HAMAR PERTSONA, HAMAIKA BIZIPEN

  • Eurek eta euren familiarrek nola dauden kontatu digute.Testuak: Erredakzioa

2003ko martxoaren 16an

JOAN MARI TORREALDAI

Larunbatean egon zen Beatriz senarrarekin. Goizeko 9:00etan egin zion bisita Soto del Realen. Hitz egiten hasi bezain pronto, Torrealdai ondo dagoela esan digu, nahiz eta kartzelako moduluan bera bakarrik dagoen, hau da, "Euskaldunon Egunkaria"ren afera dela-eta atxilotutakoak ez daude berarekin. Hala ere, bost euskal preso aurkitu ditu moduluan. Ingelesa ikasteko materiala hartuta joan zen Beatriz emaztea, baina ez diote utzi sartzen. Hori bai, "Egunero" eta "Gara" irakurtzen ditu eta hunkituta dago jendeak izan duen jarrerarekin. Oraingoz ez dauka bestelako ezer irakurtzeko gogorik. Eskutitzak jasotzen hasteko irrikaz dago.
Atxilotuta egon zen egunetako gauza handiegirik ez du kontatzen. Gogorra izan zela azpimarratzen du, baina zehaztasunetan sartu gabe. Beatrizek uste du, agian, bera gehiegi ez larritzeagatik ez duela ezer kontatu nahi.
10 eta 12 urteko bi haurrekin igandean hitz egin zuen telefonoz. Beatrizen ardura nagusia bi haurrak babestea da orain. Joan Mari heldua eta gogorra dela dio, baina haurrak txikiegiak direla gertatutakoa ulertzeko.
Beatrizek nabarmendu digu Joan Mariren eta familiakoen partetik beraiek babestu dituzten guzti-guztiei eskerrik beroenak luzatzeko.


TXEMA AUZMENDI

Txema Auzmendiren ilobarekin, Miguel Angelekin, hitz egin genuen larunbatean, Soto del Realeko espetxean osaba bisitatu ostean. Oso animatua aurkitu zuen, bi hitzetan: "Bere saltsan". Txema Auzmendi jesuitak gizarte laguntzaile lana burutu ohi du Martuteneko espetxean eta honela esan zien senitartekoei: "Martutenen azkenaldion ez zidaten sartzen uzten eta hara, hemen ari naiz lanean". Txema eukaristia ematen ari da eta aitortza hartu die hainbat presori. Euskara eta alemana ere erakusten omen dio hainbat presori.
Txema Auzmendi, bi arreba, koinatua eta Miguel Angel ilobarekin egon zen hogeita hamabost minutuz. Ostiral honetan pasako da epailearen aurrean. Moralez oso ondo dago, ez da batere urduri, ezta libre gelditzeko irrikitzen. "Espetxetik ateratzen banaiz ondo, bestela lasai", esan zien senideei. "Euskaldunon Egunkaria"ren aferan atxilotutakoak erabaki politiko baten ondorioz espetxeratuak izan direla dio. Kontzientzia oso lasai eta garbi omen dauka, ez du ezertaz damutzerik, ez duela inolako deliturik egin esaten du, eta gainontzeko atxilotuei buruz berdin pentsatzen du. Beraz, askatzen badute ongi, bestela aurrera. Azkenik esan, senitartekoek adiskide askoren elkartasunezko hitzak helarazi zizkiotela Txema Auzmendiri.


XABIER ALEGRIA

Xabier Alegria ikusi eta ordu batzuetara hitz egin genuen Itziar bere emaztearekin. Ondo aurkitu omen zuen, aurreko astean baino hobeto, Xabier oso gaizki geratu baitzen guardia zibilen eskutik pasa ondoren. "Hobeto baina oraindik oso baxu dago, oso urduri. Bisitei aurre egiteko beldurrez", esan zigun Itziarrek. Itziar berrogei bat minutuz egon zen Xabierrekin beste bi senideekin batera, baina kristal baten bitartez baino ez zuten elkar ikusi. Bis a bis-arik ez diete onartu orain arte. Martxo honetako 29an Xabierrekin eta haurrekin egoteko baimena eman diete.
Xabierrek medikazioa dauka, libratzeko arazoak ditu, alegia, sabeleko arazoak ditu eta medikazioa eman behar izan diote. Xabierrek jasan izandako tratu txar posibleez ez du txintik esaten. Bere egoerari buruz oso gutxi hitz egin da prentsan. Itziarrek esan zigunez, dakiten bakarra Xabierrek Martxelori eta abokatuei aitortu ziena da. Eta Itziarrek Martxelok esandakoaz dakiena zera da: "Xabierri poltsa egin zioten eta bere burua blokeatuta dauka".
Gaurko bisitan ez dute gaia aipatu. Horretaz hitz egiten hasten denean mingaina koskatzen baitu Xabierrek. Lasai egoteko esaten diote, ateratzen denean hitz egingo duela. Bere buruaren estima lurretik dauka. Xabier atxilotzen duten hirugarren aldia da. Aurreko bi alditan ez omen zuten torturatu, galdeketa gogorrak jasan zituen, aldi honetan torturatu dute ordea.
Azpimarratzekoa da, azkenik, Xabier Alegria 90.152 euroko (15 miloi pezetako) fidantza ordaintzen ari zela atxilotua izan aurretik, eta orain, espetxean egon arren, ordaintzen segitzen duela.


IÑAKI URIA

Galdu samar aurkitu zuten senideek Iñaki Uria igandean. Aldatua zuten kartzelaz eta oraindik tokia hartu gabe zegoen, ez zuen jendea ezagutzen. Bisita izandakoan esan zioten 4. moduluan sartuko zutela. Kasualitate hutsez lortu zuten arrebak eta senideek bisita burutzea Aranjuezeko kartzelan.
Uria animoz ondo dagoela esan behar, beretzako baino besteentzako baititu animoak. Marian arrebak esan digu bi mezu luzatu nahi dituela Uriak: Animo "Egunero"! eta Aurrera "Egunkaria"! Langileak, akzionistak eta baita irakurleak ere gogoan ditu Uriak. Surfisten moduan, olatu hau aprobetxatu behar dela nabarmendu du Uriak.
Joan den astean «zerura jaitsi» zirela omen dio Uriak eta orain berriz, errealistagoa da. Bi gau egin ditu ingresotan eta kartzelatik kartzelarako mugimendua hasi da. Orain, kexatzen hasi omen da, baina badaki pazientzia kontua dela.


XABIER OLEAGA

Gema emazteak larunbatean zeukan bisita kartzelan senarrarekin eta haurrekin joan zen. Bi orduz egon ziren elkarrekin. Hunkigarria izan zela dio Gemak. Haurrak oso pozik jarri ziren aita beti bezala ikusi zutelako. Gemak berriz, oso ondo ikusi zuen senarra, burua hotz zuela. Hasieran urduri zegoen enkargu asko zituelako emazteari emateko, baina behin betebehar horiek kunplituta lasaitu zen. Herriko kontuak galdetzen ditu eta mobilizazioak kontatuta begiak zabalik geratu omen da, ezer esan gabe. Ikastolako egoeraz ere galdetu du eta baita Xabier Alegriari buruz ere. "Oso gaizki ikusi nuen" esaldia behin eta berriz esan omen zuen. Azaldu zaio Alegriaren egoera zein den eta lasaitu da. Liburu mordoa eskatu du eta baita Athleticeko kamiseta ere bai. Lasai dago Oleaga, eta badaki pazientziaz hartu behar duela hau dena. Emazteak esan digu kartzelako erritmora oso ondo moldatu dela, datorren hilabeterako bisita guztiak berak lotu baititu eta orain, zelda garbitzen ari da, oso-oso zikina dagoelako. Une okerrenak atzean utzi ditu, sufritzeko bakarrik balio duten 2-3 egunak (atxilotuta zegoenekoak) ez dizkio emazteari kontatu (abokatuari eta epaileari bai) eta trasladoak ere ez direla ederrak izan aitortu du klaustrofobia baitauka.


MARTXELO OTAMENDI

Badira bi aste "Euskaldunon Egunkaria"ko zuzendari den Martxelo Otamendi Soto de Realetik atera zela. Animikoki ondo dagoela esan digu, baina baita oso haserre eta bere onetik aterata ere. Izan ere, "Euskaldunon Egunkaria"ren itxierak, bertako langileez gain, jende ugari kaltetu du: harpidedunak eta irakurleak komunikabide hori gabe geratu dira eta herri honetako enpresa eta eragileek komunikabide bat gutxiago dute euren ekimenen berri emateko. Otamendik adierazi digunez, '"Euskaldunon Egunkaria' itxi dute, baina beste komunikabideak ere jo egin nahi izan dituzte: ARGIA, "Jakin", Ikastolen Elkartea...».
Inkomunikatuta zegoela jasan zituen torturengatik suminduta dago Martxelo, hala ere, haiek salatzeko asmo irmoa du. Horrexegatik, batetik bestera dabil: Bartzelona, Girona... Komunikabide ugaritan ikusi ditugu hari egindako elkarrizketak. Joan den astean eta aste honetan bertan Katalunian izan da "Egunkaria"ren itxiera eta tortura salatzen. Hango komunikabideetan elkarrizketak eman ditu, Kataluniako 75etik gora kultur, gizarte eta politika elkartek sustatutako Plataforma per l'Egunkaria ekimenaren arduradunekin bildu da, baita nazioarteko PEN Internationaleko ordezkariekin. "Kataluniako elkartasun mugimendua ikaragarria da", adierazi digu Otamendik.
Hara eta hona ibili arren, beldur fisikoa du "Egunkaria"ko zuzendariak. Mehatxatu egin zuten atxilotuta zegoela eta ez da gauez ateratzen, Tolosako (bere herriko) inauteri famatuetan ez zen atera adibidez. "Lo ondo egiten dut, baina beldur fisikoa dut. Neurri prebentibo bat da gehiago, sekuela fisiko bat baino", esan digu. Une honetan, amesgaizto hau lehenbailehen bukatu dadila du buruan: "Ahalik eta azkarren atera ditzatela atxilotuak, euskalgintzak behar baititu. Bereziki Pello, bere egoerak asko kezkatzen nau. Astakeria bat da bera Sotora eramatea. ‘Egunkaria’ ireki ezin bada, ea ahalik eta azkarren proiektu sendo batekin aurrera egiten dugun eta beste egunkari bat sortzen dugun".


FERMIN LAZKANO

Fermin Lazkano Plazaguneako gerenteak adierazi digunez, oraindik harridura gainetik kendu ezinda dago, pasatutako uneak nolakoak izan diren sinestezina zaio. Ia bi aste izan ditu gertatutakoa razionalizatzeko eta horretan dabil: "Erasoa ez da pertsonala izan, 'Egunkaria'ren aurkakoa baizik. Gu erdian harrapatu gaituzte, 'Egunkaria' ixteko argumentu bat behar zutelako". Bestalde, Lazkanok ez du ulertzen nolatan jokatu duten Martxelo Otamendirekin eta Pello Zubiriarekin ezberdin, biek garai ezberdinetan bada ere lan bera egin baitute. Lazkano kezkatuta dago barruan daudenengatik: "Inork ez du egozten digutena egin, hori ziurtatu liteke gainera. 'Egunkaria' moduko enpresak oso zabalak dira eta dena agerian egiten da". Aurrera begira, egoera pertsonalak lehenbailehen zuzen daitezen eta "Egunkaria" aurrera atera dadin espero du.


LUIS GOYA

Egoera normalizatzen saiatu den arren, Luis Goyak, aske geratu zen egunetik "bolatuta" ibili dela aitortzen du, egunero "albiste berriren bat etortzen delako: Txema Auzmendirena, Pelloren espetxeratzea...". Sumarioa ireki arte, ez omen da posible izango "horren atzean ongi zer dagoen" jakitea. Eta horrek ez du Goya gehiegi lasaitzen: "Uste dut oraindik ere sorpresa berriak iritsiko zaizkigula", dio.
Bestela, psikologikoki, indartsu dago Goya, "animoso". Nahiz eta lanean dagoenean nekatu egiten den eta "buruak beste norabaitera alde egiten" dion. Jendearen jarrerak lagundu dio neurri handi batean indarra hartzen. Izan ere solidaritate handia aurkitu du herrian eta herritik kanpo: "Bi gutun jaso ditut. Bidaltzaileetako batek telefono aurkibidean topatu zuen nire helbidea. Euskaraz AEK-n ikasitako emigrante batek idatzia zen. Eta esaten zidan ohore handia zela berarentzat niri idaztea. Animoak emateaz gain, beti ez dutela besteek irabaziko esaten zidan".
Hala ere, kezkatua dago atxilotuta dauden sei pertsonekin. Izan ere, gertatutakoa "hasiera bat besterik ez" dela uste du. Horregatik, guztiok oso erne egon beharko genukeela dio.


INMA GOMILA

Lehenbailehen bere biziko betiko martxa hartzen saiatu da Inma Gomila. Horrek gertatu den guztia burutik kentzen laguntzen dio, bestelakoan "hondoratu egingo nintzatekeelako". Gainera, lanak berak eskatzen dio betiko martxa errekuperatzea, izan ere, lan asko du pilatuta.
Baina gertatutakoak aztarnak utzi dizkio nahita nahiez. Nabarmenenak fisikoak dira. Ez dago oraindik "normal". Jasandakoak "faktura pasa dio". Esate baterako, esfortzu handiagoa egin behar du lanean kontzentratzeko. Baina psikologikoak ere hortxe daude. Orain, zalantzaz baina, "ondo" dagoela dioen arren, lehenengo egunetan beldur handia pasa zuen eta ez zen kalera bakarrik ateratzen ausartzen. Bestelakoan, familiak nabaritu omen du gehien jasandakoaren ondorioa: "Gurasoak adinekoak ditut eta oraindik ez daude errekuperatuak. Eta haurrengan ere ondorioak nabaritzen dira"

Pello Zubiria espetxean da joan den astetik
Joan den ostiralean, hilak 7, Malores Etxeberria Pello Zubiriaren emaztea Madrilgo Gregorio Marañon Ospitalean sartu zen arratsaldeko 17:00etan, Pellori eguneko bisita egin asmoz. Nortasun agiria erakutsi eta normala baino denbora luzeagoa eduki zuten zain. 17:15etan Pello esposaturik zeramatela ikusi zuen pasilloetan. Lehenik Pellok eskatu zuen besterik ez bazen emaztearekin 5 minutu egoteko aukera. Gero Malores Etxeberriak eskatu zuen senarrari agur esateko aukera. Ezezkoa eman zieten biei.

Ordutik Pello Zubiria Soto del Realeko espetxean da. Bertara egindako lehen bisitan, igande arratsean, jakin ahal izan zuten senideek espetxeko erizaintza psikiatrikoan dagoela Zubiria. Berriro ere, Pelloren egoera gaixotasun mentalekin lotu nahi izan dute, baina, behin eta berriro errepikatu den bezala, espondilitis ankilopoietikoak ez du zerikusirik gaixotasun mentalekin.
Pello Zubiria egoera berrira egokitzen ari da espetxeko lehen egun hauetan. Familiak astean behin 40 minutuz bisitatzeko aukera izango du, espetxeratutako gainontzekoekin gertatzen den bezalaxe. Emazteak oraindik ere oso argal sumatu zuen lehen bisitaldi horretan. Oraindik ikusteke dago kartzelan zein dieta egin ahal izango duen eta zein botika hartzeko aukera izango duen.
Printzipioz, ostiraleko kartzelaratzeak ez zuen esan nahi espetxeratuak baldintzapean aske uzteko errekurtsoa baztertuta zegoenik. Baina, asteburua horren zain egon ondoren, astelehen goizean jakin izan zen helegitea bertan behera bota zutela

J. Iñakiren Egunkaria
Martxoaren 2ko alean J. Iñaki Etxezarretak dioenez, Joxemi Zumalabek hiru traba aurrikusi zituen "Euskaldunon Egunkaria"ren proiekturako: "Ezker abertzalearen agintarien baimena, euskalgintzaren baitako gutxieneko adostasun zabala eta botere publikoan zeuden abertzaleen mesfidantza". Ondoren hiru faktoreok banan bana baloratzen ditu: "Bistan da lehena lortu zuela, bigarrena Egunkaria bere eguneroko praktikarekin eskuratuz doala eta hirugarrena eginkizun dagoela". Etxezarretak esaten duenaren kontra, nik garbi daukat lehena ez zela osoki lortu (ugari dauzkat kontrako datuak, ezker abertzaleko egiturek eta pertsona pisudunek kontra emandako iritziak), bigarrena jo eta pasa egin duela "Egunkaria"k, eta hirugarrena ere berak desira lukeena baino handiagoa daukala. Azken bi balorazioen froga gisa, bihoazkio hamar egunotako adierazpen eta ekintzak.

Beharbada, iraganaren hautsak larregi harrotu barik, hauxe argitu beharra dago: "Egunkaria"k duela hamahiru urte izan zituen bi "traba" (alegia, faktore saboteatzaile aktibo) nagusiek izen-abizenak dituztela: Joseba Arregi eta J. Iñaki Etxezarreta. Besteak beste, orduan, batak zein besteak "Euskaldunon Egunkaria" ez zen egunkari bat egiteko proiektu propioak zituztelako


ASTEKARIA
2003ko martxoaren 16a
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude