"EUSKAL DEPARTAMENDUA EZ DA DESZENTRALIZAZIORAKO MOTOREA"

  • Baionako Jean Grenet auzapezarekin biltzean, datozen udal bozketaz jarduteko gogotsu aurkitzea espero genuen. Grenetek ez ditu herri bozkak gogoan, alta. BAM Aglomerazioko presidenteorde eta Erregioko kontseilari hau eguneroko zereginaz omen dago arduratua.

2000ko azaroaren 26an
Baionako Herriko Etxeak eraikiko duen Zenith edo aretoaren inguruan eztabaida bat jalgi da BAM (Baiona-Angelu-Miarritze) Aglomerazioan. Zehaztuko al zeniguke zertan den proiektu hau?
BAM Aglomerazioaren handitasuna kontuan hartuta, kultur eta kongresu aretoen eremuan gabezia bat dugula ohartu gara. Alegia, 75.000 bizilagun dituen BAM Herrien Erkidegoak kultur azpiegitura sendoago bat merezi duelakoan gaude. Baionako antzokia zaharkitua da, ez da nahiko. Miarritzen badaude mistoak diren hiru antzoki edo kongresuetarako areto. Alta, ez dira aski egungo beharrei erantzuteko. Hartara, gure udaletxea egungo kultur beharretarako eraikin moderno bat hasia da lantzen. Eraiki nahi duguna ez da Zenith bat, kultur espresio ezberdinen garapenerako proiektu misto bat baizik. Kultur kontzeptu berri bat landu nahi dugu eta eliteko kultur eta herri kultur ekitaldiak bilduko dituen areto bat eraiki horretarako. Besteak beste, 2.300 eserleku eta 400 eserlekuko bi gela leudeke eraikinean, ekipamendu modernoena barne.

Bestalde, Baionako barnealdean eraikitzen ari zareten multizinemaren aurkakoak jalgi dira. Bere kutsu arrotza eta kokapenarengatik kexu nonbait. Zertan datza proiektu hau?
Beti daude, printzipio hutsez, kontra dauden sektoreak, multizinema hauek arrotz kutsua dutela diotenak, eta abar. Harritzen nauena hauxe da: Tarnoseko auzapez komunistak bere herrian multizinema bat eraiki duela eta Baionakoaren aurka manifestatu diren horietako asko ez direla haren aurka manifestatu. Beraz, nihaurek kritika hau erlatibizatuko nuke.
Lehenik eta behin, ni multizinemaren aldekoa naiz, zinetoki trazionalak ez bezala, ikusleei erosotasuna ekartzen dielako. Honen seinalea dugu zinera joaten ez zen jende asko zinera joaten hasia dela. Bigarrenik, hiriaren barnealdean dagoela? Eiki. Hiri barneko bizimoldea zailtasunean dago eta bertako bizitza suspertu nahi dugu. Baiona Tipian zabaldu den Megadenda ez da ustekabean egin, halabeharrez baizik. Multizinemak 600.000 ikusle ekarriko ditu urtean. Ibai ertzean dago, leku karismatiko eta enblematiko batean. Hirigune bereziak azter-tzen dituzten udaleko arkitekto guztiekin mintzatu gara eta proiektua Parisen aurkeztu. Ikuskapenaz arduratzen den ba-tzordearekin mintzatu gara. Betebeharreko baldintza guztiak bete dira eta baimen guztiak jaso ditugu aho batez. Gainera, inkesta publikoa egina da, baionesen % 83 alde paratu direlarik. Harriz, beiraz eta zurez egina izanen da eta 80 milioi libera (2.000 milioi pezeta) balioko du. Gainera, proiektu honekin batera 'Arte eta Entseguetarako' hiru gelako zinetoki bat eginen dugu Saint Esprit auzoan. Zinetoki honek 550 eserleku izanen ditu eta 13 milioi libera (325 milioi pezeta) balioko du. Zinearen espresio guztiek leku izanen dute Baionan.

Heldu den martxoan herri bozak burutuko dira. Zeintzuk dira auzapez gisara jarraitzeko dituzun aukerak? Zure programa egina al duzu?
Oraindik ez dut publiko egin nire berraurkezpena, eta ez dakit ere zeintzu diren nire aukerak. Hauteskundeak irabazteko udal taldearen lana da gehien kontatzen duena. Hortaz, lehenbizi legealdi honetako bilana egin behar dugu, eta horren araberako programa bat. Otsailaren bigarren hamabostaldira arte ez dut hauteskundeetaz mintzatu nahi. Udal kontseiluko kideekin hitz egina dut gai honetaz. Uneon, gure betebeharreri atxikitzeaz baino ez dugu pentsa-tzen, lan asko dugu egiteko eta ez dugu bozkei buruz hitz egiten denbora alferrik galdu nahi. Unea iritsita gure bilanaren berri emanen dut, zein izanen den hurrengo udal taldea eta gure programa aurkeztuko ere bai. Oposizioaren taldea bere programa aitzinatzea eta kanpainan egotea normala da, guk ez dugu bozken aurretiko sei hilabetetan horretan aritu nahi, guk udalaren kudeaketa ziurtatu behar dugu.

Beste gaietara etorriaz. Nola ikusten duzu zure eserlekutik Pays izendapena eta deszentralizazio gaia, oro har?
Pays izendapenak berea egin du. Honez gero ez da eraginkorra. Miarritzen erakundetzeari eta deszentralizatzeari buruz egin den bilera oso esanguratsua izan da. Hau da, deszentralizaziorako bidean Erregioaren egitura garrantzizkoa dela berretsi da, baita egitura honi erraztasunak eta eskuduntza gehiago eman beharra ikusi ere. Halaber, berretsi da ere, Aglomerazioak ekonomiaren garapenerako etorkizun handiko egiturak direla. Gainera, deszentralizazioaren bidean katebegi ahulena Departamendua dela aipatu da. Deszentralizazioaren testuinguruan erakunde bat mehatxatua bada, Departamenduarena dela baieztatu da. Uneon, Erregioaren eta Herrien Erkidegoen oinarrien gainean garatzen ari gara. Azken honek zeregin gero eta garrantzi-tsuagoak ditu Landak eskualdearekiko nahiz Gipuzkoarekiko garapen eta harremanetan; Iparraldeko barnealdearekiko garapenean eragina geroz eta handiago duelarik. Departamenduak, aldiz, ez du horretarako eskuduntzarik. Departamenduaren eskuduntzek ez dute eragina ekonomian, bere aurrekontuaren % 60 soziala da; kultura, kirola eta azpiegiturei zuzenduak besterik ez. Departamendua ez da deszentralizazioaren eta garapenaren bidean egungo motorea.

Baiona-Donostia Euro-hiria da Ipar eta Hegoaldearen arteko harremanak garatzeko proiektua. Nola ikusten duzu proiektu hau Hegoaldean gatazka berriz ere gogortu denean?
Indarkeriak arazoak sortarazten dizkigu guztioi, Ipar nahiz Hegoko euskaldunoi. Euro-hiria da egun bi aldeetako elkarlana bidera dezakeen instituzioa. Indarkeria tartekoa izanik ere proiektu honek segitzen du lanean. Ordea, proiektuak zehaztu eta burutzeko unean indarkeriak zailtasunak sortarazten ditu.
Hemengo populazioa oso hunkitua da bestaldean gertatzen denarekin, eta ez ditu ulertzen biolentzia erabiltzearen arrazoiak. Hego Euskal Herriak duen autonomia maila ezaguturik harritzen gara muturreko jokamolde bortitz horiekin, ez dugu ikusten indarkeriaren praktikak zer ekar dezakeen egungo harremanetarako. Europari buruz zabaldu beharrean Hegoaldea ixten ari da, berriz ere. Gure xedea Hegoaldea eta Iparraldea aldi berean garatzea bada, kezkatzeko modukoa da egungo egoera. Gainera, bestaldeko gure adiskideek bizia arriskuan dutela jakitean galdera asko egiten diogu gure buruari. Pena izugarria da. Are penagarriago zein herri zoragarria dugun eta berton bizitzeko dugun suertea ikusita. Batzuk euskal-espainolak eta besteak euskal-frantsesak izanagatik Iparra eta Hegoa elkarrekin gara dezakegu. Egungo muga birtualak eta biolentziak ez lukete proiektu komun bat garatzea oztopatu behar. Gauza asko dugu amankomunean egiteko eta indarkeriak zoritxarrez proiektu hau gibelarazten du.

Erregioaren bidea seinalatu duzu deszentralizazioa gauzatzeko molde egokiena. Zertan da 'Garapen Eskema'ren bidez osatu behar den Hizkuntz Kontseilua?
Kontratu-Plana gauzatzen ari gara eta kultur elkarteek ez dela aski kontsideratu dute. Beti da eskas. Baina, kasu, lehenago ez zen fitsik. Hautetsien Kontseiluan Kontratu-Planari buruzko hobekuntza bat aurkezteko eta eztabaidatzeko asmoa dugu. Ni adi eta biziki motibatuta nago. Euskal kulturaren aldeko herrien arteko sindikataren (SISCB) presidentea naiz. Kultura dioenak hizkuntza dio, beraz oso atal garran-tzitsua da. EKEk(Euskal Kultur Erakundea) zeregina funtsezkoa betetzen du egun, Hizkuntz Kontseilua ez baita eratu oraino. Uneon, erakunde honen esku dago afera, horretarako bitarteko bereziak eman baitzaizkio. Hizkuntz Kontseilua EKEtik beretik sor liteke, eta beharrezkoa bada, beste gisa batez ere bai. Bizkitartean, denbora galdu gabe, egitura eraginkor bat sortu behar dugu. Hortik jalgiko diren proposamenak eztabaida-tzen segitu behar dugu hautetsien artean, baita gaiari dagokion ministerioarekin.

Miarritzen izan zen estatuburuen goi-bileraren karietara izan istiluengatik kexu agertu zinen. Frantziako goi-instituzioetatik telefono dei baten falta ere aipatu zenuen. Igurikatzen zenuen deia jaso al duzu?
Eliseo egoitzatik telefono dei bat izan nuen azkenik. Jacques Chirac presidentearen idazkari batek deitu zidan Errepublikako presidentea oso atsekabetua zegoela gure hirian gertatu ziren istiluekin eta Baionari bere sustengua ekartzen ziola adieraziz. Baionan gertatutakoan mesprezatuak izan ginela uste dut, hala ere. Ministro batek telefono dei bat egitea, munta handiko izan gabe ere, onuragarria izan daiteke une batez.

Ezagunak dira Departamenduaren aferan Lionel Jospin lehen ministroarekin izaniko ezberdintasunak. Nola dago gaia?
Lionel Jospini orain bi urte luze gutun bat idatzi nion Departamenduari buruzko eztabaidaren -sobera luze iraun baitu- argudioak eta prozedurak gaizkoatuak zirela erranez. Lehen ministroa den aldetik jarrera bat har zezan eskatu nion: 'Edozein dela hartuko duzun erabakia errespetatu eta beteko dugu. Onerako izanen dela uste baitugu finean. Aitzitik, ez baduzu jarrera argia eta garbia hartzen, afera hau gaizkoatuko da', erran nion. Ez dut arraposturik ukan, ezta gutuna jaso izanaren erantzuna ere. Ez dut suerterik ministroekin. Lehen ministroaren aldetiko zartako bat jaso dugula uste dut. Beraz, Departamenduaren eztabaida surrealista iruditzen zait. Miarri-tzen erran den bezala, Departamenduen egitura kinkan badago, batzuk alferrikako eta berandu heldu den gerra batean sartu ote diren inpresioa dut. Nik bi galdera pausatzen ditut. Bat: baligarria al da Departamenduaren egitura? Une honetako beharrak ikusirik zalantzan jartzen dut. Bi: ni konbentzitua egon ez arren, eman dezagun onuragarria dela. Ordea, une hau aproposa al da Euskal Herrian bizi dugun egoera politiko nahasiarekin? Bada, ez! Alta, nik errespetatzen ditut baietz esaten dutenak.

Iparretarrak erakundeak bere ekintzak berrabiatu ditu. Zer irakurketa egiten duzu IKen itzuleraz?
Hegoaldean ETAk indarkeria berrabiatu duen unetik eta kontuan harturik ETAk eta IKek helburuak berberak dituztela -Euskal Herriko lurraldetasunaren batasuna eta independentzia- hemen ere espero genuen IKek Hegoaldeko abertzale erradikalek daramaten estrategia berberari jarraitzea. Nik nahiko nuke bestaldean bizi den egoera latza konpontzea. Baina, egiazki, ez dakit nola. Hegoaldeko indarkeria modu kutsagarri batez hona heda dadin posibilitateaz beldur gara. Espero dut ez diezaigula uki han bezala. Posibilitatea ez da guztiz baztertua eta zuhurrak izan behar dugu, ordea.

Azkenik, zein da zure iritzia Demoak taldearen ekintzez?
Ekintza hauek umorezkoak dira eskuarki. Talde honek darabilen izena harrigarria da, alta. Beren burua demokraten esklusibitatea hartzea gehiegizkoa iruditzen zait, lurralde demokratiko eta errepublikarra den batean bizi baikara. Demoak delako hauek molde ez biolentoen bidez aritzea estimagarria da hala ere. Biolentzia erabili gabe beren aldarrikapenak aditzera ematea ongi dago. Molde honetara, demokrazian bizi garela eta biolen-tziaren erabilpena onartezina dela erakusten baita aldi berean. Espresatu, manifestatu edo hitz egin ezin den lurralde batean bizi bagina, tira! Baina ez da hemengo kasua ez Hegoaldekoa. Ez gara Francoren garaian, inola ere. Han nahiz hemen eztabaida eta hauteskunde libreak daude. Hemen biolentziaren bidez bizikidetza hautsi eta gizartea bere aldera behartuta eraman nahi duena gutxiengo faxista bat da, eta ez demokrata.

JITEA ALDATU DUEN AUZAPEZA
Henry Grenet auzapez ohiaren semea da. Aita medikua izan zen eta bera ere bai. Politikaren harra daraman familia da Grenetarra alta. Lau urte joan dira azken aldiz elkarrizketatu genuenetik. 60 urte gaindituak ditu. Artean, Asanblea Nazionaleko diputatu aulkia galdu zuen sozialistekiko lehian. Euskal abertzaletasunarekiko mintza moldea aldatu duen politikaria iruditu zaigu Jean Grenet.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude