IRUDIMENAREN ETXEAN DIRURIK EZ

  • Azken belaunaldietan, telebistak eta zinemak inork gutxik espero zuen garrantzia hartu dute. Egongela dekoratzean, telebista non jarri da erabaki garrantzitsuena, eta hau instintiboki pizten dugu urrutiko agintea agertu zenetik. Pantailaren atzean bilioiak mugitzen dituen negozioa dago. Tarta goxo honen zati bat jan asmoz produkzio-etxeak aritzen dira, telebistako programa eta zinemako film gehienak posible bihurtuz.

2000ko azaroaren 19an
ETBn ikusten ditugun programa asko ez ditu ETBk berak burutzen, eta gauza bera gertatzen da espainiar TVE, britainiar BBC edota munduko beste edozein telebistan. Kasu hauetan telebista kateek ikusten ditugun saioen euskarri lana egiten dute, sortzaileen (produkzio-etxeak) eta azken bezeroen (ikusleak) arteko bitartekari bihurtuz. Programa gehienen ardura itzalpean lan egiten duten produkzio-etxeena da.


PANTAILAN AGERTZEN EZ DIREN SORTZAILEAK.

Prozesu arrunta honakoa izaten da lau hitzetan laburtuz: produkzio-etxeak du ideia eta bitartekari bati ideia-programaren ustiapen eskubideak saltzen dizkio. Diru horrekin produkzio-etxeak produktua burutzen du, eta aurreko bitartekariak programa bukatua telebista bati saltzen dio, gero honek guri erakuts diezagun.
Hori telebistari dagokionez. Baina orokorrean produkzio-etxe bat ikus-entzunezko negoziora dedikatzen den enpresa da, bai telebistan bai zineman, publizitatean, enpresa bideogintzan, bideoklipetan, instituzioentzako kultura programetan edota irudi eta soinuarekin zerikusia duen beste edozein lanetan.
Hori bai, enpresek berez negozioa mantentzeko gutxieneko langile batzuk izaten dituzte, batez ere administratzaileak. K-2000ko gerente Sabin Uriarteren esanetan, "badira sortzaileak dituzten enpresak, baina gehienetan sormena erosi egiten da, gero berau landu asmoz. Izan ere, profesional askok free-lance gisa egiten du lan". Kontuan hartu behar da merkatu honetan teknikari poltsa handia dagoela (kamerak, errealizadoreak, bideo arduradunak, argiztatzaileak, soinu teknikariak, aurkezleak, gidoilariak, arotzak, makilatzaileak...) eta aurrekontuaren arabera enpresek horietako batengana ala bestearengana jotzen dutela, normalean lana amaitu arte kontratatzen direlarik. Profesionalekiko jarrera hau bera mantentzen da baliabide teknikoen kasuan ere (platoak, kamerak, argiztapena, dekoratuak...). Izan ere, gehienetan epe zehatz baterako alokatzen baitira hauek.
Pertsona askorekin negoziatu behar den mundu honetan, produkzio-etxeen eta komunikabideen arteko harremanek ere printzipioz garrantzi handikoak izan beharko lukete, baina 3 Koma 93 enpresako gerente Koldo Anasagastik argitzen digun bezala ez da horrela gertatzen: "Hedabideekiko harremanak kateek edo bezeroek eratu ohi dituzte. Guk produktuak ekoizten ditugu, baina harremanak kudeatzen dituztenak ustiakuntza eskubideen jabeak izaten dira. Nolabait esateko, guk bezeroari produktua saltzen diogu, honek gero hedabide bati ala beste bati sal diezaion. Komunikabideekiko harremana normalean ez da prentsaurre edota prentsa-agirietatik harantzago joaten".
Agian horregatik, eta aurrerago aipatuko dugun bertako enpresen dirulaguntza urriengatik, euskal produkzio-etxeak gero eta gehiago nazioartera begira jarri dira. Esaterako, dokumentalen salerosketan azokarik garrantzitsuenetakoa den Marsellako "Sunny Side of the Doc"en zazpi euskal ordezkari izan ziren ekainean (Hegaz, Idem, 3 Koma 93, Baleuko, Igeldo, Orio eta Ione), eta, bestetik, Irusoin-en "Gautxo" marrazki bizidunen telesailak oihartzun handia izan zuen Suediako "Forum Cartoon" jardunaldietan. Ondorioz, sektorean diharduten profesionalek kanpoan izaten duten harrera ona etxean, laguntza txikia dela-eta, kexa bihurtzen da.


PROFESIONAL ASKO BAINA DIRU GUTXI.

