DONAPALEUKO KANTONAMENDUA: BERRANTOLAKETAN AITZINDARI

  • Amikuze edo Donapaleuko Kantonamendua eskualde mugakidea da Lapurdi, Zuberoa eta Biarnoarekin. Areago, jatorriz, nafar eskualde izanik ere, kantonamendu honetan, Zuberoako zazpi herri eta Lapurdiko bat biltzen dira. Donapaleuko Kantonamenduko herriak, Herri Erkidego deitu egitura berrian ari dira lantzen beren etorkizuna. Ipar Euskal Herriko barnealde laborariak gizarte birmoldaketa behar du. Amikuze eskualdea, aitzindari gisa agertzen zaigu eta Ipar Euskal Herriaren barnealdea eta kostapartearen arteko ardatza izan liteke.

2021eko uztailaren 27an
Frantzian Europa osoan baino komuna edo herri gehiago omen dago. Frantziako estatuaren egitura zaharkitua gelditu zen aspaldi. Orain 20 urte, birmoldaketa prozesu bati bide emanez, Frantziako Gobernuak Herrien Erkidegoa (Communauté des Communes) deitu egitura eratu ahal izateko legea sortu zuen. Hiri eta herriak, multzoan bilduak, proiektu berriak ari dira lantzen Frantzian. Ipar Euskal Herrian BAM (Baiona-Miarritze-Angelu) erkidegoa da ezagunena bere tamainarengatik.
Herri txikiak ere hasi dira tankera honetako proiektuetan biltzen, ordea. Amikuze eskualdea da Ipar Euskal Herrian ekimen honen aitzindaria. Amikuze deitua geografiari gagozkiola, eta Donapaleuko Kantonamendua, berriz, administratiboki.


ZERGEN BEREZITASUNA.

1968. urtean eratu zen Amikuze eskualdean lehen SIVOM (Ardura Anitzetako Sindikatua). Herrien arteko sindikatua (Frantziako Estatuan, sindikatuak herrien arteko elkarlanerako elkarteak deituak dira ere bai). 1992an distritu izatera pasa zen, eta 94an Herrien Erkidego formula hautatu zuen. Funtsean, aurreko ekimenen segida da oraingoa, berezitasun garrantzitsu batekin: Herri Erkidego edo Herri Aglomerazio mota honek diru zergak biltzen ditu.
Iparraldeko herritarrek Akitaniako, Pirinio Atlantiarretako eta herriko zergei aitzi egin behar diete. Herri Erkidego baten barnean bilduak laugarren zerga ordaintzen dute. Herri mailan garatu ohi diren proiektuak herrien elkarlanean garatzen dira gisa honetara. Amikuze eskualdean, kasu, Iparraldeko barnealdean bizi den hustutzeari aurre egiteko egitura sendoago bat eraikiz. Ideia hau oso minoritarioa izan da orain arte, herri arazoak elkarrekin partekatzea eta bizitzea ez baita erraza: "Elkarrekin bizitzen ikasteko molde bat lantzen ari gara. Zenbait kantonamenduetan nekez bizi dira elkarrekin. Amikuztarrek xantza dugu elkar aditzen dugula eta aitzina egiten diegu komunean garatu nahi ditugun proiektuei", adierazi digu Jean Marie Larroquek. Amikuzeko Arboti-Zohota herriko auzapeza eta Herrien Erkidegoko presidentea da bera. Hazparnen ere, kosta ahala kosta, proiektu bera lantzen hasiak dira. Baigorri eta Garaziko kantonamenduak, ausaz, geroan entseiatuko omen dira. Nolanahi ere, barnealdeko kantonamenduen etorkizunean berebiziko egitura da Erkidegoarena. Zuberoan dauden bi kantonamenduak egitura honen babesera bildu dira, eta gainontzeko herriak Donapaleuko kantonamenduaren proiektuan biltzen dira.


NAFARRAK ETA ZUBEROTARRAK ERKIDEGO BEREAN.

