Joseba Permach: «EAJ-REKIKO HARREMANEKIKO OZTOPORIK HANDIENA Ibarretxe da"

Batasunako Mahai Nazionaleko koordinatzaileak ilegalizazio kontuez bakarrik ez dutela hitz egin nahi adierazi digu, proposamenak egin berri dituztela eta hortaz ere jardun nahi dutela. Aurten jadanik bi proiektu garrantzitsu aurkeztu dituzte, bata urtarrilean bakea oinarritzat hartuz eta bestea apirilean eraikuntza nazionala jorratuz. Egoera pertsonalaz ere aritu gara, ilegalizazioaz gain, Batasuneko zuzendaritza Baltasar Garzon epailearen beste operazio baten zain da; maiatzaren hasierako operazioan Garzonek ez ei zuen prestatua zuena bukatu eta oraindik atxiloketak espero dituzte. «97an Mahai Nazionalean ekin nionean banekien une hori etor zitekeela eta, azkenean, atxiloketa eta espetxearen arrisku horrekin bizitzera ohitu behar duzu». Eusko Jaurlaritzak Alderdi Politikoen Legearen zirriborroari buruz egindako balorazioaren ondorengo egunean egin genuen elkarrizketa.

Zein da Jaurlaritzak Alderdien Legeari buruz egin duen azterketaz duzuen iritzia?
Ez da egokia lege honi buruz azterketa juridikoa bakarrik egitea. Badakigu juridikoki astakeria bat dela, baina gure ustez garrantzitsuena azterketa politikoa da, ezker abertzalea eta Batasuna jokoz kanpo utzi nahi dira eta. Eragile sozialetatik eta erakundeetatik ilegalizazio prozesu honi buruz agertzen ari diren aurkako jarrerak ongi baloratzen ditugu, baina adierazpen horiek etorkizunean konpromiso batean bihurtu beharko lukete ezker abertzaleko 200.000 boto horiek ordezkatuak izateko aukera izan dezaten.

Zeri deitzen diozu konpromisoa?
Aipatzen ari garen txostena, Gasteizko Legebiltzarrak hartutako jarrera, Lehendakaritzaren inkestak, udaletxeetako mozioak... horrek guztiak erakusten du Euskal Herrian gehiengo politiko bat ilegalizazioaren aurka dagoela eta, beraz, Euskal Herriak bere hitza eta erabakiak errespetarazi nahi baditu, hemen egundoko aukera dagoela hortzak erakusteko.

Beraz, une honek bere alde positiboa ere izan dezake.
Une larria da, zalantzarik gabe, aukera politiko oso bat jokoz kanpo uzten duelako. Baina, bestetik, aukera bat ere izan daiteke, lege honekin Madrilek azken urteetan Euskal Herriaren aurka daraman etengabeko politika borobiltzen duelako. Horrek, azken finean, egungo marko hau agortuta dagoela erakusten du eta PPk eta PSOEk Euskal Herriarentzat duten iraganeko proiektua agerian uzten du. Hemen hortaz ohartu eta euskal gizarteari etorkizuneko proiektu bat eskaintzeko gai bagara, orduan eraso hau egoera onuragarria bilaka daiteke.

Ilegalizazioaren aurkako gehiengo horretaz ari zara, Lizarra-Garazikoa azken finean, baina zuen buruari ezik, gainerako guztiei leporatzen diezue ilegalizazio hori laguntzen ari direla.
Guk egindako hausnarketa honakoa da: guztion artean lehen aipatutako etorkizuna nola egituratu eta eraiki pentsatzen aritu beharrean, zenbait sektoretan gu gabeko hauteskunde batzuetan izango lituzketen etekinetan pentsatzen ari dira. Ez hori bakarrik, Batasunaren aurka erabiltzen ari den isolamendu politikak ere objektiboki mesede egiten dio PPk eta PSOEk egin behar duten erasoari. Ajuria Eneko Ituneko isolamendu politikak atzean utzi eta etorkizuneko politikei heltzeko garaia da.

Ajuria Eneko Ituna aipatu duzu, baina itunkide haien arteko banaketa, PP-PSOE batetik eta Jaurlaritza bestetik, oso agerikoa da gaur egun.
Bai, hala da, baina PPk akordiorik ez duelako nahi gertatzen da hori. Horrez gain, EAJk eta EAk, PPk eta PSOEk egiten dutenera begiratzen dute etengabe. Beraz, ez da lortzen Ajuria Eneko garaiko argazki iraunkor hori, baina aldi berean, EAJ -bereziki- eta EA ez daude 98ko prozesua sortu zuten baldintzen bilatze lanean. Iazko maiatzeko hauteskundeetan hau elkarrizketaren legealdia izango zela aipatu zen, eta guk azpimarratu behar dugu Ibarretxek gurekin ez duela ia bilerarik egin.

EArekin, aldiz, harreman iraunkorra duzue eta modu ofizialean gainera.
Bai, alde bietatik onartu ditugu harreman horiek, baina EAJ eta Ibarretxeren jarrera ez da hori, eta oztoporik handiena Ibarretxe bera da; egunerokotasunean, bai EAJri, bai EAri eta baita Ezker Batuari ere, berea inposatzen die, aurrekontuekin gertatu zen bezala, Legebiltzarrean ostiralero gertatzen den bezala edo Eudeleren mozioekin bezala.

«Indarrak uztartzen, zubiak eraikitzen» manifestua sinatu dutenek ere -EA, AB, Batzarre, Aralar eta Zutik- ilegalizazioa laguntzen dutela diozue. Azaldu al dezakezu zergatik?
Guk dioguna da horiek burujabetzaren aldeko prozesu bat bultzatu beharrean, hasieratik oso argi bilatu dutela Batasuna jokaldi horretatik kanpo uztea. Modu horretan bakarrik azaldu daiteke, aurretik beste plan batzuk izan arren, su-etenaren eskaera hori Aberri Egunean egitea, Batasunaren presentzia Donibane Garazin oztopatzeko. Hori hor barruan dagoen jendeak hala aitortu digu. Guk azpimarratu behar dugu talde honek lantzen dituen zenbait printzipiorekin -autodeterminazioa, burujabetza...- gu ados gaudela; ezinbestekoa zaigu jakitea ea zergatik Batasuna ez den gonbidatua izan eta ea zergatik ez duten prozesu hori gurekin konpartitu nahi. Horrek guztiak, nahiko garbi uzten du indar horiek alternatiba elektorala bilatzen ari direla eta ezker abertzalearen eremua lehiatu nahi dutela.

Boskote hori, beraz, alternatiba elektoralaren bila ari da?
Ez denak elkarrekin, baina boskote horren barruan interes elektoral ugari dago.

Interes elektoralak legitimoak dira, zuentzat, haientzat eta edozeinentzat.
Jakina, legitimoa da. Baina Batasunarekin bilatzen den alderatze politikoa ez da autodeterminazioa, burujabetza prozesua edo gisako gaietan, horiei buruz ez dute ezer bilatu gurekin; borroka armatuaren inguruan batzuek eta besteek publikoki ematen dugun iritziaren alderaketa da. Hori egiten denean, gure teilatuan ere diana bat jartzen da eta PPri errazago egiten zaio Batasunaren aurka egitea.

Ilegalizazioa emanez gero, zer tresna edo molde ikusten duzue hauteskundeetan parte hartzeko?
Hipotesi horretan Alderdien Legeak oso zaila egiten du gu hauteskundeetan egotea, baina gure asmoa hori da eta hori errealitate bihurtzeko ahal den ahalegin handiena egingo dugu.

Aipatu izan da, halaber, Lege honek agian ez duela pasatuko Auzitegi Konstituzionalaren azterketa eta are gutxiago Estrasburgoko Auzitegiarena. Hala ere, PPk hor izango dituela lauzpabost urte zuen egiturak desegiteko.
Gure ustez hori horrela da, eta denborarekin, Estatu Espainiarraren gainetik dauden Europako beste auzitegi batzuek legea indarrik gabe utziko dutela uste dugu. Hau ez da berria Estatu Espainiarrarentzat, nahiz eta egindako min politikoa hor dagoen: atxilotu askorekin ikus daiteke hori, HBko Mahai Nazionalarekin gertatu zen... Guk zentzuz eta arduraz erantzungo dugu datorren egoera horren aurrean


Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude