PARTEHARTZE POLITIKOA GOSE BILAKATZEN DENEAN


1999ko abenduaren 19an
Orain dela urte bete udazken itxaropentsu bat bizi izan zen Euskal Herrian. Lizarra-Garazi Adierazpenaren ondotik euskal gatazkaren bi ildo nagusiak birplanteatu ziren. Hots, bake eta normalizazio prozesua eta eraikuntza nazionalaren ildoak. Aldi berean, eta aro berri baten hastearekin batera, euskal preso politikoek normalizazioa eta eraikuntza nazionalaren prozesuan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuten. Presoen beren prozesua lehenagotik dator, ordea. 1996an, «Euskal presoak Euskal Herrira» lelopeko kanpainari ekin zioten. Are lehenagotik, 1978ko amnistia eman zenetik, gose grebez gainera, itxialdiak, isilaldiak edota plantoak burutu izan dituzte, sakabanatze eta urrutiratzearen aurka eta bizi baldintza duinak exigituz. Urte luze hauetan, Euskal Herriko kartzeletan egoteko duten eskubidea ukatu egin zaie. Gaixorik batzuk, eta beren zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte beste askok. Euskal presoek barruan segitzen dute, ordea.


IAZ BAINO OKERRAGO.

Iazko abenduan herritarrek presoen alde buruturiko mobilizazioek itxaropen berri bat zabaldu zuten. Herri honek bizi duen aro politiko berria gaiztotuz joan da ordea, eta presoek iniziatiba hartu behar izan dute. Izan ere, iazko mobilizazioen garaian inork gutxik imajinatuko zuen presoek egoera hain larrian segituko zutenik une honetan. Ondo bidez, presoen auzia askozaz aurreratua egotea espero zen euskal gizartean. Euskal gizartea lozorroan geratu bide da. Lizarra-Garaziren trenaren lokomotorak bagoi asko zeraman antza, eta ezin izan dio denetatik batera tiratu. Haatik, presoen bagoia da ibilbide honetan presa handiena daukana. Madrilgo Gobernua, horretaz jabeturik, ondotxo arduratu da trenbidea oztopatzeaz. Oztopatu beharrik gabe, presoen bagoia bere esku izan du hasieratik, eta irtengabeko bidean arrestaturik atxikitzen du.


MUGARIK GABEKO BARAULDIA.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak azaroaren 1ean ekin zion gose grebari, eta orduz gero hogei preso mantentzen dira jateari muzin eginez. Hasi ziren hogei presoen izenak ezagutzera eman ziren, baita zein kartzeletan ziren adierazi ere. Basauri, Langraiz, Iruñea, Martutenekoak Euskal Herrian. Frantziako estatuan, berriz, La Sante eta Fleury-Merogisekoak. Gose greba abiatzeko helburuak jakinarazi zizkieten Frantzia eta Espainiako gobernuei, baita mintzakidetzako kideen izenak ere. Mintzakideak hamalau dira. Estatu bakoitzean zazpi preso direlarik. Komunikatu luze baten bitartez erabaki latzaren arrazoiak azaldu dizkiote euskal gizarteari, baita borrokaldiaren muga beren ahalmenak baino ez zuela ezarriko adierazi ere. Gose grebaren amaiera honoko eskabideen ondoren letorke: «

Euskal preso guztiak kalean izatea eta euskal nazio eraikuntzan euskal gizarte osoarekin batera parte hartu ahal izatea, beren giza eskubideak errespetatuak izan daitezen batera
».


AZNARREK EZ DU ETSITZEN.

Presoek prozesu demokratikoan parte hartzeko legitimotasuna haien «jarduera historikoa»k ematen diela dioten bitartean, Aznarren gobernu espainarrak ez du presoen gaian pauso handirik eman; ETArekin mintzatzea onartu bazuen ere. Egin dituen aldaketa txikiak, bere intereseko estrategia eta taktikaren ondorioz izan dira. Funtsean, Espainako gobernuarentzat –bake eta normalizazio prozesu delakoan– euskal presoak trukeko txanponak dira. PPren estrategiarekin bat datozenentzat presoen eskaera utopikoa da. Ez du lekurik estatu demokratiko batean. PSOEk, berriz, zehazpenak zehazpen, presoen jarrerari garrantzia kentzen dio, eta haien protagonismoa besterik ez dute ikusten ekintza honetan. Jaime Mayor Oreja da inola ere, presoen gaia muturreko egoera bateraino eramateko estrategiaren sustatzaile nagusia. Presoen Kolektiboak bere asmoa azaldu zuenean posizio hau hartu zuen: «

Presoek gose grebari ekiten badiote, medikuen laguntzaz egingo diogu aurre haien osoasunerako kaltegarria izan daitekeen ekintza horri. Ez dugu horregatik espetxe politika aldatuko. Presio eta koakzioagatik ez du aldaketarik egingo Gobernuak
». Iritziak iritzi, iazko udazkenean zabaldu zen prozesua fase zail batetik pasatzen ari da. Iazko abenduan, prozesua bermatzeko gatazka humanizatze beharra adierazi zuten berean diharduten eragile politiko, sindikal eta sozialek. Urte baten buruan, konfrontazio latz batean aurkitzen da prozesua. Anartean, ez dira gutxi izan presoen eskubideen eta beren partehartzearen aldeko ekintzak. Gasteizko Eusko Legebiltzarretik eta Nafarroako Parlamentutik –EHko 13 kidek egin zuten barauldia– hasita udaletxe txikietaraino zabaldu dira haiekiko elkartasun ekintzak. Unibertsitate eta ikastetxeetan ere mobilizazioak ematen ari dira. Artean, presoak medikuen presioak jasaten ari dira beren ekimenari uko egin diezaioten. Presoen Senideak kezkati daude. Presoek kilo asko galdu dute eta hotza dute berebiziko etsai.


AMNISTIAREN GARAIA OTE?

Presoen osasun egoera gaiztotuz joan ahala euren senideak espetxetaraino hurbildu dira. Zenbait kasutan, kartzela utzi eta eritetxera eraman dituztenean, haien atzetik joan dira. Ez dituzte ikusi ahal izan inola ere. Presoak artatu ondoren espetxera bueltatuak izan dira. Presoen egoera Estrasburgon ere izan da aipatua. Europako Ezker Batuko eurodiputatu batzuk –Alain Krivine buruan buru– elkartasuna agertu dute. Bitartean, presoek erakutsitako konpromisoarekin hainbat ekintza burutu da. Donostiako Belodromoan lehena. AABk deituriko ekitaldian, Begoña Sagarzazu preso ohiak honako deia egin zion gizarteari: «

Amnistiarantz Abiadurako Trena motel geratu zaigu. Mugi ditzagun karrika, herri eta auzoak, presoek erakutsitako konpromisoa eta duintasuna geure egin ditzagun
». HBk abenduaren 5ean jende oldea eraman zuen Bilbora «Euskal demokraziaren alde» lemari jarraikiz. Basauriko espetxean gose greban zeuden presoek «gorputzez ezinik, baina bihotzez bertan zeudela» adierazi zuten agiri baten bidez.


ELKARTASUNA HARRESIAN.

Presoen aldeko elkartasuna La Sante espetxeraino iritsi zen hil honen 8an. Presoekin Elkartasuna Taldeko kideek beste ekintza ikusgarri bat burutu zuten CRSen harridura eta haserrerako. Lau kide igo ziren espetxeko harresian hormirudi bat eskuetan zutela: dispertsio eta kanporaketen aurka, eta presoak Euskal Herrira lemak frantsesez idatziak. Frantses poliziaren joera «basatiak» jasan ondoren, Parisko Polizia Judizialaren egoitzara eraman zituzten. Egun berean, Mikel Egibar presoa Arantzatzuko ospitalean ingresatu zuten 36 eguneko baraualdiaren ostean. 18 kilo galdu zituen. Presoak oso une larrietaraino eraman dute barauldia. Medikuen esanetan, beren leheneratzea oso zaila izanen da, oso baldintza txarretan ari baitira grebari ekiten. Kartzeletako hotza eta jasaten duten tratamendu eskasa azpimarratu dituzte hauen Senideek. Hitz hauek idazterakoan, gose greba hasi zuten 20 presoetatik hiruk jarraitzen dute: Sotero Etxandik 23 kilo galdu ditu, Mikel Zubimendik eta Arizkuren Ruizek berriz, 17

Presoen aldeko "sprint"ean parte hartzera deitu dute Batera-koek

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak gose grebaren hasiera azaroaren 2an eman zion. 13 egun geroago, Batera izeneko plataforma aurkeztu zen publikoki: batzordea ezagutzera eman, baita dekalogo bat prentsaurrekoan zabaldu ere. Bi bozeramaile dituela –Patxi Bisquert eta Xabier Euskitze–, Joseba Egibar (EAJ), Rafa Larreina (EA), Jone Goirizelaia (EH), Tomas Garcia (IU-EB), Tomas Karrera (Senideak), Juan Mari Olano (AAB), Santi Ugarte (ELA) eta Jesus Mari Gete (LAB) dira batzordea osatzen dutenak.
Hil honen 31n manifestazioak egitea iragarri zuen bere aurkezpen egunean berean Batera plataformak. Anartean, tokian tokiko instituzioen aurrean konzentrazioak burutu izan dira plataformak deituta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean burutu zen lehen konzentrazioa. Bilkura isila izan zen. EH, EAJ eta EAko 200 hautetsi bildu ziren –Roman Sudupe ahalduna tarteko zelarik– presoek bizi duten egoera larria salatzeko.
Aznarren gobernuak «bakea presoen truke» negoziazio-eskema delakoari aitzi egitea da plataformaren asmoetako bat, presoen aldeko eskubideak aldarrikatzeaz gainera.

«Presoen gaia behar bezala bideratu edo konpontzeak prozesua sendotzeko balio dezakeela»
adierazi du Baterako Egibar jeltzaleak.
Bizkaia eta Arabako Diputazioek modu berean ekin izan diote Diputazioen aurrean jite bereko agerpenak burutu izan ziren iragan asteotan. Lizarra-Garaziren adierazpenaren baitan biltzen diren sentsibilitate ezberdinak elkar ulertze maila sendo bat erakusten ari dira presoen arazoaren inguruan. Batera plataforma sortu izanak lagundu bide du elkartasun agerpen hau bideratzen.
ETAren azken komunikatua ezagutu ondoren, Batera-koek bere dekalogoan agerturiko konpromisoa berretsi izan dute: «

su-etena hautsi izanak ez du euskal presoen aldeko mobilizazioak bertan behera utziko direla esan nahi inondik inora ere
» adieraziz.
Jon Imanol Gonzalez Merino santurtziarra zen gose grebari ekin zion 20 presoetako bat. Basauriko espetxetik Basurtuko ospitalera eraman zuten bere 34. eguna betetzen zuenean; egoera biziki larritzen ari baitzen. Espetxe Zaintzako Epaitegiaren baimenarekin joan ziren arren, Batera-koek ez zuten presoa bisitatzerik izan. Berarekin elkarrizketa izan nahi zutenean kartzelara eraman baitzuten berriro ere. Iñigo Urkullu parlamentario jeltzaleak Espetxe Erakundeetarako Zuzendaritzaren politika arbitarioa salatu zuen plataformaren izenean.
Ez da bisitatu nahi izan duten preso bakarra, Angel Figueroa –hamalau kilo galdurik–, Kepa del Hoyo, Edorta Ibarzabal, Jose Galastegi eta Asier Etxebarria –aurrekoak adina kilo galduta– ikusten ere saiatu baitira, besteak beste. Espetxe Erakundearen aldetiko jarrera «deitoragarri» honekin batera, euskal abertzaleen irudi bateragarria kontrastatu ahal izan da nolanahi ere. Mobilizazioak ez dira bukatu. Batera plataformakoek hilabete eta erdiko «sprint» modura aurkeztu zuten bere ekimena, eta, uneon, azkeneko pedal kolpeak ematera deitu diete herritarrei. Euskal Herriko auzo eta herri guztietan helmugak jarrita daude presoen eskubideen alde ekiteko. Gabonetakoa urteko garairik egokiena izaten da alde horretatik, eta aurtengoan bereziki baliatuko bide da bizi dugun une politiko berezia. Gatazka humanizatzeko konpromisoan adiskidetasuna da bidea Batera-koen iritziz

Iparraldeko Koordinaketak Baionan manifestatzera deitzen du larunbatean

Frantziako estatuan espetxeratuak diren euskal militanteei ez zaie uzten preso diren beste kideekin harreman txikiena izaten ere. Egoera hori ezagutu zuen Argi Perurenak Pauen atxilotua izan ondoren. Bere egoera salatzeko segidan ekin zion baraualdiari. Hilabete bat eta erdi darama Perurenak Fresnesen. Artean, Iratxe Sorozabal, Txema Olabarrieta eta Txuma Altable kanporatuak izan dira. Preso hauek, espainiar poliziaren eskuetan torturatuak izatearen beldurrez gose grebari ekin zioten.
Artean, Serafin Blanco eta Simon Caride Frantziako auzitegiek jarritako zigorra betetzear daudela, egoera bera pairatzen ari dira, eta gose grebari lotu dira protesta moduan. Presoek bere eskubideen alde daramaten borrokarekin batean, baita Frantziako Gobernuak daraman politika salatzeko eta presoekin elkartasunean, kaleko mobilizazio ugari bizitzen ari dira Euskal Herrian Koordinaketaren (Euskal Presoen Sustengu Komiteak) ekimenaren bidez.
Iratxe Sorzabalek 38 kilo zituen Espainaratu zutenean. Irunen, bere herrian, kanpaldia eta baraualdia egin zuen bere herrikide zenbaitek udaletxe aurrean. Egun libre dago.
Libre dago Txema Olabarrieta ere, eta bere aldeko akanpadak eta giza kateatze burutu ostean. Preso bilbotar honek, 17 egun jan gabe egin ondoren egarri grebari ekin zion. Txuma Altable La Jonquerako mugan utzi zuen Frantziako poliziak azaroaren 19an, eta egun berean egarri grebari ekin zion. Sei urteko zigorra bete ondoren 30 eguneko gose greba burutua zuen ordurako. Hiru preso hauek eritxetetik pasa behar izan zuten kanporatuak izan aitzinetik. Iratxe eta Txema libre utzi zituzten epailearen aurrean pasa ondoren. Altable, ordea, Soto del Realen kartzelaratzeko agindu zuen Teresa Palacios epaileak.
Ipar Euskal Herriko 20 herritan 650 pertsonek segitu izan diote Koordinaketak deituriko baraualdiari. Munta eta tamaina honetako lehen ekintza izan da Ipar Euskal Herrian, eta, hainbat hautetsik erakutsi du bere sustengua. Bi estatuko espetxetan gose greba mugagabea hasi zuten 20 presoen artean Josetxo Arizkuren Ruiz iruinsemea (Fleury Merogis) eta Mikel Zubimendi Berastegi (La Sante) bergararra aurkitzen dira; biak ala biak Frantzian espetxeratuak.
Josetxo Arizkuren, 36 eguneko gose greba betetzean –17 kilo galdurik–, erizainen laguntzaz eta anbulantzia batean eraman zuten Irene Stoller prokuradoreak presiditzen zuen tribunalaren aurrera. Arizkuren Ruizek –ETAko mintzakide presoa– akitu itxuraz baina sendo hitz egin zuen tribunalaren aitzinean: «

Frantzia, Espainia bezalaxe, euskal populuaren etsaia da
». Euskal preso politikoen kolektiboaren baraualdiak aitzina darrai Frantzia nahiz Espainiako estatuetan barrena. Iparraldeko Koordinaketak abendu honen 18an, larunbatez, Baionan presoen alde manifestatzera deitu du

GOSE GREBAREN TESTIGANTZA LATZA
Mitxel Sarasketa eibartarrak 20 urteko kartzelaldia eta 10 gose greba burutu izan ditu. Greba hauetako bi 35 egunekoak izan ziren: «

Baraualdiak egiten nituen artean ez banekien ere, haren eraginez-edo, bi aldiz gorputz erdia elbarrituta geratu zitzaidan gerora. Glukosa kontu bat zela-eta, gose greba gehiago ez egiteko gomendatu zidaten. Garun-odol-jario bat izan nuen bestalde eta erabakuntza bat egin zidaten
». 63 kilo inguru dituen Sarasketa 43 kilotan egon da.
Gose greben arrazoiak espetxe araudiak salatzeko nahiz arrazoi politikoengatik izaten dira: «

Euskal presoen kolektiboak egin dituen greben esperientziatik asko ikasi da. Oso ezberdinak izan dira biziriko egoerak. Puerto de Santa Marian egin genuenean, bi hilabeteko isolamendu eta gose pasa ostean hasi genuen baraualdia. Soriara eraman gintuzten, eta errepresioaz gain, gose grebari ekin genion. Ez diot egungoari garrantzia kentzen, aitzitik, areago ematen diot. Presoek eraman ibilbidea oso luze eta latza izan baita
». Madrilek azken greba hau instrumentalizatu dezake eta egoeraren arabera jokatu behar da Sarasketaren iritziz: «

Gobernuak agindua eman du jarraipen estua egiteko, eta ez du inor hiltzen utziko. Edo bai. ETAk izan duen interbentzioaren aurrean interesatzen bazaio, agian bai».

MINGARRIA ZAIT AIPU HUTSA.

Begoña Sagarzazu pasaitarrak 89tik 97ra ezagutu zuen kartzela: Pontevedra, Tenerife, Jaen... 20 eguneko gose grebak ezagutu ditu, eta errepresio une larrienak orduantxe ezagutu ere. Urarekin zuen arazorik handiena pasaitarrak: «

Urak goragalea ematen zidan. Edaten nuen ura botatzen nuen. Horregatik, ez naiz gauza izan baraualdiei aurre egiteko. Beste kideekin batera ezin segitu hark kristoren amorrua ematen zidan. Gero, Jaengo espetxeko ekonomatoan izotza saltzen zuten, eta hari esker 20 egunetara iritsita nago gose greban
». 43 kilotan geratzea ezagutu du Begoñak. Behin, patiora jaitsi, lagunekin hizketan hasi eta mingaina ahozapaian itsasirik geratu zitzaion. Izotz puska hartu txupatu eta hari esker eman zion buelta larrialdiari. Takikardia ere jasatea badaki zer den. Gose greba honen inguruan Bobby Sands preso errepublikar irlandarra gogora ekarria izan dela, eta euskal presoren batek haren bideari ekinen ote liokeen aipatu diogu: «

Mingarria egiten zait aipua. Badirudi presoren bat hiltzea eskatzen ari dela. Guztion gogoeta egiteko balio behar du horrek. Presoen konpromisoa izugarria da. Kalean horren erdira iritsiko bagina ez litzateke holakorik entzun beharko».

ISOLAMENDUARI AITZI EGINIK.

Geronimo Prieto hendaiarrak «Euskal Presoak Euskal Herrira» kanpaina barnean eta presoen eskubideak errespetatuak izan zitezen ekin zion gose grebari La Sante espetxean. 28 eguneko gose greba egin zuen: «

Hasieran animo handiz, segidan isolamenduan sartu ninduten, nirekin greban sartu zen kidea ezin ikusiz. Etengabeko mehatxuak jasaten genituen aurrera ez segitzeko. Medikuen segimendu zorrotza genuen. Gure osasunaren aurka ari ginela esanez
». Gauaren isiltasunean lortzen zuten bi presoek komunikatzea eta elkar animatzea. Gose grebaren ondorioak nozitzen ditu egun: «

Ordurarte ahoan ez nuen arazorik izan, harrez gero hortz zenbait usteltzen hasi zaizkit. Barau egiteko baldintzak oso txarrak ziren, edaten genuen iturriko ura ez baitzen ona
».


ARRITMIA LA JONQUERAN.

Garbiñe Gomez algortarra Toulonen atxilotu zuten 94an. Fleury-Merogois-en eman zituen ia bost urte. Orain bost hilabete askatu zuten Soto del Realeko kartzelan aste bat pasa ondoren: «

Nik egin ditudan barauak motzak izan dira, baina beti isolamenduan. Isolamendua erregimen normala da Frantziako kartzeletan. Hartaz, bakarrik ekiten diozu grebari. Gogoan dut, preso kidea genuen Pilar Mondragon zeldan konorte galdurik aurkitu zutela funtzionarioek. Ospitalera azkar eraman ondoren atera zen bizirik
». Bost urteko kartzelaldia pasata, Guardia Zibilen esku utzi zuen polizia frantsesak La Jonquerako mugan: «

Oso gogorra zait horretaz hitz egitea. Madrilera eraman behar ninduten, baina Gironan bihotz arritmia jasan nuen. Entregatu aurretik ez nuen nire burua gose greban deklaratu, urduriak jota nengoen ordea, eta ez nuen ia ezer jan azken hilabetean. Erabat ahulduta Espainiaratu ninduten»

Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude