ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 15a
Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi"

"NIK NEURE BORROKA EZ DUT GELDITUKO"

  • Jada gizarte honetan gelditzen den marka "radical" bakarra freskagarri baten izena da, eta pertsona gutxi batzuren izana.
Estitxu Eizagirre @eeizagirre  |  Ixiar Eizagirre
2000ko azaroaren 26a
Gaztarorako euskaldun eta abertzale zinen. Etxetik jaso al zenituen euskara eta abertzaletasuna?
Nire aita tolosarra zen, euskaraz bazekien baina ez oso ondo, eta gainera Donostian bizita ez zuen hitz egiten. Eta ama donostiarra zen, euskaraz bazekien baina dena gazteleraz egiten zuen. Nik ikusi ditut aita eta ama euskaraz hitz egiten, baina nire semeekin, ez nirekin. Hori oso klasikoa da, Donostian giro hartan hala zen. Ez ziren abertzaleak, eta etxean ez zen aipatu ere egiten euskal kutsuko ezer: ez euskararen arazoa, ez Euskal Herria ("eso no sirve sino para lios"); kontutan hartu frankismoak bete-betean harrapatu ninduela...
Ez ziren ideologia jakin batekoak. Amak, garai hartako emakume gehienek bezala, ez zuen ideia politikorik. Aita ere ez zen politikoki askorik definitzen: errepublikar eta laikoa zen, baina besterik ez.

Noiz izan zenuen lehen aldiz euskara hurbilen?
Etxean ez genuen euskara sarritan entzun, baina Donostiatik irten ginenean bai: 5 urte nituela, Asturiasen Francoren lehenengo altxamendua izan zen. Somatzen zen gerra bazetorrela, eta aitak pentsatu zuen gu Oñatira bidaltzea. Ama, anaia eta hirurok bi hilabetez-edo egon ginen, Enparantzatarren etxean. Oñatin euskaraz egiten zen, eta etxe hartan ginela gure amak ere bai. Euskara hor zegoen, baina nik ez nuen ulertzen.
Eta 10 urte nituela, 39an, aitak pentsatu zuen guretzat ona izango zela hilabete kanpoan pasatzea, eta anaia eta amarekin Arantzazuko ostatuan egon nintzen. Han gauza bera: Donostiatik atera eta euskaraz.

Amagandik jaso omen zenituen zure lehen euskara lekzioak...
17 urte nituela gaixotu, eta hilabete egon nintzen ohean. Aspertu egiten nintzenez, blok bat eskatu gure litografian eta amari galdetuta, gauzak euskaraz nola esaten ziren apuntatu nituen: "ni naiz, zu zea, bea da, gu gea, zuek zeate eta haiek dira" "ni nao...". Gramatika bat idatzi nuen blok hartan, amaren hizkera jasota.
Sendatu nintzenean, gramatika libururen baten bila hasi nintzen. Nire osaba Lopez Mendizabalen laguna izan zela gogoratu nintzen. Franco etortzean Lopez Mendizabal Amerikara joan zenez ihesi, osabari utzi zizkion bere litografia makinak eta gauza guztiak: pianola bat, eta kaxa handi bat liburuz betea. Osabak nahi nuena hartzeko esan zidan. "Xabiertxo", "Leiokumea" eta halako liburuak orduan ezagutu nituen, baita Lopez Mendizabalen hiztegi bat ere, "Euzkera", nik eskutan izandako lehena. Eta gero, Zabala Aranaren gramatika liburu bat lortu nuen (ez dakit nola!), guztiz debekatua zegoen eta 48an hasi nintzen liburu harekin euskara ikasten. Gero Bilbora joan nintzen ikastera...

Bilbon Krutwig ezagutu zenuen...
Bai, 49an. Krutwig ustekabe bat izan zen niretzat, garai hartan dena debekatua zegoen, eta berak inpresio handia egin zidan. Bere etxean erakutsi zidan bere arrebari egindako erretratu bat, "hau nik ezkerrarekin egin dut"; eta idatzi bat ispilu batekin egina zuen, Leonardo da Vincik bezala, idatzitakoa beste inork irakurri ez zezan. Egiptoko hieroglifikoei buruzko liburu batzuk ere erakutsi zizkidan...tipo oso bitxia zen. Euskaldun berria zen, eta euskaraz ez zuen oso ongi hitz egiten. Esan zidan greziera ikasi behar nuela, "bost orduz ikasiz gero hiru urtetan, greziera ikasiko duk", "ez da xamurra!" pentsatu nuen... Baina harrituta gelditu nintzen bere kategoria eta ezagutza ikusita. Garai hartan niretzat oso interesgarria izan zen bere jarrera.
Politika aldetik, Krutwig eta Alfonso Irigoienen bidez bilera klandestino batzuk izan genituen Euskaltzaindian, Ribera 6an. Han biltzen ziren, beste askoren artean, Robles Arangiz (laster aldegingo zuen), Billabeitia, Egileor, PNVko diputatu izanak. Eta libreki hitz egiten genuen egoerari buruz, euskarari buruz...

Krutwig ordurako Euskaltzaindian zegoen. Nola zegoen garai hartan Euskaltzaindia?
Garai hartako Euskaltzaindiarentzat, euskara une honetan etruskoa bezala zen: ikertzeko objektu hutsa, baina ez tresna bat. Euskaltzaindian bilerak gazteleraz egiten ziren. Jakina, euskaraz egiten zuen Azkue batek, (lekeitiarra izanda, eta orain 140 urte jaioa... kontuak atera). Baina beste batzuek ez zekiten euskaraz hitz egiten: Olabide, Inaxio Maria Etxaidek berak (lehendakari izandakoa) oso nekez hitz egiten zuen... Beste askok euskara asko zekien teorian, baina gero ez zuen hitz egiten. Mitxelena bera, alde horretatik, garai hartako gizona da: bere obra nagusia gazteleraz egin du, euskaraz idazten jakinda, eta Gasteizko unibertsitatean klaseak gazteleraz ematen zituen.
Eta gero purismo asko zegoen. "Tranbia" ez esatearren "tximiskurdia" esan behar omen zen... eta noski, ezintasun horretan jendeak gaztelerara jotzen zuen.

Krutwig bera ez al zen izan Euskaltzaindia euskaldundu zuena?
Euskaltzaindian Urkijo zegoen bitartean (honek ez zekien euskaraz hitz egiten) Krutwigi ez zitzaion posible iruditzen, ezta dotorea ere, bilerak euskaraz egitea planteatzea. Krutwigek errespetu handia zion Urkijori, gerra ondoren berari esker altxa zelako Euskaltzaindia. Urkijo norbait zen: Karlismoaren inguruan lehenengo figura zen eta beraz Francorentzat konfidantza osoko gizona, baina era berean euskaltzalea. Urkijok salbatu zuen Euskaltzaindia urte kritiko haietan. Beraz, Urkijo hil zenean (1950) "orain da momentua" pentsatu, eta Krutwigek esan zuen lotsagarria zela Euskaltzaindiak bilerak euskaraz ez egitea, eta hori bukatu beharra zegoela. Arrazoi guztia zuenez inork ez zion kontrarik egin eta 52az geroztik hasi ziren bilerak euskaraz egiten. Baina ni, 57an, urgazle gisa sartu nintzenean, bileretan oraindik ere jende askok gazteleraz egiten zuen.

Euskara batuaren eztabaida ere orduan piztu zen...
Horretan ere Krutwig izan zen oso garrantzitsua. Hark esaten zuen euskara batua egina zegoela: Leizarragak egin zuen, Nafarroako erreginari emandako Testamentu Berrian. Hor zegoen lapurtera klasikoa egina, eta oinarri horretatik abiatuta euskara modernizatu egin behar zela zioen, gaurko munduaz hitz egiteko moduan jarri. Eta Krutwigek euskara "garbia" eta halako gauzak tontakeria hutsa zirela zion: kulturalki denok Greziaren seme garela, eta hitzak grekotik hartu behar zirela eta kito. Hori txoke izugarria izan zen PNV eta gainerakoekin, haiek purismo hutsean baitzeuden.

Gaur nola ikusten duzu euskararen egoera?
Pauso handiak eman dira eta azkar gainera. Miquel Siguan, Kataluniako hizkuntzalari ezagunak esana du, berak ez duela ezagutzen Europa osoan Euskal Herria bezalako kasurik. Jakina, guk beti esan dugu "katalanek bai..." baina katalanek ez zuten hemengo arazoa, han beti izan da katalana hizkuntza mintzatua, normala. Eta hemen bertako hizkuntza baztertua zegoen, eta hizkuntza bat halako abiadan piztea, ez da makala.
Halere hemen ez dago egoera batere ziurtaturik, eta baikorkerietarako arrazoirik ez dago. Hemen dagoen arazoa soziologikoa da. Egoera diglosikoa izanda, euskara funtzio batzuetarako erabiltzen da, baina besteetarako ez, eta azkenean kontua da jendeak erdaraz hitz egiteko ohitura duela. Eta ohitura horiek oso zailak dira aldatzen. Eta zein den esplikazioa? Nik uste hemen euskaltzaletasuna oraindik ez dela sortu. Hori bai, herri hau esnatu da, eta gaizki gaude, baina halere orain bezala sekula ez gara egon.

Gaurko talde abertzaleetan, euskararekiko kontzientziak ez al du atzerakada eman? Ekinen urrezko araua zen lehenik eta behin euskara ikastea.
HBn esango nuke lehentasun hori itsatsi dela, beste lekutan ez. Euskara tresna bihurtu duena bilera eta txostenetan HB izan da lehena, ez PNV eta ez EA. Diputatu batzuek oraindik ez dakite euskaraz, eta hor dabiltza lasai asko. Gainera esan egin dute ingelesez badakitela, eta ez zaie planteatzen problema.

Kontraesanak ere badira ordea. "Gara" egunkari nazionala da, baina gaztelerak du toki gehien...
Hala da, eta nik nahiago dut "Euskaldunon Egunkaria". Franco orain 25 urte hil zen, eta noiz hasi behar dugu egoera normalizatzen? Lehengo egunean bilera batean egon nintzen, jende oso abertzalearekin, eta bilera gazteleraz! Zergatik? Batek, "esque yo prefiero explicar las cosas en castellano" "zoaz pikutara!", hori da erantzuna! Abertzaletasuna eta euskara banandu ezinak dira. Eta horretan badakizu nor datorren bat nirekin? Aznar! Erdara inposatzen duena ez da abertzalea.

Belgikara alde egin zenuenean utzi zenuen ETAko zuzendaritza (1965ean). Gero Parisen finkatu zinen. Hegoaldean marxismoa modan zela, nola ikusten ziren gauzak Frantziatik?
Parisen jende piloa ezagutu nuen eta gauza asko irakurri ere bai. Informazioa oso ezberdina zegoen Iparralde eta Hegoaldean. Han bazegoen nolabaiteko askatasuna, eta bagenuen "democracia popular" bedeinkatu horiek Polonian, Alemanian-eta zer izan zirenaren berri. Horiek irakurrita, nik ez nuen Euskal Herriarentzat halakorik nahi inola ere, eta gaur ere ez.

Zuen garaian garrantzia ematen zitzaion autoformakuntzari, korronte bat jarraitzeari... gaurko gazteek ez al dute horren hutsune nabarmena?
Ez dakit zehazki, baina unibertsitatean klaseak ematen ditut aspaldidanik, eta pixka bat badakit ikasleak nola dauden. Eta ikasleek ez dute ideiarik ere ezertaz. Harrigarria da. Gure garaian polemika sakona zen, eta gaur gaiari buruz jendeak ez daki ezer, historiari buruz ere ez. Nik uste arrisku handia dagoela hor, hemen sua baitago. Abertzaletasuna badago, oso landu gabea, zehaztu gabea, baina mugimendua badago. Orduan halako dinamikarekin, eta orain gainera estatuek duten zapalketa mailarekin, jendea hain despistatua egotea arrisku handia da.

Lizarra-Garazin zerk huts egin du?
Abertzaletasunaren faltak. Herri honetan abertzaletasuna, oraindik ere, oso azalekoa da. Errua banatzen dabiltza guztiak, errua PNVk duela, edo ETAk duela... Ez dago kontzientzia nazionalik.
Hemen kontua da zer egin espainol eta frantsesekin, eta gure gatazka oso serioa izanda, gainerako guztia bigarren planoan jarri behar da, mundu guztian egin den bezala. Herri okupatuetan egiten dena da lehenbizi frente abertzale bat osatu, herria askatu, eta gero ikusi bertan zer egin. Baina hemen ez. Hemen gure artean hasi behar dugu eztabaidatzen abortoari buruz... eta hau historikoa da gero! Telesfororekin bilera batean nengoela, ia atake batek eman zion abortoaren eztabaida planteatu ziotenean: "baina zer aborto? Hemen egin behar dena da Frente Abertzale bat osatu! Nik, kristau bezala, arazoak ditut abortoa onartzeko, baina ez dut eztabaida horretan sartu nahi, albo batera uzten dut!".

Artikulu batean irakurri dizugu gose grebak gaur ez duela merezi.
Begira Arizkurenen kasua, 54 egun! Borroka modu polita litzateke, eta Indian badago tradizioa, baina hemen ez. Borroka armatuaren aurka daudenek, gose greba bezalako borroka ere ez dute onartu nahi eta! Hemen borroka armatua eta ez armatua ETAk bakarrik egin ditu. Azkenean, alde batean daude bizia arriskatzeko prest daudenak, bai armekin edo bai gose grebetan, eta beste aldean bizia arriskatzeko prest ez dauden beste guztiak. Hori da hemengo zatiketa. Batez ere erasoaren maila honetan.

Gaur borroka armatua eta kale-borrokari eutsi behar zaio?
Nire ustez momentu honetan gauzak dauden bezala egonda, borroka armatuak ez du mesederik egiten. Hemen batzuk pentsatu dute (eta genuen, garai batean): gauden egoeran egonda, beste antzerako herrietan zer egiten dute? Borroka armatua, eta leku askotan esperientziak hori erakusten du. Baina horrek ez du esan nahi, nahitaez, eta mementu guztietan hori egin behar denik: malgutasuna izan behar da hor. Mementu honetan ikusten bada blokeo bat, Espainia guztia batuta dagoela gure kontra, eta La Fontaine Europako presidente nazkagarri hori berdin, zer egin egoera honetan? Noiz arte jarraitu beharko da atentatuak egiten etsaia mugiarazteko? Orain arteko panorama aldatu behar dugu, orain inpasse batean gaude. Nik uste garaia dela saio politiko bat egiteko; baina ez politika parlamentarioa (hori behar bada egin dezatela, baina nik ez dut horretan sinesten), baizik eta desobedientzia zibilaren politika, gandhismoa: masiboa, gogorra. Nik uste horrek desblokeatuko lukela arazoa, bestela borroka armatuaren bidez Espainia eta Frantziak iraungo dute nahi duten guztia, eta gehiago. Gure arteko batasunak kezkatzen ditu Madrilen: orain desobedientzia zibiletik joko ote dugun daude kezkatuta. Gandhismoa bultzatuko nuke. Eta Gandhik egiten dituen gauzak, egin egin behar dira, gero! Hemen jendeak Gandhi gizon inozotzat hartzen du eta Gandhi inork baino energia eta ausardia handiagoa zuen gizona zen, gogorra! Nik ez dut neure borroka geldituko, nik tiroak gelditzea nahi dut, baina gainerantzeko guztia aurrera!

BERTSOA
Doinua: Saltarina da txepetxa
Atzo goizean jaioa ez baina
euskaldun berria dugu
Euskaltzaindiko ardi beltz batek
euskara nola batu du?
Jagi-jagi ta Ekin ta ETA.
zebilen tokian buru
herri, erbeste huntaz ta hartaz
bizitza bera liburu
Euskal Herria helburu

Jexux Mari Irazu
CURRICULUMA
Jaio:
Donostiako Antigua auzoan, 1929an.

Ingeniaria, hizkuntzalaria, idazlea, irakaslea, politikoa eta filosofoa.
Igara, Usako, Larresoro eta Txillardegi seudonimoak erabili izan ditu.

Liburuak:
30 inguru argitaratu ditu, horien artean Leturiaren egunkari ezkutua (1956), Peru Leartzako (1960), Huntaz eta Hartaz saiakera bilduma (1965), Hizkuntza eta Pentsakera (1966), Elsa Scheelen nobela (1968), Euskal Herritik erdal herrietara (1978), Euskal gramatika (1978), Euskal Fonologia, Euskal azentuaz tesia, Exkixu (1988), Antigua 1900 (1992), Putzu eleberria (1999).

Sariak:
OARGI kultur erakundearen saria, Kierkegaard-en hazia Unamunogan lore saiakeragatik (1955).

Kazetaritzako kolaborazioak:
Egan aldizkarian (1956-1960), Buenos Aires-ko Tierra Vasca hilabetekarian (1960 inguruan), Garaia aldizkarian (1976), Zeruko Argian (60 eta 70eko hamarkadetan), Gara egunkarian (1999).

Politikan:
Ekin taldearen sortzaileetakoa (1952), ETAren sortzaileetakoa (1958) eta erakundeari izena eman ziona, ESBko kide izana, Herri Batasunako sortzaile (1977), Euskal Herrian Euskarazeko aita pontekoa (1979), Mahai nazionaleko partaide izana, eta bitan senadore hautatua, hiru aldiz kartzelaratua (1950, 1960, 1981) eta errefuxiatu izana.

Euskaltzain urgazle 1957tik.
Ibilbidea urtez urte:
- 1948an ikasle talde bat antolatu, EIA ( Eusko Ikasle Alkartasuna), eta Erne aldizkaria atera zuten.
- 1949-56 bitartean Bilbon jarraitu zituen Ingeniaritza ikasketak. Bertan ezagutu zuen Federiko Krutwig, eta gainerantzeko abertzale jendea (Gaintzarain, J.M. Benito del Valle, J.M. Agirre, Julen Madariaga...).
- 1950ean kartzelan sartu zuten, Jagi-Jagi taldeko partaide izatea leporatuta.
- 1952an, Ingeniaritza eskolakide batzuek Ekin taldea sortu zuten (1952).
- Soldadutza Galiziako Ferrolen egina (1956), bertan idatzi zuen "Leturiaren egunkari ezkutua" liburua, eta Euskaltzaindiaren Arantzazuko bilerara txosten bat bidali zuen euskara batua sortzearen alde.
- 1956an, ikasketak eta soldadutza bukatuta, Donostiara itzuli zen.
- 1957an Euskaltzain urgazle izendatua, euskarazko klaseak ematen zituen Gipuzkoako Foru Aldundian, Koldo Mitxelenarekin sarritan topo eginez.
- 1958an, Ekin taldea birbataiatuta, ETAren sortzaileetako bat izan zen, erakundeari izena eman ziona.
- 1959an, "Euskaltzaindiaren Laguntzailleak" erakundean aritu zen.
- 1960an atxilotu egin zuten.
- 1961ean kartzelatik irtenda Parisera jo zuen ihesi.
- 1962an Hazparnen finkatu zen.
- 1963an Euskal Idazkaritza Elkartea sortu zuten Baionan, besteak beste euskara batua Iparraldetik ere bideratu asmoz.
- 1963an Euskaltzaindiari bere dimisioa agertu eta Euskal Idazkaritza Elkarte barruan "Hizkuntza Saila" sortu zuen Telesforo Monzonekin batera.
- 1964an Belgikara aldegin, eta bertan denboraldi bat pasata, Brusselan finkatu zen. ETAko zuzendaritza utzi zuen, eta militante gisa jarraitu.
- 1966-71: Brusselatik "Branka" aldizkari abertzalea sortu zuten, tartean Benito del Valle (Ekin eta ETAko lagun zaharra) eta Krutwig zeudela.
- 1967an ETAren V. Biltzarraren ondoren, erakundetik irten zen.
- 1971n Euskal Herrira itzuli zen.
- ESBko kide izan zen.
- Herri Batasunako kide (1977az geroztik) eta Euskal Herrian Euskarazeko aita pontekoa (1979), Mahai nazionaleko partaide izana da 5 urtez eta bitan senadore hautatua.
- 1981-82 urteetan EEBBetara (Kaliforniara) joan zen fonologia ikastera.
- 1983an euskal azentuari buruzko tesia atera zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.
- 1999an, UEUk ohorezko kide izendatu zuen.
- Egun: Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Enemeritua da Fonologian eta Soziolinguistikan, EKBko Bat aldizkariaren kudeatzailea hastapenetatik, SEI (Euskal Soziolinguistika Institutua Sortzen) elkarteko lehendakaria, eta Herrien Europa Institutuko kidea da.

BERE HITZETAN
"Ni inoiz ez naiz izango Euskaltzaindiakoa, ez dut ezer jakin nahi ere. Behin eta berriz erakutsi baitute ez dutela ni hor egoterik nahi nire jarrera politikoagatik, ETAkoa izan eta HBkoa naizelako. Euskaltzaindiko urgazlerik zaharrena naiz"

Argia, 1994-10-16
"Sozialismoa krisian dagoela azpimarratu beharrik ez dago. Eta beragandik garbiki desmarkatu gabe, Ezker Abertzaleak tope egiten du, eta egingo"

Euskaldunon Egunkaria 2000-4-9
"Etorkinen lehenengo pertsona-eskubidea, beren jatorrizko naziotasuna gordetzea duk. Euskalduntzea eta integratzea erabakitzen badute, orduan bai: hemengo gorabehera politikoetan parte hartzeko eskubidea ditek. Ez integratzea erabakiz gero, eskubidea izango dik etorkin horrek utzi nahi ez duen naziotasun arazoetan parte hartzeko, baina ez gureetan"

Argia, 1983-9-11
"Nik ez diat ulertzen "ikurriña bai, española ez" oihuka esan, eta gero "españolari bai, euskarari ez" praktikatzea"

Argia, 1983-9-11
"Kale-borrokak eta oso noizbehinkako atentatuek, gure arteko batasuna hausten dute, gure indarra ahultzen, eta etsaiarena gotortzen. Benetako txertoak dira, eraso nahi diren Estatuen bizkorgarri"

Euskaldunon Egunkaria 2000-4-9


BIZITZAREN PASARTEA
Nik ezagutu dudan momenturik gogorrena, gure aurrean Muguruza garbitu zutenekoa da. Hotel Alcalß-n geunden HBko diputatu eta senadoreak: Jon Idigoras, Itziar Aizpurua, Josu Muguruza, Iñaki Esnaola, Jose Luis Elkoro, Jokin Gorostidi eta ni neu. Eta bapatean bertara sartu, tiroka hasi eta ni mahai azpira sartu nintzen. Tiroak entzuten nituen, eta orroak: odol-hustutzen ari zen Muguruza. Esnaola zaurituta zegoen etzanda, sapaira begira, eta ez zuen ezer esaten. Ez genekien bizirik ote zegoen. Eszena hori niri ez zait ahaztu, ezta ahaztuko ere!
Gainera, afaritan, Muguruzari adarra jotzen aritu ginen: "Hi, zentzatu beharko duk, hire emaztea haurdun zegok eta hemendik aurrera bukatu dituk parrandak..."

.
ARGAZKI ZAHARRA
Koldo Mitxelena, Aita Villasante eta Txillardegi, Euskaltzaindiaren VIII Biltzarrean (Bergaran, 1978an).

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak

Azkenak
EGILEAK
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude