LEHIARAKO ARRAZOIAK


2002ko urriaren 20an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Idazle gehienen ageriko idazle bizitzan atzera eginez gero sariren batekin egingo duzu topo. Ia beti agertzen da sariren bat hasieran. Literatura lehiaketak jendaurreko aurkezpenerako plataforma baino zerbait gehiago ere badira, ordea. Banidadeagatik bidaltzen dituztela lanak aipatu izan du bakarren batek, promozio bila abiatzen dira batzuk, errekonozimendu eske beste batzuk eta ezin ahaztu arrazoi prosaikoa: diruz ondo hornitutako lehiaketa dezente antolatzen dituzte erakundeek. Idazle bakoitzak ditu bere burua lehian sartzea erabakitzeko arrazoiak. Bat baino gehiago, normalean. Hiruk aitortu dizkigute bereak.

Patxi Ezkiagak gogoan du zergatik aurkeztu zen Felipe Arrese Beitia lehiaketara orain ia bi hamarkada. "Denbora asko egiten nuen idazten, eta egiten nuen hark benetan zerbaitetarako balio ote zuen jakin nahi nuen". Horrek eman zion bere lehendabiziko saria 1984. urtean. "Kritika bat jasotzeagatik aurkeztu nintzen".
Ordutik hona sari asko irabazi ditu, bai poesian, baita narratiban ere: Irun Hiria 1985, 86 eta 99an; Lizardi saria 1985 eta 87an; Azkue saria ere 1987an; Julene Azpeitia 1990ean; Jon Mirande 1991 eta 95ean; edo Augustin Zubikarai 1998 eta 99an, besteak beste. Azkenekoa aurten bertan: BBK-k eta Euskaltzaindiak ematen duten Txomin Agirre saria "Bigarren haurra" eleberriarekin.
Eta lehendabiziko arrazoi hari beste batzuk erantsi zaizkio urteotan. Sariek "bizirik nagoela sentiarazten didate" aitortu digu. Irakuleenganako nolabaiteko konpromiso bat ere sentitzen du Patxi Ezkiagak: "Irakurle batzuk oso zintzoak ditut eta obligazioa sentitzen dut neure barne mundua beraiekin partekatzeko". Horretarako argitaletxeen bidea erabiltzeko modurik ez ote dagoen galdetuta zenbait argitaletxe lan mota batzuentzat nahikoa itxita daudela esan digu: "Poesia metafisikoa ez dela leitzen esan izan didate, eta nik uste dut baietz. Urtero Inglaterran, Zeelanda Berrian edo Australian argitaratzen dena eskuratzeko ahalegina egiten dut, eta hangoa ikusi besterik ez dago une honetan zer egiten ari diren ikusteko; esate baterako, nobela jada ez da kontakizun hutsa, gogoeta mordoa dute beren baitan". Hemengo bideak "itxiegiak" direla uste du Ezkiagak, lan mota batzuei bakarrik egiten zaiela bidea eta hori ere bada arrazoia bere lanak lehiaketetara aurkezteko: reibindikatzeko argitaratzen denaz gain, badaudela idazteko beste era batzuk eta beste gai batzuk. Hori da bere arrazoi nagusienetako bat une honetan. "Idatzi egiten dut eta, egindako lanarekin gustura geratzen banaiz, lehiaketa batera bidaltzen dut". Irabazteak frogatzen dio bere egiteko erak ere baduela gaur egun tokia eta balioa.
Leihaketek duten amurik garrantzitsuenetako batena aipatu digu berak ezer galdetu baino lehen: "Diruarena bost axola. Ruandara joan da orain arteko diru guztia".
Hori bera, aldiz, arrazoi garrantzitsua da beste askorentzat. Aitortzeak nolabaiteko erreparoa ematen badu ere, bi idazle gaztek, Urtzi Urrutikoetxeak eta Fernando Morillok duen garrantzia ematen diote. "Poesian, batez ere, sariek ematen dute dirua", beste era batera irabaztea ezinezkoa den dirua. Urrutikoetxearen hitzak dira. "Eta diruz ondo saritutako lehiaketa bat irabazteak lasaitasuna ematen dizu denboraldi baterako". Begiratzen dio alde ekonomikoari lehiaketa batera aurkezteko orduan, nahiz hasierako lehiaketetan ez izan hori garrantzitsuena. "Urruzuno sarietatik hasi nintzen literaturan". Ordurako bertso munduan ibilia eta bertso-paper lehiaketa ugari ezagutua zen, bertso-paperek lehiaketak beste irtenbiderik ez zutelako. "Hemen nago esateko modu bat da, hemen nago eta homologazio bat badaukat, sari honek ematen didana". Gaztetxotan eskuratutako sariez aparte bi lan homologatu ditu Urrutikoetxeak: Ernestina de Champourcin saria eman ziona 1997an eta Irun Hiria 2000. urtean. Hauen bidez ezagutarazi zuen bere lana. "Lehiaketetatik etorri naiz, hortik egin dut bidea eta ez dut baztertzen aurreragoko ere; errealista naiz eta goxoki hori denontzat da gustukoa".
Sakon-sakoneko arrazoietara joz Urtzi Urrutikoetxeak uste du badagoela egoarekin zerikusia duen zerbait ere: "Edozein artistak badu bere egoa, zer esana daukala iruditzen zaio, zer eskainia" eta horrek ere bultzatzen du lehiaketetara. Ez ditu bere lanak edozein lehiaketetara bidaltzen, ordea. "Printzipio moduko bat jarraitzen dut: erdaraz besteko saria izatea, gutxienez, euskaraz". Eta hortik aurrera, argitaratzeko orduan jartzen dituzten baldintzei ere begiratzen die: "Lagun batzuei esan izan diedan bezala, geure burua saltzen dugu lehiaketetan baina saltzekotan, garesti saldu". Egile eskubideak zenbaterako geratzen diren erakunde antolatzaileen esku ere begiratzen du. Lan horiei gerora beste irtenbide bat eman ahal izateko.
Kezkatzen du lehiaketen antolatzaileek lanarekiko ardura gutxi izateak. "Askotan zure lana berandu argitaratzen dute; nik uste zenbait lehiaketatan edizioa hobetzen ari direla baina oso berandu kaleratzen dituzte". Ikusten du erakunde askok saria eman eta horrekin oihartzuna lortutakoan helburua beteta bezala geratzen direla, ez dutela ahalegin handia egiten gero lana promozionatzen. "Promozio pertsonalean irabazi egiten duzu saria irabazten duzun mementoan, baina lanaren promozioan galdu".
Garbi ikusten du Urrutikoetxeak lehiaketak subjektiboak eta injustoak direla, epaimahaiaren ikuspuntuan bakarrik oinarritzen direlako, eta halere, onartzen du berarentzat bultzada handia izan dela sari hoiek eskuratu izana. "Sari horien aurretik ez neukan argitaletxeekin harremanik, adibidez; horiei esker jarri ziren nirekin harremanetan".
Fernando Morillok ere onartzen du editoreak berarekin fijatu baziren sariengatik izan zela. Seigarren liburua kaleratzekoa da eta asko idazten ari da. Lehiaketetarako? Bada, bai. "Asko idazten dut eta lehiaketa guztietara bidaltzen ditut egindako lanak". Laudioko lehiaketa izan zen irabazi zuen lehendabizikoa. "Lehiaketa zalea izan naiz beti, baina ni zientzia munduan nenbilen eta lagun batek gomendatuta aurkeztu nintzen lehendabiziko aldiz, probatzeagatik". Harrezkero hogeita hamarretik goratan jaso du saria: Donostia Hiria 1999an, Julene Azpeitian bizpahiru aldiz edo hiru akzesit azken hiru urteotan Gabriel Aresti ipuin lehiaketan.
"Niretzat lehiaketak neure burua frogatzeko era bat dira. Ez daukat inguruan inor zuzentzeko, laguntzeko, eta lehiaketen bidez ari naiz ikasten". Ez du ezkutatzen diruak ere tentatzen duela. Baina garrantzi gehiago ematen dio bere burua frogatzeari diruari baino.
Orain arte edozein lehiaketetara aurkeztu izan da, sari txikia eta handia zutenetara, oihartzun handia edo txikia, ospe gehiago edo gutxiago, eta denak zerrenda berean jartzen ditu. "Oso gustura idazten dut, eta idatzitakoa bidali egiten dut". Eta listo. Batzuetan idazten ari dena lehiaketaren baldintzetara egokitzen saiatzen da, baina gehienetan ez du lehiaketa jakin baterako apropos idazten, horrek zentsore lana egitea eskatzen diolako. Asko pozten da irabazi duela jakitean, baina ez irabazteak ere egoari on egiten diolakoan dago: "Ez zarela Jainkoa gogorarazteko, egoaren ekilibrioa lortzeko".
Fernando Morillo ez zen beharbada idazlea izango lagun hark ez balio lehiaketa batera aurkezteko gomendioa egin. Idazten jarraituko zuen seguruenik, baina komentzituta dago ez zuela hainbeste argitaratuko. "Asko lagundu didate lehiaketek eta izugarri aukera ona da hasiberrientzat hasiberri ez direnekin lehia zaitezkeelako berdin-berdin". Ez diogu denbora gehiago lapurtu. Idazten jarraitu behar zuen egunotan lanak entregatzeko epea amaitzen zaien lehiaketetarako

Literatura ez baita atletismoa
Antoine d'Abbadie edo Abadia bidaiazale eta zientzialari irlandar-zuberotarra izan zen euskarazko idazlanentzako xoxak jarri zituen lehena, orain dela 150 urteko Urruñako Lore Joko haietan. Lehiaketa izan zen horretarako aukeratu zuen bidea, gaztarekin, kapoiekin edo esku-pilotarekin egiten den bezala, eta geroztik ez dugu bide berri askorik asmatu. Ezinezkoa delako?

Abadia mezenasaren garaian ere ez zen falta izan xextra eta iskanbila: irizpide politikoak erabili zirela lan bat saritzeko edo baztertzeko, halakok aurkeztutako lana saritu ez eta gero epaimahaian zegoen apaiz batek plagiatu zituela bertso haiek... Etxahun Barkoxekoak baditu kopla garratz batzuk horren gainean.
Kritikak kritika, nik dakidala, inork ez zuen auzitan jarri eredua bera, bere eskasean hori besterik ez zegoelako. Lehiaketak antolatu zituzten Lizardik eta Aitzolek-eta Olerti Egunak eratzen hasi zirenean, eta horixe bera egin zuen Euskaltzaindiak frankismoko ilunpean. Ba al zen bada beste aukerarik?
1975ean, artean libururik argitaratu gabeko bi gazte ezezagunek bota zuten putzuan harria: "Sariketa literarioen aurka, beren zentzugabekeriaz idazleak zapuztu ta ito egiten dituztelakotz". Bi gazte haiek Koldo Izagirre eta Bernardo Atxaga zuten izena. Gaur egunetik begiratuta, deigarria egiten da gazte haien ausardia eta argikusmena, batetik, baina baita beren asmoaren zaila ere, bestetik: Atxagak berak sari ugari irabazi zituen handik gutxira, idazletzatik bizitzea erabaki zuenean, eta Izagirrek ere eskuratu du bakarren bat inoiz.
Geroztik, asko ugaritu da sarien kopurua (baita idazle eta liburuena ere, zorionez) baina panorama hura ez da gehiegi aldatu: idazleok ez ditugu sobera maite lehiaketak, baina hauek betiko martxan jarraitzen dute, parte-hartzaile gehixeago edo gutxixeagorekin, obra hobexeago edo kaxkarxeagoekin. Aurkezteko arrazoiak ere jakinak dira, ondoko erreportajean irakur litekeen moduan: norbere burua ezagutaraztea, idazlanaren balioa berretsi nahia, eta dirua.
Zer egin? Aukera bat, edozein arazoren aurrean bezala erosoena, bere horretan uztea da, eta ez da horretarako arrazoirik falta: azken batean, lehiaketa sistemaren alde daudenek modua daukate aurkezteko, eta gazteek posibilitate ugari irabazteko, idazle onentsuenak presentatzen ez direnez gero; kontrakoak, berriz, lasai asko aritu daitezke sariketa guztiei bizkar emanda. Horixe baita bitxikeria politenetako bat: Euskal Herrian, sarietatik aparte bizi dela literaturgintza osoa: argitaletxeetan ez zaie jaramon handirik egiten (idazle berrietan nor dabilen erreparatzeko ez bada), irakurleek ez diete arreta berezirik eskaintzen lan sarituei (edizio, promozio eta banaketan egindako akatsengatik, besteak beste), eta obra inportanteak oso-oso gutxitan ibiltzen dira lehiaketetan. Horrek denak liburu sarituen marjinaltasuna dakar, baina ez dirudi antolatzaileei behintzat axola zaienik, haiek ez baitute literaturarik irakurtzen. Idazle sarituentzat, aldiz, pagatu beharreko zerga bat da; norbaitek esan zuen bezala, saria zauri, alegia.
Beste aukera bat boikot aktiboarena da. Orain dela hogei bat urte izan ziren horren aldeko deiak, eta badira bideak, baina ez dakit halako helburu xixtrinak merezi duen horrenbesteko ahalegina. Hirugarrena, sariketak hobetzen saiatzea da: epaimahaikide jantziak egon daitezen (haien izena aurrez jakinda, ahal dela), sari duinak, eskubide-lagatzean gehiegikeriarik ez, argitaratze egokia (garai batean beraiek editatzeko eskatzen zitzaien antolatzaileei; gaur egun, hobe litzateke libertatea uztea edo ohiko argitaletxeekin tratua egitea), generoen arteko oreka, beka sistema indartzeko...
Hala ere, nekez maiteko ditugu sariketak, literatura ez baita atletismoa, ezta izango ere

Epaileen hitza
Azken urteotan banatu diren sari askotan zeresana izan dute Joxerra Garzia idazleak eta Mari Jose Olaziregi kritikariak. Batzuk aipatzegatik Euskadi saria, Donostia Hiria, Ignacio Aldecoa edo Julene Azpeitia lehiaketetan ikusiko zenuten baten edo bestearen, edo bien izena. Behin baino gehiagotan tokatu zaie idazlanak epaitzea. Lan "delikatua, ezatsegina eta erantzukizun handikoa" Olaziregiren esanetan. Baina baita "gustagarria eta aberasgarria" ere zenbaitetan, Garziaren iritzian. Kostako zaizue, halere, bi aditu hauek lehiaketa berean urte askoan jarraian epaile ikustea. Bat datozelako biak lehiaketa batek aurrera egin behar badu, epaimahaiak aldatuz joan behar duela. Ideologiak eta gustuak aparte, literaturaren estetika oso desberdinak daudelako eta lehiaketa batean, urteetan, epaile berak izateak gehiegi baldintzatzen duelako emaitza.

Eta hori, ados daudenik erabakiak parametro literarioetan oinarrituta hartu behar direla eta ez hau gustatzen zait-ez zait gustatzen argumentuarekin. "Epaileak bere botoa justifikatu egin behar du, lan baten alde edo kontra egiteko arrazoiak eman behar ditu", esaten du Mari Jose Olaziregik. "Erabakia hartu baino lehen diskusio literarioak ezinbestekoak dira, eztabaidatu egin behar da", Joxerra Garziak. Diskusio horiexek dira, hain zuzen, bien iritziz epailetzan ari direnentzat aberasgarriena. Ikasteko balio diete, dudak argitzeko, besteen iritziak kontuan hartzeko, ezagutza eguneratzeko eta agian "harrokeriak alde batera utzi eta hanka sartu duzula onartzeko ere bai", Olaziregiren hitzetan.
Lehiaketa duin batek bete behar duen beste baldintzetako bat epaile izango direnen izenak aldez aurretik jakinaraztea da. Horretan ere ados biak. Idazleak jakin egin behar du nork epaituko duen berak egindako lana, noren esku egongo den erabakia, nork hartzen duen bere gain horren erantzukizuna.
Gaur egun lehiaketa gehienetako epaimahaiak idazlez josiak daude. Logikoa ikusten du Garziak, kritikariekin soilik "ez zaigulako iristen". Olaziregi, aldiz, ez da idazleak epaimahaietan egotearen aldeko. "Gehiago jo beharko lukete kritikari-irakurle-irakasleengana, baina jakina, idazleek ere badute bere alde ona, oso irakurle onak izan ohi direla".
Epai-mahai ideala? Argi dauka Mari Jose Olaziregik: "Zabala, aditua, irakurria eta interes pertsonalik edo komertzialik gabekoa"


Azkenak
“Gaza militarki okupatzeko plana berehala gelditu behar du Netanyahuk”, esan du nazioarteak

Ostiral goizeko albisteak erreakzio ugari piztu ditu Israelen zein nazioartean. Aurka agertu dira Israelgo bahituen familiak eta NBE. Alemaniak, Israelen aliatu tradizionalak, armak saltzeari utziko diola jakinarazi du.


Pazienteek 25 egun itxaron behar dituzte, batez beste, Osasun Mentaleko Zentruetan arta jasotzeko

25,6 eguneko batez besteko itxaron zerrendak daude Osakidetzako Osasun Mentaleko Zentruetan. Larrialdi kasuetan, aldiz, 24 eta 72 ordu arteko itxaronaldiak daude. 


Non dago Maider?

Lau hilabete daramatzagu greba mugagabean, hitzarmen propio baten eta lan-baldintza duinen alde. Lau hilabeteko greba honetan, udaltzainek piketeetan bortizkeriaz zapaldu gaituzte, hirian jarraitzen gaituzten eta mobilizazio bakoitzean zelatatzen gaituzten polizia... [+]


Oñatiko egoitza batera mugituko dituzte Donostian kale egoeran bizi ziren migratzaile maliarrak

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Oñatiko Arantzazu egoitza eskaini dute maliar migratzaileentzat. Bertan geldituko dira Espainiako Gobernuak haien asilo eskariak ebazten dituen bitartean.


“Intentsitate altuko” bi sexu eraso salatu ditu Gasteizko Mugimendu Feministak ostegun gauean

Mugimendu Feministak azaldu duenez, Fermin Muguruzaren kontzertuaren aurretik gertatu ziren erasoak. Horiez gain, beste hiru eraso zenbatu dituzte: hiru gizonak atxilotu ditu poliziak. 


Gaza Hiria okupatzeko plana onartu du Israelgo Segurtasun Kontseiluak

Ostiral goizaldean eman du erabakiaren berri Israelgo Gobernuak, hamar orduz luzatu den bilera baten ondoren. Dena den, okupazioa gauzatzeko, gobernu osoaren baiezkoa behar du Netanyahuk: igandean izan daiteke bilera. Segurtasun Kontseiluak, halaber, mugak jarri dizkio... [+]


Oholtza denontzat?
Feminista izango da, edo ez da izango

Sorkuntzarako, gozamenerako eta aldarrikapenerako espazio moduan dute oholtza musikari askok, baina bere ingurumarietan katramilatzen dira sarri, eta espazio "bortitz" bihurtzen da hegemonikoak ez diren gorputz askorentzat. Presio estetikoa, egiteko modu deserosoak,... [+]


2025-08-08 | ARGIA
GOMENDIOAK | Sei liburu uda honetarako

Lautadako mamua
Xabier Montoia
Elkar, 2024
112 orrialde

Eleberri labur honetan egileak XIX. mendeko Euskal Herrira garamatza, sekulako sona hartu zuen Juan Diaz de Garaio hiltzailea duela protagonista. Arabako landa guneko jendarte tradizional eta giro hotzean barneratzen... [+]


Errusiak baieztatu du Putin eta Trump datozen egunetan bilduko direla

Joan den astean Trumpek ohartarazi zion Putini hamar eguneko epean Ukrainarekin su-eten akordio bat sinatu ezean, zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola. Zelenskik sare sozialetan adierazi du ezinbestekoa dela Errusiako presidentearekin bildu aurretik lehenbizi su-etena... [+]


Boubacar Diouf: “‘Manteroa’ izatea ez da delitua; bakean bizi nahi dugu, diskriminaziorik gabe”

Manteroekin Bat plataformak eta Mbolo Moye Doole elkarteak elkarretaratzea egin zuten astelehenean Bilbon, azken asteetan poliziak manteroen aurka eginiko eraso "arrazistak" salatzeko. Izan ere, Boubacar Diouf kale saltzailearen arabera, poliziaren jazarpena... [+]


Nafarroako suteak nekazaritzako makina batek sortu zituela baieztatu du gobernuak

338 hektarea erre ditu astearteko suteak. Nekazarien sindikatuak haserre agertu dira Nafarroako Gobernuak suteak saihesteko ezarritako murrizketekin. Asteazkenean beste sute bat piztu da Artaxoa eta Añorbe artean, baina hura ere kontrolpean dute suhiltzaileek.


ChatGPT psikologo bezala erabiltzearen arriskuez mintzatu da Mireia Centeno Gutierrez psikologo eta psikopedagogoa

Ohartarazi du ChatGPT lanketa emozional “sakonak” egiteko erabiltzea “arriskutsua” izan daitekeela ez duelako erabiltzailearen testuingurua ezagutzen eta “gehiago biktimizatu” dezakeelako.


Heriotza txikiak

Urtebetetzeek eta urte aldaketek pilaketa bidezko eragina dute: alegia, banaka, gertatzen direnean, nik ez dut ezer sumatzen. Urtebetetzeetan, ondo xamar egin badut segundo batzuez olgatzen naiz (nire baitarako), nire garunaren zati batek ezin dio utzi zoriontzen dutenean... [+]


Miren Agur Meabe
“Zalantza askorekin idatzitako liburua da, baina zalantzek bultzatzen gaituzte aurrera”

Apirilean argitaratu zuen Amorante frantsesa (Susa) Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962). Thriller ukitua du poemen bidez idatzitako nobela deigarriak eta, istorioa fikziozkoa den arren, badu idazlearen aurreko lanak markatu dituen kutsu autobiografikoaren arrastorik. Hortaz,... [+]


‘Stabat mater’ borobila

Zer: Orquesta de la Comunitat Valenciana. 

Zuzendaria: Mark Elder. Donostiako Orfeoia. 

Zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro.

Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzoa), Xabier Anduaga (tenorea), Will... [+]


Eguneraketa berriak daude