Herrien Erkidego honetan, Donapaleuko Kantonamenduko herriak eta -Hazparneko kantonamenduko- Mehaine herria biltzen dira. Kantonamenduan Nafarroa Behereko herriak nahiz Zuberokoak biltzen dira halaber, 26 herri orotara. Erkidegoan 26 hauek eta Mehaine biltzen dira, 27 herri, beraz: Aiziritze-Gamue-Zohazti, Amenduze-Unaso, Amorotze-Zokotze, Behauze, Arberatze-Zilhekoa, Arboti-Zohota, Arruta-Sarrikota-Amikuze, Behaskane-Laphizketa, Gabadi, Ilharre, Labetze-Bizkai, Larribarre-Sorhapürü, Lukuze-Altzumarta, Martxuta, Oragarre, Ostankoa, Donapaleu, Uharte-Hiri eta Mithiriña Nafarroa Behereko 19 udalerriak. Zuberoko herriak zazpi hauexek dira, berriz: Ozeraiñe-Erribareita, Lohitzüne-Oihergi, Jeztaze, Etxarri, Domintxine-Berrueta, Arüe-Ithorrotze-Olhaibi eta Phagola. Geografia aldetik hauek guztiak Amikuzeko herriak bezala ekarriak dira. 300 kilometro koadro eta 2.000 bizilagun biltzen ditu eskualde administratibo honek.


LABORANTZA AZKARRA.

Amikuzeko lur laborariak biziki onuragarriak dira; lur zelai emankorrak. Lur Berri kooperatibaren magalera bildu izan dira bertako laborariak. Gaur egun, ordea, nekazaritzaren mundializazioaren ondorioz, ekonomiaren beste sektoreekin batera garatzeko beharrean dago . Lur Berri da ekonomiaren oinarri nagusia. Bere inguruan enpresa txikiak zabaltzen hasiak dira, honen enpresa filialak bereziki. Industriarik ez dago ia, baina Ipar Euskal Herrian garatzen ari diren enpresen mintegietako bat bertan kokatua dago. Indar izena du; 2.000 metro koadroko eraiki berria. Donapaleuko Jean Errekart institutua eskualdeko hainorri garrantzitsua da bestalde. Amikuzeko ikasleaz bestera, Iparraldeko nahiz kanpoko ikasleek ikasten dute bertan. 400 ikasleak laborantza eta merkataritzako tekniko tituludunak izateko bidean ari dira. Arrapitz Federazioa da, bestalde, Ipar Euskal Herriko laborari eta lurrari atxikiriko ekoizpenen elkartea. Amikuzen du egoitza Federazioak. Horrek erakusten digu eskualdearen garrantzia. Potentzial honen kudeaketaz arduratzen ari da Herrien Erkidego berria.


HERRIAK ETA ERKIDEGOA KOMUNEAN.

Herrien ahalmena txikia da zenbait ekimen aitzina eramateko. Herriek elkarlanean proiektu ugari kudeatu dezakete alta: "Ingurugiroaren antolaketaz arduratzen gara. Zaborren tratamenduaz eta berauen errausketarako lantegi bat muntatu dugu. Alokamendu sozialei buruzko plangintza bat lantzen ari gara. Kirol instalazioen ardura gure gain dago. Ekipamenduen zerbitzua, gizarte zentroak, musika eskola, haurtzaindegia eta Sokorriren mantenimendua gure gain hartu ditugu" adierazi digu Jean Marie Larroquek.
Zerbitzu hauen guztien barne antolaketa eta kudeaketaz bertako nagusiak arduratzen dira, eraikinen mantenimenduaz berriz, Herrien Erkidegoa. Amikuzeko ekonomiaren lehen sektorea laborantza izan da historikoki. Azken hogei urteetan berriz, ekoizpenak goiti egin du, eta laborari kopuruak behiti. Uneon, artisauek, langile profesionalek eta zerbitzutako langileek laborantzaren inguruan sortzen diren lanpostu berrietan leku hartzen dute.
Larroquek honela ikusten du geroa: "Herri bakoitzak bere ordezkaritza dauka Erkidegoan. Kontseilu batean biltzen dira herri bakoitzaren bizilagunen kopuruaren arabera. Herri bakoitzeko kontseilua eta hautetsiak berritzen direlarik Kontseilua ere berritzen da. Herriak eta Herrien Erkidegoa, bi ekimenak atxiki behar dira lan gehiago izan dadin".


HOBEKI PROIEKTUA.

Donapaleuko kantonamendua ez da bere baitara biltzen horregatik. "Hobeki" proiektuaren bitartez, Garapen Kolektiboa deitua (PCD), Iholdiko eskualdearekin proiektu bat garatzen ari da. Kultura alorrean, Amikuzeko Elgarri elkartea sustengatzen dute eta Izurako Haize Berri elkartearen kultur ekimenak sustatzen dituzte. Garaziko Garazikus eta Zuberoako Ühaitza elkartearekin lan komunak egiten dituzte. Bestalde, etxebizitzaren arazoa hobetzeko plan berezia garatzen ari dira. Amikuzen etxe huts asko dago, berritze beharrez. Etxebizitza baten premian daudenentzako laguntza eskuratzen dute estatutik, eta etxe horiek konpondu ondoren herritar xumeen salneurri eskuragarrian jartzen dituzte. PAG izeneko proiektuaren barnean sartzen direnentzako %45 laguntza eskura dezakete. Egoitza abandonatuak berritzen ari dira Donapaleun, zerbitzu sozialerako erabiliak direnak, bestalde: "Laborantza inguruko herrietan ezinbestean aldatu beharra dago etxebizitzaren politika" adierazi digu Hobeki egitasmoaren Jenofa Iriarte arduradunak.


IKASTOLA AIDURU.

Ikastolaren afera ez da trenkatua Amikuzen. Seaska federazioaren barnealdeko ikastolek duten arazo bera dute: egoitza duina ez izatea. Garapen Eskemaren arioan ikastola hauen arazoak trenkatua behar zuen aspaldi. Ez da horrela, ordea. Herri Erkidegoaren baitan ikastolarentzako egoitza berri bat eraikitzeko asmoa eztabaidatu da: "Elekatu ondotik erabaki dugu aferari lotzea. Herri Erkidegoak ez du ahalik irakaskuntzan, irakaskuntza herri bakoitzaren esku dago. Herriak tipiak dira, ordea. Ezin dugu eskola publiko bat lagundu. Formula bat xerkatu dugu alta. Aisialdietarako zentro bat irekitzea eta ikastola berean kokatzea. Azken hitza prefetak dauka orain. Heldu den urterako altxatu nahi genuke ikastolarentzako egoitza"

LUR BERRI KOOPERATIBA: AMIKUZE ESKUALDEAREN OINARRI NAGUSIA
Lur Berri kooperatiba II. Mundu Gerraren ondotik zabaldu zen Donapaleu herrian. Donapaleuko eskualdeko laborariek muntatu zuten Lur Berri, merkatuaren salerosketan sendotu aldera. Hastapenean Donapaleuko kantonamenduko laborariak atxikiak baziren ere, Bidaxune eta bere inguruko laborariek parte handia izan dute mende honen erdialdetik aitzina. Bidaxuneko auzapez eta Pirinio Atlantiarrak Departamenduko presidenteorde Jean Jacques Lasserre da Lur Berriko presidentea. Barthelemy Agerre eta Herri Erkidegoko Jean Marie Larroque presidenteordeak direlarik. Gaur egun, Pirinio Atlantiarreko Departamendu mailako laborantza kooperatiba eta laborarien bilgune azkarrenetariko bat da.1960. urtetan gorakada handia bizi izan zuen kooperatiba honek hazitako artoaren ekoizpenari esker.
Arto ekoizpena biziki emendatu zen, eta laborariak indartu ziren hartara. Lur Berri Estatu Batuetako Pioneer hazitako artoaren ekoizle-taldearen partaidea da. Munduan den arto ekoizle azkarrena. Frantziako estatuan bost kooperatiba biltzen dira Pioneer taldean. Talde honek Frantziako merkatuaren %50 kontrolatu du azken harmakadetan. Merkatua, ordea, krisian dago. Besteak beste, arrazoiak arrazoi, Ekialdeko herrialdeak arto mozkinean indartu dira, eta ondorioz, merkatua baldintzatu. Lur Berrik eta Pioneerek lehen kontratua sinatu zutenean 3.000 hektarea lur erabiltzen ziren hazitako artoaren ekoizpenerako. Egun, erdira apaldu da eremua;1.500 hektarea besterik ez dira lantzen hazitako artoaren produkzioan. Aurten, berriz ere, kontratua berrikusia izanen da, eta merkatu eskaintza eta eskaeraren arabera egokituko da ekoizpena. Nolanahi dela ere, Lur Berri kooperatiba sendo dago. 2.000 laborariek sustengatua, 250 langile enplegatzen ditu aldi berean. Arto mota guztien eta zekaleen ekoizpen orokorra 1.100.000 kintalekoa da. Kooperatibak beste ekoizpen asko lantzen du.
Kabalak bildu eta haiek kalitu ondoren merkaturatzen ditu. Amikuze eta bere inguruko eskualdeetako behiak (bretoinak nahiz gorriak), txekorrak, axuriak, txerriak eta ahateak pasatzen dira beretik. Kari honetarako kabalen hiltegiak modernizatu eta zabaldu dira. Arkadi elkartean biltzen dira abere hiltegiak. Ipar Euskal Herrian nahiz inguruetako eskualdeetan 12 dira Arkadik zabalduriko azienda hiltegiak. Aldi berean, azienden eraldaketarako enpresak asko azkartu dira. Oso ezagunak dira Ipar Euskal Herrian nahiz Frantzian barrena Bidassoa markako mozkinak; Pierre Geraçaguen amikuztarrarenak. Ahateki eta patearen ekoizle handia. Kontserbategiak ere azkartu dira, eta Baionako Urdaiazpikoa (Jambon de Bayonne) sor-marka zabaltzeko lanetan ari dira Amikuzeko txerri hazle eta ekoizleak. Lur Berri kooperatibaren kezka handiena une honetan nekazaritzan bizi den merkatuaren mundializazioa da. Mundializazioari aitzi egiteko laborariek elkarri lagunduz behar dute aitzina egin. Kanpoko mozkinen konkurrentzia eta lehiakortasunari aurre egiteko, mozkinak hazkuntzatik beretik hasita eta kontsumitzailearengana iritsi bitarteko laborazio prozesu guztia landu eta kontrolatzea da bertako laborarien xedea eta nahikaria

ARRAPITZ FEDERAZIOA
Arrapitz Federazioak Donapaleun du bere egoitza nagusia. Federazio hau 1991ean eraiki zen, laborarien proiektu berritzaile izateko. Laborantza eta lurrari atxikiriko lanbideen ikerketa eta esperimentazioa lantzea du xede, lanpostu berriak sortzearekin batera. Kooperatiba gisa funtzionatzen du, eta berean 12 elkarte ezberdin biltzen dira: GFA Mutualitatea (1.500 partaide), AFOG (irakaskuntza eta kudeaketarako zentroa. 6 hezitzaile ari dira), Uharte Garaziko gazta kooperatiba (65 ekoizle9, Mauleko Etxe Gazta (30 ekoizle), Idoki kalitate-marka (120 ekoizle), Artzain ibilkorrak (15 artzain), Sagartzea elkartea (35 partaide), Biharko Lurren Elkartea (BLE, 50 partaide), Eztigar kooperatiba (50 partaide), Ezpeletako Piperren ekoizleak (50 kide), Saltze kooperatiba, eta Lur Hats elkartea (20 partaiderekin). Orotora, 11 langile enplegatzen ditu Arrapitz Federazioak

SOKORRI: BAITEZPADAKOA AMIKUZTARRENTZAT
Donapaleuko klinikak Sokorri izena du. Ipar Euskal Herriko barnealdean dagoen inportanteena. 1970. urtea arte, Donapaleun ospitalea zegoen. Osasun saileko agintariek haatik, egokia ez zelakoan, itxi zuten. Amikuztarrek, ordea, herrien sindikatuaren bitartez (SIVOMA deitua: Ardura Askotarako Sindikatua), gogor borrokatu eta Sokorri klinika plantatu zuten. Hogeita hamar urte iragan ondoren, klinika hau krisian sartu da berriz ere. Frantziako osasun sailak hiru aldiz itxi nahi izan du. Amaetxe irekia atxikitzeko gutxieneko haur jaiotza behar baita; 300 sortu behar dira urtean, gutxienez. Alta, Herrien Erkidegoa (Communauté de Communes) berriro ere borrokari lotu zaio. Ekipamendu berriak sartu ditu, eta ebakuntza gela berri bat ezarri asmo du ere bai. 85 langile ari dira bertan. Klinika hau itxiko balitz, amikuztarrek Baionara edo Pauera joan beharko lukete artatuak izateko. Zinezko atzerapena gizarte arlo guztietan beregaintasuna atxiki nahi duen erkidego honentzat

BACHO: GEROA GURE GAIN HARTU NAHI DUGU
Sauveur Bacho Arberatze herriko amikuztarra da. Lur Berri kooperatiban ari da lanean, CFDTko (Lan Konfederazio Frantziar Demokratikoa) sindikalista delarik. Geroko Kantonamendua (Avenir du Canton) elkarteko partaidea da ere bai. Elkarte hau duela 20 urte eratu zen, kantonamenduko enplegu eta garapenari buruz lan egiteko. Amikuze eskualdeak krisi gorria bizi izan zuen orduan. Enplegu maila apaldu zen, eskola batzuk itxi ziren, Sokorri klinika desagertzear izan zen, eta zergen arloan arazo ugari izan ere: "Gure elkartea lekuko garapenaz arduratzen da. Laborariak, soldatapeko langileak, merkatariak eta artisauak gara. Lekuko garapenari buruz arrankuratuak . Garapen Etxea ireki genuen 90eko hamarkadan. Lan merkatuari buruzko informazioa zabaltzen dugu. Hautetsiek daramaten lanaren segida da gurea, langile gisara gure ikusmoldea sustatzen entseiatzen gara". Sauver Bacho kritikoa da bertako ekonomiaren garapen moldearo buruz: "Lur Berrirekiko kritikoak gara. Mundializazioari begira ari da, eta tokiko lana ahantzia du. Ardi esneari buruz, gasnatzeari buruz, kasu, ez du behar bezalako garapen bat sustatu, gure ustez. Bestalde, langileek garapen berrian birmoldatze bat eskatzen dugu, ez baitugu gure lekua hartzen kooperatibako kudeaketan. Enpresa Batzordeko partaideak izan behar dugu langileek ere bai".
Orain gutxi, Lur Berrik eta Pauen kide duen kooperatiba baten arteko birmoldatze bat izan da, eta Bachok ez du begi onez ikusi nola eraman den berau: "Kooperatiba funtsean ez da langile eta laborariena, konfiskatua izaten da anitzetan. Laborariek ez dute botere aski, eta are guttiago bertako langileek. Administrazio Kontseiluan bagaude ere, ez gara aski kontsultatuak. Gure lana kontraboterea egitea baita". CFTDko laborantza adarreko arduradun nagusi honek lan denbora murriztearen aldeko borrokan dihardu uneon: "Lan denbora ttipitzeari buruz ari gara eztabaidan 35 orduko plangintza praktikan ezartzeko. Orain arteko birmoldaketa ontzat jo dugu, eta hiru hilabete inguruan aldaketak espero ditugu". Amikuzen ematen ari diren aldaketez honela dio Sauverrek: "Amikuze Iparraldeko ardatza izan daiteke. Aitzina egiteko bitarteko aski dugu, hautetsien engaiamendu osoa behar dugu orain; frangotan uzkur baitira. Euskal Departamenduaren alde egotearen garrantziaz jabetu behar lukete hautetsiek. Hartara, Laborantza Ganbara ukan genezake Amikuzen". Amikuzeko eskualdea Ipar Euskal Herriaren barnealdea artikulatzeko gune aproposa iruditzen zaio Bachori. Nafarroa Garaiarekiko harremanetan ardatz garrantzitsua litzateke bere ustez


Azkenak
Hezkuntza publikoko irakasleek akordioa lortu dute Jaurlaritzarekin

Tentsio handiko ikasturtea amaitzear, ostegunean hasi eta ostiralean jarraituriko azken negoziaketa maratoian Eusko Jaurlaritzarekin akordioa sinatu dute sindikatu guztiek, ELAk izan ezik. Datorren asteko grebak bertan behera geratu dira. Segidan, adostu dutena eta batzuek eta... [+]


Menopausian elikadura lagun izateko tresnak

Andrea Velasko dietista eta nutrizionistak elikaduraren bidez menopausiak eragindako aldaketak kudeatzeko zenbait gako eman ditu.


Ondo ereindako uzta

BRN + Auzoko eta Sain mendi + Odei + Monsieur le crepe eta Muxker
Zer: Uzta jaia.
Noiz: maiatzaren 2an.
Non: Bilborock aretoan.

---------------------------------------------------------

Ereindako haziek ura, argia eta denbora behar dute ernaltzeko. Naturak berezko ditu... [+]


Maiatzaren 18an ospatuko dute Sortzen jaia Takoneran

Sei urteko etenaldiaren ostean, maiatzaren 18an, Sortzen jaia ospatuko dute Takoneran D ereduko eskola publikoen aldeko jaia.  Ikuskizunak, haurrendako jolasak eta Gorka Urbizu edota Borla taldeen kontzertuak izango dira.


Zure onurarako da

Ikusiz zenbat psikologok, medikuk, terapeutak… metodo mirakuluak partekatzen dizkiguten, pentsa daiteke haurren heziketa nazioarteko kezka dela eta denok adituak bilakatu garela.


47 milioi euro gehiago Esako urtegiaren segurtasuna bermatzeko

Ebroko Konfederazio Hidrografikoko (CHE) lehendakariak egin du iragarpena aste hasieran: Esako urtegia handitzeko lanen laugarren moldaketari aurten ekingo diote eta urtegiaren eskuin magala egonkortzeko 47 milioi euro gastatuko dira.


2025-05-09 | Arabako Alea
Gasteizko lorezainak udalarekin bildu dira lehen aldiz

Gasteizko Udalak esan du enpresa negoziatzera deitzen ari dela. Sindikatuek eskatu diote Gasteizko langileak defendatu ditzala Enviserren jabea den AEBetako inbertsio funtsaren aurrean.


“Txosnak eta herri jaiak defendatzeko” ekimena egingo dute maiatzaren 31n Bilbon

Bilboko, Gasteizko eta Donostiako herri jaietako ordezkariek agerraldi bateratua egin dute maiatzaren 8 honetan, txosnei jarritako zailtasunak salatzeko eta jai eredu herrikoa "desagertzeko arriskuan" dagoela ohartarazteko.

 

 


Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea
“Hikaz egiten ere, eginez ikasten da”

Aurreneko aldiz Euskaraldiaren barruan Hikaldia egingo da. 83 herrik eman dute izena. Iaz hitanoa bultzatzeko sortu zen ZirHika talde eragileak antolatu du ekimena, Tauparekin batera. Patxi Saez Beloki ZirHika taldeko kidea elkarrizketatu dugu. Bi helburu dituzte estreinaldian:... [+]


Soluzioa ez da teknikoa, soziala da; Arnaldo Otegiri erantzuna

Azken asteotan, energia berriztagarriei buruzko eztabaida komunikabideetan zabaldu da. Euskal Herrian, lehenik eta behin, Aritz Otxandianok jasandako erasoaren kasu mediatikoa izan genuen, berak energia berriztagarrien aldeko jarrerari egotzi ziona; handik egun gutxira,... [+]


Turiel: “Bilatu daitezke arrazoi teknikoak, baina itzalaldia prezioen sistema perbertsoak eragin zuen”

Antonio Turiel fisikari eta CSICeko ikerlariak aspaldiko urteetan ez bezala bete zuen Hernaniko Florida auzoko San Jose Langilearen eliza asteazkenean. Zientoka lagun elkartu ziren Urumeako Mendiak Bizirik taldeak antolatuta Trantsizio energetikoaren mugak izeneko bere hitzaldia... [+]


Robert Prevost estatubatuarra izango da aita santu berria, Leon XIV

"Bake zubiak eraikitzeko laguntza" eskatu dio jendeari balkoitik egin duen lehen agerraldian.


Hezkuntza publikoko irakasleen eta Jaurlaritzaren arteko negoziazioak ostiralean jarraituko du

“Proposamen oso eskasa egin du Hezkuntza Sailak, berme eta zehaztapenak txertatu barik”, kontatu dio ARGIAri STEILASeko bozeramaile Haizea Arbidek. Ostegun honetan bilera izan dute sindikatuek eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, EAEko irakaskuntza publikoko... [+]


2025-05-08 | ARGIA
Iratxe Sorzabal absolbitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, “tratu gizagabeak” pairatu izana aitortuta

Epaiak dio 2001ean Sorzabalek egindako autoinkulpazioa "tratu txarren ondorioa" izan zela, eta beraz, "baliogabea" dela. 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izanagatik atxilotu zuten 2001ean, eta bost egunez inkomunikatuta atxiki zuten, gogorki torturatuz.


Eguneraketa berriak daude