Hauxe izan daiteke ekoizpenaren inguruan euskal egoera definitzeko izenbururik egokiena, mundu honetan mugitzen den hainbat pertsonaren esanetan. "Euskal Herrian oso profesional onak ditugu -kanpoan zenbat euskal zuzendari, teknikari, ekoizle, aktore eta abar lan egiten ari diren ikusi besterik ez dago- baina beraien lan eta trebetasunaren zati bat aprobetxatzen dugu bakarrik. Enpresa azpiegitura pribatua falta da eta publikoa soilik maila baxuko ekoizpenetan erabiltzen da, kontsumo azkarreko produktuetan. Profesional asko Madrilera joan dira, bertan paradisua ez badago ere masa kritiko eta merkatu handiagoak daudelako, hedabide publiko eta pribatu gehienak daudelako eta Espainiako zein nazioarteko komunikazio talde handiak mugitzen diren lekua delako". Hitz esanguratsu hauek Koldo Anasagastirenak dira, baina sektorearen pentsamendu orokorra laburbiltzen dute.
Urriaren 25ean Donostiako Kursaalean izandako "Sormena eta Industria" jardunaldian, Irusoin enpresako gerente Iñaki Gomezek egoera eta etorkizunari beste ikuspuntu batetik begiratzen zion. Ekoizpenaren mundua Euskal Herrian bitxia dela aitortu zuen, gure lurraldean ekoizpenaren inguruan gehiegizko atomizazioa baitago. Euskal Herrian ekoizpenaren arloan guztira 75 bat enpresek lan egiten dute, nahiz eta berez produkzio-etxeak direnak gutxiago izan: "Beren lana oso ongi egiten duten enpresa txikiak daude. Baina oraindik ez da gure merkatuan behar adinako indarrez funtzionatuko duen enpresa lehiakorrik sortu; euren artean batzen joan edo gauzak elkarrekin egiten hasi beharko dute beraz. Dena den, datozen bost urteetan egoera biziki aldatuko da".


IBAIAREN SORKUNTZA ETA EITB-REKIN HITZARMENA.

Azken urteetan dagoeneko aldaketa hori hasi da. Indarra egin asmoz, euskal produkzio-etxe burujabeak Ibaia izeneko elkartean bildu baitira, zeinen presidentea Iñaki Gomez bera den. Sincro S.A. bertan biltzen diren 35 enpresetako bat da eta David Berraondo bere zuzendariak azaltzen digunez, "Ibaia sektore honetako enpresen beharretik sortu zen, inguruko herrialdeetan gertatzen den bezala, sektore estrategikotzat hartzeko beharretik alegia".
Ibaiaren helburu nagusia sektorearen ahots bakarra bihurtu eta negoziatzeko indar handiagoa izatea da. Aurtengo irailaren 13an bere bezerorik garrantzitsuenarekin, EITBrekin, hitzartu duen itunaren arabera, lortzen ari dela dirudi. Hitzarmen honen bidez, EITBk hiru urtetan 4.500 milioi pezeta (180.000 milioi libera) inbertitzeaz gain, hitzarmen eta koprodukzioak bultzatu eta euskal ekoizpenak munduan zehar zabaltzeko konpromisoa hartu zuen. Izan ere, akordioaren helbururik garrantzitsuena, EITBren plan estrategikoan jasotzen den bezala, "Euskal Herriko ikus-entzunezkoen industria garatu eta sustatzea da".
Produkzio-etxeek horren eta haren beharrik izango dute, gure enpresek telesail dramatiko, magazin edota dokumental asko eta onak ekoizten badituzte ere, filmak burutzea adibidez, askotan ezinezkoa izaten dutelako, beren kostu altuak direla-eta. Lehenago aipatu bezala, ibili nahi baina hanka-motz.

EUSKAL PRODUKZIO-ETXE BURUJABEEN PLANO OROKORRA
3 KOMA 93 (Bilbo)

Ekintza nagusia:
TB programen ekoizpena.

Baliabideak:
Ikusteko Betacam.

Burututako ekoizpen batzuk:
- Izar Bila (ETB)
- Arde la tarde (ETB)
- La Peña (ETB)
- Esta es mi gente (ETB)
- A Familia Mudanza (TVG)
- TeleTienda (Tele 5)
- Paginas ocultas de la Historia (TVE)

ASEGARCE (Bilbo)

Ekintza nagusia:
Telebista eta Zinema ekoizpena

Baliabideak:
Ekoizpen gunea, grabaziorako bi set
eta ekoizpen bulegoen gunea.

Burututako ekoizpen batzuk:
- Bricomania (Tele 5)
- Cocina con fundamento (Tele 5)
- Frontón (Tele 5)
- Airbag (Zinema)

BALEUKO (Durango)

Ekintza nagusia:
Ikus-entzunezko eta zinemarako ekoizpena.

Burututako ekoizpen batzuk:
- Jaiak 98 (ETB)
- Easy Peasy (ETB)
- La Transicion en Euskadi (ETB)
- Superbat (ETB)

EDERTRACK (Bilbo)

Ekintza nagusia:
Bikoizketa eta ekoizpen ostekoa.

Baliabideak:
1.000 metro karratuko aretoa, grafikagintza gela, lau bikoizketa gela, audio eta bideoko hiru ekoizpen osteko gela, grabaketa gela.

Burututako ekoizpen batzuk:
- Dragoi Bola (ETB)
- Luky Luke (ETB)
- Brooklyn South (ETB)
- Terminator II (ETB)
- El dia de la bestia (ETB)
- National Geographic (ETB)
- Bricomania (Tele 5)

IGELDO (Donostia)

Ekintza nagusia:
Zinema ekoizpena.

Burututako ekoizpen batzuk:
- La fuga de Segovia (1981)
- La conquista de
Albania (1983)
- Lauaxeta (1987)
- Ander eta Yul (1988)
- Maite (1994)

IKUSKIN (Donostia)

Ekintza nagusia:
Ikus-entzunezko eta fonografiako ekoiz- penak (IZ disketxea)

.
Baliabideak:
Grabaketa integraleko zentrua.

Burututako ekoizpen batzuk:
- Funtzioa (ETB)
- Hau da A.U. (ETB)
- Beni ta Marini (ETB)
- Txirri, Mirri eta Txiribiton (ETB)
- Txiskola (ETB)

IRUSOIN (Donostia)

Ekintza nagusia:
Zinema eta telebistarako ekoizpena, bideorako ekoizpen-ostekoa.

Baliabideak:
Bideorako ekoizpen osteko gela bi, hiru edizio gela, diseinu grafiko gela bat, lau bikoizketa gela, bi soinuztapen gela.

Burututako ekoizpen batzuk:
- Txirrita (ETB)
- Lazkao Txiki (ETB)
- Pernando Amezketarra (ETB)
- En los Pirineos con Pello Ruiz Cabestany (ETB)
- Vascos en America (ETB)

K-2000 (Galdakao)

Ekintza nagusia:
Telebistarako programen ekoizpena, iragarkiak, bideo industrial eta instituzionalak, webguneen diseinua, multimedia.

Baliabideak:
Hiru telebista areto bere osagarriekin (makilajea, aldagela, dekoratu tailerra...), telebista eta zinemarako kamerak, argiztapen zerbitzuak, ekoizpen osteko betacam, edizio gela, bederatzi bikoizketa gela, bi nahasketa gela.

Burututako ekoizpen batzuk:
- Yo el puente colgante (dokumentala)
- Sin Aliento: Argentina (fikzioa)
- Nuestro Universo (dokumentala)
- Of Tales and Travels (dokumentala)
- El Desafio del K2 (dokumentala)
- Bolivia: Corazon de un continente (dokumentala)

LOTURA FILMS S.L. (Donostia)

Ekintza nagusia:
Luzemetraien ekoizpena.

Baliabideak:
Gidoia, musika, bikoizketa eta laborategia ezik prozesu osoa burutzeko baliabideak dituzte. 5 Power Mac, Lau multiprozesatzaile, eskanerra, Betacam, Photoshop, Ilustrator, Painter.

Burututako ekoizpen batzuk:
- La Estrella de Oriente (marrazki bizidunen lehen euskal laburmetraia, 1977)
- Pernando Amezketarra (marrazki bizidunen laburmetraia, 1979)
- Kukubiltxo (marrazki bizidunen laburmetraia, 1983)
- Kalabaza tripontzia (lehen marrazki bizidunen euskal luzemetraia, 1985)
- Balleneros (marrazki bizidunen luzemetraia, 1991)
- AhmedAlhambrako printzea (marrazki bizidunen luzemetraia, 1996-97)
- Lazkao Txiki (marrazki bizidunen telesaila, 1998-99)

MEGAVIDEO S.A. (Durango)

Ekintza nagusia:
Bideoen ekoizpena.

Baliabideak:
Bi ENG Betacam, unitate mugikorra lau kamerekin, ekoizpen osteko guneak, grafikagintza zentrua.

Burututako ekoizpen batzuk:
- Txirrindularitza guztia (ETB)
- El Menu de Carlos Arguiñano (TVE)
- La Cocina de Pedro Subijana (Tele 5)
- Esku Pilota eta Xistera (ETB)
- Futbola (ETB, Tele Madrid, TVG...)
- Herri-Kirolak (ETB)

ORIO PRODUKZIOAK (Donostia)

Ekintza nagusia:
Telebistarako programen ekoizpena.

Burututako ekoizpen batzuk:
- Vivir y morir en Rusia (dokumentala)
- Egan (musika-saioa)
- Laugarren Mundua (dokudrama)
- Barandiaran 100 urte (dokumentala)
- Hitzaro (kultura-magazinea)
- Euskadi Literatur Sariak

SINCRO S.A. (Donostia)

Ekintza nagusia:
Bideo eta telebista ekoizpena eta ikus-entzunezko zerbitzuak.

Baliabideak:
Betacam grabaketa tresnak,
ekoizpen osteko gela, efektu digitalen zentroa, grafikagintza zentroa, ikus-entzunezko programa informatikoak, errealizaziorako unitate mugikorrak.

Burututako ekoizpen batzuk:
- Mikronesiari buruzko hiru dokumental
- Trekking Alto Atlas (dokumentala)
- Infernuko auspoa (dokumentala, ETB)
- Caminos de hierro (dokumentala, ETB)
- Donostiako bideo promozionala
- "Pais Vasco, Ven y Cuentalo"

IÑAKI GOMEZ: " EUSKAL HERRIAN IDEIA ON ASKO DITUGU, BAINA AURRERA ERAMATEKO DIRURIK EZ"
Iñaki Gomez Irusoin produkzio-etxearen gerenteak euskal produkzio-etxe burujabeak biltzen dituen elkartearen ardura hartu du. Euskal ekoizpenaren etorkizunaz baikor azaltzen bada ere, sektore honek merezi duen garrantzia har dezan oraindik lan handia egin behar dela argitzen digu.

Zer da Ibaia eta zertarako sortu zen?
Ibaia Euskal Herriko ikus-entzunezko produkzio-etxe burujabeen elkartea da, duela lau urte sortua eta mundu honetako enpresa gehienak -35 inguru- biltzen dituena. Burujabe diodanean komunikabide zehatz batekiko menpekotasun larregirik ez izatea esan nahi dut, alegia, fakturazio osoaren %80 baino gehiago komunikabide berberarekin ez izatea, ezta hedabide batek enpresan akziorik izatea ere. Elkartea sortzearen inguruan, kontuan hartu behar da Ibaia sortu arte antzerako hiru elkarte zeudela Euskal Herrian, eta horrek elkarrizketa arazoak ekartzen zituela, instituzioekin eta bestelako erakundeekin. Horrenbestez, elkarte bakarra sortuaz arazo horiek konpondu nahi izan ditugu.

Elkarrizketaz ari zarela, zer suposatu du EITBrekin sinatu berri duzuen itunak?
Ituna sinatu baino lehen harremana txikia zen. Hitz egiten genuen, kontaktuak bagenituen, baina ez ginen inolako akordiora iristen. EITBren zuzendaritza berriarekin, berriz, lehen unetik kontaktuan izan gara eta azkenean hitzarmena lortu dugu.
Akordioak lehenbizi zera suposatzen du, elkarren arteko harremana sendotu eta eraginkorragoa bihurtzea. Marko berri honen bidez, gainera, ekoizketarekiko ETBren planak nondik nora doazen ezagutu dezakegu: zenbat diru erabiliko duen, gutxieneko zer ordainduko duen produktu mota bakoitzaren truk eta abar. Ondorioz, euskal merkaturik garrantzitsuenari buruzko informazio horrekin produkzio-etxe bakoitzak bere planak egin ahal izango ditu. Hala ere, Ibaia osatzen dugun guztiok argi dugu EITB ezin dela gure merkatu bakarra izan, eta batzuk jadanik egiten ari diren moduan- kanpora begiratuz lan egin behar dugula, Espainian zein Europan.

Ekoizpenari begirada orokorra emanez, zein mailatan gaude sormenaren aldetik Euskal Herrian?
Sormenaren inguruan ideiak baditugu eta baita jende oso prestatua ere; teknikaren aldetik ere bai. Euskal Herrian falta duguna dirua da. Hemen ez dago produktu batean ehundaka edo, are gutxiago, milioka milioi pezeta jar ditzakeen produkzio-etxerik, Espainian edo beste herrialde batzuetan gertatzen den lez. Beste batzuek duten dirua izango bagenu, horiek egiten duten beste edo gehiago -eta hobeto- egingo genuke.

Zein izan daiteke horren konponbidea?
Konponbidea kanpoko enpresen inbertsioekin (dagoeneko enpresa askok hemengo sortzaile eta teknikariekin egiten dute lan), edota hemengo enpresa indartsuek gure sektorea errentagarritzat hartzen badute etorriko da.
Horretan, instituzioek zer esan handia dute. Honen inguruan Ibaiak, beste elkarte batzuekin batera, -gidoilariak, aktoreak, EHU...- Eusko Jaurlaritzaren zenbait sailetara proposamen bat bidali zuen, hasieran eztabaida piztu eta gero sektorea garatzeko erakundea sortzeko helburuz. Ez genuen administrazio barruan beste atal bat sortu nahi, sektoreari aholkuak eman eta berau dinamizatuko zuen erakunde bat baizik; oraindik ez dugu erantzunik jaso. Baina ekinean jarraituko dugu, arduradun politikoak sektore honen garrantziaz jabe daitezen.

PRODUKTUEN SORRERA ETA GAUZAPENA
Produkzio-etxearen lan prozesuan lehenbiziko pausoa ideia bilatzea da, horretarako sortzaile asko behar dira. Ideia enpresaren helburuen arabera bilatzen da, ez bakarrik zuzendu nahi den merkatuaren arabera -bezero posibleak, hots, ETB, Espainiako telebistak, Europakoak...- baizik eta profilaren arabera -ikusle gazteak, nagusiak, gustu batekoak ala bestekoak...- ere bai.
Ideia gorpuztu ostean, gidoilariek hasierako proiektuaren zirriborroa lantzen dute (lanaren eta argumentuaren laburpena, parte hartuko duten profesionalak eta bestelako oinarrizko xehetasunak), eta testatu edo frogatu egiten da, komunikabidearen aldetik interesa benetakoa ote den jakiteko. Azken finean, prozesu osoa parte hartzen duten enpresa guztien arteko komunikazioan eta informazioan oinarritzen da, eta produkzio-etxeek produktua erosi behar dietenak zeren atzetik dabiltzan jakin nahi izaten dute.
Koldo Anasagastik komunikazio hori nola hasten den azaltzen digu: "Produktua bezeroari saltzeko 'pitching' teknika erabiltzen dugu. Gehienez bi minutuz proiektua laburbiltzen diogu, istorioa, nori zuzentzen zaion, zergatik den egokia, kostua, irabazia... Bezeroa zeregin asko eta galtzeko denbora gutxi duen exekutiboa da, eta luzatzen bagara, bere interesa galtzeko arriskua dugu. Ideia interesatzen bazaio, berak eskatuko digu sakontzeko".
Testatu ondoren produktua egokitzat jotzen bada, batetik gidoi osoa, aurrekontua eta erabili behar diren giza eta material baliabideak zehaztuko dira; bestetik, berau garatzeko finantzaketa bilatu behar da. Normalean, aurrez ustiapen eskubideak salduz egiten da: herrialdeka (Euskal Herrirako, Espainiarako, Europarako...) edo sektoreka (telebista, zinema, Internet...). Gero, eskubide horiek erosten dituztenek nahi duten moduan eskaintzen dute ekoizpena. Dirua lortu ostean, orduan bai, luzemetraia, telesaila, iragarkia edo dena delakoa errodatzen da, aktoreak, baliabide materialak eta gidoiak eskatzen dituen gauzekin. Hemen ere kasuak ezberdinak dira, zeren produkzio-etxe batzuek ez dute baliabide teknikorik eta laguntza eskatzen diete beste batzuei, koprodukzio delako bat sortuz. Bestela, finantzaketa nahikoa lortu badute, baliabide horiek azpikontratatzeko aukera izaten dute. Produkzio-etxe handienek, azkenik, dena euren kabuz egiten dute.
Azken pausoa produktu bukatua merkaturatzea da, baina hemen askotan arazo bat sortzen da: lehenago dirua lortzeko, produkzio-etxea produktuaren eskubideak saltzen joan da, herrialdeka, sektoreka eta abar, eta produktua prest duenean eskubide guztiak beste batzuen esku daudelako ezustearekin egin dezake topo, ez zaiola non ustiatu geratzen alegia. Hori bai, beste kasu askotan produkzio-etxeek zenbait eskubide azkeneraino gordetzen dituzte eta nahi duten bezala erabiltzen dituzte.


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude