"EUSKALTZAINDIAK EZ DIO HIZKUNTZARI ALDATZEN UZTEN"

  • Fonologiako irakasle lanetan jarduten du 42 urteko donostiarrak. Donostian jaio zen, baina ia 20 urte dira Gasteiza etorri zela eta egun bertan bizi da bere bi katuekin. Euskaltzain urgazle ere bada eta Ahoskera Azpibatzordeko buru izan zen 95etik 98ra.«Eta emakumeari sugeak esan zion» izenburuko bere lehen nobela emaitza onak ematen ari da merkatuan.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
D

onostiako EUTGn Filologia Hispanikoa ikasi zenuen. Orduan oraindik ez zen Euskal Filologiarik. Horren faltan hautatu al zenuen Hispanikoa?
Egia esan behar badut, ez dakit. Egun pozten nau Hispanikoa egin izanak. Horrek gero, noski, ahalegin bat eskatzen dizu euskal literaturan, euskal testuetan-eta dituzun hutsuneak betetzeko. Baina, uste dut jende gehiagok egin beharko lukeela Hispanikoa, edo beharbada Euskal Filologian Hispaniko gehiago sartu beharko genukeela. Hemengo espainola ere aztertu beharko genuke.

Zer nolako giroa bizi zenuten unibertsitate urte haietan? Hispanikoa egin arren, euskal munduan ere ariko zineten...
Txuma Lasagabasterrek ematen zizkigun literatura eskolak eta harekin hasi ginen Saizarbitoriaren lanak aztertzen. Gu izan ginen lehenak azterketak euskaraz egiten-eta... oso urte politak izan ziren. Josetxo Lizartza eta Ramon Etxezarretarekin Hizkuntz Eskolan euskarazko klaseak ere ematen nituen. Koadrilakoak nituen.

Tesia egitera Gasteiza etorri zinen.
Lehenago bi urte eman nituen EEBBetan linguistikako master bat egiten. Eta han hasi nintzen nire tesirako gaia lantzen: palatalizazioa. Hangoei oso berezia egiten zitzaien euskaraz ematen den bustidura. Ez

miña
edo

dittut
-en tankerakoa, beste bustidura txikigarri hori,

xexen, nexka
... Haiek soilik hizkuntza indiotan ezagutzen zuten hots hori.

Zer dela eta jo zenuen Fonologia aldera?
Literaturatik ihes egitea erabaki nuen. Karreraren azken urtean hasi nintzen «Ere»n literatur erreseinak egiten eta «100 metro»ren epilogoa ere orduan kaleratu zidaten. Gehiegi gustatzen zitzaidala ikusi nuen eta literatura ez nuela lanbide bezala nahi. Ez nuen literatura analizatu nahi, gehiegi analizatuz gero, ezin izango nuela idatzi pentsatzen nuelako, beharbada. Horregatik joan nintzen linguistikako beste muturreraino, fonetika eta fonologia kontuetara.

Koldo Mitxelenak zuzendu zizun tesia, ezta?
1982an Gasteiza etorri eta Koldo Mitxelenarekin hasi ginen. Tesia egin eta irakasle laguntzaile lanetan jarduten genuen EHUn. Soldata oso kaskarra zen, baina eskola ordu gutxi ematen genuen. Egun, tesia egiten ari diren irakasle ordezkoak modu lotsagarrian esplotatzen dira. Garai hartan ez. Koldok esaten zuen tesia egiten ari zena mimatu egin behar zela; departamenduaren onerako, besteak beste.
Orduan, bere eskoletara entzule moduan joateko aukera izan nuen. Hiru urtez saiatu nintzen horrela Euskal Filologia egin ez izana nolabait konpontzen.
Mitxelena departamendu buru zela, Henrike Knörr, Patxi Goenaga, Ines Pagola, Ibon Sarasola eta beste hainbatek osatzen genuen taldea. Geroago etorriko ziren beste batzuk, Pello Salaburu...

Pellok Salaburuk ARGIAri eskainitako elkarrizketa baten ez zela erraza Mitxelenarekin lan egitea zioen. Ados al zaude horrekin?
Bere inguruan bazegoen hainbat pertsona Mitxelenarekiko halako izu bat zuena. Eta izua kutsatu egiten zuten. Ia ikasturte osoa pasa nuen nik bere eskoletara joaten, berarekin bileretan... baina zuzenean inoiz hitz egin gabe. Berarekin hitz egiteko ausardia izan nuen lehen egunean bertan, arratsaldean, biak kafe bat hartzera joan ginen.
Uste dut oso lotsatia zela. Pertsona batekin ondo moldatzen zen, goxoa zela esango nuke, birekin urdurixeago eta, lautik gora baziren, oso urduri jartzen zen eta beste muturreraino joaten zen.

Eta, hala ere, asko ikasi omen zenuten berarekin.
Neurri batean, bai. Baina zaila zen berarekin ikastea. Lehenik denbora behar zenuen bera ikasteko, bere kodea ezagutzeko eta denek ez zuten aukera hori izan. Komunikazioa oso zaila zen Mitxelenarekin eta ni, zentzu horretan, pribilejiatua sentitzen naiz. Gero, oso goi mailako pentsamendua duen jendeak, hainbeste gauzetaz hainbeste dakien jendeak, askotan akonplejatu eta gainditu egiten zaitu. Nik uste dut bere liburuetatik gehiago ikasten dela, errazagoa gertatzen dela.

Artean Mitxelena bizirik zela, kazetariak Salabururi zera galdetu zion: eta hiltzen denean zer?
Zer erantzun zuen berak?

Bere beharra ikusten zuen...
Hiruzpalau urte gehiago iraun izan balu, zenbait gauza ez ziren gertatuko gertatu diren bezala eta hori ez zen txarra izango euskararentzat.

Adibidez?
Iruditzen zait, unibertsitatean, euskara teknikoaren kontuak ez zirela finkatuko finkatu diren bidetik. Bera euskara teknikoa Euskal Filologian sartzearen oso kontrakoa zen. Baina ez dut egin nahi askotan egiten duguna: Mitxelenaren izenean gauzak esan, Mitxelenaren babesa hartu.
Ni horretan Mitxelenarekin ados nago, baina borroka hori galdu egin genuen. Unibertsitatean euskarak indar gehiago luke euskara teknikoa Euskal Filologiarekiko autonomoa balitz.

Euskaltzaindian Ahoskera Azpibatzordeko buru izan zaitugu.
1993an hasi nintzen horretan, artean Patxi Altuna sail horren buruan zela. 1994ko Ahoskera Jardunaldien ondoren batzordea desegin zen. 95ean batzordea berregin eta horren buru izatea proposatu zidaten. Nik batzorde baino lan taldea behar zuela erantzun nien, egokiagoa zela irakaskuntzan eta komunikabideetan ahoskerarekin lanean hasteko. Ordutik 1998a arte izan nintzen talde horren buru.

1994ko maiatzean buruturiko III. Ahoskera Jardunaldi horietan alderdi fonologikoa zuk landu zenuen Pilartxo Etxeberriarekin batera. Xabier Kintanak bazela garaia esan zuen orduko artikulu batean, ahoskera ahaztuta zegoela eta horri heldu behar zitzaiola.
Horrela zen, baina ez zait iruditzen txarra zenik. Ahoskeraren zati bat da soilik arautu daitekeena eta arautu behar dena: komunikabideetan, bikoizketan... irakurketa publikoan erabiltzen dena, Euskal Herri osoari zuzendutako irakurketa neutroan. Ez legoke gaizki, adibidez, politikoek, Euskal Herri osoarentzat hitz egiteko orduan, ahoskera ikasiko balute.
Hizkuntza txikiekin beti gauza bera gertatzen da: hizkuntza babestu behar horrekin, azkenean hiztunak itotzen dituzu. Eta irakurketa formaletik kanpo hiztunak libre utzi behar dira. Ni Euskaltzaindiara iritsi nintzenean bi muturretako iritziak zeuden: batzuk, erabat eszeptiko, ahoskerarekin zer eginik ez zegoela zioten; besteek zioten: «hemen lau lege jarri eta etzi denek horrela ahoskatuko dute».

jeolojia baino geologia esan behar zela proposatu zenuten eta jaun-en ordez yaun.
Hitzaldi bat ematen ari zarela ondo dago

geologia
esatea, baina gero tabernara jaitsi eta lotsa emango dizu horrela esatea. Ezin dira nahastu arau sistematikoak kontu fisikoekin. Badago

s
eta

z
bereizten ez duen bailara oso bat. Eta, garbiago oraindik,

etxia
esaten ohituta bazaude, ez duzu arazo fisikorik

etxea
esateko eta ez dizu lotsarik ematen. Besterik gabe, ez zaizu

etxea
aterako, ez delako zure hizkuntza.
1998an arauak atera ziren eta tarteko urteak borroka bat izan ziren, Xabier Kintanarekin eta berak bezala pentsatzen zutenekin. Gezurra dirudi hizkuntza bizi batek maila ezberdinak dituela sinesten ez duen jendea egotea. Mundu guztiak berdin ahoskatzen duen hizkuntza, hilzorian dago. Hizkuntzaren berdintasuna bere heriotzaren sintoma garbienetako bat da.

esan ezin denean, zer da hobea mutiya ala mutila ahoskatzea?
Mutilla
ri heltzea. Ahal den neurrian palatalizazioari eustea litzake onena, batez ere aipatutako profesionalen esparru horretan. Baina euskaldungo guztia kontuan hartuta, nire ustez, ez da posible izango horri eustea. Fonologikoki oso arraroa da hots hori. Eta egia da gaztelerazko yeismoak horretan laguntzen duela, baina, bestela ere, euskarak hura galtzeko joera naturala lukeela uste dut. Baina, euskarari ere utzi beharko diogu gauzak galtzen, ezta? Hots hori beste nonbaitetik azalduko da geroago edo berri bat sortuko da horren ordez. Euskaltzaindiak ez dio hizkuntzari aldatzen uzten. Hizkuntzak gauza berri bat sortu eta Euskaltzaindiak ez du onartu nahi.

Adibidez?
Betirako
ren kasua. Ez da gazteleratik sortua. Momentu batean hizkuntzak

betiko
eta

betirako
behar izan ditu eta

betirako
sortu da. Bada, ez;

betiko
erabili behar da.

Euskal Filologian ikasle asko dago. Egongo al da tokirik guztientzako?
Jende gehiegi dago Euskal Filologian. Nik ez dut sinesten hainbesteri Filologia interesatzen zaionik. Askok «Euskal» horrengatik ematen du izena. Horrek badu bere alde ona, gogoz ekiten diotelako, ez direlako apatikoak. Baina gai teknikoenak ikasteko, fonetika eta fonologiarako, adibidez, euskara maitatzea ez da nahikoa.

Baina, egongo da hainbat ikasle Filologia ikasteko gogoz hurbiltzen dena...
Bai. Badago talde bat oso ona; txikia, baina benetako bokazioz ari dena. Gure garaian erraza zen lana aurkitzea. EEBBetatik bueltan, nik bost bat aukera izan nituen. Orain ez dago horrelakorik. Unibertsitatean bertan aukera ixten ari da. Nahiko nuke aukera gehiago balituzte. Niri ikasleek animo handia ematen didate. Asko gustatzen zait eskolak ematea. Baina baita ikerketan aritzea ere.

Ba al duzue tartea ikerketarako?
Zentzu horretan atzerantz goaz. Eskola gehiegi ematen da. Eta hori ez da soilik irakaslearen kalterako. Ikasleentzat ere gehiegizkoa da. Austrian irakasle izan nintzenean ikusi nuen han ez zela hainbeste eskolarik ematen. Atzerritik hartu dugun gauza bakarra, ordea, lauhilabeteko sistema da. Baina, bestela, gure temario potoloekin, apunteak eman eta apunteak eman, jarraitzen dugu. Jose Ramon Zubiaur nire fonetika irakasle izandakoak esaten zuen erromatarrak bezala ibiltzen ginela: jan eta jan, gero hatzaparra zintzurreraino sartu eta dena botatzeko. Apunteak hartu eta hartu gero azterketa egunean dena botatzeko. Horrenbeste eskola ordu dituzte ez dutela beste ezertarako denborarik.
Irakasleen aldetik, unibertsitate honek badu abantaila bat: zure eskolak lauhilabeteko batean kontzentratu ditzakezula. Horrek beste lauhilabetekoa ikerketarako erabiltzeko aukera ematen dizu.

Zertan da zure ikerketa lana?
Denborarik gabe ibili naiz azken urteetan. Pare bat urte Dekanotzan, beste bi urte Euskal Filologian sailburu... Gero Euskaltzaindiakoa ere izan nuen. Ikerketa aldetik lehorte urteak izan dira. Baina materiala biltzen joan naiz eta hori idatzi nahi dut. Fonetika eta Fonologiaren inguruko liburu bat dut martxan, batez ere ikasleengan pentsatuz. Beste bat ere badut, teorikoagoa, euskal fonologiaren ingurukoa.

«Euskaldunon Egunkaria»n ere zure zutabea egin zenuen urte pare batez.
Hasieran kosta egiten zitzaidan, batez ere neurri labur horretara mugatzea. Gero konturatu nintzen ariketa ona zela, zeozer ari zela mugitzen nire barruan. Nolabaiteko gimnasia izan zen. Baina, gidatzen ikastean gertatzen den gauza bera gertatu zitzaidan: hasieran oso gaizki zabiltza, gero, ikasi eta oso ondo, eta egun batean, lasaitzen zarenean, tontakeriaren bat egiten duzu. Ni hirugarren fase horretan sartu nintzen, entregatzeko eguna iritsi eta automatikoki botatzen nuen karaktere kopuru zehatza. Uztea erabaki nuen.

Laster hasiko zara berriro larunbatetako gehigarrian. Pentsatu al duzu nolako artikuluak idatziko dituzun?
Ikusiko dugu kulturaren inguruan zer dudan esateko... beharbada, beti bezala, Euskaltzaindiaren inguruan arituko naiz.

Gaizki esaka?
Pixka bat zirikatzea ez da txarra. Gure herri honetan ere kritika pixka bat beharko da, ezta? Gertatzen dena da denak ezagunak garela eta jendea mindu egiten dela. Haserretzea ona da, haserreak hasi eta bukatzen jakinez gero.

Zure lanbideaz aritu gara eta lanbide bezala nahi ez zenuen literaturaz hitz egingo dugu orain. «Ere»n kolaboratzen zenuela aipatu duzu; «Oh, Euskadi!»n ere aritu zinen. Saizarbitoria, Andu Lertxundi, Koldo Izagirre eta beste batzuekin aritzen zinen.
Aho zabalik egoten nintzen. 20 urte inguru nituen eta, bitxia da, baina ez nuen nire burua haiek baino gazteago ikusten. Pentsatzen nuen gauza bakarra zera zen: «zenbat gauzetan dabiltzan, zenbat gauza idazten duten, zenbat irakurri duten...».
«Oh Euskadi!» izan ez balitz beharbada nik ez nuke nire nobela idatziko. Saizarbitoriak gazteak idaztera bultzatzen gintuen, motibatu egiten gintuen, betebehar moral bat balitz bezala. «Zuek euskara jakiteko suertea izan duzue eta karrera bat duzue eta orain ematea tokatzen zaizue». Denborarekin pisua hartzen joan den gauza bat da. Markatu egin gintuen. Literaturaz eztabaidatuz, orduan hasi ginen benetan literatura ukitzen. Ez zen fakultatean bezala, halako autore halako urtetan jaio zen...

Noiz hasi zinen literatura idazten?
Betidanik idatzi dut. Dutxatzea baino behar handiagoa zen niretzat idaztea. Baina beti puskaka, ordenik gabe...

Argitaratzeko asmorik gabe?
Nire buruarentzat idazten nuen, nire behar bat asetzeko. Gero Ramonek argitaratzeko betebehar moral hori sartu zigun.

«Eta emakumeari sugeak esan zion» hau ere ordenik gabe idatzi al duzu?
Hasieratik eskema garbi neukan: hiru pertsona, bidaia bat... Banuen gogoa zeozer luzea idazteko. Baina, ez nuen disziplinarekin lan egiten. Kanpora joaten nintzenean edo astebururen batean zatiak idazten nituen eta denak karpeta batean sartzen nituen, idatzi nuena batere berlandu gabe gehienetan.

Hona gentozela esan didazu zail egiten zaizula liburuaren inguruan hitz egitea?
Zail egiten zait, baina gogo falta ere bada. Gogo falta baino gehiago, badut zerbait barruan «utzi bakean» esaten didana. Eta gainera ahaztu ere egiten ari zait idatzitakoa. Argitaratu denetik ez dut berriro irakurri eta zati batzuk jarri eta besteak kentzen ibili nintzenez, orain ez dakit zer dagoen liburuan eta zer ez.

Hau behintzat mantendu zenuen: «Donostiako jende zintzoa, donostiar aspergarriak». Teresa protagonistaren ahotan ipini duzu. Iritzi berekoa zara?
Iritzi hortakoa ere banaiz, baina kontrakoa ere pentsatzen dut. Gasteizen bizi naizenetik gehiago maite dut Donostia. Baina Donostiak badu gorroto dudan gauza bat: pretentsioa. Hiri txikia da, Gasteiz bezala. Baina Gasteizek badaki eta Donostiak ez du onartu nahi. Beraiek baino kosmopolitagorik ez dagoela uste dute –dugu–, baina oso probintzianoak eta kontserbadoreak dira.
Gasteiztik gustatzen zaidana gasteiztar gutxi dagoela da. Atzerrian izan naizenean ere arrotz sentitze hori, gogorra izan badaiteke ere, gustatu egiten zait.

Irakurri al duzu «Gara»n Eli Tolaretxipik zure liburuaren inguruan idatzitakoa?
Valentzian izan naiz, kongresu batean, eta ez dut aukerarik izan.

Beste liburu batzuekin batera, zureak mende bat itxi eta beste bat zabaltzen duela dio.
Esageratua iruditzen zait.

«Es la historia de una mujer en fuga».
Bada, bai, ihesean dabil Teresa.

«...una mujer de mediana edad...»
Hori ez zait hainbeste gustatzen, ni baino gazteagoa baita protagonista eta horrek esan nahiko luke ni «mediana» horretatik gora nagoela.

«...una mujer que busca salvarse por medio de la palabra».
Oso polita da hori esatea. Baina nik uste dut hitzekin ez dela moldatzen emakume hau. Arantxa Iturbek esan zidan, eta egia da, protagonistak oso gutxi hitz egiten duela, gero eta gutxiago. Hitzak ez diote balio. Ez da hitzekin moldatzen. Edo ez gara, oro har, hitzekin moldatzen. Harrigarri egiten zait Elik interpretazio hori egitea. Baina, agian, hala da. Agian, barruko hitzaz ari da eta ez besteei zuzentzen diegun hitzaz. Agian, batzuetan ixilik egon behar dugu, hitzak nolabait sendatzeko

KOLDO MITXELENA
«Maisua»

PATXI ALTUNA
«Ahoskerarik garatuena»

XABIER KINTANA
«Gai bati eutsi eta, datorkiona datorkiola, `ad eternum' segitzeko gaitasuna»

RAMON SAIZARBITORIA
«Asko irakatsi didan norbait. Nire buruan konfiantza hartzen lagundu dit»

IBON SARASOLA
«Gehien maitatu eta gorrotatu dezakezun pertsona. Niretzat Ibon gauza bat da profesionalki eta beste bat adiskide modura. Eta biak ia ezkonezinak dira»

PATXI GOENAGA
«Batzuetan ados egon gara. Beste batzuetan ez. Baina beti berarekin hitz egin daiteke»

JOSETXO LIZARTZA
«Zenbat barre egin dudan nik Josetxorekin... beti eskertuko diot hori »

PILARTXO ETXEBERRIA
«Oso adiskide maitea»

RAMON ETXEZARRETA
«Ideologikoki nigandik urrun dagoen pertsona bat estimatzeak, politika erlatibizatzen lagundu dit»

HENRIKE KNORR
«Euskal kulturan askotan falta diren formak dituena. `Caballero' bat»


Azkenak
2025-08-30 | Patxi Aznar
Beste urrats oker bat

Duela gutxi, Netanyahuren gobernuak, AEBen baimenarekin, legez kanpoko jarduerarekin jarraitzea erabaki du Gazan, eta zerrenda osoaren kontrola hartzea. Historia pixka bat egingo dut ez zaidalako zuzena iruditzen komunikabide edo kazetari batzuek Gazan gertatzen ari dena 2023ko... [+]


2025-08-29 | Egiari Zor
Elkarbizitza demokratikoak begirunea eta neurritasun instituzionala eskatzen ditu

Abuztu honetan polemika berri bat piztu digute, beste behin, belarrondokoa ematea baino larriagoa izan dena. Azken hamabost urte baino gehiagoan, Glen Cree ekimenetik hasi, Estatu bortxaren biktimei aitortza legala emateko mekanismoen sorreratik segitu eta herri honetan ireki... [+]


Caparrosoko Valle de Odieta makroetxaldea epaituko dute lurrak nitratoz kutsatu dituelakoan

Irailaren 2an izango da epaiketa Iruñeko Zigor Arloko 2. epaitegian, ustez 2021ean makroetxaldeak haren inguruko lurrak minden hondakinekin kutsatzeagatik. Sasoi hartan Valle de Odieta makroetxaldeko administrazio kontseiluan ari ziren bost pertsona epaituko dituzte.


Maila altua

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Gewandhausorchester Leipzig.
Zuzendaria: Andris Nelsons.
Bakarlaria: Isabelle Faust (biolina).
Egitaraua: Pärt, Dvorak eta Sibeliusen lanak.
Lekua: Kursaal Auditorioa.
Data: abuztuaren... [+]


Eskoletako euskalduntzea “arriskuan” ikusita, Aiaraldeko dozena bat ikastetxek konpromisoen dekalogoa adostu dute

Gordin esan dute Aiaraldeko ikastetxeok: euskalduntzea “arriskuan dago” eta ikastetxeek, bakarrik, ezin diote aurre egin “egoera larriari”. Autokritika egin, eta hamar konpromiso hartu dituzte, hezkuntza komunitateek praktikara eramatekoak. Era berean,... [+]


Atlantikoko korronte baten kolapsoa adituek uste baino gertagarriagoa da

Ikerketa batek ondorioztatu du adituek uste baino AMOC korrontearen kolapsoa egoteko aukera handiagoak daudela. Korrontean aldaketa handiek eta azkenengo kolapso batek euri tropikaletan eraldaketa handiak eragingo lituzke, Europan negu oso hotzak eta uda lehorrak izango... [+]


Gutxienez 23 hildako izan dira Errusiak Kieven egin duen aire erasoan

600 misil eta dronetik gora bota ditu Errusiak Ukrainako hiriburuaren aurka. Gerra hasi zenetik egindako aire eraso handienetakoa da. Zelenskik nazioarteari eskatu dio erantzun dezala, Putin Trumpekin bildu eta bi aste eskasera.


2025-08-29 | Joan Mari Beloki
Trump bake bila?

Abuztuaren 15ean Vladimir Putin eta Donald Trump Alaskan bildu ziren. Ofizialki, Ukrainako gerrari amaiera emateko bidean beste urratsen bat emateko. Baina Gazan milaka pertsona hiltzeko gupidarik ez duen politikariak serio esan al dezake penagarria eta tristea dela Ukrainan... [+]


Poligono eolikoak: oportunismo gutxiago eta plangintza demokratiko gehiago

Duela egun gutxi 6.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dira Azantzan eta Sarbilen poligono eoliko berri bat eraikitzeko proiektuaren aurka. Antzeko beste proiektu batzuetan bezala, herritar eta talde antolatuen ahaleginari, antolaketari eta lanari esker egin da alegazioendako... [+]


Nafarroako informazioaren arloko profesionalek Gazako kazetarien sarraskia salatu dute

Informazioaren arloko dozenaka profesional bildu dira ostegun arratsaldean Iruñeko Gazteluko Plazan, Gazan kazetari lanetan ari direnen aurka Israelgo armada egiten ari den sarraskia salatzeko.


Semaforo gorria

Artikulu bati zer nolako izenburua jarri ez da aise hautatzen, ezta? Hasiera batean, “euskaldun gezurti, tranpatiak” bezalako izenburua idazteko asmoa nuen, baina inor mintzeko gogorik ez dudanez, goikoari eutsi diot, ene gogoetaren muina hobeto ulertaraziko... [+]


Kai Nakaik, Marenek eta Olatz Salvadorrek gezurtatu egin dute Bilboko Udalak esandakoa: ez zien beste eszenatoki bat eskaini

Bilboko Udalak ostegunean adierazi du Abandoibarrako kontzertua bertan behera geratu eta gero, Plaza Biribileko agertokia eskaini ziela hiru artistei, baina ezezkoa eman zutela. Abeslariek bertsio hori ukatu eta zehaztu dute: bakarrik Kai Nakari eskaini zioten.


Bigarren aldiz moztu dute Espainiako Vuelta Israelen parte-hartzea salatzeko

Bigarren aldiz gelditu dute Katalunian Espainiako Vuelta Israel-Premier Tech taldearen parte-hartzea salatzeko. Hainbat pertsonak Palestinako banderak atera dituzte eta txirrindularien bidea oztopatu dute Oloten.


“Bero jasangaitza” eta “arreta urria” salatu dute Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan

Nafarroako Osasun Departamentuak iragarri du ospitaleko solairu gehienak klimatizatuko dituztela 2026 amaierarako. ARGIAk elkarrizketaturiko bi erizain laguntzaileek nabarmendu dute premiazkoa dela banako gelak, komun irisgarriak eta aire girotua izatea.


Araba eta Nafarroa zeharkatzen zuten Forestaliaren bi autopista elektriko bertan behera geratu dira

Araba eta Nafarroa zeharkatu behar zituzten goi-tentsioko bi linea elektrikoren proiektuak ez dira gauzatuko. Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Aragoiko Tueste herrian Forestaliak egin behar zituen lau poligono eolikoen proiektuak artxibatu ditu.


Eguneraketa berriak daude