BAT


2003ko maiatzaren 23an
Bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, ez gal. Gure odol beroa, bizi dadin gure Xiberoa. Hala zioten Guk taldekoek beren kantu batean. Eta hara non, Udalbiltzak haren aldeko ekimenean bildutako sosa xahutua izan den Garzonen aginduz. Ez dakit nik, joan hamarkadan Espainiako Gobernuak euskalgintzaren aurka daraman gurutzadan lapurtutako ondasunen zenbatekoa kalkulatua ote dugun. Herria urratska, korrika, kilometroka, oinez egin ibilbidetan bildutakoa du xede zelatan daukagun munstro gosetiak. Guk eraiki, hark hertsatu, deuseztatu. Bere besoak gerritik behera lotuta dituen boxeolariarena egiten ari garenaren antza hartzen diot nik gure jardunari, hartu eta hartu, txokora joan, ur hutsez hornitu, bekainak, matrailak eta sudur ingurua azalez txukundu eta berriz hartzera. Jesusenak eta bi hartu ondoan, etsaiak entrenatzen jarraitzea ere debekatu eta gure alde txokoan omen dauzkagunak haren joko arauak beteko dituztela esan, eta onartzea omen dugu kalte gutxieneko egokiera. Joko arauak errotik aldatu edo etsaia beste kirol batetara behartu ezean, onenean, etsaiak berak guretzat propio eraikitako ospitale bateko urgentziazko gela izango dugu elkargune, eta "odolberoen" sala etxe.


Eguneraketa berriak daude