"HIZKUNTZ KONTSEILUAREN FUNTSA EZ DA ORAINO LANDUA"


1999ko apirilaren 18an
Orain dela hamar urte sortu zen Euskal Kultur Erakundea (EKE). Iparraldearen kultur egituratze berrian bihurgune historikoa izan zen. Nola gogoratzen duzu une hura?
Une hartan hainbat egoera berri bizi izan ziren Iparraldeko gizartean.

Pizkundea
zegoen, kultur eremu guztietako anitz elkarte biltzen zituena.

Pizkundea
indartu zen, besteak beste, Baionan kokatua zen "Centre Culturel Basque" deitzen zena krisian sartu zelako. Elkarteen beharrei erantzun ordez, ikuskizunen antolatzailea bilakatu zen zentro hura. Ondorioz, herri indarrak EKE sorrarazi zuen. Aldi berean, Ipar Euskal Herrian garai zaila bizi zen, gero eta preso gehiago zegoen; errepresioa batetik eta erantzun bortitzak bestetik. Testuinguru hartan, politikariek beren buruari galdatu zioten:

«Zertan ari ote gara euskal kulturaren alde?»
. Orduantxe nolabaiteko borondate politiko bat agertu zen estatuarengandik, eta ondorioz Erregio eta Departamenduen hautetsien aldetiko jarrera berri bat agertu zen.

Herritarren eta elkarteen aldetik harrrera ona izan al zuen EKEk...
Bai segurki. Herrien arteko sindikata sortu zen, eta hura biziki garrantzitsua izan da. Ipar Euskal Herriko kasik herri guztiek parte hartzen dute sindikata horretan. Uneon, herri bakoitzak 2,25 libera ematen du biztanle bakoitzeko. Herri horiek EKE egitura ofizial bezala onartu zuten beraz, pauso biziki garrantzitsua izan zen. Erregio Kontseilua, Departamendukoa nahiz estatuaren laguntza ukanik ere, hemengo hautetsiek onartu zuten EKE, onartu eta politikoki kudeatzen lagundu ere.

EKEren egituran engaiatu zinetenak euskal militanteak zineten, botere inguruarentzat susmagarriak. Herrikide batzuentzako berriz, posibilitismoaren bidea urratzera pasa zineten...
Halatsu izan zen bai. Zer nahi gisaz, gure urratsa beharrezkoa eta funtsezkoa izan zen Iparraldeko kulturaren bilakabidean. Borondate politiko amini hura baliatu genuen, eta nik uste, une hura baliatu gabe euskal kultura ez zen garatuko gaur egun ari den gisan. Une latzak ziren haiek gure kulturarendako, eta orain gauza anitz erdietsi behar badira oraino ere, hobeto gaudela uste dut. Une hartan, kultur ekintzak amateurren esku ziren. EKEk preseski euskal kulturaren egituraketa ekarri du. Kultur egile, elkarte eta hautetsien artean junta bat egiten dugu. Eta guk egiten dugun oreka lan hau biziki zaila dela erran behar da. Kulturaren barne lana burutzen dugu. Iparraldean kultur egile eta elkarte eragileen % 90 amateurrak dira. Ez soilik laguntza ekonomikoa, baizik teknikoa eta formazio laguntza ekartzen dugu. Gure ibilbidean itzalguneak izanik ere, epoka hartan zinez argi berri bat zabaldu zen Iparraldean EKE sortzean.

Pays izendapena. Alta, ofizialki existitzen ez den herrialde baten erakundea da EKE.
Bai. XXI. mendearen atarian, behin betiko aurrerapen esanguratsuago bat eman beharko litzateke Ipar Euskal Herriarentzako, eta botere handiagoko instituzioak sortu berean. Onarpen hauek erdiestea ordea, biziki zaila da. Juridikoki eta politikoki ezagutua ez den herrialde batean ari gara. Hegoaldeko egoerarekin konparatzen bazaigu, bada, ahal gutxi dugu. Ni ez naiz politikan zuzenki ari, baina ahal gehiago izatea eskatzen dugunok, politikan ari diren abertzaleek bai Erregio bai Departamenduan alkia bat erdiestea nahi eta behar dugu; hautetsi bat erdietsi bederen. Horretarako interes pertsonalak utzi eta interes orokorra begiratu beharko lituzke. Hamar urte hauek joan dira eta interes pertsonaleengatik bitarteko batzuk galtzera utzi dituzte. Abertzaleak elkarrekin lan egiteko tenorea heldu dela dirudi, bada, ea akordio bateratua erdiesten duten gure lana sendotu eta finkatzeko.

Euskal Departamendua onartu artean afera entzutetsuena Hizkuntz Kontseiluaren eraketa da. Eratzen al da Hizkuntz Kontseilua berezko instituziorik gabe? EKE ez ote daiteke hautetsi batzuen jostailu izatera pasa?
Departamendua izan dadin edo ez, proiektuak behar ditugu nik uste, eta eni dagokionez erran dezadan, hizkuntzaren afera ahalbideratzeko onarpen juridikoa eta hizkuntzaren ofizialtasuna aldarrikatzen dudala argi eta garbi. EKEk abiatu eta sustatzen duen proiektu kulturalak aitzina egin behar duela uste dut, eta ez dut uste jostailu bat izatera pasako garenik. Orain artean atxikitzen dugun junta hori, hots, elkarte, kulturegile eta hautetsien artean atxikitzen badugu baikor naiz geroari buruz.

Hizkuntz Kontseiluaren inguruan gauza asko esan dira. EKEren baitan eratzeko posibilitateaz zer diozu.
Posibilitateak ikusten ditut zeren eta Lurralde Eskema barruan agertzen den Hizkuntz Kontseilua eratzeko posibilitatea ez da funtsean landua izan. Elkarteen aldetik gutti landua izan da. Helburu batzuk baino ez ziren finkatu, baita gai teknikoak aipatu, hala nola hiru langile eta 800.000 liberako aurrekontua izanen zukeen Kontseilua litzakeela. Baina onartu beharra dago gaiaren funtsa ez dela landua izan.

Zergatik ez da landua izan? Batzuentzako gibelamendu bat izan da hautetsien aldetik, eta hizkuntz proiektua proiektu deskafeinatutzat jo.
Soizu! Gobernuaren aginduz Pery-Poignant deritzan txostena landu zen, eta instituzio guztietako hautetsiek zera erran zuten:

«Gu goait gara, gobernuak zein delibero hartuko duen esperoan gaude».
Alta, gu gure aldetik –Teresa Lekunberrik daraman hizkuntz lanaren arieran– hautetsiei erran diegu Poignant txostenaren ondorioak zabaldu arte ez gaudela prest zain edo beha egoteko, eta aitzina segitu dugu Lurralde Eskemak zabaltzen zuen posibilitatearen harian. Posibilitate honen aurka mintzo izan dira elkarte batzuk, proiektua deskafeinatua dela erranez. Niri normal iruditzen zait elkarte hauen jarrera, eta hautetsiengandik keinu azkarrago bat eskatzen dut baita ere.

Berriki EKEk bere urteko biltzar nagusia burutu du. Hizkuntz Kontseilua izan da puntu nagusia, trenkatu gabe utzi duzue baina. Ororen buru zertan geratu da?
Hasteko bederen, printzipiozko adostasun baten alde bozkatu du gehiengoak. Hots, Hizkuntz Kontseilua EKEren barnean sortua izan dadin. Baina baldintza batekin onartu ere, oixtion aipatu egitura horren funtsa edo mamiari buruz lan egin dezagun lehenbizi. Lan hau hiru hilabetera mugatu dugu, afera are gehiago barnatzeko. Beraz, azken biltzar nagusia garrantzitsua izanda ere, ez da historikoa izan, historikoa ekainaren ondoren izanen da.

Badaude beren adostasuna agertu ez duten bederatzi elkarte ordea. Zertan ariko zarete zehazki?
Hiru hilabete hauetan aspektu juridikoak landuko ditugu bereziki, EKE euskal kulturaren sustatzaile handiena izaki ere, egitura berezko bat sortua izan dadin lan eginen dugu. EKEren zuzendaritza, Garapen Kontseilua eta elkarte nagusi guztiekin bilduko da. Nik uste, printzipiozko adostasun horri ezetza eman diotenak ere gurekin lanean ariko direla, bestenaz aski gaizki gintezke. Baikorra naiz hala ere.

Eta elkarte hauek –Seaska, AEK eta EHE besteren artean– ez badute parte hartzen? Konfiantza osoa duzue hautetsien aldetik.
Elkarte hauen sustengurik gabe ere aitzina egiteko prest gaude. Konfiantza badut, baina nik espero dut elkarte guztiak egotea eztabaidan. Argiki utzi nahi dut, hiru hilabeteotan ez bada adostasun zabal bat erdiesten bai hautetsi bai elkarteengandik, EKEk ez duela Hizkuntz Kontseilua bere gain hartuko.

Zer eginen du EKEk? Bere buruaz beste?
Ez. Ez du bere buruaz beste eginen, EKEk badu eginbehar zabala adierazpen kulturalaren barnean. Orain arte egindakoa onetsi behar da, eta betiere urratsez urratseko lana egiten segitu behar dugu. Hau izan da EKEren lanmoldea bere sorreratik. Lurralde Eskemak zabaldu zituen helburuen artean Hizkuntz Kontseilua eratzea bada, eta denok ados bagaude helburu hartara iristeko, inportantea ez da nondik joan behar dugun, iristea baizik. Hizkuntz Kontseilua sorturik ere, euskararen salbatzeko tresna gehiago beharko dira. Enetako ez du axola non eratzen den. Gainera, Hizkuntz Kontseiluak ez du euskararen erabateko salbapenik ekarriko.

Zuen eguneroko betebeharretara etorriaz. "Hiriak eta gazteria dira geroko gure ardurak" erran zenidan behinola. Hortxetan dago euskal kulturaren geroa?
Bai. Baina beti ere, bistan dena, euskara ziurtatzeko behar diren oinarriak finkatzen baditugu. Denbora joanago eta inportanteagoa da hiria. Jende gazte berria biltzen zaigu ikusgarrietara, baina tamalez, Miarritzeko azken kultur astean ikusi dugunez, publikoa joaten da euskara erabiltzen ez den ikusgarrietara: Kepa Junkera entzutera, dantza ikustera eta esaterako Bilbo hiriari buruzko mintzaldi bat, frantsesez zelako, entzutzera. Maskaradaren «Nerudaren postaria» antzerkia edota «Poesia gaua» errezitalera aldiz jende gutti joan zen. Hor dago koxka!

Gazteekin elkarlanean, iazko Ondarearen Egunak ekitaldia "Gazteen begitik" lemapean antolatu zenuten. Zer-nolako balorazioa egiten duzu azkeneko topaketa haiei buruz?
Hemen erdiko gazteak eta gazte zaharrak gaude. Gure iraganak indarra dauka oraino, baina gazteek indar berria ekarri dute eta haiekin egin behar dugu lan. Beren iritziak eta gureak uztartu behar ditugu, eta horregatik azken Ondarearen Egunak gazteen begitik antolatu nahi izan dugu ere bai. Ongi iragan zen, bagenekien ez zirela milako bat gazte Irisarrira joanen, ondare hitzak berak bai baitu erakustoki kutsu bat, mutxitu hondar bat, beharbada hitz hori bera berritu eta gazteentzako bertze egokiago bat hatzeman behar dugu! Dena den, EKEk ez du instituzionalki euskal kultura salbatuko, guk harri bat baino ez dugu ekartzen. Ekarpen horretan, heldu den azaroan gogoeta sakon bat burutuko dugu euskal kulturaren geroari buruz, eta espero dut gure norabidea areago argitzea.

Azken urte honetan diru publikoaz beste mezenasgo baten beharra aipatzen duzue EKEtik...
Hasi gara lantzen alor hori, izan ere, diru publikoaz gainera pribatua ere lortzea funtsezkoa ikusten dugu. Funtsean kultura eta ekonomia lotu behar ditugu, ekonomiak kultura dakar eta kulturak ere ekonomia laguntzen du. Dena den, gu ez gara kulturegileak kultur sustatzaileak baizik, eta gainera gure eremua Iparraldera mugatua dago. "Euskararen hatsa" erakusketa zabaldu genuen iaz, eta diru pixkabat lortu genuen, sinbolikoa nahi baduzu.

Orain urte bat luze hartu zenuen EKEren zuzendaritza. Kulturegile izatetik –antzerkilaria– kultur sustatzaile izatera pasa zinen nolabait. Zer balorazio pertsonala egiten duzu.
Egia erran, banuen beldurra, ez baita erraza hau bezalako lanpostu bat kudeatzea. Batetik herri elkarteak baitira eta bestetik instituzioak. Bi solas mota landu behar dituzu, bi harreman mota uztartu funtsean. Bertze gisa batez, baina antzerki nahikoa egiten dut hemen (...irriak). Ororen buru baikorra naiz; kontent naiz

Gure Mikel Laboa
Aspaldiko laguna dut Pantxoa Etxegoin. Hogei urterik ez zukeen ezagutu nuelarik: kantaria zen ordukotz eta plaza batzuetan ibiltzen zen lagun batekin. Xirrixti-Mirrixti antzerki taldearekin hobeki ezagutu nuen gero, jokolari bezala, baita ere autore gisa, «Gazteluko mutxurdinak» antzerkia idatzi baizuen Daniel Landartekin. Beti kantuak errabiaturik, afari edo ateraldietan, kantu guziak elkarrekin hasten genituen eta harek bukatzen. Hainbeste bertsu, hola, gogoz ateratzea, nola posible ote da? Xaharrak, berriagoak, denak oroitzen zituen. Xinple zen, Pantxoa gure Mikel Laboa zen!
Auto istripu batean azkarki joa izan zen duela hamar urte. Asteak iragan zituen Kanboko eritetxe batean; maiz joaiten nintzaion bisitaz: lagunek eta ahaideek ekarri goxoki guztiak nik jaten nizkion, berak jangura ttipia zuen-eta. Ihardoki zuen azkar gure gizonak eta egin du bide: ezkondu da eta bi haur ukan, ofizioz aldatu da bi aldiz, estudioak berriz hasi eta euskal lizentzia ardietsi, ahantzi gabe maratoia egin duela bi edo hiru aldiz, eta antzerki lan batzuetan parte hartu...ouf!
Gutti da erraitea Pantxoa langilea dela, deliberatua, eta bere horretan tematzen da. EKEko lanak ere segitu zituen hastapenetik, zuzendaritza taldeko partaide bezala. 1997 urtean, Txomin Heguyk bere kargua utzi zuelarik, Pantxoak bere gaitasuna agertu eta aukeratu zuten EKEko zuzendari bezala. Uste dut, betebeharrak ugari direla holako kargu baten eramateko, ezen partaide oso ezberdin eta kasik bateraezinen artean kokatua baita: Estatua, Akitania eskualdea, Departamendua, baita euskal herrien arteko sindikata eta kultur elkarteen ordezkariak. Kultur elkartekoek gehiengoa badute ere, jende horiek guziak jartzen dira zuzendaritzako mahai inguruan eta proiektu baterazaleak behar dira lortu.
Asko galdegiten zaizkio EKEri, baina bere ahalak oso mugatuak dira eta bere urteko buxeta hastapeneko kopuru beretsuan

DANIEL LANDART
«Adiskide mina. Euskal kultura errotik ezagutzen du, baita hautetsiak eta gizartea. Anitz laguntzen nau EKEn»

TXOMIN HEGUY
«Lan handia egin zuen EKEn. Beti prest dago bizitzan aitzina joaiteko»

ERRAMUN BAXOK
«Baikorra. Gau eta egun lan egiten du euskal kulturaren alde»

FRANTXOA COUSTEAU
«Sentikorra. Aspaldiko bihotz handiko adiskidea»

TERESA LEKUNBERRI
«Adiskide arras langilea. Dena ondo ikertzen eta miatzen duena»

KATTALIN TOTORIKA
«Emazte goxoa bezain argia eta zinez kazetari trebea»

JAKES BORTAIRU
«Estimatzen dudan mutikoa, kanpoz bortitza baina nonbait bere baitan goxotasuna duena»

LOPEZ ADAN "BELTZA"
«Une zoragarriak pasatu ditut berarekin mendian. Bere gogoetan ez da egunero goxoa, baina estimatzen dudan pertsona»

JAKES ABEBERRY
«Euskal politikako gizon garrantzitsua. Ideia azkarrekoa; ingurua mugiarazten dakiena»

JEAN HARITSELHAR
«Zoragarria. Jakintsu handia eta une berean oso alaia»


Azkenak
2024-04-30 | ARGIA
Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Netanyahuk dio Rafah inbadituko dutela su-eten akordioa "egon zein ez egon”

Israelek 40 eguneko su-etena eta preso trukea eskaini dio Gazari, baina akordioa lortu edo ez Rafah inbadituko dutela adierazi du Netanyahu lehen ministroak. AEBk eta Erresuma Batuak Hamas presionatzen ari dira Israelen eskaintza onar dezan. Astelehenean 47 palestinar hil zituen... [+]


2024-04-30 | ARGIA | ARGIA
Hil egin da Artzentalesen zauritu zen basogintzako langilea

Langilea larri zauritu zen apirilaren 24an, eta astelehenean, hilak 29, hil da. 22 urte zituen eta sektorean bi hilabete soilik zeramatzan lanean. 2024 urtean hildako 22. langilea da.


2024-04-30 | ARGIA
Eneko Bidegainen 'Bichta éder' eleberriak jaso du 111 Akademiaren Saria

Karmele Jaioren Maitasun kapitala-rekin lehiatu da finalean. 2023ko “libururik gogokoen” izendatu dute Bidegainen “bihurgune askotako” thriller politikoa 111 Akademia osatzen duten literaturazaleek.


Eguneraketa berriak daude