Erreseinak 

1891. alea
2003-03-16
alde 0    kontra 0
ANTONIO BOLAS

Joxantonio Ormazabal
ELKAR

164 orrialde
8,50 euro


ZEGAMAR BATEN GEZURREN XARMA

Gezurrak esateko artearen jabe zen, dudarik gabe, Antonio Irigoras Agirre zegamarra, ezizenez «Gezurti», «Gezurtero» edota «Bolas» bezala ezagunagoa. Eta Joxantonio Ormazabalek ilusio handiz jaso ditu bere jaioterriko gizon berezi horren ateraldi xelebreak. Horretarako, etxez etxe ibili zen Zegaman, Antonio «Bolas»ek esan zituen gezurren bila, eta baita pila ederra jaso ere. Gero, gezurrak politagoak liratekeela marrazkiekin eta, Jesus Lucasi eskatu zion haiek irudikatzea. Izan ere, Antonio Irigoras Agirre «Bolas»ek asmatzen zituenak ez ziren txantxetakoak! Adibidez, hark serio-serio esaten zuenez, bazuen seme bat bera baino zaharragoa. Eta urte batean hiru uda pasa zituen frantsesa ikasten. Etxeko ganbaran gordeta zeukan hegazkina, eta halako batean hegazkin horrek umeak egin zizkion. Afrikan soldadu ibili zenean, paraxutik ez eta aterkia zabalduta salto egin zuen hegazkinetik. Noizbait lanean aritu zen ere: Ordiziako igerilekuan baldosak jartzen... baina igerilekuari urik kendu gabe. Gauza harrigarriagorik ere egina zuen gizonak, halere, errekak su hartu zuen batean, gasolinarekin itzali baitzuen! Beste behin...

ZORTZI KONTAKIZUN
Isaac Bashevis Singer
ALBERDANIA/ ELKAR
225 orrialde
11,20 euro


YIDDISHEZ IDAZTEN ZUEN NOBEL SARIA

Isaac Bashevis Singer, 1978ko literatur Nobel saria, XX. mendeko kontalari hoberenetako bat da, eta yiddishez mintzo den herri baten istorioak jaso zituen, idazle poloniar judu honek desagertutako mundu baten berri eman nahi baitzuen. Hain zuzen ere bere «Zortzi kontakizun» euskaratu ditu Koro Navarrok. Yiddisha, Singerek bere idazlanetarako hautatu zuen hizkuntza, Europako Ekialdeko komunitate juduen hizkuntza da, goi-alemanieraren aldaera, hebreerazko hitz asko ere badituena. Oharkabean hiltzen ari zen hizkuntza eta kultura hau, holokaustoaren eta baita Stalinen biktima ere izan zelako. Halaber, Israelgo estatuaren biktima ere izan zen, hebreera hautatu zelako israeldarren batasunaren hizkuntza izateko.

JAKIN, 134
Batzuen artean
JAKIN
142 orrialde
8,40 euro


2001EKO EUSKAL LIBURUGINTZA AZTERGAI

Hogeita bost urteko eskarmentua du Joan Mari Torrealdaik urtero euskal liburugintzaren azterketa egite kontu horretan. Eta «Jakin» aldizkariaren 134. zenbakian, besteak beste, 2001. urtean euskaraz argitaratutako liburuen katalogoa eskaintzeaz gain, urte horretan sortu ziren euskal liburuen ekoizpenaren azterketa eta balorazioa ere osatu du, honako alderdi hauek landuz: argitalgintzari dagokionez, liburu ekoizleen aniztasuna eta argitaletxe emankorrenen aipamena; argitalpen zifren inguruan, argitaratutako tituluen zifrak, nobedadeak eta berrargitalpenak, jatorrizko eta itzulitako liburuak; eta, azkenik, gai multzoen sailkapenari buruzko datuak eta azterketa.

TXARA TXIKIA
Antton Kazabon
IBAIZABAL
66 orrialde
7,81 euro



OINUTSIK IBILTZEA GUSTUKO ZUEN NESKA

Oinutsik eta galtza motzetan ibiltzea gustuko zuen neska txikiaren istorioa kontatzen du Antton Kazabonek «Txara txikia» liburuan, Arrastaluk eginiko marrazkiak lagun dituela. Armairuak lehertzeko zorian zituen, oinetakoz gainezka, eta kolore, neurri, marka, eta mota guztietako pirata galtzak ere bai, baina Txarak, janztekotan, gehienez ere abarkak ipiniko zituen, eta galtza luzeak janzten bazituen, behetik gora igoko zituen berehala. Amonarekin bizi zen neskato hori, bere gurasoak beti lanpetuegi zebiltzalako, eta baita ama eta amona ez zirelako ondo konpontzen, ama-alabak baziren ere. Berak izugarri maite zituen bai amona eta bai gurasoak, eta irrikitan zegoen elkarrekin noiz joango ote ziren bizitzera. Itsasoak arazoaren konponbidea eman zion arte.

EUSKAL KRITIKA, GAUR

Batzuen artean
EUSKO IKASKUNTZA

306 orrialde
14 euro


EUSKAL KRITIKAREN INGURUKO LANAK

Mari Jose Olaziregi eta Aurelia Arkotxak zuzendutako edizioan Eusko Ikaskuntzak euskaraz, gazteleraz eta frantsesez plazaratu duen liburu honetan, euskal literatur kritika eta honen garapenaren hausnarketa egin asmoz 2000. urtean egindako jardunaldietara aurkeztu ziren zortzi ponentziak bilduta daude. Orduan, literaturaren eta kritikaren irakaskuntza Euskal Herrian izan zuten hizpide, batetik, eta hor, Jesús María Lasagabaster, Mari Jose Olaziregi eta Patri Urkizuren ekarpenak eman ziren. Bestetik, literatura genero edo modalitate desberdinen inguruko unibertsitate-ikerketak ere aztertu ziren, Jon Casenave, Xabier Etxaniz, Jon Kortazar, Ana Toledo eta Patri Urkizu unibertsitate irakasleen diagnosia zela bide.

SEXUKETAN

Aitor Arana
HIRIA
104 orrialde
10,75 euro



SEXU JOLASAK GAI DITUZTEN NARRAZIOAK

Sexu jolasak dauzkate oinarri Aitor Aranak «Sexuketan» izenburuko liburuan azaltzen dituen bederatzi narrazioek, baina bere alde lizuna baduten arren, gehiago dute fantasiazko egoeretatik. Esan nahi da, narrazio bilduman agertzen diren sexu jardun, maitemintze eta bizipen sexualak fantasiaren alorrean kokaturik daudela. Aitor Aranak, testu erotikoak eta are pornografikoak idazten dituenean, ez du gogoko testuinguru jakin batean mugatuta ibiltzea (beti larrujotzeak azalduz, kasu), zerbait berria eskaintzea baizik. Adibidez, amona maitagarri baten ezusteko mendekua, bere burua baino maite ez duen gaztearen amarruak, jende ikustezinarekin sexu harremanak dituenaren gozamena, mamu bilakatu ostean irakasle zahar batek egiten dituenak...

EL LIBRO DE LA SALUD Y LOS ALIMENTOS

Jesús Llona Larrauri
TTARTTALO

204 orrialde
19,40 euro


OSASUNTSU BIZI AHAL IZATEKO JAKIAK

Zer jan eta edan beharko genuke osasuntsu bizi ahal izateko? Galdera horri ematen dio erantzuna Jesús Llona Larraurik Ttarttalo argitaletxearen bidez plazaratu duen «El libro de la salud y los alimentos» liburuan. Sabela betetzeko erabili ohi dugun janariak gure osagarririk onena izan behar duelako, osasunean eta elikaduran aditu den gizon honek gai hauek azaltzen ditu: besteak beste, giza gorputza nolakoa den, diabetes izanik zer jan, baratxuriaren eta beste elikagai batzuren onurak, euskal sukaldaritzako hainbat plater gozo, hanburgesa osasuntsuak, ogitarteko bikain eta osasuntsuak egiteko ideiak, minbiziari aurre hartzeko jan beharko genituzkeenak, eta 55 urte bete eta gero osasuntsu ibiltzeko egitea komeni dena.



Facebook  Twitter  Delicious  Digg 
azala  
azala1890
 
azala1889

1891 zenbakia.
2003ko martxoaren 16a

   
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys