OTSO ULUAREN ITZULERA


2003ko martxoaren 16an
Oraindik sinesgaitza egiten zaigun arren, guztiz egiazkoa da entzuten den notizia harrigarri hori, bai, otsoa berriz ere gure artean da! Amaitu dira artzainen lasaitasun gauak, otsoak euren lurraldeak berreskuratzeko asmoarekin itzuli baitira eta inoiz baino gosetiago daude ardi-taldeen usainean.

Baina, otsoaren itzulerak sentimendu kontrajarriak piztu ditu guztiongan, otsoak etxe-azienda erasotzen baitu. Eztabaida pil-pilean dago, itzulera hau dirudienez, ez da denon gustukoa eta gertatutako otso-erasoen aurrean hartutako neurriek, askoren haserrea piztu dute.
Euskal Herriko lurretatik otsoa desagertutzat jotzen zen orain urte gutxi arte, lehen otso-erasoak agertzen hasi ziren arte. Datu ofizialen arabera, 1923an Urbasan, Zunbeltzen, hil zuten azken otso alea. Baina geroztik tartekako agerpenak egin ditu. Bizkaia eta Arabako mugetatik sartzen dira Euskal Herriko lurretan, Burgos eta Kantabria aldetik. Zenbait gunetan otsoaren presentzia konstantea da, bertara egokitu da. Karrantza eta Gorbeia inguruetan dabil, adibidez. Foru Aldundien arabera, joan den urtean 79 otso eraso baino gehiago jasan ziren eta 43 abeltzain dira eraso hauek pairatu dituztenak.

Otsoak beste behin ere, ingurune berrietara egokitzeko gaitasuna erakutsi digu, egozten zaion moldagarritasuna erakutsi du. Leku baztertuagoetan bizi izan bada giza presioagatik izan da dudarik gabe. Otsoaren hedakuntzan lagungarri izan diren arrazoiak honakok dira: batetik, baso berritzeak ugariak izan dira joan den mendean, lehen nekazaritzarako lurrak izan zirenak baso bihurtu baititugu; bestetik, otsoentzako hain erakargarri diren orein eta orkatza bezalako basa fauna asko emendatu da.


PREST AL GAUDE OTSOAREKIN ELKARBIZITZEKO?

Abeltzainak haserre bizian daude emandako diru laguntzak nahikoak ez direlakoan. Foru Aldundiek emandako baimenen bitartez, kontrolatutako uxaldiak egin dira, beste behin ere otsoaren ehiza burutu da. Hau guztia dela eta, noski, hainbatek ezadostasun osoa azaldu du: otsoaren gupidagabeko jazarpenera itzuli behar ote dugu bada! Ez dirudi irtenbide erraza duenik.
Bestalde, otsoa ez da agertzen, Euskal Autonomia Erkidegoko espezie mehatxatuen zerrendan. Badirudi, desagertutzat jotzen dela animalia hau. Bestelako neurriren bat ere hartu beharko litzateke otsoa babesteko. Era berean, artzaintzaren bideragarritasuna ziurtatu behar da. Beraz, plangintza zorrotzak burutu beharko dira nahi eta behar desberdinak bete daitezen.


AMERINDIOAK ETA OTSOA

Gutxi dira mitologian hain tratamendu txarra jaso duten animaliak, eta duda izpirik gabe otsoa horietako bat izan da. Krudelkeriaren eredu, ume-umetatik erakutsi zaizkigu otsoaren aurkako jarrerak, ipuinak aztertzea besterik ez dugu horretaz jabetzeko.
Antzina-antzinatik izan du gizakiak otsoa inguruan, historiaurreko aztarnategietan jada baditugu horren erreferentziak. Gertutasun hori baliatuz, erraza izango zen otso kumeren bat jaso eta gizakiaren babesean heztea. Horrela lortu ziren lehen animalia etxekotuak. Honela, oso antzinatik azaltzen da zakurra gure artean, gizakiaren lagun fidel eta otzana. Baina arazoa, lehen ardiak etxekotu zirenean hasi zen, hemen hasi baitzen gizaki eta otsoaren arteko borroka amaigabea. Geroztik, otsoak jazarpen gogorra jasan behar izan du gizakiaren eskutik, herrialde askotan guztiz desagertzeraino. Espainiako Estatuan gutxi gorabehera 2.000 ale inguru daude. Mundu mailan, gehienak, Amerikako iparraldean, Europako ekialdean eta Asian daude.

Harrapakari eder eta galant hauek sozialki oso konplexuak dira, eboluzio maila altua azaltzen dute. Baina orokorrean, ez dira historian zehar ondo tratatuak izan, ez dira ulertuak izan azken finean. Bada kultura berezi bat ordea, gutxik bezala ulertu eta mirestu izan duena otsoa; amerindioen kultura, hain zuzen. Tribu nomada haietako ehiztariek anaia moduan hartzen zuten otsoa. Gainera, kondaira askoren arabera, amerindioen ehiza teknikak otsoarenean oinarrituta zeuden.
Otsoek denbora gehiena ehizari eskaintzen diote. Beti ere taldean burutzen dute ekintza eta taldekide bakoitzak zeregin propioa betetzen du. Ehizakia etsipenera arte jarraitzen dute eta ondoren, erasoa burutzen dute otsoek. Horixe da ehiza teknikaren funtsa. Zakurrak ez bezala, otsoak, isiltasunaren babesean jarduten du eta harrapakina lepotik heltzen saiatzen da. Otso ulua, ehiza ondorengo kokalekua finkatzeko egiten omen dute. Lurraldetasuna ere azpimarratzen dute uluaren laguntzaz. Otsoaren harrapakin izan daitezkeenei ezezik, gizakioi ere heldu zaigu otso ulua

CANIS LUPUS
Otsoa, kanidoen familiako ugaztun eder hau, itxura aldetik, zakur handi baten modukoa da, nahiz eta buru handiagoa eta borobilagoa duen. Zakurra baino belarri motzagoak ditu, beti erne, inguruan gertatzen denaz jabetzeko. Ikusmena ere modu berean oso garatua dauka eta begirada misteriotsua du, beharbada euren inteligentzia handiaren adierazle. Usaimenak ere, nola ez, puntako garapena du eta aurkari nagusia, gizakia, distantzia luzera nabarmentzen du. Ehiztari ona izateko ezaugarri bikainak ditu. Lepo sendo eta iletsua du, baita hankak ere, ehizakia harrapatu nahi badu behintzat beharrezkoak ditu.

160 cm-ko luzera har dezake, eta altuera 70 eta 80 cm bitartean. Arra 40 kg ingurukoa izaten da eta emea 30 kg ingurukoa.
Historiak ibiltari gautiarra izatera behartu du otsoa, nahiz eta neguan, inoiz, egunez ere ikusi ahal den. Egunsentian ere hor izango dugu zelatan, animalia goiztiarren bat erasotzeko gertu.
Bere lurraldetasuna ondo defendatzen du modu ezberdinetan: leku jakinetan gorozkiak utziz edo txiza eginez adibidez, lurra aztarrikatuz, uzki guruinen jarioen bidez edo bere burua landare eta arrokekin igurtziz, usaina uzteko moduan.
Otsoak harrapakari sena oso garatua dauka eta, nola ez, karniboroa da. Herbiboro handien ehiztaria da ordea. Orkatzak, azeriak, untxiak eta erbiak gustuko ditu. Eta guztiok dakigun bezala, elikatzeko modu errazagoak ere aukeratzen ditu etxe-azienda erasoz. Gosea badu inoiz sarraskijalea ere bihurtzen da. Harrigarria da nolako haragi zati handiak irensteko gaitasuna duen. Bere liseri aparatuak inongo zailtasunik gabe liseritzen ditu.

Izatez animalia soziala da, talde zalea, baina batzuetan bakarka ere bizi ohi da. Taldea hierarkizatua egoten da. Mailak ez dira soilik indarraren arabera ezartzen, otsoaren izaerak eta inteligentziak garrantzia handia baitute. Azken finean, liderraren ezaugarriak gainjartzen dira, ikertzaileentzat ere ulergaitza baldin bada ere.
Otsoaren araldia eta estalketak abendutik martxora bitartean izaten dira. Estalketa eta gero 10 asteren buruan emearen erditzea etorriko da. Horretarako txoko ezkutu eta lasaiak bilatu ohi dituzte. Hiru otso kumetik zortzira bitarteko kopurua izaten dute emeek. Ardura handiz esnez hornitzen ditu, era berean arrak emea zainduko du, emearentzako ehizatuz. Gurasoen zaintzapean otso kumeak azkar hazten dira, hilabete batzuk dituztela hasten dira ehizean ikasten. Eta segituan izango dira prest gurasoengandik banantzeko. Urtebetean lortzen dute heldutasun sexuala.

Otsoaren bizitzan ehiza oso garrantzitsua da eta ekintza honi esker lortu du otsoak halako garapen maila altua zentzu askotan, baina bereziki inteligentzian. Badu otsoak gaitasun berezia ahulezia detektatzeko, ehizean beti animalia ahulena erasotzen du, zaharrena, gaixo dagoena edo gaztetxoena. Borrokaldiak ere ez dira falta izaten beraien talde lanean eta inoiz nagusitasuna lortzeko ere izaten dituzte borrokak


ASTEKARIA
2003ko martxoaren 16a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude