1616: BIZKAIKO AGINTARIAK SORGIN EHIZAN

  • iritsi zuen Zugarramurdi eta Lapurdiko prozesu latzekin. Egoera lasaitzen ari zela, ordea, 1616 eta 1617 urteetan sorgin ehiza Bizkaia aldera mugitu zen, prozesu berezi bati bide emanez.
Madrilgo Artxibategi Historiko Nazionalean daude gorderik 1616 eta 1617. urteetan Bermeo, Gernika eta Zamudion sorginkeriaren aurka burututako autoen agiriak. Eta dokumentuok aspalditik ezagunak izanik ere, ez dira oraino argitaratuak izan. Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen azken buletinean plazaratu du Mikel Zabala historialariak Bizkaiko sorgin ehiza berezi honen inguruko azterketa.
Berezia diogu, ordurako Inkisizioaren erasoaldi bortitzenak joanak zirelako eta horiek ez zirelako, gainera, Bizkaian burutu. Urte batzuk lehenago jo zuen sorgin ehizak bere gailurra. Hor dira Pierre de Lancre Bordeleko Legebiltzarreko kontseilariak 1609an Lapurdin buruturiko sarraskia –4 hilabetetan 600dik gora lapurtar bidali zituen sutara– edota hurrengo urteko azaroan Zugarramurdi inguruko sorginen aurka Inkisizioak Logroñon burututako Autofede ezaguna. Auto horretako epaimahaiko kide zen Alonso Salazar y Frias inkisidoreak gogor salatu zuen Zugarramurdiko ustezko sorginekin gertatutakoa eta txosten batean bildu zuen salaketa hori. Prozesuko 1.802 lekukoekin bildu eta horietarik soilik 6k mantendu zuen autoan esandakoa. Julio Caro Barojak egindako azterketen arabera, Salazar y Friasen jarrerak eta lanak berebiziko garrantzia izan zuen Inkisizioaren jardunak, handik aurrera, nabarmen behera egin zezan.


GOGORTASUN ESKE.

Eta, hala ere, 1616. urtean sorgin ehizak «loraldi» berri bat ezagutu zuen Bizkaian. Egia da lurralde horretan izan zirela aurrekariak: 1572ko Zeanuriko adierazbideak, 1576ko Balmasedako atxiloketak... Baina egia da, halaber, 1616koaren parekorik ez zela gertatu. Eta gezurra badirudi ere, urte horretan, Salazar y Friasen tesiek Bizkaiko bertako agintarien eskakizunekin egin zuten topo. Bizkaitarren aburuz, Inkisizioak proposaturiko neurriak epelegiak ziren eta neurri gogorragoen eskean jo zuten Madrila. Atzerriko epaile bat nahi zuten. Erret Kontseiluaren erabakiz, Francisco de la Puente Aguero korregidore berria bidali zuten auzia zuzentzera eta, Jaurerriko agintariek nahi bezala, gogor jokatu zuen: orotara 299 lagun epaitu zituen. Baina Inkisizioaren jardunbide aldaketa aurrera zihoan eta korregidorearen ahalmenak indargabetu zituzten azkenean. Autoak atzera Logroñora itzuli eta atxilotuak kaleratu egin zituzten. Ez guztiak, bateren bat bidean geratu baitzen, Bizkaiko Foru Berriaren IX. Tituluko IX. Legea, sorginkeria delituetarako torturaren erabilpena zilegi zela zioen legea, zela medio.
Sorginkeria salaketen bat-bateko ugalketaren arrazoiak anitzak dira. Alde batetik, Bizkaiko epaiketa hauek gainontzeko prozesuetan ere eman izan ziren ezaugarriak dituzte. Ez dago ukatzerik, adibidez, salaketen oinarrian auzokideen arteko tira-birak bazirela. Lurraren ustiapenak, salerosketak, amankomunezko elementuen erabilpenak... elkartasunerako ezezik liskarrerako ere arrazoia izan zitezkeen. Sekretupeko salaketak ziren gainera eta horrek mendekua asko errazten zuen. Ez da ahaztu behar lekukoak oso maiz haurrak izaten zirela eta euskara baino ezagutzen ez zutenak, gainera. Modu honetan, aitortzen manipulaziorako ez zuten oztopo handirik itzultzaile eta epaileek.
Zigorraren beldurrak ere lekuko bati baino gehiagori imajinazioa zorroztuko zion seguruenik. Baina Mikel Zabala historialariaren aburuz, ez zen hori salaketa andanaren arrazoi nagusia izan. Izan ere, ordurako paganismoaren aztarnak desagertzen ari bide ziren eta ideologia katolikoa barneratua zegoen, agintarien artean bereziki. Agintariok erabaki gogorrak hartzera euren barne batasuna indartu nahiak ere bultzatu omen zituen Zabalaren esanetan.
Baina arrazoi sakonago batek ere eragin bide zuen sorgin ehiza hau. Gogora dezagun urte horietan Jaurerriak kaparetasun edo hidalgia orokorra zuela. Baina aurreko urteetan pribilegio horrek hainbat erasoaldi ezagutu zuen, handik aurrera ugalduko zirenak. Jaurerriko agintariek kanpoko onarpena behar zuten kaparetasunari eusteko eta hortik etorri zen kanpoko epaile baten eskakizuna.
Ia 300 ustezko sorgin epaiturik, horietako batzuk tormentuz hilik... eta hori guztia Bizkaiko buruzagiek Madrili keinu bat egiteagatik gertatu zen. Gerora garbi ikusi zen, gainera, sorgin ehiza ez zela izan kaparetasunaren arazoaren konponbiderik aproposena

