizakien pozoiketari behingoz erremedioa jartzea aldarrikatuko dute hileroko lehen ostiraletan.


2018-10-21 | Amaia Lekunberri
Ruben Collio aktibista maputxea
"Macarena lurraren defentsan borroka egiteagatik hil duten lehenengo emakume maputxea da"

Ruben Collio maputxeak (Santiago, Txile, 1976) itsasoa zeharkatu du Macarena Valdés ekintzailearen hilketaz jakinarazi eta nazioartean babesa lortzeko, salatzen duenez Txileko Estatuaren baitan maputxeentzat justiziarik ez baitago. 32 urte zituela hil zuten Valdés Tranguileko bere etxean, beraien bizilekuan zentral elektrikoa eraiki duen RP Global enpresa transnazional austriarraren auto batetik mehatxatuak izan eta egun batera. Macarenaren bikotekidea zen Ruben Collio, eta... [+]


Nerea Arriola. Txantxarik ez umorearekin
"Umorearen izenean ez dira gauzak banalizatu behar"

Sarritan gertatu zaio Nerea Arriolari; azkena, uda honetan bertan: ezezagunak hurbildu zaizkio, zaleak, bera zelakoan Idoia Txoperena, Supertxope, euskal youtuber sonatua. Hura, baina, kanpaina politiko baterako propio pentsaturiko pertsonaia zen [Hiru Damatxo ideia faktoriak egin zuen kanpaina, Sortu alderdiarentzat]. Arriola, berriz, Supertxope gorpuztu zuen aktorea dugu. Eta erizaina. Eta bakarrizketa-egilea. Eta…


2018-10-21
Nerea Arriola Urberuaga (1988, Donostia)

Erizaina da lanbidez, baina antzerkian ibili da betidanik, Zurriolako Ikastolako antzerki-taldean. Berak eman die gorputza eta ahotsa Supertxope euskal youtuberrari eta Info7 irratiko Dolores Mujika Dolox pertsonaiari. Duela bi urte egin zuen lehen bakarrizketa, eta besteak beste, zeregin horretan dabil orain han eta hemen. Aurten bukatu du antzerki-prestakuntza, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean (TAE).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude