"Pilota aitzakia, kontzientzia nazionala sendotu behar da"

  • Pala jokalari profesionala izan zen hamabi urtez, zorioneko garaiak bizi izan zituen Deportibo eta Baldan jokatutako partiduen bitartez. 1990ean Euskal Pilota Federazioko lehendakaritzara iritsi zen eta harrez gero erabat suminduta dabil, pilota munduko gaitzen erruz. Eta gaitz horiei heldu diegu, Caballerok irtenbidea non ikusten duen sumatzeko.


1996ko uztailaren 07an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Zeharo hunkituta antzematen zaizu palan gertatu den guztiaren ondoren.

Federazioko lehen mandataria naizen aldetik, modalitate guztiek arduratzen naute baina ezin ukatuko dizut palaren egoeraz suminduta nagoena. Benetan lotsagarria da enpresak (Asegarcek) palarekiko duen utzikeria.

Makina bat aldiz entzun dut galerak besterik ez dituztela pilatu Deportiboren kargu egin zirenetik, baina baratza lantzen ez duenak ez du sekula barazkirik ahoratuko.

Sei urte bete dira zuen taldea Euskal Pilota Federazioan lanean hasi zenetik; denbora honetan gauzak okerrera joan al dira?

Ni saltsa honetan sartzeko arrazoia batez ere pilotaren norabide-eza izan zen. Guk ardura hau hartu genuenean egoera kezkagarria zen oso. Eskuzkoan pilotari eta enpresek bilera bat egin berri zuten Etxegaraten, ondorioa ordurarteko soldataren erdia kobratzea izan zen; pala Deportiboko klubekoen menpe zegoen eta amildegirako bidean; IJAPKAko greba indarrean zen eta afizionatu mailan federazioen arteko torneoa alde batera utziz gero apenas ezer ere ez zegoen.

Erremonteak zuen orduan erakarmen dezentea, baina gainontzeko modalitateak itxuragabe eta galbidean ziren. Urtean zehar txapelketa nagusienak antolatzeaz aparte ez zen beste ardurarik. Ene iritzirako, aurrikusitako estrategia baten eragin zitala pairatu du pilotak azken hogei urteotan.

Espainia aldetik pilotari nazional kutsu arriskutsu bat igerri diote eta sentimendu horren parean geurea den kirola indartzea politikoki kaltegarria zitzaien mandatariei eta utzikerian itotzen laga diote. Denboraren poderioz eta, zenbait lekutatik jarritako traba nabariak ikusita, garbi dago pilotak, sakonean, edukin eta karga politiko handia duela.

Zeintzuk ziren, baina, aipatu dituzun zuen pentsamolde berri horiek?

Gauza bat argi eta garbi genuen artean eta lelo horri eutsi diogu oraino. Pilotak ez du etorkizunik izango baldin eta herriak, pilota soilik kirol bezala hartzeaz gain, geure kulturaren zati nagusi bat eta aske izateko tresna garrantzitsu baten pareko sentitzen ez duen bitartean.
Pilota ez da berpiztuko Joko Olinpikoetan urrezko domina bat lortu delako, gure lehentasuna ez da goi mailako pilotariak sortzea; lehenik eta behin pilotarekiko kontzientzia nazional bat sortu behar da eta, era berean, jolas modura gazte gaztetandik jokatzeko ahal den eskaintzarik zabalena sortu.

Zehazki zeintzuk dira, bidenabar, emandako eta eman beharreko urratsak?

Arestian aipatu bezala, ezer baino lehen kontzientzia eta zaletasuna hedatzea da gure asmoa. Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun kirol honen mailakatze bat, adina edota exijentzien arabera. Hartara, Ikaspilota sortu dugu, nere ustez kirol honek suspertzea nahi baldin badu funtsezko giltzarria. Ikastolaz ikastola, herriz herri, proiektu hau hedatzen joan da eta egun Euskal Autonomi Elkarteko mugak gaindituz, Nafarroako ikastoletan lanean ari gara eta baita Iparraldean ere.

Hori lehendabiziko maila da, umea pilotan dabilela hezitzea, modalitate bakoitzaren jatorria, ezaugarriak, erremintak eta abar eskutik eskura ezagutzea. Elkarren segidan umetako kontuak utzi eta gazteari pilotarako grina asetzeko irtenbideak bilatu beharra zegoen eta kluben arteko txapelketa antolatu genuen. Horrela, gaur egun motza ala dohaineko, edonori lehiatzeko aukera eman nahi izan diogu. Profesional mundua letorke horren ondoren, baina pilota herri honen altxor preziatuenetakotzat dugun guztion ustez, oinarri-oinarritik sendatu behar dira gaitzak.

Profesional maila aipatu duzu. Oraingoz pala profesionala betirako isildu al da?

Arazoa mingarria da, are gehiago duela bi hilabete hogeinaka lagun lanik gabe gelditu direla kontutan hartzen badugu. Asegarceri Deportibon orain arte bezala pala mantentzearen ondorioz diru galera pairaezinak jasaten dituela esaten entzun diot baina nire ikuspegia oso bestelakoa da. Asegarcek eskuzko partiduak programatzeko asmoz hartu zuen Deportibo eta proiektu hori aurrera atera ez duenez, kasik palari gorrotoa hartu diola esango nuke.

Horrez gain, kontratu berriak ez sinatzeko ados jarri eta ia ostikoka Deportibotik bidaltzea, euren gauzak takiletatik atera eta zakar poltsetan sartzea... jokabide hori lotsagarria bezain iraingarria izan da. Giza harremanetan zeinen arduragabeak diren erakutsi dute.

Asegarcek erronka honi bakarka aurre egiteko ezina dela-eta erakunde publikoengana jo du; zu zeu bitarteko lanetan zabiltza, gainera. Hodei ilunen artean argi izpirik bai?

Egia esango dizut. Bi bilera egin ditugu. Aurrenekoan enpresa geure ideien hartzaile sumatu nuen eta itxaropen apur bat sortu zitzaidan. Bigarren aldiz elkar ikusi genuenean, ordea, guztiz zapuztuta atera nintzen handik. Pala modalitateak aparteko tratamendua behar du orain; enpresak bere arlo nagusiko atal baten adartzat (eskuz eskukoa) hartzen duen bitartean ez dago zer eginik, inola ere ez.

Aseginolaza hil zenez geroztik enpresa honi pala indartzeko inolako asmorik ez diot ikusten, baina jakin bezate, Asegarcerekin edo gabe, palak bizirik iraungo duela.

Zein neurri hartuko zenituzke pala suspertzeko bidean?

Zaletasunak eta azken boladan harmailetan jubilatu itxurakoak besterik ez zela ikusten esatea ez zait zilegi iruditzen. Izan ere, zaletasuna partidu eta jaialdiak eskaintzen sortzen da. Deportibon derrigorrezkoak beharko lirateke gutxienez lau jaialdi aste bakoitzean, eta horietako bat, gainera, promozio mailakoa jarriko nuke nik.

Maiztasunak mugimendua dakar eta mugimenduak oihartzuna. Baina, jakina, jaialdi horiek aldez aurretik marketing eta publizitate ahalegin bat behar dute. Jakin badakit bapatean ez dugula palazko ikusle kopurua bikoiztuko, baina Bilbo bezalako hiri batetan, eta adibide bat jartzearren, zenbat milaka kanpotar dabil egunero bere aferak konpontzen? Kanpaina egoki bat eginez gero, sekula partidu bat ikusi ez duenari Deportibora arratsalde pasa joatea ez al litzaioke gustatuko?.

Kontuak kontu, pala jokalariak geldi dira oraingoz eta Deportibo, berriz, edozertarako itxita.

Momentuz Asegarcek Bilboko Aste Nagusirako (abuztuan) ateak irekiko dituela agindu digu ohizko Bilbo Hiria Pala torneoa jokatuko delarik, baina gauzak ez badira luzerako proiektu baten barruan antolatzen, bi hilabeteren bueltan arazo bera izango genuke muturraren aurrean.

Pala zaindu nahi ez duenarentzat hemen ez dago lekurik. Utz diezagutela esparru hori libre eta, handik edo hemendik, benetan modalitate hau galdu ez dadin arduratzen denik azalduko da.

Palaz luze jardun gara, Kiko, baina eskuzkoan ere ez da giro. Modalitate honetan ere erregulazioa al dator?

Jakina bada!, Asegarcek banan-banan gainontzeko enpresak desagertarazi edo irensteko, pilotariei sekulako kontratoak egin zizkieten. Enpresa bakarra dela esan genezake eta orain merkealdi-aroa inposatu nahi dute, itxuraz. Puntapuntako pilotariak aberastu egiten dituzte eta, bitartean, gainontzekoei apurrak ematen dizkiete; gutxiengo partidu kopururik gabe kontratu bat eskeintzea onartezina da.

Geuk Federazio bezala profesional mailan ezer gutxi dugu esateko, baina ondorioak jasaten ari gara. Pilotari gazteak edozein preziotan, profesionaletan debuta egitea amesten du baina mordoska batek urte pare baten bueltan, kontraturik gabe utzi eta afizionatu mailan sailkatu behar izan du berriz.

Geuk lizentzia onartzen diegu baina nazioarteko mailan txapelketak jokatzeko eskubidea galtzen dute, pilotari beraren progresioa zeharo murriztuz.

Pilota mundu honek ez al du atarramendu onik izango?

Enpresa bakarra izatea kaltegarria da oso, baina erne ibil daitezela. Bergara, Tolosa, Ogeta, Astelena... pilotaleku horien jabetza ez dute eta nik beste enpresaren bat sortzeko itxaropenik ez dut galtzen. Pilotari onenak loturik daude, baina pilotaleku industrialak jaialdiak antolatzeko erraztasun gehiago ematen du, era berean.

Garai batean esan ohi zenez, enpresen tirabirak tarteko, «artzak zuk izango dituzu baina txoriaren kaiolan ez dira sartzen...»

Pilota profesionalaz jardun dugu, etorkizunaz ere bai; hauteskundeetara berriz aurkezteko prest al zaude?

Lan eskerga dugu oraindik eta borrokatzen segitzeko ilusiorik ez zaigu falta. Nolanahi ere, horretarako ezinbesteko baldintza bat badago, ekidiezina: Euskadiko Federazioa nazioarteko mailan Espainiatik kanpo egotea.

Ardura hartu genuenetik makinatxo bat ahalegi egin dugu; Kuban hamaika negoziazio egin ostean nazio bezala Espainiatik berezituta desfilatzea lortu genuen; Donibane Lohitzunen jokatu zen Munduko Txapelketan, nazioarteko federaziorako hauteskundeetan, geure hautagaiaren aldeko nahiko boto lortu genituenean, otsoa etxean azaldu zitzaigun eta garai hartan aipatzea merezi ez duen Kultur Sailburuaren azpijokoak lehendakaria geurea izatea galerazi zigun, jaiotzez euskalduna baina inor baino anti-euskaldunagoa.

Eta horren inguruan datu zehatzak eman ditzaket: hain zuzen, Venezuelak zeuzkan bost botuak agindu zizkidatenean, hara non enteratu nintzen, sailburu hori Venezuelako Euskal Etxera joan eta ez dakit zer nolako zorra kitatzeko baldintzaren truke ezin izan zuten esandakoa bete.

Eta Belgikakoak berdin... Zorionez, hauek otsoa uxatu zuten eta egun departamentu horren jarrera Euskadiko federazioaren aldeko jarreradela irizten diot. Horrela ez balitz, ez nintzateke kargurako berriro aurkeztuko.

Sokatiran, sanboan, futbolean... eskuraezineko ahalegina ote?

Gaur egungo testuinguru politikoan trabak besterik ez ditugu aurkituko, baina pilotaren kasuan nik beste ikuspegi batetik begiratzen diot arazoari. Eta, hain zuzen ere, lojikaren arrazoia plazaratu nahi nuke. Nork asmatu du kirol hau, nondik datorkio pilotari jatorria? Bistan da. Herrian kontzientzia hori sustraitzen ahalegindu behar dugu, geure politikarien jarrerak ere, noski, berebiziko garrantzia duela baina berriro diot: hau lojika kontu bat da, pilota euskaldunon jokoa da eta ildo horretatik, nazio bezala onartu behar gaituzte. Urrutira gabe, gertu ikusten dut Euskadiko selekzioak nazio bezala eta Espainiatik aparte, munduko txapelketan parte hartzeko eguna.

 

MARTIN AGIRRE


Azkenak
Hegazkinez bidaiatzea trenez baino 26 aldiz merkeago izan daiteke Europan

Europa barruan hegaldiak hartzea trenez bidaiatzea baino 26 aldiz merkeagoa izan daiteke, 31 herrialdetako 142 ibilbidetan oinarritutako Greenpeaceren ikerketa baten arabera. Hegaldien zerga pribilegioei egotzi die desparekotasuna, eta trenbidea merketzeko neurriak eskatu ditu.


Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...

Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera... [+]


Gutxieneko soldata propioaren alde 138.495 sinadura lortu dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek aurkeztu dituzte Herri Ekimen Legegilearen sinadurak Eusko Legebiltzarrean. Orain pilota alderdien teilatuan dagoela esan dute, eta herritarren borondatea kontuan izatea eskatu diete.


Gazako genozidioan hildakoen %83 zibilak dira, Israelgo armadaren datuen arabera

Israelgo armadaren barne agiri batean agertzen diren datuek diote Gazan hil dituzten sei palestinarretatik bost zibilak direla, azken hamarkadetan aurrekaririk ez duen sarraskia izanik. Israelgo zerbitzu sekretuek maiatzean zioten armadak Hamaseko eta Jihad Islamikoko 8.900... [+]


Sexu erasoak “kopuruz eta intentsitatez handitu” dira Bilboko Aste Nagusian

Bilboko Konpartsek elkarretaratze jendetsua egin dute Arriaga Antzokiren aurrean azken egunetako eraso sexisten aurka egiteko. Konpartsek adierazi duten arabera, erasoak kopuruz eta intentsitatez handitu dira. Aste Nagusiaz gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta... [+]


Kartzelan jaioa eta Israelek eraila adin nagusitasunera iritsi aurretik: Youssef Al-Zuqen historia

Youssef Al-Zuq munduko preso gazteena izandakoaren bizitza Gazako zigor zikloaren ikur da. Al-Zug 2008an jaio zen kartzelan, ama atxilotu eta epaiketarik gabe espetxeratu ondoren. Uztailaren 12an hil zuten Israelen bonbardaketa batean.


Oporrak ere gaixotasun?

Abuztua heldu zaigu, irakurle. Oporretan zaude eta zuretzako denbora gehiago daukazu? Edo agian ez daukazu denborarik, oporrak planez bete dituzulako? Edozein modutan, kontuz! Egungo bizimoduaren psikologizazioak edonon sailkatzen ditu sindrome berriak, eta oporraldiak ez daude... [+]


Txikiren eta Otaegiren mural bati eraso egin diote Durangon

Durangoko Ernaik salatu du Txiki eta Otaegiren muralaren kontrako erasoa. Ostegun arratsaldean murala berregiteko dei egin dute.


Nazien kontzentrazio esparruetan palestinar zapia ezin dela jantzi ebatzi du Alemaniako epaitegi batek

Turingia estatuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Buchenwald konzentrazio esparruko memorialak eskubidea duela kufija daraman edonori sarbidea ukatzeko, "judutar ugariren segurtasuna" arriskuan jarri baitezake.


AEBek beltzez margotu dute Mexikoko mugaren hesia haren tenperatura igo eta migratzaileak pasatzea saihesteko

Mexikoko mugako hesia beltzez margotu du AEBetako Gobernuak. Lehenengo brotxakadak ematera bertaratu da Segurtasun Nazionaleko idazkaria bera, Kristi Noem. Neurri horren bidez, hesiaren tenperatura igo nahi dute, eta horrela migratzaileen pasabidea zailtzeko.


Ibai Iturria Garmendia, mendi gidaria
“Jende asko ez da modu egokian joaten mendira, kezkagarria da”

Garmendi mendi gidaritza zerbitzuaren bitartez zeharkaldi eta ateraldiak antolatzen ditu Ibai Iturriak. Argitara eman diren datuekin kezkatuta, mendian "kontzientziaz eta arduraz" jokatzearen beharra azpimarratu du.


2025-08-21 | Gedar
Zumaiako Bedua jatetxeko esplotazioaren testigantza gehiago bildu dituzte

Ez kobratzea, nagusiaren senideen etxeak garbitu behar izatea, lantokian lo egin behar izatea, irainak... Luxuzko jatetxeko esklabotza-baldintzen lekukotzak argitara ateratzen jarraitzen dute Urola Kostan.


Israelek Gaza hiria okupatzeari ekin dio, Hamasek azken su-eten proposamena onartuta ere

Erakunde palestinarrak astelehenean jakinarazi zuen ohar batean Egiptoko eta Qatarreko bitartekariek proposatutako su-eten akordioa ontzat jo duela. Israelgo armadak, ordea, dagoeneko inguratuta dauka Gaza hiria, eta han dauden palestinarrei urriaren 7ra arteko epea eman die... [+]


Eguneraketa berriak daude