"Ene Angeruac es sinistu gaisto orrec esaten deunçun gausaac"

Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen buletinean, dokumentazioaren inguruan Mikel Zabalak eginiko azterketaz gain, Bermeo, Gernika eta Zamudioko autoen transkribaketak jaso dituzte. Horietan lekukoek –6tik 11 urtera bitarteko haurrak– akelarrearen deskribapen bitxia egiten dute eta hiruek antzekotasun susmagarria dute xehetasun txikienean ere.
Txikitatik ohetik irtenarazi eta akelarrera eramaten omen zituzten haurrak, oinez batzuetan eta hegan besteetan. Han hiru deabru topatzen zituzten, «feos y espantables». Erdikoa handiagoa izaten zen eta hiru adar zituen buruan. Datu honetan badirudi lekukoak –edo itzultzaile eta epaileak– ez zirela ados jarri, Zamudioko deabru nagusiak sei adar zituela esaten baita.
Sexu harremanen eta antropofagiaren inguruan ez da aldaketa nabarmenik herri batetik bestera. Haur txikienak zapoak zaintzen jartzen omen zituzten eta guztiei hildako sorginen haragia ematen zieten jateko: «...carne de bruxos y bruxas muertas negro y amargo y hediondo...». Neskek 12 urte eta mutilek 14 betetzean sorginekin akelarrean parte hartzeko garaia iristen zen. Kantuan eta dantzan aritzen ziren eta ondoren sexu harremanak izaten zituzten deabruarekin: «...luego se hecha el diablo sobre cada una de las mujeres y con ellas se ayunta y ha de parir sapos...».
Beti ere, autoen testuen arabera, badirudi Gernikako sorginek ez zutela besteek bezain lasai jarduten, Errosarioko Ama Birjina agertu baitzitzaien behin Jesus haurra besoetan zuela eta euskaraz mintzatzen: «Ene Angeruac es sinistu gaisto orrec esaten deuncun gausaac ta seuren eceetan esan eguiecu gurasoay eta ececoay eben yragaiten direan gaucac ece asco eroan dau Ynfernura bide oretati animac ta ecaytu suec eroan bear ceren ene seme Jaunac eroango caytu bere ceruetara declaradu badagicu alan». Eta hala ere sorginen erantzuna garbia izan zen: ez kasurik egiteko «Maruxa Marimascad» horri


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pertsekuzioa eta bazterkeria soziala
Chinatown: zokoratuak eta zukutuak

Txina, 1417 urte inguruan. Zheng He almiranteak, Ming dinastiako enperadoreen soldatapeko esploratzaileak esan zuen posible zela “mundu osoa ibiltzea Txinatik irten gabe”. Ordurako Indiako Ozeanoan, Itsaso Gorrian eta Asiako hego-ekialdean zabaltzen hasia zen kolonia... [+]


Markus Rediker
"Esklabotzaren indarkeria funtsezkoa izan zen kapitalismoaren gorakadan"

Marcus Rediker historialari estatubatuarrak kapitalismoaren aurkako erresistentzien hasiera arakatu du, marinelen eta pirateriaren historiara iritsi arte.


Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


Esklabo, sultan eta gurutzaden garaile

Kairo, 1250eko maiatzaren 2a. Shajar Al-Durr Egiptoko sultan izendatu zuten. Ez zen emakumezko lehen sultana izan; urte batzuk lehenago, 1236an, Raziak Delhiko sultan kargua hartu zuen. Baina esklabo izatetik agintari gorena izatea lortu zuen lehena izan zen.


2023-08-04 | Cira Crespo
Ipuina
Pedro Ruiz de Egino hil da -'Nerium Oleander'-

Hala Pedro Ruiz de Eginoren hilketa nola hemen agertzen diren beste lekukotza batzuk dokumentuetan jasotako gertaera historikoak dira. Izen bat bera ere ez da asmatua.


Eguneraketa berriak daude