«GIZARTEAN LISKARRA SORTU NAHI DUTE, HORI SAIHETSI BEHAR DUGU»

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Iruñeko Gazteluko Plazako EAren egoitzan egin dugu elkarrizketa. Argazki kontuetan ari garela, balkoitik ondo ikusten dira lur azpiko aparkalekuaren eraikuntza lanak. Aztarna historiko bakarra Erdi Aroko Luis Utinen gaztelua izan zitekeenaren harresia da. Euskal gizartean eraikitzen ari diren beste harresi batzuez mintzatzera etorri gara, ordea. Herenegun hasi zen Polizia Nazionala Iruñeko Batasunako egoitzak ixten eta atzo Ertzantzak EAEko hiriburuetan ekin zion Baltasar Garzonen agindua betetzeari. Istilu horiek eta egoera berriak ekar dezakeenaz aritu gara.

Era guztietako galderak eta kezkak datoz burura egoera berri honetan. Oso modu orokorrean, zer hausnarketa egingo zenuke bizi dugun egoeraz?
Zalantzarik gabe, oso egoera korapilotsua da. Su-eteneko garaian ikusi genuen zein artega jarri ziren alderdi espainiarrak eta ikusi dugu harrezkero nola erantzun duten gero eta neurri gogorragoak hartuz. Argi dago, bestetik, Gernikako Estatutua agortu egin dela eta euskal gizarteak aurrera jarraitu nahi duela bere autogobernuaren garapenean. Eta gogo hori aurrera eramateko, hor dugu uztailean onartutako autogobernuari buruzko ponentzia. Su-eteneko garaian, gatazka amaitu zitekeela irudikatu zen eta horrek ere oso artega jarri zituen alderdi espainiarrak. Argi ikusten da, beraz, Euskal Herrian aurrera egiten denean Madrildik aurka egiten dela, horretarako indarkeria eta Euskal Herriaren nazio eskubideak nahastuz. Eta testuinguru horretan datoz Alderdien Legea -ideien aurkako legea- eta bere aplikazioa. Arlo politikoan edozerk balio du.

Arlo judizialetik ari da Garzon.
Botereen arteko banaketa apurtu egin da eta banaketa hori demokraziaren zutoinetakoa da. Demokrazian ezin da onartu zenbait epailek botere exekutibotik duen menpekotasuna. Gogoratu, "epaileengandik behar bezalako erantzuna espero dut", esan zuen Aznarrek. Edozein medio ona da herri honetan akordioa urruntzeko eta bere eskubideetan aurrera egin ez dezan.

Zein da PPren estrategia horren helburua?
Egoera ezegonkorragoa eginez, bizi dugun gatazka egoeraren irtenbidea oztopatzea eta gure nazio eskubideen aldarrikapenean aurrera ez egitea. Horretarako denak balio du.

Horrek Estatuaren izaera demokratikoa zalantzan jartzen al du?
Alderdien Legearekin argi ikusi da PPk eta PSOEk egin dutena ez dela demokratikoa. Gehiengoarekin egin dute hori, bai, baina gizarte oso baten aurka. Demokrazian zenbakiak ez dira dena. ETAren aitzakia baliatzen dute herri honekin gogor jokatu behar dela erakusteko.

Zer egin behar du orain Batasunarengan bere konfiantza jarri duen gizarte esparru zabal horrek?
Aukerak badira, dena den, ni ez naiz inor Batasunaren izenean erantzuteko. Edozein eratan, une honetan argi izan behar dugu, guk epe ertain eta luzera begiratu behar dugula. Lasaitasuna eta koherentzia behar ditugu. Gure gizartean enfrentamendua sortu nahi dute eta hori da, hain zuzen, sahietsi behar duguna.

Batasuna eta EAJren arteko giroa biziki gogortuko dela entzun eta irakur dezakegu toki desberdinetan.
Hori da PPk nahi duena eta sahietsi behar dena. Euskal gizarteak irtenbideak nahi ditu eta alderdi politikook horretan saiatu behar dugu. Egoera oso korapilotsua bizi dugu eta ezin gara itsutu. Zergatik uzten du Garzonek Ertzaintzaren esku Batasunaren egoitzen itxiera, halako lanak normalean Polizia Nazionala edo Guardia Zibilaren esku utzi izan dituenean? Hain da nabarmena... Ertzaintzaren aurka joatea, Ertzaintzaren desprestigioa eta enfrentamendua sortzea ditu helburu. Ez diot onartzen ETAri gure agenda politikoa erabakitzea, baina ezta PP eta PSOEri ere.

Ertzaintzak Batasuneko egoitzak itxi zituenean irudi gogorrak ikusi ahal izan genituen. Zer sentimendu eragin zizuten?
Oso gogorrak ziren, bai. Sentimendu konplexuak sorrarazten dizkit, baina ez diot ezer leporatuko Ertzaintzari. Bat-bateko uneak gainditzeko ahalegina egin behar dugu, ezin dut perspektiba galdu, eta Madrilek interes handia du jokaldi honetan. Ulertzen dut une horietan Batasunakoak berotzea, gaizki sentitzea, egoera gogorra delako, baina Madrilen tranpan erortzen badira eta Batasunak beste alderdi abertzaleak egoeraren errudun egiten bagaitu, erratuko da. Gure etsaiak ETA eta bere indarkeria dira batetik, eta Madrilen gure eskubide nazionalak ukatzen dituztenak bestetik.

Batasunarekin harreman normalak dituzue. Aurrerantzean nola garatuko dira harreman horiek?
Guk alderdi guztiekin ditugu harremanak edo eduki nahi ditugu, eta Batasunarekin orain arte bezala jarraituko dugu, ahalik eta harreman normalena izanez.

Hilabete batzuk falta dira udal eta foru hauteskundeetarako. Lehen ere esan izan da hauteskundeak bertan behera utzi beharko liratekeela. Gerta daiteke halakorik?
Ez nahiz aztia, baina ez dut uste. Hori gizartea mehatxatzea eta beldurtzea da, gizarte honek irtenbiderik ez duela irudikatzeko. Epe laburrera arazo asko dauzkagu, baina ezin dugu ahaztu gure helburuak zeintzuk diren eta horri heltzen badiogu eta lana egin, lehenago edo geroago etorriko dira fruituak.

Batasuna ezin bada aurkeztu, horrek emaitza oso desberdinak ekar ditzake.
Nik uste dut topatuko dituela bideak, eta hala beharko luke, herri honetan iritzi desberdinak daudelako eta ona delako guztion ordezkariak izatea

«EAren jarrera eskumenak lortzen saiatzea da»
Irailaren 12 ospetsua ere hor dago. Data horretan agortuko da Eusko Jaurlaritzak transferentziak eskuratzeko jarritako epea. Trasnferentzien negoziaziorako tarterik ikusten al duzu?
Ez dut ikusten. Zaila egiten zait pentsatzea PPk eta PSOEk onartzea 22 urtetan gaizki aritu direla denbora horretan lege bat bete ez dutelako.

Orduan, Eusko Legebiltzarraren agindua betez gero behintzat, Jaurlaritza eskumenak berreskuratzen hasi beharko litzateke.
EAren jarrera eskumenak lortzen saiatzea da.

Eta hirukoaren bazkide nagusi den EAJrena?
Zuhurtasunagatik eta leialtasun instituzionalagatik itxaron behar dugula uste dut.

Eskumenen aldebakarreko eskuratzeak gatazka instituzionala ekarriko luke...
Beharrezkoa bada...

Madrilgo Gobernuak jadanik iragarria du ez duela halako jarrerarik onartuko.
Argi utzi behar dugu legea betetzen ez duena Madrilgo Gobernua dela. Hori argi geratu behar da euskal gizartearen aurrean eta horren ondorioak ere bai, hau da, Espainiako Gobernuek ez dutela Lege bat bete, Gernikako Estatutua, eta horrek ondorioak dituela herritarren bizimailan.

Hau da, eskumenen inguruko gatazka sortzea baino, bakoitzaren printzipioak ondo finkatzea da zuen helburua eta euskal gizarteari argi uztea Madrilek ez duela Estatutua bete nahi.
Bai, euskal gizarteari argi geratu behar zaio hau ez dela alderdien arteko borroka kontu bat, transferentziak ez direla zerbait abstraktoa, gure ongizatean aurrera egiteko zerbait baizik, eta horiek gure eskuetan jartzen dituen legea, Gernikako Estatutua, ez dela betetzen ari. Autogobernua eta autodeterminazioaren ikuspegitik agindu elektorala dugu batetik, eta bestetik, uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarraren agindua. Aginduak legitimoki hartu ditugu eta, beraz, serio hartu behar ditugu. Dena egun batetik bestera ezin da egin, baina mekanismo batzuk martxan jarri bai. Ezin da onartu hemen ezin dugula ezer egin eta Madrilek agintzen duela, EAn behintzat ez dugu hori onartzen.

Baina aurrerapauso ahalegin txikienak ere zalaparta piztu du Madrilen, esate baterako Jaurlaritzatik seguritate sozialaren transferentziaren inguruko azterketa bat eskatzeak berak.
Bai, baina euskal gizartearen aurrean argi geratzen da Madrilgo Gobernuak ez duela legea bete. Seguruenik aurrera begira horrek gatazka instituzionala ekarriko du, baina ikusiko dugu


Azkenak
Poliziarekin istiluak izan ziren larunbat gauean Azpeitian, gazte bat pintaketa txiki batengatik identifikatu ondotik

Igande arratsean ehunka herritarrek elkarretaratzea egin dute herriko plazan, "Poliziaren gehiegikeria" salatzeko. Azpeitiko Udalak udaltzainei elkartasuna adierazi die, eta, aldiz, Ertzaintzaren esku hartzea "gehiegizkoa" izan zela esan. 


2025-07-21 | Axier Lopez
Bilboko Aste Nagusian genozidioaren konplize bati agur esan diote: 13 konpartsak ez dute Coca-Cola txosnetan eskainiko

Bilboko Konpartsak osatzen duten 27 taldeetatik hamahiruk erabaki dute AEBetako Coca-Cola multinazionalaren produktu guztiak kenduko dituztela haien txosnetatik, Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidioaren konplize izatea leporatuta.


2025-07-21 | Behe Banda
Berritu ala hil

Berritu ala hil. Hori esaten diogu geure buruari. Ariketetatik ariketa gabeko alera, narraziotik gertuago, metaforarik gabe, zuzenago. Orain? Orain gehiago behar dugu. Narrazioago, ezmetaforatuago, ariketagabeago.

Pertsonaia bat sortuko dugu. Pertsona bat. Istorio batean... [+]


2025-07-21 | ARGIA
Euskararen aldeko ‘jauzi’ baten alde mobilizatu dira Maulen, Donapaleun eta Baionan

Igande goizean elkarretaratzeak egin dituzte Euskal Herrian Euskarazek deituta, Geldi euskara zapaltzea! lelopean.


2025-07-21 | ARGIA
Egiari Zor-ek NBEren gomendioak betetzea eskatu die Espainiako erakundeei

Egiari Zor elkarteak pozgarritzat hartu du Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak Espainiako Estatuaren indarkeriaz egin duen txostena. Elkarteak azpimarratu du txostenak Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak dokumentatutako 5.000 tortura salaketak balioan... [+]


2025-07-21 | ARGIA
Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia aldarrikatu dute milaka herritarrek udaletxeen aurrean

UEMAk antolatuta egin dituzte kontzentrazioak larunbat eguerdian, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboaren aurka eta euskararen alde. Euskara “benetan” babesteko “adostasun sendoak” eskatu ditu UEMAk, “euskarak eta euskaldunok... [+]


2025-07-20 | Garazi Zabaleta
Aukera Natura
Kuartangoko lursaileko paisaia eraldatzen

Pandemia garaian erabaki zuten Bea Lopez de Suso Marinak eta Iker Gonzalez Dominguezek landa eremura bizitzera joatea. “Nolabait, orduan berpiztu zen aspalditik landa eremuan proiektu bat sortzeko genuen grina”, azaldu du Lopez de Susok. Kuartangora iritsi zen... [+]


2025-07-20 | Jakoba Errekondo
Sagastien joeraren hipotesia

Etorri dira herriko jaiak. Gureak sanferminen atarikoak dira, uztailaren abiatzea. Eta aurten berrikuntza bat izan dute. Artisten herria da gurea, eta apain-apain janzten dute jaietarako, baina aurten, ustekabean, herriko kale nagusiko sarrerako sagarrondoak lorez jantzita hartu... [+]


Enborrik zulatzen ez duen okila

Euskal Herrian badugu inurrijale bat, baina ez da Ameriketan aurkitzen den ugaztun hori. Gurean hegazti bat da inurrijale amorratua dena, hainbeste gustatzen zaizkio inurriak ezen Debagoiena eta Debabarrenean inurrijale ere deitzen dioten. Eta hau, okil espezie bat da:... [+]


Zigiluen artean elkar ulertu, alternatibak eraikitzeko

Hainbat zigilu elkarrizketan jartzea. Horixe izan da Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta EHKOlektiboak Usurbilen antolatutako jardunaldien abiapuntua. Bertan elkartu dira: EHKO Berme Sistema Parte hartzailea, Ekolurra zigilu ekologiko ofiziala, Idoki Iparraldeko etxe... [+]


2025-07-18 | Mara Altuna Díaz
Noelia Sánchez Jenkins, gales irakaslea Patagonian
“Galesak bizirik dirau Patagonian”

Zerk lotzen ditu Galesko muino berdeak eta Patagoniako basamortu hotzak? Bada, hil nahi ez duen hizkuntza batek. Noelia Sánchez Jenkinsen arbasoak 1865ean lehorreratu ziren Patagonian (Argentina). Galesetik iritsi ziren, britainiarrek inposatutako zapalkuntzatik ihesean... [+]


2025-07-18 | Gedar
SAPAri 2,3 milioi emango dizkio Espainiako Industria Ministerioak

Gipuzkoako enpresak hainbat kontratu sinatu ditu Israelgo industria militarrarekin, eta diru publikoa jasotzen du ibilgailu elektriko bat garatzeko, Espainiako Gobernuak finantzatutako proiektu baten bidez.


Eguneraketa berriak daude