Euskaraz hitz egiten zuen katua

  • Ezkarbarte (Nafarroa), 1576. Ozkoidi eta Lizaso komisarioak Orikain auzo nagusira joan ziren ustezko sorginkeria kasu bat ikertzera. Martirikorena etxeko Mari Martin zen ustezko sorgina. Eta Juan Lizasok Juan San Martin lekukoaren testigantza jaso zuen idatzia auzi larriago bat pizteko zorian egon zen.

Brueghel Zaharrak grabatu honetan sorgina erratza gainean hegan irudikatu zuen lehenengoz 1565ean, eta irudia berehala errotuta geratu zen gizartean.
Brueghel Zaharrak grabatu honetan sorgina erratza gainean hegan irudikatu zuen lehenengoz 1565ean, eta irudia berehala errotuta geratu zen gizartean.

Mari Martinek sei edo zazpi seme-alaba izan omen zituen bere lehen senarrarekin, baina haren etxe inguruan “katu handi arre bat zebilen, eta susmatzen zen lehen senarrarekin izan zituen kreaturak katuak hil zituela”. Katuak ez omen zuen etxetik alde egin eta “gau batez, ilundu eta hiru ordura, lekukoa emakume harekin eta bere bi morroirekin zela, katua etorri zen lotsagabe”. Marik katuaren berri emana zionez, lekukoak ezpata hartu zuen eta katuari eraso egin zion. Kolpeak egur bat jo zuen, baina katua bizkarrean zauritu zuen. Orduan, katuak “oso garbi” hitz egin omen zion lekukoari: “baybada, baybada, baybada” esan omen zion hirutan. Han bildutakoak txundituta geratu ziren eta Remon morroiak zera esan omen zion lekukoari: “Gure katu honek ederki daki hizketan”.

Jose Duesok La caza de brujas en Euskal Herria (Txalaparta, 2022) liburuan jasotako kasu hau, ez zen bakarra izan Ezkarbarten. Larrainetenako Alvira ere sorgintzat jo zuten, baina lekuko batek gezurtatu zuen haren kasua. Juan San Martinen lekukotza gezurtatu zuenik ere izan zen, hitz egiten zuen animalia Mari Martin bera zela esanez, katuz mozorrotuta.

Eta Aro Modernoko Europan ere ez zen kasu bakana izan, jakina. Erdi Aroaren amaieran. Izurri Beltzak eragindako krisi ekonomiko, sozial eta espiritual betean, eliza katolikoak etsai berri bat asmatu zuen bere posizioa indartzeko. Deabruaren kontzeptu beldurgarriagoa sortu zuen, kristautasuna suntsituko zuena eta jarraitzaile asko zituena. Teologoak sorginen eta akelarreen kontzeptuak elikatzen hasi ziren. Baina existitzen ez ziren deabruzaleak hezur-haragizko bihurtu behar zituzten eta herritarrek lagundu zieten lan horretan. Deabruari berari zioten izuari salatuak izateko beldurra gehitu zitzaion. Salatuek torturapean ustezko sorgin gehiago seinalatzen zituzten. Eta paranoia kolektiboa baliatu zuten zenbaitek auzokoekin zituzten tirabirak “konpontzeko”.

Salaketa kopurua handitu ahala, lekukoen irudimena ere handitu zen. Margolariek ikonografia fantasiatsua sortu zuten sorginkeriaren inguruan eta salatzaile beldurtu, kutsatu edota interesatuen irudimena akuilatu. Hala, Brueghel Zaharrak erratzen gainean hegan egiten zuen sorgina asmatu zuen 1565ean eta Orikaingo Juan San Martinek, 11 urte geroago, euskaraz hitz egiten zuen katua.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sorgin ehiza
Ander Berrojalbiz. Heretikoz, sorginez, Elurzuriz
"Gizartea ezin da ulertu gizakiaren parte magiko sobrenatural hori gabe"

Akelarre saiakera argitaratu zuen 2021ean, eta, iaz, berriz, perla urregorrizko bat: Elurzuriren hiru heriotzak. Grimm anaien ipuin ezaguna berridatzi zuen, eskuizkriburik zaharrena abiapuntu harturik, Grezia zaharreraino joanez, eta Elurzuriren istorioko zenbait elementuri... [+]


2023-08-04 | Cira Crespo
Ipuina
Pedro Ruiz de Egino hil da -'Nerium Oleander'-

Hala Pedro Ruiz de Eginoren hilketa nola hemen agertzen diren beste lekukotza batzuk dokumentuetan jasotako gertaera historikoak dira. Izen bat bera ere ez da asmatua.


2022-12-11 | Reyes Ilintxeta
"Inkisizioak salbatu zuen jende pila hemen Euskal Herrian, sorginkeria aferetan"

Milaka agiri arakatu ditu Paul Arzakek azken 53 urteetan. Nafarroan izan diren ehunka sorginkeria prozesuetako datuak bildu ditu 443 orrialdetako Sorginkeriarena gurean liburu mardulean eta ateratzen duen ondorio nagusia da XV-XVI. mendeetako sorginkeria akusazio masiboek... [+]


Eguneraketa berriak daude