"Bertakoari eutsiz kanpora irtetea da gure erronka"


1996ko urriaren 27an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ekoiztetxe pribatua sortu aurretik ETBan jardun zuen lanean errealizatzaile, telebistaren jaiotzatik bertatik. Telebistan hasi zenean utzi zion, hain zuzen ere, kantagintzari; ordurako bi disko argitaratuak zituen euskal kantagintzan egindako lanaren lekuko.Iñaki Eizmendi kantaria izan zenik ere ez dakiten gazte musikazaleei azal iezaiezu nor izan zinen kantagintzaren munduan.

Ez Dok Amairuren ondorengo emaitzaren barruan kokatzen dut neure burua. Ez Dok Amairukoek aitzindaritza lana egin zuten talde bezala eta ondorengoen artean denetarik geunden, ez genuen talde bezala funtzionatzen. Baina gure artean nabaritzen zen inguruko beste musika baten eragina, ez bakarrik musika kontzeptuetan, hitzen aldetik eta tratamenduen aldetik ere bai. Hain zuzen, eta hau ez da kritika bat, Ez Dok Amairuren Baga Biga Higa sentikarian txoriez edo txorien metafora erabiliz egiten ziren kanten portzentaia ikaragarria zen.

Geure burua urbanotxoagotzat geneukan, eta gure erreferentziak ez ziren txoriak. Lirikotasun hori ez genuen naturan edo izadian bakarrik bilatzen. Gainera, kantagintzan lehen bi gauza ziren: kitarra jo eta kantatu. Teknikaok gehiago lantzen ahalegindu ginen.
Eroso ari zinen kantagintzan orduko giro hartan?

Giro polita zegoen, jaialdi asko egiten ziren herritako jaietan-eta. Aitzindariek uzten ziguten tarteetan eta zokoetan gu geu ere deitzen gintuzten. Asko ez ginen ibiltzen, baina udan hogei bat kantaldi-edo ematen genituen. Pixkat gauza bitxi bezala aurkezten gintuzten. Oso gaztetan, Ibai Rekondo, Anjel Illarramendi -orain konpositore dena- eta hauekin ibiltzen nintzen, eta aurkezten gintuzten «Umeek ere badakite...» esanez bezala.

Aitzindariak aipatzen dituzun eragatik, badirudi ez zintuztetela oso ongi tratatu.

Lagundu ez gintuzten egin, ez. Ez dut esango pertsekutatu gintuztenik, baina asko baino lehen hasi ziren kategoriak ezartzen. Zentzu onean esan dezagun zaintzen zutela beraiek norekin jotzen zuten.

Bi disko argitaratu zenituen: «Gureak ez diren kale isilen 2.000. samina» 1976an, eta «Zaldi Erratu Hatsa» bikoitza 1980ean. Ekarpen berezirik egin diote zure lanek euskal musikagintzari?

Formazio bat banuen musikan eta kanpoan ibili izanak eman zizkidan beste ezagutza eta eragin batzuk. Aportazioa izan zen gehienbat eboluzionatu nahi izana. Musika nahiko berezia egiten nuen, diferentea izan nahian baina egituren bila, egitura diferenteen bila. Oso arraroa zen egitura edo eskema melodiko berberean bi edo hiru kanta egitea. Gehiago zen kantagintza teknikoki militante bat, berez kantagintza erabat pertsonala baino.

1983an utzi zenuen kantagintza. Zergatik?

Argi eta garbi, jendearen indiferentziagatik. Bi urtetan oso intento serioa egin nuen eta ez zihoan gaizki, baina ondo ere ez. Orduan izan zen ETBren hasiera, karreraz eta estudioz mediokoa nintzen, eta horri heldu nion.

Zure orduko esperientzia gaur egunera ekarriz, badirudi orain ere euskarazko kultur kontsumoak ez diola erantzuten kultur sormenari.
Azken hamar-hamabi urte honetan kultur emaitza ikaragarri igo eta duindu da, baina ikaragarria da Euskal Herrian dagoen indiferentzia euskarazko edozein emaitzarekiko. Euskal kulturak, atal guztietan, arazo nabarmen bat du: ez dago kontsumorik ia-ia. Indiferentzia.

Pausoka ekoiztetxea sortu zenuten 1987an, lau urtez ETBn lan egin ondoren. Zergatik? Zertarako?

ETBn enpresa publikoekin harreman komertzialak ezartzeko derrigorrezkoa zen administratiboki hedatuta egotea. Hori zela-eta sortu genuen komunikazioaren esparruan jardundako lau lagunek. Pausoka izeneko haur programarekin abiatu ginen.

Programa hark eman zigun hedapenaren oinarria eta abipuntua. Nobedadea izan zen, kontzepzioz ere berria zen. Hasiera batean identifikazio problema zeukan telebistak: jendeak ikusi egin behar zuen hura berea zela edo berea izan zitekeela. Eta, alde horretatik, ikastolaz ikastola egindako lehiaketa sinple hura garrantzitsua izan zen, eta nolabait markatu egin gaitu. Urte askoan aritu gara lanean telebistak «entertainment» kontzepzio hori baino zerbait gehixeago izan dezan. Ez dadila entretenimendu hutsa izan.

Pausoka programa hark markatutako bidetik badu ezer «Goenkale»-k?

Dudarik gabe, nahiz eta telebistaren mundua ikaragarri aldatu den. Europan orain dela 10-12 urte telebista publikoaren norabideari buruzkoa zen eztabaida; esparru bakarra publikoa zen.

Baina pribatuak sortu direnez geroztik dena hankaz gora joan da eta orain eztabaidagaia telebista publikoaren iraunbizitzea da; eta zein den pribatuaren aurkako erdibide hori. Publikotasuna zainduz nola erantzun behar zaion merkatu ero, zoro eta basati honi. Horrek izugarrizko eragina izan du produktuak egiterakoan ere. Orduan, galdetzen didazunean «Goenkale»ri buruz, baldintza objetiboak harturik, bai.

«Goenkale»k hirugarren urtez antenan irauteko irizpidea zein da, audientziari eutsi diola besterik gabe, edo hiru urteren buruan oraindik ekarpenik egiten duela?

Telebistan nagusi den kontzeptua jendearen onarpena da. Jendearen onarpenak markatzen du programaren luzarotasuna, ordutegia, neurria, kutsua, edukia, agerbidea... dena. Gaur egun neur daiteke eta neurtzen da. Eta ETBk, publikotasunak, horri nolabait galga ezartzen dio beste kontzeptu batzuekin. Bi kanal daude, bi hizkuntza, eta garbi dago audientza hutsez jokatuko balitz orain lehenengo kanalean egiten diren gauza batzuk bigarrenean botako lituzketela. Baina galdetzen badidazu «Goenkale»k neke bat ez daraman, geure artean, bai.

Galesko telebistan 14 urtez iraun omen du bertako teleserie batek. Zenbat irango du «Goenkale»k?

Iazko erronka zen bigarren urtea iraun zezan eta uste genuen horrekin helburua betea zegoela. Eta betea dago. Oso ondo bukatu zen azken hiruhilekoan eta hor espektatibak sortu ziren. Gu topatzen gara hirugarren urtean geure artean neke batekin... ahitu egiten dira istorioak, ahitu egiten dira ideiak. Baina esaten dizute: «Ez ez, ez, «Goenkale»ren munduarekin ohitu da jendea eta istorioz aldatuko bagenu ez dakigu zer gertatuko litzatekeen». Guk ETBri esan diogu: «Segitu behar bada segitu egingo dugu». Hirugarren urte honetan beldurrez hasi gara, baina astero-astero dezimaka gora doa!

Jakin daiteke zenbat ordaintzen duen ETBk kapitulu bakoitzeko?

Milioi t'erdi inguru.

ETBk honez gero bospasei aldiz eman du kapitulu bakoitza.

Gutxienik. Produktua gurea da baina, azken finean, koprodukzioa da; medioak-eta beraienak dira. Guk astearen bukaeran entregatzen ditugunean aste horretako bostak, guk ez dugu zerikurisik horren erabilerarekin.

Eta aktoreek zer diote horri buruz? Telebistak bestela ere erre egiten omen du aktorearen irudia.

Oso erlatiboa da telebistak aktoreak erre egiten dituela. Batzuk diote baietz eta besteek ezetz. Zu zara eta zu bizirik zaude hor zauden bitartean. Asko agertzeagatik ez zara erretzen, beti gauza berbera egiten agertzeagatik baizik.

Aktoreek ez dute gai honetan babeserako biderik?

Hor arazo inportantea da ETBren inguruan, baina ez da aktoreena bakarrik. Hedatzen ari den industria berri bat da, hamar urte bakarrik dituena. Profesionalki maila bat hedatzen ari da: aktoreak, teknikoak, gionistak, produkzio-gaitasuna... industria bat bere osotasunean. Indutria hau oraintxe ari da ugaltzen, gauzatzen... Eta zer behar du? Konbenio batzuk, eta arau ezarpen batzuk. Akordiotara heldu behar da atal bakoitzean. Eta gaur egun behin-behinekotasunean ari gara. Normalizazio bat behar da, baina oraindik ez da burutu normalizazio hori. Probisionaltasun honetan sortzen dira halako arazoak, baina ez aktoreekin bakarrik.

Arraldetarrek euskarazko telebista ikusten dute baina erdarazko prentsa irakurri.

Ez beti, baina gehienbat bai. ARGIA eta «Euskaldunon Egunkaria» ere agertzen dira, eta hor asko arriskatzen gara. Publizitatearen nahitaezak sartzen dira eta, San Miguel sartzen bada, jada ezin da El Leon sartu. Zaindu egin behar da. «Euskaldunon Egunkaria»k «Goenkale»n agertzeko ordaindu egin behar du, orduan.

Nik uste dut «Euskaldunon Egunkaria» nahikoa agertzen dela pezeta bat ordaindu gabe.

Programa baten barruan, oharkabean bezala, publizitatea dela adierazi gabe, publizitate-mezuak ematea legez arautua eta onartua dago?

Erdi arautua dago, gutxi gora-behera arautua . Ezin da frogatu inoiz bereziki horrekin ari zarela. Baina «El Diario Vasco» irakurtzen den bezala beste batzuk ere irakurtzen dira. Kioskoa agertzen denean normalean multzo bat agertzen da, eta garai batean gehiago irakurtzen ziren beste batzuk. Eta orain tarteka ere, etxe barrutan, ARGIA gehiago agertzen da besteak baino. Sei edo zazpi etxek dute publizitatea sartua, baina ez digute batere baldintzatzen gidoietan; kokapen konkretuetan daude eta besterik ez.

Ekoiztetxe mordoa jaio da ETBren inguruan eta egundoko kopententzia daukazue zuen artean. Lehia hori zerk erabakitzen du? Prezioak, kalitateak...

Merkatuko araua: kalitatea eta prezioa. Orain arte 60-65 bat ekoiztetxe egon dira eta oraindik ere nolabait daude. Baina merkatuak berak aukera egiten du. Ideia disdiratsu bat baldin baduzu baina hori aurrera eramateko produkzio-gaitasuna mugatua baduzu... Baina zer gertatzen da urtero hamar ideia ateratzen badituzu, eta gainera ETBn pentsatuz, ETBko parrilako hutsuneak zein diren ikusiz, ETBko aurrekontuetan oinarriturik, ETBren martxa egunetik egunera ikusirik? Garbi dago zeintzuk iraungo duten: handienak edo handi izate horretara moldatu direnak. Azken finean, benetan bost-sei ekoiztetxe daude.

Eta horien artean ondoen funtzionatzen duena, azken urteotan programa gehiena egin dituena, Pausoka da.

Momentu batzuetan, bai. Garbi dago, kalitatea eta prezioa. Bospasei gara eta hor lehia serioa planteatzen da, baina jada baldintza normaldu batzuren barruan. Lehia hori ona da. Arazoa izango litzateke merkatu legeak izango ez balira bakarrak lana banatzerakoan.
Telesail-proiektu bat aurkeztua duzue gazteleraz FORTAn, Espainiako kanal autonomikoetarako. FORTA da zuen kanporako aterabidea?
Bide bat bai, baina beste bat zuzenean joatea da. Beti ari gara horretan, baina FORTAren mundua oso konplikatua da. Hemengo merkatua bere gorabeherekin konplikatua eta astuna baldin bada, zer esanik ez FORTA osoarena.

Espainia osoan ikusiko litzatekeen eguneroko telesail baten proiektuan sartzeak euskarazko produkzioa bigarren maila batean uzteko arriskua ez luke ekarriko?

Merkatuko arauak segitu beharko lirateke. Beti sortzen dira koprodukzioak-eta. Badugu zer esportatua. Ez azken emaitza bakarrik, baizik eta lan egiteko modua ere bai. Bi kontzeptuak landu nahi ditugu: bertakoari eutsiz eta ahal bada kanpora irtetea da gure apustua. Merkatu legeetan zabiltzanean, batzuetan espantsioa ez da anbizio kontua bakarrik, baizik eta iraunbizitze kontua. Baina oso garbi edukita zein den zure oinarria eta sustraia.

Hasieratik ezagutu duzu ETB. Zer bide egin duen ikusita, zer iritzi duzu ETBk, programazioaren aldetik, euskal gizarteari eskaintzen dionari buruz?

Kontua ez da Euskal Herriari zer eskaintzen dion, baizik eta Euskal Herriak zer nahi duen. Kalean gauza bat da jendeak zer komentatzen duen, zer esaten duen, baina gaur egun fidelitate handiz jakin daiteke jendeak zer ikusten duen.

Baina ETB helburu kultural batzuekin jaio zen.

Ez helburu kulturalekin bakarrik.

Ez hori bakarrik, baina telebista publikoa denez, audientzia-irizpideek erabakitzen dutena baino zerbait gehiago eskaini behar du. Eskaintzen du?

Beraiei galdetu beharko litzaieke. Datuek garbi adierazten dute gauza bat: azken lau-bost urteotan gorantza egin du onespenak. ETBn, lehengoan Pello Sarasolak zioenez, garbi dute kontzeptu bat: 2000. urtean telebistaren mundua ikaragarri aldatuko da, egunero etxean 60-80 kate aukeratzeko posibilitatea izango da, eta ordurako ondo hedatua egotea da helburua. Eta diote: hori lortuko bagenu, ETBk % 24-25 edukitzea alegia, horrek esan nahiko luke iraunbizitzea ziurtatua dagoela. Eta azken bi urte hauetan bi-hiru puntu igo dituzte eta 25 horretara heltzen ari dira.

Futbol Ligarik izan ez zen asteburuko larunbat arratsalde-gauean ere kirola besterik ez zuten eman ETB-1ean. Horrek zer zentzu du, audientzia-irizpide hutsak ez badira?

Ez dakit. Beraiei galdetu beharko diezu. Nik ere interrogante bera dut.


Azkenak
Hernaniko Txosna Batzordea: “Faxismoari eta arrazakeriari bidea itxiko diegu”

Hernaniko San Joan jaietan magrebtarren kontrako eraso gehiagoren berri eman dute Hernaniko Txosna Batzordeak eta Amher SOS Arrazakeriak. Salatu dute herrian asteak daramatzatela "jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak" bizitzen, eta ohartarazi dute: "Hau... [+]


Fermin Leizaolaren mundu interesgarriak

Donostia, 1960. Fermin Leizaola 16 urteko gazteak San Telmo Museoan zegoen Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaritzara jo zuen, bertako Espeleologia Sailean aritzeko prest.  

Ez zen San Telmora egiten zuen lehen bisita izan; 1975eko ekainean Zeruko Argia-rekin... [+]


Lurra eta konpromisoa ardatz, Bizkaiko hamar emakume baserritarren historia kaleratu dute

Maribi Ugarteburuk, EHNE Bizkaiaren enkarguz, herrialdeko hamar emakume baserritarren bizi historiak batu ditu Erein, Borrokatu, Bizi liburuan. Azken mende erdian Hego Euskal Herrian nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako gertaerak bizi izan dituzten emakumeak dira protagonista.


2025-06-27 | Hala Bedi
Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote uztailaren lehenetik aurrera

Zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) atzera bota eta "irtenbide bat bilatzeko negoziaketak hasteko helburuz", Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote.


LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunaren bezperan, “sexu askapena eta harrotasuna” aldarrikatu ditu EHGAMek

Argitaratutako oharrean, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak ohartarazi du "faxismoa eta ideia faxistak" zabaltzen ari direla mundu mailan, eta "erresistitzeko prest" daudela: "Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua". 


EHUn kitxuaz, komunitate indigenen erresistentzia aldarrikatzeko

María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]


'Missa Solemnis'
Bihotzetik zeruraino

Beethovenen 'Missa Solemnis'

  • Taldeak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (zuzendaria: Nuno Coelho), Bilbao Koral Elkartea (Enrique Azurza) eta Iruñeko Orfeoia (Igor Ijurra).
  • Bakarlariak: Mira Alkhovik (sopranoa), Nerea Berraondo (mezzoa), Michael Porter (tenorea)... [+]

Baztango Udalak “euskal errepublikaren parte” dela erabaki du

Aurrez, Plentziak, Alkizak eta Gernikak euskal errepublikaren parte izatea erabaki zuten. Baztanekin, dagoeneko Euskal Herriko lau herriek hartu dute erabakia.


'Artxibo biluzia'
Memoria indibiduala, memoria kolektiboa eraikitzeko

Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.

-------------------------------------------------------

Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]


Adin txikikoak dituzten Gasteizko bi familia kale egoeran geratzeko arriskuan daude

Duela urtebetetik duen aldi baterako harrera proiektua eten diote familia bati, eta bestea joan den astean etxegabetu zuten, inolako jakinarazpenik jaso gabe. Auzoan Bizi etxebizitza sareak agerraldia egin du ostegunean Txagoko Komunitate Sarearekin eta Federico Baraibar... [+]


2025-06-27 | Xuban Zubiria
Bretoiera eta Bretainiako kultura sustatzen zuen Breizh kooperatiba itxi dute

Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.


Frantziako Estatuak EEPn 100.000 euro gehiago inbertituko ditu, baina helburuetatik urrun

Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakariak inbertsio handitze guztiak berri onak direla adierazi zuen iaz. Hala ere, erakunde bakoitzak gutxienez 300.000 euro gehiago ipintzea "beharrezkoa" dela nabarmendu zuen, helburua 2050ean hiztun kopurua... [+]


Ed Rojas
“Trans legea onartu dute, baina zer gertatzen da identitate ez-bitarrekin?”

Tramite burokratikoetan murgilduta dago Ed Rojas. Kolonbian jaio eta bizi, 2022an Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egin zuen EHUn. Baina titulua amaitu eta hiru urtera, ez du lortu bere izenean jasotzea. Arrazoia? 2022an ez-bitar markagailua jarri zuen bere... [+]


Azken hamar urteetan %21 jaitsi dira iktus kasuak Nafarroan

2009tik 2023ra izandako iktus intzidentziak jaso ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Iktusa izan duten nafarren %84k arrisku faktoreren bat zuen.


Espainiako Kongresuak gobernuari eskatu dio 78ko sanferminetako gertakariak “argitzeko” eta biktimei “aitortza” egiteko

1978ko sanferminetan gertatutako Poliziaren kargak argitzea, horiei buruzko dokumentuak desklasifikatzea eta gertakarietan hildako German Rodriguez biktima gisa aitortzea eskatzen diote Espainiako Gobernuari Kongresuak onarturiko dokumentuaren bidez.


Eguneraketa berriak daude