"ARRISKUAZ OHARTU ETA EZIN ETXEAN GELDITU. HORIXE DA MENDIAREN HANDITASUNA"

  • PERFILA. Giza espeziearen jokabiderik bitxiena mendi tontorretara igotzeko obsesioa da, zertarako, eta berriro jaisteko. Inori ez zaigu ahaztuko gailurrera oxigenorik gabe, arnas estuka iritsi gineneko hura. Baina Indiana Jonesen kasta behar du arriskua bizibide egiteko. Bakardadearen gailurreraino iritsi denak ere gizartea belarri ertzean darama telefono mugikorretik, baina bizitzak kale grisetatik haratago egon behar duela pentsarazi digu.
Zortzimilakoen lasterketa aspaldi hasi zenuen, eta gorako bidea poliki urratu duzu, ez zenuen kolpera egin...
Himalayara lehen aldiz Kangchengjunga igotzera joan ginen eta ez genuen lortu. Ezjakintasunaren nobatada ordaindu genuen. Gainera garai hartan oso informazio gutxi genuen, ia ez genekien non zegoen ere, eta apenas genuen argazkirik. 1985ean egin nuen lehen zortzimilakoa: Cho Oyu igotzen lehen euskaldunak eta mundu mailan zazpigarrenak izan ginen. 1987an Gasherbrun II-ra joan ginen, eta orduz geroztik 1992ra arte urte bereziak izan ziren. 8.000 metroko mendietako oso bide zailetan sartzen ginen. Aktibitate handiko garaia izan zen, baina ez genuen behar adina esperientziarik. Orain beste gauza bat litzateke, baina 44 urterekin esperientzia irabazita porru horietan sartzeko morala eta sasoia galtzen da. Hori da bizitzaren kontraesana. Ez genuen gailurrera igotzerik lortzen, baina nire urterik onenak izan ziren, orduan esperimentatu bainuen zortzimilako bat igotzeko behar den sufritzeko eta teknika gaitasuna. Garai hartan kirioak sutan nituen, babesleak bilatzea gero eta gehiago kostatzen baitzitzaigun. Dirua jartzen duenari bost axola zaio bide berri eta zailetan zabiltzan, komeni zaion bakarra gailurreko argazkiari zukua ateratzea da.
Beraz, 92an Nanga Parbatera itzuli eta igotzea lortu genuen, 93an Everest eta 94an K2. Horrek izena eman zidan, eta Vital Kutxa hamalau zortzimilakoak babesteko prest agertu zen. Azken hiru zortzimilakoak Euskadiko Kutxaren laguntzaz igo ditut, aurreko babesleak barne arazoak izan zituelako.

Zergatik zortzimilakoak?
Beti izaten da Everestera igotzeko gogoa, handiena delako, eta batez ere Euskadin aurreko bi espedizioek urratua duten tradizioagatik. Bestalde, nire gaitasun onena arrokan eskalatzea izan da beti. Kasualitateak dira. Azkenean kate horretan lotzen zara, nire kasuan oso luzea izan dena. Askok familiagatik, edo izan duten izaeragatik utzi izan du. Zergatik zortzimilakoak? George Mallory-k zioen bezala, Everestera zergatik igo galdetu ziotenean: hortxe dagoelako.

Zer eman dizute 14 zortzimilakoek?
Dena. Etxe eder hau izatetik, bi kotxe izatera, familia zoragarri bat, lagun handiak, kultura asko ezagutzea, dena. Nire bizitza mendiari lotuta dago erabat. Aitarekin hasi nintzen mendira joaten 7 urte nituela, eta 14 urterako eskalatzen ari nintzen. Une txarrak pasa izan ditugu mendira igo ahal izateko dirurik bildu ezinda, baina Alberto eta Felixekin, zorionez, 360 gradutako buelta eman genion mendiaren panoramari. Jendea ohitua dago mendiaren alde erromantiko eta bohemioa ikusten, baina menditik dirua irabaztea zilegi dela ulertarazi behar dugu. Nire lanbidea da azken finean. Hauxe da egiten dudana, eta ez dakit besterik egiten. Eta jende gehiagok eduki behar luke menditik bizitzeko aukera.

Eta zuk zer eman diozu alpinismoari?
Ez naiz bide arruntetatik ibili izan den zortzimilako alpinista. Beti saiatu izan naiz bide alternatiboak igotzen, baina zailenera jo gabe. Hala ere, beti errepikatu izan ditut bideak, K2-an ezik, han "euskaldunen bidea" ireki baikenuen. Harro egon naiteke Euskadiri 14 zortzimilakoak aportatu izanaz, eta ez da gutxi, baina alpinistikoki ez dut ezer aportatu. Bideak errepikatu izan ditut, ez ditut bide luzeak egin, Everestera oxigenoaren laguntzaz igo naiz (horregatik saiatuko naiz orain oxigenorik gabe igotzen). Batez ere Euskadi munduan ezagutarazi dut.

Fisikoki, zer moduzko baldintzatan zaude?
Jakina, ez nago orain hamar-hamabost urteko sasoian, orduan mendiak korrika igotzen genituen. Gero eta gehiago kostatzen zait, eta gero eta gehiago bilatzen dut fida nahitekeen kideen babesa, gailurrera igotzeko lagun diezadaten. Dena ez du Juanitok egiten.

Nola dator belaunaldi berria?
Orain datorren belaunaldia oso ona da, eta garrantzitsua izango da. Ez dut esan nahi Iñurrategitarrek, Kike de Pablok, eta besteok ezer aportatu ez dugunik, baina guk ez ditugu markarik handienak hautsi, eta orain datozenek ekarpena egingo diote benetan euskal mendizaletasunari. Atzetik datorren jende hori babestu behar dugu. 6.000 metrotara bide luzeak egiten ari direnak mimatu behar dira, horiek ezin baitira 8.000 metrotara egin. Jende hori da sortzaile izan daitekeena, berritzailea, bide berriak ireki ditzakeena, eta jakina, horretarako dirua behar da.

Sendagileekin espedizioak eginak zara...
Hiru euskal espedizio egin ditut, kirola eta zientzia uztartuz: Cho-Oyura (1985), Nanga Parbatera (1992) eta Everestera (1993). Alturan gorputzak nola erantzuten duen ikertu dute, batez ere loak hartzean. Aurretik gauak eman genituen Txagorritxuko ospitalean, kable mordoa jarri zizkiguten, eta gero emaitza horiek guztiak alturan pasa genituen gauekin kontrastatu zituzten, ostera ere kable horiek guztiak jarrita. Besteak beste, jakin dutena da 7.000 metrotatik gora bihotza sarri gelditzen dela, 40 aldiz baino gehiagotan, horietako asko minutua baino gehiagoko iraupena dutenak.

Kulturak eraginik al du mendia igotzeko moduan?
Alpinismoa gustuko duenarentzat pribilegio bat da hemen jaiotzea, bertako orografiagatik, eta atzetik datorkigun kultura ere abantaila handia da. Euskal federazioak 75 urte beteak ditu, eta denak joan izan gara mendira guraso eta anai-arrebekin. Maila profesionalari dagokionez, Frantzian mendia askoz ere profesionalizatuagoa dago hemen baino, eta logikoa denez askoz ere jende gehiago irteten da, baina han ez da inor 8c+ edo 9 gradua eskalatu duenik, edota 14 zortzimilakoak egin dituenik, hemen bezala.
Bestalde, mentalitateak ere eragin handia du. Gaur egun japoniar eta korear asko joaten da Himalayara, mendizaletasuna oso errekonozitua dagoelako (batez ere Korean). Ekialdeko kulturan, euren bizitzarekiko estimua bera baino gehiago gailentzen da gailurrera igotzearen ego hori. Buruan duten bakarra gailurrera igotzea da, eta halaxe hiltzen dira hainbeste.

Heriotz mugan zabiltza beti.
Hasteko, nik uste honetan gabiltzanak beste kasta batekoak garela. Eta bestalde, mendira beti baldintza honekin abiatzen zara. Himalayara noanean badakit han gelditzeko txartela dudala eskuan. Nola ez dut jakingo ba, nire larruan sentitu dut eta heriotza zer den. Gainera, nirekin gehien eskalatu duten lagunak mendian geratu dira (Atxo Apellaniz, Jose Luis Zuluaga "Zulu", Juan Miranda, Felix Iñurrategi). Etxetik noanean, eta seme bat dudanez geroztik, kontu gehiagorekin ibiltzen naiz. Hainbeste espedizio egin izanak esperientzia ematen dizu, eta aurreikus dezakezu noiz datorren elurjauzi edo egoera txar bat. Baina egia da ezustekoak ezin direla aurreikusi. Onartuta duzun arriskua da. Hala ere ezin naiz etxean gelditu, agian horixe da mendiaren handitasuna. Nire bizitzaren filosofia ez da goizero 7etan jeiki, lanetik itzultzean etxezuloan sartu, larunbatetan pilota partidara eta igandetan futbol partidara joatea. Aldatu beharra dago: ongi pasa, gaizki pasa, adrenalina atera, ez atera... bestela, nire kasuan bizitzak ez luke zentzu askorik, nire familiaz gain.

Gure kulturan heriotzari beldurra diogu, mendian hiltzea trauma da...
Nik gehiago sentitzen dut pertsona maite baten heriotza hemen, etxean, Himalayan baino. Hain zuzen, zu baldintza horrekin joana zarelako mendira, eta bertan geldi zaitezkeenaz hain konsziente izanda, istripua beste modu batera baloratzen duzu, onartu egiten duzu, eta ez dizkiozu buruari herrian istripu bat dagoenean adina buelta ematen. Inoiz hil behar badut (eta jakina da hil beharko dudala), nahiago dut Himalayan hiltzea, eta ez errepidean (horretarako ere txartela eskuan dut baina).

Hango kulturentzat, zer da mendia?
Hasteko diru iturri oso garrantzitsua. Tamalez, bai Nepal, Pakistan, India eta Tibeten, baimenetako dirurik gehiena Gobernuak beretzat hartzen du, eta ez du behar bezala inbertitzen nekazal guneetan, edo dena delakoan. Baina espedizioek jende askori ematen diote lana, zuzenean ala zeharka. Ez pentsa herrialde horietan miseria gorrian bizi direnik. Indian agian bai, baina Nepal eta Pakistanen denek dute euren arroz platertxoa. Gainera, bertakoak euren bizitza xumean oso zoriontsuak dira, eta bistan da zibilizazio oso eskuzabala dela, eta batez ere maitakorrak.

Bertakoak izango dira Everesten maisu...
Haiek tradizioz alturan bizi dira, 3.000-4.000 metrotatik gora, eta euren organismoa oso ongi egokitua dago alturara eta hotzera. Baina euren arazoa, kasurik gehienetan, teknika falta da. Oso pertsona sendoak dira, indartsuak, eta onak kanpamenduetaraino zama lanak egiteko, baina oso kontuz ibili behar duzu ez baitakite egoera tekniko konplexuetan nola jokatu; eta batez ere, une kritikoetan, moralari eustea funtsezkoa denean, haiek etsi egiten dute. Ez dute Mendebaldekook dugun morala, hil artean eusten eta eusten saiatzekoa; utzi egiten dute, etsita. Bi elementuok, teknika eta eusteko animoa, batuko balizkiete hotza eta altuerara egokitzeko duten gaitasunei, Himalayako maisu lirateke, eta izatez halaxe dira, baina beti inperialistek, Mendebaldekoek gidatuak.

Zer eragin du erlijioak?
Ni ez naiz kristaua, baina egia da, une latz batean zaudenean beti zer edo zertaz akordatzen zarela, eta Nepalera noanean, ez dut erritual bat ere galtzen. Budismoa da erlijio guztien artean gehien erakartzen nauena, liluragarria iruditzen zait, nagusiki gogoetan oinarritzen delako. Eta ez dut praktikatzen, baina Nepalera noanean, lamarengana jotzen dut. Oinarrizko kanpamendura iritsitakoan, lama bat kontratatzen da "Puxa" izeneko zeremonia egin eta bedeinkapena emateko. Everesten, batez ere, sherpak ez dira mendian sartzen zeremonia hau egin artean. Masta jartzen da, errezuetako banderaz betea, eta bandera hauek haizeak mugitzeak uxatzen ditu izpiritu gaiztoak. Zeremonia horretan, Budari janaria eskaintzen zaio bandeja batzuetan (hasi patxaranetik eta arrozeraino), eta piolet eta kranpoiak masta ondoko suan jartzen dira. Gero festa bat egiten da, ateratako guztia jan eta edaten duzu, eta hortik aurrera sherpak mendian barnera daitezke.
Baditut neureak diren lepokoak ere. Lepoko berezi baten bila urteak eman ditut. Begi itsurako zirkulua du harriak, eta Tibeteko lautadan soilik daude. Baina lepoko hauek belaunaldiz belaunaldi jasotzen dira, eta sekulako esanahia dute bertakoentzat, beraz, ez zait erraza izan bat eskuratzea! Nik dudana sherpa bati ikusi nion, eta erosteko bi eguneko negoziaketa behar izan nuen. Hasieran 600.000 pezetatan saldu nahi zidan, eta azkenean 300.000 pezetatan eskuratu nuen.

Eztabaida handia dago espedizio komertzialen inguruan...
Bi espedizio komertzial mota bereiztu behar dira: batzuk Everest gailurreraino igotzen zaituzte, eta beste batzuk oinarrizko kanpamendura arteko guztia antolatzen dizute.
Ni, oinarrizko kanpamendura arte laguntzen duten espedizio komertzialen oso aldekoa naiz, eta gainera uste dut beharrezkoak direla, baimenak merkeago eskuratzen baitizkizute. Everestera bakarrik edo beste lagun batekin joan nahi baduzu, baimena lortzea dirutza handia kostako zaizu; baina agentzia hauek nazio ezberdinetako mendizaleekin talde bat osatzen dute, eta guztien artean merkeago irteten da. Gainera, Katmanduko tramitazio burokratikoaz gain, oinarrizko kanpamenduko azpiegitura guztia jartzen dizute, eta hortik aurrera, gailurreraino bakoitzak autonomo izan beharra du.
Baina bestelako espedizio komertzialek, guztia antolatzen dizute, eta gainera, Everest gailurreraino igotzen zaituzte, diru kopuru astronomiko bat ordainduta, noski. Horregatik, Everest (Nepal aldetik) bereziki aberaskiloentzako mendi bihurtzen ari da. Erdipurdiko mendizalea, eta sekula Himalaya zapaldu gabea izanda ere, Everest igo dezakezu diruaren truke.
Bakoitzak 10-12 milioi pezeta ordainduta, Katmandun hotelik onenean sartuko zaituzte; oinarrizko kanpamendu osoa jarri, eta aklimatazio fasea kontu handiz zainduko dizute; bi sherpa eta gidari okzidental bat izango dituzu, zama guztia eurek eraman eta bidea irekitzeaz gain soka finkoak jarriko dizkizute; eta gainera, gailurra egiteko egunean, zure baldintzen arabera, behar duzun altueran oxigeno botilak jarriko dizkizute. Minutuko 3 litro dituzu (hori hirian ere ez dugu hartzen!), eta sherpa bat atzean izango duzu beti, botilaren erregulatzaileari begira, bukatzen zaizunerako beste botila jartzeko. Noski, ordezko botilak sherpek eramango dituzte bizkarrean.
Baina gauzak okertzen direnean, xomorroak bezala hiltzen dira denak. Ez dira gai une kritikoei aterabidea emateko.
1996an bi espedizio zeramatzaten gailurrera. Eguraldi txarra aurreikusia zegoen, baina bezeroek gidariak presionatu zituzten gailurrera igotzeko, dirua pilo ederra ordaindu baitzuten eta gailurra egiteko azken aukera zuten. Tontorrera heldu orduko ekaitzak harrapatu, eta beherakoan 8 lagun hil ziren, horien artean Rob Hall, ezaguna nuena; prestigio handieneko Zeelanda Berriko gidaria, Everestera 6 alditan igoa. Espedizio hartako bezero batek, 2-3 milioi gehiago ordainduak zituen, bereziki Rob Hallen soka berean igotzeagatik.
Mota honetako espedizioen guztiz kontra nago, eta jende hau da hein batean Everest gailurra desmitifikatu duena. Egun berean 43 pertsona igo izan dira. Everest gailurra oso leku txikia da, eta ezin ditut 43 lagun han goian imaginatu! "Utzidazu orain niri jartzen, argazkia atera nahi dut-eta...", elkarri lekua kentzen han goian, neka-neka eginda heltzen zarenean, elkar ezin ulertu zabiltzala, oxigeno maskara eta guzti...

Everest zaborrontzi bihurtu al da?
Hori jada ez da egia. Nik uste orain beste zortzimilako mendiak gutxiago zainduta daudela Everest baino, eta haietaz inork ez du hitz egiten. Eta esan beharra dago, hezi behar den lehena bertakoa dela. Bertakoa da guztiz kontzientziatua ez dagoena, hondakin ez organikoak jaitsi egin behar direnaz, bestela euren herria kutsatzen baitute. Sherpa batek esan zidan behin, mendia bera arduratuko zela zaborra jaisteaz, eta horixe da hango gehienek duten pentsamoldea.
Kanpotik goazenok, tira, beti uzten dugu zikinkeriarik, inoiz ez duzu zegoen bezalaxe uzten. Everesten, arazoa Hegoaldeko lepoan dago. Gailurretik, bizirik baino hilago jaisten zara hego lepora, eta ez zaude oxigeno botila hutsa edo alferrik duzun denda puskatua jaisteaz arduratzeko moduan. Baina oinarrizko kanpamendua ez dago lehen zegoen bezala, jendea askoz ere kontzientziatuagoa dago. Gainera, Katmandutik irten aurretik, bankuaren abala utzi behar duzu turismo bulegoan, 4.000 dolarrekoa, zabor kontzeptuan. Gobernuko ordezkari bat jartzen dizute, oinarrizko kanpamenduraino laguntzeko. Katmandura itzultzen zarenean, gobernuko ordezkariak zuri buruzko informe positiboa egin badu, dirua itzultzen dizute, bestela dirua gobernuak hartzen du.

Everest magalean hotel bat egitekotan omen dira...

Halaxe da. Hotel bat eraikitzen hastekotan dira 4.500 metrotara, Rongbuk glaziarrean (Tibet aldean). Jabea ezagutzen dut eta negoziante bat da, eta hotel hori ere aberaskiloentzat bakarrik izango da. Berak dio Khumbuko monastegiko dalaien oniritzia lortu duela. Niri basakeria hutsa iruditzen zait ingurumenarentzat, eta urratu dugun mendi tradizioarentzat. Everest magalean 55 logelako hotel bat aurkitzea! Guztiarekiko errespetu falta iruditzen zait.

CURRICULUMA
- Jaio:
Gasteizen, 1956an.

- Mendizalea. Eskalada irakaslea, "Escuela Vasca de Alta Montaña"ko irakasle, goi mendietako gidaria...
- Elektrizitate lanetan aritua.

- Hamalau zortzimilakoak
egin dituen lehen euskalduna eta mundu osoan seigarrena:
1985ean Cho-Oyu (8.201 m.) (lehen euskalduna), 1987an Gasherbrun II (8.035 m.) (lehen euskalduna Atxorekin batera), 1992an Nanga Parbat (8.125 m.), 1993an Everest (8.848 m.), 1994an K2 (8.611 m.), 1995an Makalu (8.465 m.), 1995ean Lhotse (8.516 m.), 1995ean Broad Peak (8.047 m.), 1996an Kangchengjunga (8.586 m.), 1.997an Manaslu (8.163 m.), 1997an Hidden Peak (8.201 m.), 1998an Dhaulagiri (8.167 m.), 1998an Shisha Pangma (8.046 m.), eta 1999an Annapurna (8.091 m.).
- Horiez gain igotakoak:
+ Alaskan: 1984an McKinley (6.194 m.).
+ Argentinan: 1983an Aconcagua (6.957 m.).
+ Kenian: 1988an Kenia mendia.

- Zeharkaldiak:
2000.urtean Groenlandian zehar leraz 650 km egin zituen. Eta Txinako TaklaMakan desertua zeharkatu zuen (800 km) ganbeluz.
- Ikusentzuteko 16 muntaia eta bi liburu osatu ditu: "Buscando las catorce estrellas" (1997an Lur argitaletxearekin) eta "Los 14 ochomiles de Juanito Oiarzabal" (1999an Desnivel-ekin). TVEko "Al filo de lo imposible" programarekin hainbat espedizio grabatu du.

- Sariak:
beste askoren artean Euskal Herriko Mendi Federazioko Urrezko Intsignia, 2000. urteko Euskal Herritar Unibertsala (Eusko Jaurlaritzak emana).

- Hurrengo proiektuak:
Kontinente bakoitzeko mendi garaienak igotzea eta Antartika zeharkatzea, puntu eskuraezinena ukituz.

BERE HITZETAN
"Goraino iristeko irrika hori menderatuta dut, zuhurtziaz buelta hartzeko mentalizatuta nago" (ARGIA, 1996-03-10)

"Everestek zapore gazi-gozoa utzi zidan. Altuena delako berezia izan arren, Juan Miranda kidea Lhotseko hormetan behera amildu zen. Galtzen nuen gertuko lehen adiskidea zen. Gainera igotzeko oxigenoa erabili nuen. Gutxien gozatutakoa denez, ondo igo nahi dut beste behin"(ARGIA, 1997-11-16)

"Altuerara oso ondo egokitzen da nire gorputza, dohain hori daukat"(ARGIA, 1996-03-10)

"Kangchenjunga jaisterakoan flakiak jo ninduen, eta gero kolapso eta zorabioak. Iñurrategi anaiek izugarri lagundu zidaten, baina zerraldo erortzekotan izan ginen, ni etsita eta beraiek ni laguntzeagatik. Igotzen saiatzen nintzen hirugarren aldia zen. Mendi oso krudela izan da nirekin"(ARGIA, 199711-16)

"Zortzimilaz azpitik mendi izugarri ederrak badira, eta ez Himalayan bakarrik. Alaskan, edo Peruko mendizerran ikusi ditut nire bizitzako mendirik ederrenak"(ARGIA, 1996-03-10)

"Bigarren zortzimilakoa, Gasherbrun II, igotzean betetasuna sentitu nuen, halako mendi puskak igotzea ez zela hain zaila; hurrengo urteetan frogatu dut betetasun sentsazio hura faltsua zela guztiz"(ARGIA, 1997-10-16)

BERTSOA
Doinua: Ursus Tibetanus
Goretexpeko bizar izoztu
arteko zigarro kea
Yeti arabarrak patata ona:
zartuta ere odol kolpea
Cho Oyu, Everest, Makalu, K2
zortziz-zortziko katea
Juanito hirea ez al da izan
hazaña eta zortea
batetik hasi ta hamalauraino
kontatu ahal izatea.

Jexux Mari Irazu
BIZITZAREN PASARTEA
Lerro hauetan oroitu nahi ditut Himalayan nirekin izan diren lagunak, eta bereziki Himalayan gelditu diren lagunak (Zulu, Atxo, Miranda eta Felix), haiek gabe ez bainituzkeen 14 zortzimilakoak igoko. Hau ez baita Juanito Oiarzabalen lana izan, hau jende askoren lana izan da, espedizio askoren ondorio, oso trago txar eta oso une goxoen ondorio. Gailur batera heltzen naizen bakoitzean, lagun horiekin akordatzen naiz.

ARGAZKI ZAHARRA
"Jakina, ez nago orain hamar-hamabost urteko sasoian, orduan mendiak korrika igotzen genituen".


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-29 | ARGIA
Aldatu Gidoia-k euskara ez zokoratzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari maiatzaren 18ko protestan

Maiatzaren 18an, Gasteizen, egingo da mobilizazioa Aldatu gidoia euskararen alde lelopean. Kanpainan parte hartzen ari diren eragileek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote euskararen aldeko politikak ezartzeko ikus-entzunezkoetan, eta EITBn beharrezko baliabideak jar ditzala... [+]


Pedro Sánchezek karguan jarraituko du

"Joko garbia" eskatu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta "hausnartzeko" deia egin: "Munduari erakutsiko diogu nola defendatzen den demokrazia". Ulertzera eman du "indartsuago" itzuliko dela.


2024-04-29 | Sustatu
Makusi jaio da, EITBren haur eta gaztetxoentzako plataforma

Donostiako Kursaal aretoan egindako ekitaldi batean aurkeztu du EITBk ostiralean Makusi, haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma. Makusi.eus webgunean ikusgai dago jada, eta app ere ere eskuragarri dago. Doako haurrentzako euskarazko lehen plataforma... [+]


Hezkuntza komunitateak protestara deitu du Palestinako haur eta nerabeen alde

Gasteizko dozena bat ikastetxe eta institutuk pasa den astean egin zuten publiko komunikatua, eta astelehen honetan Bilboko beste hogei eskola batu zaizkie, publiko zein Ikastola. ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ere tartean daude. Sinadura bilketa abiatu dute.


Eguneraketa berriak daude