"LASTER BURUTUKO DIRA EAE-KO HAUTESKUNDEAK"

  • Gasteizko Legebiltzarreko talde sozialistaren eledun berria da ETAk hil zuen Fernando Buesaren zeregina hartu ostean. Bake eta normalizazio prozesua eta eraikuntza nazionala-edota independentzia- ezin direla nahastu adierazi digu Rodolfo Aresek.

2000ko apirilaren 23an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Fernando Buesaren hilketak zein neurrian baldintzatu du hauteskunde orokorren ostean PSE-EEk Gasteizko Legebiltzarrean daraman oposizio politika?
Ez dut uste ezertan baldintzatu duenik. Fernando Buesaren hilketa ez da PSE-EEren posizioa baldintzatzen duena. Bai Fernando Buesa eta Jorge Diez bizkarzainaren eta bai Blanco koronelaren hilketek nazionalistek eginiko apostuaren porrota agerian utzi dute; azken urte eta erdian eginiko apostu politikoaren porrota. Nazionalistek Lizarrako Akordioaren alde apostu egin zuten Lizarrako Adierazpena bakea lortzeko tresna eraginkorra zelakoan. Haatik, argi eta garbi geratu denez, ETAk hiltzeko erabakia eta jarduera berriro hartu du eta nazionalisten akordioa erabat baliogabetu horren ondorioz.

Fernando Buesak su-eten garaian "Larria da ETArekin oraindik mintzakidetzarik ez izatea" adierazi zuen astekari honetan. Zer edo zer iradokitzen al dizu bere adierazpen hark?
Su-etena deitu izan zen garaian ETA ez zen sekula geldirik egon. Egia da hiltzeari utzi ziola, baina geldialdia bere barne berrantolaketarako -zoritxarrez gero baieztatu zenez- eta hilketak prestatzeko erabili zuen; Fernando Buesarena, kasu. Hilketak izan ez ziren aldian terrorismoarekin amaitzeko bideak irekiko zirela itxaron zuen euskal gizarteak. Nazionalistek, ordea, bake eta normalizazio prozesu politikoa eta eraikuntza nazionala batera bideratu nahi izan zituzten. Hori akats izugarria izan zen. Horrek euskal gizartea zatitu zuen, baita bakea ahalbidetzeko prozesuaren disenuan demokrata guztion partehartzea eragotzi ere. Gertatu zena gertatu ostean, nire sentsazioa da ETA ez zela sekulan su-etenean izan. Ondorioz, argi dago terrorismoaren arazoa konpontzea zaila dela. Izan ere, berau praktikatzen dutenek ez dute armak uzteko inolako borondaterik. Bien bitartean, beste aldean gaudenon ahaleginek -nahiz batzutan gure jokabideetan huts egin dezakegun- deus gutxirako balio dute.

Esan nahi dut, agian, Buesaren esanean irakur daitekeela, zerbait gehiago egin zitekeela su-eten garaian.
Su-eten garaian -Espainiako Gobernuaren ardura zuenarekiko errespetu handienarekin- PSOEk zenbait unetan iradokizun eta kritika publikoren bat egin zuen su-etenaren kudeaketari buruz. Fernandoren esaldi hori hortxe koka daiteke. Oro har, ordea, PSOEk, su-eten garaian, gobernuaren ardura zutenekiko erabateko leialtasuna eta begirunea erakutsi zituen. ETA eta bere inguruarekiko kontaktuen erritmoak aztertu eta esploratu behar zituztenek beharrezko zuhurtasuna erakutsi zuten.

Espainiako Parlamenturako hauteskundeen ostean IU-EBkoek eurekin egin duzuen akordioa traizionatu izanaz akusatu zaituztete. Arabako Jose Vicente Cos batzarkideak, kasu.
Kritika hori absurdua da. Hauteskunde orokorrak burutu aurretik akordioa egina baitzen Partido Popularrarekin. Euskal sozialistek, eta sozialista arabarrek zehazkiago, Udal eta Foru hauteskundeen ostean iragarria zuten zerrenda bozkatuena errespetatuko zutela; Arabako Batzar Nagusietakoa, kasurako. Gero etorri zen IUrekin sinaturiko ituna.

Porrot egin duen ituna...
Itun hori presaka eta korrika egin zen. Une konkretu batean ilusio handia jarri genuen arren, argi geratu da ez genuela akordioa ongi egin, ezta berbera gizarte aurrean ongi azaldu ere. Edonola ere, EAEri dagokionez, itun horrek ez duela inolako emaitzarik ekarri ageri da. Ez zuen Araban senatorerik lortzea ahalbidetu, esaterako.

PSE-EE da EAJ traizioz akusatzen duena, bestalde.
EAJrekiko gure harremana dezepzionagarria eta zapuzgarria bihurtu da azken bi urteetan bere politika dela-eta. EAJren politika zinez okerra da, arazoak konpontzen ez dituena, herria guztion artean eraikitzea eta euskal gizartearen aniztasuna sendotzea galerazten duena. EAJ batasun nazionalistaren ahaleginean murgildu da, eta gizartea nazionalismo homogeneo batera behartu nahi du. Zatiketa eragiten duen politika hau, berez, porrotera kondenatua dago.

PPrekin ondo moldatzen da PSOE. Nola ezkontzen ahal da PSE-EE bezalako alderdi bat PPrekin?
Alderdi sozialistak ez du inolako konplexurik PPrekin bat etortzeko. Esaterako, euskal herritarron bizikidetzarako markoa estatutua eta autonomia dela esatean, edota etorkizunean bizikidetza ziurtatu dezakeen estatuaren marko juridiko-politikoa gauzatzerakoan ere.Zer esanik ez, PPrekin ezberdintasun handiak ditugu; proiektu ezberdinak defenditzen ditugu. Aurrerantzean eztabaidatu behar dugun guztia eztabaidatuko dugu; bat ez etortzea gauza normala izango da baita ere. Horrela gertatu da Eusko Legelbiltzarreko, Batzar Nagusietako edota Udaletako politika sozial eta ekonomikoan. Gure ezberdintasunak oso handiak dira esparru horietan.

PP eta PSOEren iritziz, Konstituzioak eta Estatutuak gatazkaren ebazpenerako posibilitate mugagabeak eskaintzen ditu. Gatazkak berean dirau, ordea.
Euskal gizartea oso da konplexua. Orain gutxi arte, EAJ estatutuaren garapenaren alde aritu da. Gernikako Estatutuak bizikidetza bermatzeaz gain, Euskadirako inoiz izan ez den autogobernu maila ekarri du. Azkenaldian, ordea, beste bide bat urratzeko erabakia hartu du EAJk. Bere azken biltzarreko ebazpenen arabera, herri hau independentziara eramango lukeen bide subirano batetik nahi du aurrera egin, Konstituzioak eta Estatutuak dituzten aukera guztiak esploratzeari utziz. Estatutuaren markoan gobernatzen ari denak bide horri uzten badio, zailtasunak izango ditu bide berri bat esploratzeko. EAJ esploratzen ari den bidetik ezinezkoa da gatazka ebaztea.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzea posible ikusten al duzu?
Bai. Laster burutuko dira. Dugun gobernua minorian dago eta egonkortasunik gabe oso zaila dauka akordioak lortzea. Gainera, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak bere politika okerra zuzendu ordez, bide beretik egin nahi du aurrera. Zaila du aurrera egitea, hasteko, bere erabakien eta erantzukizunen berri eman behar duelako herritarren aurrean.

Hauteskundeei begira, ez dirudi PSE-EE eskaintza sendoa egiteko gauza denik.
Hauteskundeetarako deia egiten bada PSE-EEk bere proposamen politikoa autonomista eta aurrerazalea egingo du euskal gizarteak dituen arazoak konpontzeko. Ganoraz eta ilusioz aurkeztuko dugu gure hautagaia, euskal herritarren gehiengoaren sustengua jasoko duelakoan, Eusko Jaurlaritza berria gure hautagaiaren inguruan eraikiko denaren itxaropenez. Bestelakoan, Alderdi Sozialistak ez badu gehiengoaren sustengua jasotzen, ez dugu inolako aukerarik baztertzen. Alderdi irabazleak egingo duen politikaren arabera jokatuko dugu sozialistok.

PPren lehendakari bat sustengatzeko prest al dago PSE-EE?
Lehenik herritarrek behar dute botua eman. Lehendakari ez nazionalista izatea -PSE-EEkoa bada hobe- demokrazia sendo baten ezaugarria litzateke. Eusko Jaurlaritzaren alternantzia -ez soilik EAJren lehendakaria ez izatea- heldutasunaren agergarri litzateke. Lehendakari ez nazionalista normaltasun osoz ikusi beharko litzateke, eta ez buruzagi nazionalistek ikusten duten bezala, dagoeneko satanizatua.

Bestalde, PSE-EEko gazteek alderdia PPren itzalpean bide egiteagatik kritikatu zuten bere azken kongresuan. Ondoren, autodeterminazio eskubidearen eta herri kontsultaren arteko zehazpena egin behar izan zuten. Zehazpen ugari egin behar izan du PSE-EEk azkenaldion.
PSE-EEko gazteek hartu zituzten ebazpenak PSE-EErekiko erabateko autonomian egin ziren, baita hedabideetan zabaltzeko komunikazio lana ere. Gero, proposatu zutena argitu eta zehaztera behartuak izan ziren. Gazte sozialistekiko errespetu guztiarekin, PSE-EEk ez du bat egiten herritarrei inolako kontsulta egin behar horretan. Besteak beste, herritarrek hauteskundeetan beren iritzia ematen dutelako; garbi adierazten dute nahi dutena. Dena den, PSE-EEko euskal gazteek zehaztu dute adierazi zutena eta ez du balio polemiketan sartzeak.

Hezkuntza sailburu Inaxio Oliverik daraman politika "diskriminatzailea" dela salatu duzue sozialistek. Ez al da gobernuan zinetenean zegoen beretsua?
Sozialistok izan ginen eskolako ituna bultzatu genuenak, euskararen irakaskuntza eta nomalizazioa ziurtatzea beharrezkoa zelako. Berean, gaztelaniazko irakaskuntza ere jasotzen da. Azken urteotan, hainbat eskuldetan dagoen A ereduaren eskaintza oso da eskasa, ordea. Guraso batzuek zailtasunak dituzte beren seme-alabak sare publikoan gaztelaniaz hezitzeko, kasu askotan behartuta daude ekimen pribatura joateko. Edonola ere, PSE-EEren aldetik ez dago inolako asmorik hezkuntz politika, eskolako ituna sustengatzera eraman zuen politika, alegia, berbideratzeko. Botere publikoetatik erritmo eta eskubideak errespetatu daitezen bermatu nahi dugu. Nork bere seme-alabentzako nahi duen eredua bermatu nahi dugu, besterik ez. Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburuak joera handia du euskal gizarteak eskatzen dituen erritmoez haratago joateko.

EITB eraikuntza nazionalaren zerbitzura dagoela kritikatu duzue. Eraikitzea den guztia ez al da legezko eta onuragarria?
Nazionalistek eskubide osoa daukate, beraiek aipatzen duten eraikuntza nazionalari ekiteko. Proiektu edo eredu horrekin bat ez gatozenok, berriz, badugu eskubide osoa ere kontrako oposizioa egiteko eta berau kritikatzeko. Arazoa, ordea, hauxe da: nazionalistak hedabide publikoak erabiltzen ari dira posizio politiko konkretu batzuk indartzeko eta eskakizun zehatzak egiteko. Alderdi konkretu eta bakar batzuen eskakizunak dira eta ez gizarte osoarenak. EITBk gizarte osoaren zerbitzura izan behar du. Guk, ETB zehazki, EAJren zerbitzura egotea salatzen dugu. Datuekin frogatu dugu hori. Batetik, EAJren buruzagien agerpena berari dagokiona baino handiago da. Aldi berean, ETBren informazioan lantzen eta erabiltzen ari den terminologia proiektu nazionalista sendotzeko egina da. Hots, eraikuntza nazionalaren terminoetan egina dago. Hori ez da ETBren funtzioa. ETBk oso eskrupulosoa izan behar du gizarte anitz eta konplexu honetan, gizartea ez da nazionalista soilik.

Gauza bera esan daiteke TVEri dagokionean.
Alderdi sozialista oso kritikoa izan da TVEk eraman duen informazioaren kudeaketarekin, sarritan publikoki salatu dugu. Alderdi bakoitzaren proiektuak alderdi bakoitzaren hedabideen bitartez garatu behar dira. Hedabide publikoak ezin dira egon alderdi politiko baten zerbitzura, gizartearen zerbitzura baizik.

Pasqual Maragallek ohartarazi duenez, Jose Maria Aznarrek PSOE harritu eta gainditu lezake, "Espainia anitza"ren onarpena praktikan jarriz gero.
Hori baieztatzeko, hurrengo urteetan PPk eta Aznarrek gehiengo osoa nola erabiltzen duten ikusi beharko da. Edonola ere, Espainiako Gobernuak autonomien eredua behin-betiko itxi beharko du, bereziki Euskadi eta Kataluniari dagokionean. Behin-betiko itxi beharko du, ez soilik eskuduntzak osatzeko, baizik eta gizarte hauetako gehiengoak onartua izan dadin, eta hori adostasun handienaz egin beharko da. Euskadiko eta Kataluniako gehiengoak Estatuaren marko juridiko-politikoa onartzen du. Egia da, EAEn oraindik minoria bat ez dago gustura oraingo marko honetan; minoria honek EAJ herrestan eraman du azkenaldi honetan eta beste marko juridiko-politiko bat exijitzen du. Espainiako Gobernu batek (konbentzitua nago PPko Gobernuak egingo duena) oraingo marko juridiko eta politikoa defendituko du, edozein kasuan. Etorkizunean egin beharko dena, Konstituzioaren eta Estatuaren garapenaren markoan egin beharko da.

Maragallek estatu federal baten posibilitatea ikusten du.
Estatu federalarena oso auzi eztabaidagarria da. Bide horretatik Konstituzioa aldatu beharko litzatekeelako. Egin behar bada, adostasun handienarekin egin beharko da.

Pasqual Maragallek argitasun gehiago eskatzen dio PSOEri.
Egia da. Sozialistok argitasun gehiagoz zehaztu behar dugu estatu eredua. Batez ere, gure estatuaren ideia ongi komunikatu behar dugu, herritarrek ezagut dezaten guk zer ulertzen dugun estatu nazionalanitzaren ideiaz. Beti ere, Espainiako Estatuaren barne delarik. Hori da gure apustua.

Zeregin horretan, eta euskal gatazkaren ebazpenean zehazkiago, PSOE ez al da bere ondarea hondatzen ari, PPren onerako?
Sozialistok ez diogu gure erantzukizunari uko egiten euskal gatazkaren ebazpenean. Hala ere, guk gatazkaren ebazpenaz berba egiten dugunean terrorismoarekin bukatzeko moduaz berba egiten dugu. Bien bitartean, nazionalistek gatazkarekin bukatzeaz berba egiten dutenean, eraikuntza nazionalaz eta independentziaz ari dira. Arazoa, berez, oso konplexua da. Bake eta normalizazioari dagokionez, ardura ez da alderdi sozialistarena, ez da alderdi demokratikoena, baizik eta indarkeriaren eta armen bitartez beren postulatu politikoak lortzen tematzen direnena. Terroristek eta berauek laguntzen dituztenek proiektu politiko bat defenditzeko armak zilegi ez direla asumitzen ez duten bitartean, ezin zaigu demokratoi gatazka politikoa konpondu ez izanaren ardura politikoa egotzi. Gatazka konpontzearen ardura, kale borroka eta hilketak burutzen eta sustengatzen dituztenena besterik ez da. Horregatik, alderdi demokratikook biolentziaren ebazpena modu estu eta larri batez bilatzen dugun arren, hauxe diogu: ETAk armak uzteko benetako borondatea erakusten ez duen bitartean ez dugu gatazka honen konponbidea aurkituko.

ETAren su-eten berri batek ahalbidetu al lezake normalizaziorako prozesua?
Aurrekoa bezalako beste su-eten batek deskonfiantza eta zalantza asko sortuko lituzke euskal gizartean. Kontua hauxe da: ezin da bake eta normalizazioa eraikuntza nazionalarekin edota independentziarekin nahasi. Bi egitekoak bereizi beharra daude ezinbestean eta, lehen egiteko horretan, ETAk armak behin- betiko utzi behar ditu

OTXARKOAGAKO SEMEA
Orenseko Verin herrian jaio zen 1954an. 6 urterekin etorri zen Bilboko Otxarkoagara. Sendi langile xume baten semea. 15 urterekin hasi zen auzoko elizako taldeetan militatzen eta 18rekin politikan. PSE-EEko Batzorde Eragileko kide eta parlamentario izan aurretik, Bilboko zinegotzia izan zen 12 urtez. Lanbide Heziketako maisua da, 1979. urtetik eszendentzian.


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude