EUSKARAZKO ARGOTAK ERDARA ITURRI


1999ko otsailaren 21an
Argot edo jerga, ingurune, klase, lagunarte edo lanbide bereko pertsonek hizkuntza ez formalean erabiltzen duten espresio multzoa bezala definitu ohi dute hiztegi gehienek. Euskaraz ba al dago horrelakorik, alegia pertsona talde desberdinak bereizten dituen hizkerarik? Hizkuntzarekin jolasteko modua da. Berreskura dezagun!
Talde bateko partaideak identifikatzeko eta besteengandik bereizteko hizkera berezia dela eransten du Fernando Lazaro Carreter-ek «El dardo en la palabra» izenburuko liburuaren egileak. Hasieran gaizkileen hizkera definitzeko erabiltzen zen jerga edo argot hitza, baina orain esanahia zabaldu egin da eta edozein arlotan erabiltzen da. Askotan lanbide batekoak dira argotak, baina baita ikasleen artekoak, kuarteletakoak, kartzelakoak, lagunartekoak edota familiartekoak.


KOMUNIKABIDEEN ERAGINA.

Euskaraz hizkera ez formalean hutsune nabaria sumatzen da haur eta gazteengan bereziki. Gazteek erdaratik hartu ohi dute hizkera hori, euskal komunikabideen eragina txikia baita oraindik. Hala ere, euskarazko telebistan «Goenkale» edo «Txiskola» bezalako saio arrakastatsuek horretan lagundu dutela esan daiteke. Hitanoa zabaldu egin da azkenaldian eta «estutu garuna laguna», «hori egina zagok» edo «mihia zulora» bezalako esamoldeak euskarazko hizkera bereziaren zabalkundearen adibidetzat har daitezke. Bestelako adibide bat jartzearren,

Tumatxa
hitza da aipagarri; Antton Olariaga marrazkilariak sortu eta Zakilixut bere pertsonaiaren ahotan jarri zuen. Hitz hau zabaldua da dagoeneko.
Eremu euskaldunetan betidanik izan dira horrelako hizkerak eta gune horietan errazago sortuko dira beti horrelakoak (ikus Azpeitia eta Azkoitiako edota Bizkaiko hitz eta esamolde bereziekin osatutako zerrendak). Askotan baserri edo itsas giroarekin lotutakoak izaten dira hizkera bereziak. Bestalde, euskarazko komunikabideen eragina gune horietan handiagoa denez, bertan sortzen dira horrelako joerak. Gazteen kasuan, esaterako, bada musika lantzen duten hedabide berezituetan entzundakotik jasotzen duenik. Asisko Urmeneta komikigile eta marrazkilari nafarraren ahalegina ere aipa daiteke hemen.
Euskarazko ereduen faltan, erdaren kalkoa egiten dugu maiz, Hegoaldean gaztelania eta ingelesera jo ohi dugu eta Iparraldean, aldiz, frantsesera, hizkera konnotatiboa erdaratik baidator. Gaztelaniako

cheli
jergatik adibidez hitz zerrenda luzea hartu dugu euskaldunok.

Txorba, txapa, mugida, tronko, peña, kolega, baska, martxoso, julai
edo

julandron, ligatu, amuermatu, karroza, bokata, bakata, sudaka, ze fuerte, moskeo, flipatu, tranki, txokolate, esnifatu, kanuto, porro, kolokatu, kamello, pasata egon, kolgatuta egon
eta abar erabiltzen dira sarritan. Ingelesetik heldutakotatik, aipatutako

tumatxa
edo

okei makei
egongo lirateke, besteak beste.
Euskañolaren fenomenoa ez da gazteen arazoa bakarrik. Bertsolariek erabiltzen dituzte zenbait hitz, eta antzerki lanetan eta telebistan ere intentzionalki erabili ohi dira gaztelaniazko hitzak edota beste hizkuntzatakoak. Eta hiperkontrolik edo zuzenketarik ere ez dugu behar argota garatzeko garaian.


ZAPO ERDARA ETA ZAPO EUSKARA.

Segura eta inguruetako biztanleak zapo erdara eta zapo euskara izeneko hizkera bereziak erabiltzen hasi ziren lehengo mendearen erdi eta bukaera aldera. Goierriko hiriburua zen garai hartan Segura eta kanpotar asko bizi zen bertan. Segurarrek zapo erdara eta zapo euskara erabiltzen zuten kanpotarren aurrean, hauek esaten zutena ez ulertzea nahi zutenean. M-arekin edo p-arekin jokatuz beste silaba bat eransten zioten hitz bakoitzeko silaba bakoitzari. Modu horretan, atea «amatepeama» izango litzateke adibidez; eta `zer moduz zaude?' berriz, «zeper mopodupuz zapaupudepe», Jolas modura erabiltzen zuten eta gaur egungo bertako gazteek ere erabiltzen dute oraindik zaharrei ikasita.


ZAHARRENEK BEREA.

Adineko jendeak gordetzen du oraindik argot maila bat, gazteenarekin alderatuta, arras desberdina dena. Euskalki bakoitzak gainera, bere jerga propioak ditu, urteen poderioz aldatuz joan direnak. Bestalde, euskara batuak normalizazio bidean etengabe sortzen dituen berrikuntzak mantso samar bereganatzen dituzte zaharrenek.

Asisko Urmenetak erabiltzen dituenak
Ahantzeimer:
ahantzi eginarazten duen eritasuna

Aguratsoak:
aitamei, gurasoei erraten zaie (seme-alaben, gazteen artean gehienbat)

Gaubasa:
gau-larrutze gordian/iskanbilatsua

eLSDarnio:
droga jakin batek sortarazten duen loria

Neurontzi:
belarritartekoa, burua, kaskoa

Anderebehekoa:
Jaungoikoaren kontrako ez jainkosa

Kepa Ahulezia:
flakia, debilidadea, indarrik eza

Orga/makina:
auto

Arti-kuluska:
idazki sedantea, loa eragiten duena

Manistan:
Aragoi

Paratu:
kitzikatu, goritu

Paragarri:
sexy

Erre(g)insuge:
Drag Queen

Berunago:
pisue, pelma, astuna (inor)

Lumadun:
gay

Veiculo longo:
lesbian

Biko:
bisexual, gillette

Extu:
hetero

Manuel Lekuonak Oiartzunen ijitoei jasotakoak
Eaxi:
gizon

Eaxo:
emakume

Erromitzel:
ijito

Balitxo:
zerri

Zitzoi:
katu

Kani:
oilo

Mola:
ardo

Bokalu:
gose

Mati:
mozkorra

Matitu:
mozkortu

Mautu:
hil

Mangatu:
eskatu, eskean ibili

Xaotu:
lapurtu

Latximur:
ilargia

Latximurtan:
ilargitan

Gutti:
piska

Guttino:
piskatxo

"Gazte euskaldunari ezinbestekoa zaio erdal ekarpena"
Deitu al diezaiokegu argota hizkera bereziari?
Ez da hitz egokia, baina beharbada egokiena jendeak uler dezan. Hizkuntz aldaera deitzen diot nik. Aldaera soziala dei dakioke. Zorrozki aztertuko bagenu ez da iritsiko aldaera bat izatera seguraski, lexikora mugatzen delako. Nik ez dut uste. Zein eremu komunikatiboz ari gara hitzegiten? Gazteek kidekoen artean erabiltzen dutena eta horretarako beraien artean sartu behar da eta bere giroan erabiltzen dutena entzun. Alferrik litzateke gazte bati galdetzea nola hitz egiten duen.

Inguru nahikoa euskalduna da Lezo. Aberastasun berezia esan nahi al du?
Noski. Hizkuntza formala ondo ikasi dute eskolan. Eta kalean hizkera ez formala landu dutela esan daiteke: mota askotako esamoldeak, esaerak, horien barruan zaharrak edo errutinazko formulak, egunerokoak (Zer moduz? Ondo esan beharko), funtzio formulak (agurtzeko, haserrea adierazteko), lokuzioak (nominalak, adberbialak, adjetibalak).

Hala ere gaztelaniaren eragina nabarituko da.
Formulek garrantzia dute kultura eraikitzeko. Testuinguru horretan erdarak ukipen indarra du. Gazteen erreferentzia eremuetan, ez ikastetxean, lagunartean, telebistak, bideojokoak, irrati programak, musika, aldizkariak, gehi gaztelaniak duen gazte hizkera indartsua kontuan izanik, erdarak egiten dion eskaintzarekin bat egiten du. Gazte euskaldunari inanizioz bizi delako, ezinbestekoa zaio erdal ekarpen hori hartzea. Izugarria da erdarak duen eragina. Bestalde gazte euskaldunek esparru horretan ez dute batere laguntzarik. Eskolak hizkuntza formalaren esparrua betetzen du eta informalarena ez du inork betetzen.

Aipa itzazu esamolde bitxi batzuk.
Lokuzio adberbialena oso alor emankorra da gazteen artean sentimendu gogorrenak adierazteko. Jende asko zegoela esateko «a saco» esango dute. «Asko» oso diskurtso kolokialean, arruntean erabiltzen da, indarra bilatzeko edo txorakerietarako denborarik ez dagoenean bere jerga erabiltzen dute. «Tontolaba» adibidez, eta ez «oso lerdoa». «Oso nekatuta» = «hecho polvo». Adierazkortasuna bilatzen denean euskarak defizita du.

Ingeleseko hitzak ere entzuten al dira?
Badira gutxi batzuk: «por la face» = «por la cara» esan beharrean, «Mikel and company». Gazteek esamolde horiek oso elaboratuak dituzte. Beraien arteko harremana indartzeko erabiltzen dute, lagunarteko taldetasuna eta identitatea sendotzeko. Oso modu kreatiboan gainera, beste gauza da guri gustatzen zaigun ala ez. Batzuk potentziatu eta beste batzuk baztertu egiten dituzte. «Zozoak beleari ipurbeltz» ez zaie erabiltzea okurritzen. Nirekin edo etxean botako dituzte horrelakoak, beste testuinguru bat delako, baina beraien artean ez.

Eta helduekin konparatuta, gazteek horrelako hizkera berezia gehiago ala gutxiago erabiltzen dute?
Ez dut konparaketarik egin. Helduek bere jerga badute, eta oso aberatsa eta urbanoa gainera. Mende hasieran emakumeek industrian lan egin zuten. Gizarte hura aldatu zen, desagertu zen. Egun erreferentziak ez dira auzoa eta lantokia. Horrez gain ikastetxea, komunikabideak, norberaren gizarte zirkuito partikularra dira. Oso harreman sare konplexua da. Hizkuntza beraren beharrizanak ere aldatu egin dira. Belaunaldi honek adierazteko dituen premiak, sentsazioak, harrobia ez dira inola ere guk izan genituenak. Hor dago gakoa ulertzeko hizkuntza eguneroko beharrei erantzuteko tresna bat dela.

Umeen hizkeraz zer esan dezakezu?
Ezin ditugu gazteak eta umeak nahastu. Gazteak psikologikoki ere identitatea indartu behar du: modu jakin batean jaztea, jokatzea eta hitz egitea dakar horrek. Bere harreman sareak ez du zerikusirik umeekin eta helduekin. Esparru antropologikoa oso berezia da. Haurrena berezia da, baina desberdina. Erreferentziak mugatuagoak dira umetan. Bestalde familia ere aldatu egin da. Ez dago garai bateko denbora haurraren hizkuntz heziketa bermatzeko. Murrizte hori gertatu denez, guraso askok imitatu egiten dute telebistan ikusitako haur hizkera. «Txatxi» eta «guai» da dena. Gurasoek ez dute dagokien papera betetzen. Haurrari zor dioguna ez diogu ematen komunikazioaren izenean

Bizkaialdean Joserra Urrutxuak bildutako hainbat lokuzio
Ama putien txapela:
biseradun txapela, gorra madrileña (Bermeo)

Andoboa-andobie:
mutil edo neska gaztea. Kalotik hartua (Busturialdea)

Andratan kikile apurtu arte:
jo-ta-ke narrutan (Bermeo)

Antxoa txikia:
mutikoen pitinoa, txitxilina (Ondarroa)

Armata egon:
zakila tente eduki (Bermeo)

Auskaka ibili:
burrukan ibili (Lekeitio)

Begi-argiak egin:
begiraden mintzoaz maitasun keinuak egin

Beheko sua bero eduki:
txortan egiteko gogoz dabiltzan neskei esaten zaie (Foru)

Belarriak hazten egon:
egonean egon, ezer probetxuzkorik egin barik (Foru)

Berdatu:
haserretu, sumindu (Busturialdea)

Betibelu:
sekula orduan iristen ez dena (Busturialdea)

Diru errementaria izan:
dirua egiten dakiena, diruzalea (Foru)

Eguzkiak lepoa berotuta etxera etorri:
gaupasa egin eta gero, goiz beranduan etxeratu (Mungialdea)

Eskuetara egin:
borrokan hasi (Kirikiño)

Eten edo urrutu:
zirt edo zart, arre edo iso

Ez eten ez urrutu:
ez aurrera ez atzera

Euli epela:
adore bakoa, koldarra, oilo epela

Euliaren ostikada:
eragin gutxiko ekintza, huskeria.

Gaztanberazko hatzamarrak eduki:
guriak, zaildu gabeak, ahulak, lanerako balio ez dutenak (Arratzu)

Hatzazalpeko kaka be emon ez:
zekena, zikoitza (Orozko)

Iko-orria baino latzago izan:
bat ere gozotasunik ez duen pertsona (Busturialdea)

Kaballotu:
behorra estali (Orozko)

Kastigatu:
txakur emea estali (Kortezubi)

Katanesa:
emakume erakargarria, sexu grina pizten duena

Labana:
pertsona labana, zuria, faltsua. Berba labana: aho zuria, ez fidatzekoa

Lakatza:
buztana, zakila, kikila, berdela, kikirria, txitxilina, txistua...

Lakatza sartu:
narrutan egin, kitarra jo, tarratada jo, txortan egin...

Lapiko txikia izan:
sekreturik isilpean gordetzen ez dakiena

Lar bere lar da:
zerbait gehiegizkoa denean (Mungialdea)

Lotsa bragetatik eskegite eduki:
lotsa zer den ere jakin ez

Maletak estutu:
potroak, barrabilak estutu

Narrua:
gaiztoa, pertsona txarra

Papauen buzkantza lez egon:
beti parean, estorbuan edo enbarazuan egon (Kortezubi)

Santageda jo:
idiarena jo (Busturialdea)

Toton egin:
pott egin, frakasatu

Tortola:
matxana, alua, potxua, bateko urrea, potxorra

Tortola bizarrak erreta eduki:
desio sexualez gori-gorian egon

Trentine:
ganora, fundamentua

Txakur baltzak lepora salto:
logura handia sartu (Foru)

Txitxarrilo pelajikoa:
buztan txikia (Bermio)

Txorra egin:
kiebra jo, lekura ailegatu ez, ezin eutsi

Ulenpo:
tximaluzea

Urkulua:
neska batek izter ederrak dituela esateko

Azpeitia eta Azkoitia aldean jasoak
Hortzak garbitu:
musuka aritu

Pertz hartu:
edaria nork berak hartu inori eman gabe

Bakailaua:
heroina

Olioa aldatu:
txiza egin

Bibliotekara joan:
komunera kaka egitera joan

Buztankada ederra eman:
txortan egin, larrua jo

Igoko al zenioke? (Ixoko al ixoke? Azkoitian eta Iyoko al iyoke? Azpeitian):
txortan egingo al zenuke? larrua joko al zenuke?

Txahala(k) lotu:
oka egin

Tipo horta?:
harro datorren bati gaizki dabilela esateko

Hi, heureari eragin!:
hi, hoa hire lanetara

Belearena egin:
nonbaitetik (batez ere tabernetatik) ordaindu gabe joateari deritzo

Astapaloak bota:
tontokeriak, inozokeriak

Beroa eman:
pisua izan

Korritu beharrean:
emozioak eutsi ezinda


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude