Nafarroako Gobernuko lehendakari berriaren aukeraketa prozesuan bete-betean sarturik gauden honetan, alderdi politikoek ez ote dute azkarregi ahantzi nahi izan egoera honetara nola iritsi garen?
Gai honi buruz ez dute hitzik esan nahi. Miguel Sanzek bere mintzaldian Javier Otanoren izena ez zuen aipatu ere egin. Jokabide pertsonal batera mugatu nahi dute gertaera hau.
Erreforma hasi zenetik Nafarroan izandako bost lehendakarien artetik, Del Burgok, Urralburuk eta Otanok boterea utzi egin behar izan dute ustelkeriaren ondorioz. Horrek esan nahi du egiturak berak sortu duela ustelkeriaren bideratze bat. Izan ere, Estatu mailan gertatu diren ustelkeria kasu gehienek ere bere erroa Nafarroan bertan izan dute: Roldan, Siemens...
Otano kasuarekin amaitutzat jo al daiteke ustelkeriaren arrastoa Nafarroan?
Inolaz ere ez. Oraindik ere adar ezkutu asko dago argitzeke. Otanoren kontuan, PSNko Jesus Malon, Antonio Aragon eta Gabriel Urralburu azaltzen dira, besteak beste. Beraz, alderdiaren atzaparrak daude hor atzean. Otanok berak adierazi zuenez, kontu hori «PSNren behar bereziak» hornitzeko zegoen. Horren aurrean, ondoko galdera hauek datozkit burura: zein ziren behar horiek? Nork erabili zuen dirua? Zein zen bere jatorria? Zein lotura dauka horrek GAL foralarekin? Dakigun gauza bakarra da diru zikina zela. Azalpen garbirik eman gabe egoera hau estali nahi baldin badute, arazoa modu faltsuan itxiko da.
Alderdia garbitzea izanen omen da Ferrazek izendaturiko PSNren gestora berriaren lana.
Gauzak oker egiten hasita, okerrago ezin zitezkeen egin. Gestora horretarako izendaturiko batzuk aurretik ere alderdiko buruzagiak izanak dira eta PSNren historia ilunenetan sarturik egon dira. Esate baterako, Victor Manuel Arbeloa. Batzorde horretako kideek beti defenditu izan dituzte jarrerarik eskuindarrenak alderdi barruan. Horren adierazlerik garbiena da UPNri hurrengo Gobernua oparitzea. Horrenbestez, pertsonaia hauek zer onbideratu eta berritu dezakete? Ezertxo ere ez.
Sozialistek oposiziora joateko jarrera hartu dute azkenean...
Iruzur politiko hutsa da hori. Gobernua utzi eta oposiziora joatearekin itxura jakin bat eman nahi dute. Nahiago dute UPN Gobernuan egotea, hirukoan IUri toki nabarmen bat uztea baino. Izan ere, jakina da PSOEk ez duela IU inoiz begiko izan.
CDNren eta UPNren arteko negoziazioak ere apurtu egin dira azkenean.
Antzerki itsusia besterik ez da izan hori. Juan Cruz Allik tutuluaren papera egin du. Orain argitu den bezala, CDN zinezko eztabaida politikoa egitera joan zen elkarrizketa horietara, UPNri gobernu-egitarau bat aurkeztuz. Programa irakurri ere egin gabe, UPNk onartu egin zuen horren edukia, EAErekiko hitzarmena kentzeko eskatuz. Beraz, UPN denbora irabazten besterik ez da aritu PSNren jokaera argitu artean, eta horren ostean CDN bazterrean utzi du. Juan Cruz Alliren ibilbide politikoan hutsegite ikaragarria izan da hau guztia. Izan ere, gertaera honek oso ukituta utzi du bere irudi politikoa.
Hirukoa berpizteko aukerak gero eta eskasagoak direla dirudi. Hirukoaren garaia amaitutzat eman al dezakegu?
PSNren apustua ez da hirukoaren aldekoa. Beraiek barruan ez egonik, sozialistek ez diote sostengurik emango aukera horri. PSN boterean egotearren edozeinekin elkartzen da; etika politiko guztietatik urrun egon den alderdi politikoa izan da betidanik.
Azken urte honetan Gobernuan egon den hirukoaren jardueraren balantzea egiguzu.
Jarraipeneko politika baino ez dute egin. UPNk aurretik egindakoari eutsi diote nabarmen. Gehienetan jarraipen txiroa izan da gainera; ez du izan inongo berezitasunik aurrekoekin alderatuta.
Era berean, harrigarria izan da inongo eskakizunik egin gabe IUk emandako laguntza eta babesa. Itoitzen afera oso esanguratsua izan da zentzu horretan. Ezkerrekoak direla esan eta eskuineko politika egiten jardun dute. Honenbestez, balantzea kaskarra eta ezkorra da oso.
HBk zertan oinarritu du bere mezua inbestidura prozesu honetan?
Duela urtebete Javier Otanori eginiko erantzun gabeko galderak berreskuratu ditugu. Nola daiteke azken hamarkadan Urralburu eta Aragonekin politikagintzan bateginik aritu dena, PSNko idazkariordea eta Legebiltzarreko presidentea izan dena, egiten ari ziren ustelkeria saio horietaz guztiaz jakitun ez egotea? Eta hori horrela bada, nola fida gintezke Otano bezalako batetaz ez badu bere garbitasunaren frogarik ematen? Bere garaian ez zuen ezer erantzun. Gainera, gainontzeko alderdiek proposamen hau baztertu eta bere babes osoa azaldu zioten.
Legegintzaldi osorako baldintzarik gabeko laguntza eskaini zion UPNk berak ere. Beraz, badute erantzukizunik egoera honetan guztian. Ustelkeria estaltzen aritu izan dira UPNkoak beti sozialistekin. Beraz, gaur egun boterea isiltasunaren truke lortuko dutela esan daiteke.
Ezusteko handirik gertatzen ez baldin bada bederen, UPNren eskuetan izanen da hurrengo Nafarroako Gobernuaren aukera.
Inolako zalantzarik gabe. Hala eta guztiz ere, ez da baztertu behar epe ertain batera, behin PSNren egoera baretzen eta lasaitzen delarik, UPN Gobernutik kanpo geratzea zentsura mozio bat dela medio.
Zein iritzi duzu Miguel Sanz hautagaiaren neurri politikoari buruz?
Alliren betiko bikotea izan da Sanz. Orain Sanz UPNko aparatuaz nagusitu da eta alderdiko gizon indartsu eta garrantzitsu bezala azaltzen zaigu. Allik ez bezala, Jesus Aizpun eta antzekoak baztertzea lortu du, arduradun nagusi bilakatuz. Hala eta guztiz ere, bere prestakuntza eta ahalmena nahikoa mugatuak dira. Beraz, nahiz eta agintea izan, botere horren zati handi bat ondokoen eskuetan utzi beharrean izango da.
Juan Cruz Alliren etorkizun politikoa kolokan ote dago?
Negoziazio prozesu honetan Allik izan dituen akats politikoek, Itoitzen aferan eta azken hauteskundeetan, zeharo murriztu dute bere etorkizuna. Guztien gainetik, Alliren hutsegiterik nabarmenena zera izan da: azkenean ez da gauza izan bere jatorri politikoa atzean utzi eta jauzi nazionalista emateko. Sarritan aldarrikatzen zuen napartarrismoa, nafar nazionalismoa, hitz huts eta soiletan geratu da. Bide horretatik bazeukan zereginik politikoki. Azkenean, lotuegia egon da bere historia politiko eta pertsonal luzearekin, eta gaur egungo bere mezua UPNren antzekoa da oso.
EAErekiko hitzarmenak eragindako zalaparta ez al da neurriz kanpokoa izan?
Nafarkerizaleek sumatzen dutenean abertzaletasuna gorantz doala, horrelako akordioak proposatzen dituzte oztopo modura. Era honetako hitzarmenen helburua da bi komunitate autonomo berezi direla adieraztea.
Horretaz gain, harreman horri inolako ahalmenik ez diote ematen. Trikimailu politikoa da soil-soilik. Dena den, politikan gauzak ia inoiz ez dira izaten hasieran uste diren bezalakoak. Beraz, hitzarmenari inolako garrantzirik eman gabe, zera diot: dagoela hor, ikus dezagun zer egiten duen eta gero hitz eginen dugu.
Dena den, abertzaletasuna Nafarroan ez dago bere sasoirik onenean...
Egoera hau ez da botoetan bakarrik neurtzen. Besterik adierazten duen daturik ere badago. Esate baterako, Nafarroako gizartean euskararen, irakaskuntzaren eta euskal kulturaren inguruan harrera gero eta zabalagoa nabari da. Honek guztiak, ordea, ez du oraindik bere isla politikoa.
Hain zuzen ere, CDNren eta UPNren arteko ika-miketan gai eta kontu nagusiak euskara, eta Nafarroaren eta EAEren arteko elkarlanerako sortu batzorde iraunkorra izatea izugarri esanguratsua da; batik bat, bizi dugun giroa zein den kontuan hartzen baldin badugu.
Bazterrak harrotu dituen beste gai bat ETAren astebeteko ekintza armatuen etenaldia izan da. Astebete horretan gertatutako guztiari buruzko zure balorazioa zein da?
Borroka armatua bezalaxe, su-etena ere zentzu politikoa duen ekintza da. Hori neurri edo maila horretan erabili ez den bezala, erabili beharra zegoela uste dut. Astebeteko epea motzegia da, Estatuak ez baitu ezertarako denborarik izan. Su-etena luzatu eta gizartearen ordezkari guztiei elkarrizketarako mezu sakona ematearen aldekoa zen nire apustua. Ostera, presoen egoerarekiko jarrera azkarra eta ausarta ez azaltzea izan zen Ajuria Eneko Itunaren hutsegite larriena.
Hala edre, aste horretan ikasitakoarekin berriro ere jokatu egin beharko da, gatazkaren aterabide edo konponbidea elkarrizketa politikoak ekarriko baitu.
Negoziazio prozesu baten ataria irekitzen hasia ote da?
Elkarrizketa prozesu hori inoiz baino posibleagoa dela erakusten duten zenbait baldintza betetzen dira gaur egun: gizartearen gehiengoa elkarrizketaren aldekoa da, elkarrizketaren kultura gero eta zabalduagoa dago eta Erreforma hasi zenetik 20 urte bete dira dagoeneko.
PELLO ARGIÑARENA