Etxerako itzulera urruneko itzalean egon direnen ahotik


1996ko ekainaren 16an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

«APURTU egin behar genuen eta hemen gaude», bota digute aho batez Rosa Alkorta eta Joxe Portu euskal deportatuek. Ez dute, baina, denbora larregi egin Baionako katedralean. Elkarrizketa egin eta ordu batzuetara, katedralean sartu eta gose greban ziharduten deportatuak atxilotu egin zituen Frantziako Poliziak.

Hamar izan dira deportazioa hautsi eta Euskal Herrira bueltan etorri diren errefuxiatuak: Venezuelatik Portugaleteko Gabriel Segura, Azpeitiko Jose Iñaki Arruti, Koldo Saralegi tolosarra eta Joxe Portu errenteriarra; Cabo Verdetik Joxe Mari Pagoaga arrasatearra, Mikel Lopez zallarra, Yolanda Berruete iruindarra, Jose Luis Behotegi gasteiztarra eta Rosa Alkorta ondarrutarra; eta Basauriko Patxi Hernandez Aljeriatik. Iragan asteko astelehen arratsaldez iritsi ziren Baionara, eta aste bereko ostirala bitarte bertako katedralean igaro dituzte orduak, hamar urteren buruan Euskal Herrian egin dituzten lehenengo orduak.

Hamar urte luzez itzal urrunean egon ondoren, komunikabideak gainean dituzte. Egoera horren aurrean, deseroso, euren mezua zabalduz dihardute. «Espainiako eta Frantziako estatuek ezarritako zigorra» nola pairatu duten kontatu digute Rosa Alkortak eta Joxe Portuk.
«Cabo Verdetik heldu naiz. 1982an herritik, Ondarroatik, alde egin nuen eta Iparraldera etorri nintzen. Zenbait urte egin nituen Iparraldean, Seaskan lanean. Baina, frantziar Estatuak errefuxiatuekiko hartutako jarrera ikusita, Aljeriara joatea erabaki nuen. 1989an, Aljerreko mahaia hautsi zelarik, Cabo Verdera kanporatu gintuzten. Bertan zazpi urte igaro ondoren utzuli naiz», diosku Rosa Alkortak. Joxe Portu errenteriarrak ere bere buruaren aurkezpena egin digu. «Gu ere, Venezuelan zazpi urte egin ostean itzuli gara. 1986an igaro nuen muga. Carcassonen bizi ginen 1987ko sarekada izan zenean. Harrapatu eta Aljeriara eraman gintuzten. Aljerreko elkarrizketa zela eta ez zela eraman gintuzten Venezuelarat».

Batek zein besteak gauza askotxo dituzte kontatzeko Venezuelaz eta Cabo Verdez. Oso gogoan dituzte bertan igarotako urteak eta bizitutako esperientziak.

«Venezuela beste herri bat da, erabat diferentea. Han ere jende gaiztoa eta ona dago, baina guztiz bestelakoak dira. Esaterako, Caracasen bertan, aste bukaeran 40 hildako izaten dira», dio Joxe Portuk. Venezuelan urte franko daramatzaten euskal errefuxiatuak ere topatu zituen Portuk. «Gerra garaiko errefuxiatu batzuekin egin dugu topo. Erabat motelduta daude. Han bizi dira, eta Euskadi amets gisara ikusten dute».
Errenteriarrak zein ondarrutarrak kartzela handitzat jotzen dute deportazioa. Bizimodua hain ezberdina izanik, «kuadrilan bizi ginela esan daiteke, ghettoan». Lanari dagokionez ere, izan dute zailtasunik, nahiz eta alde horretatik zortea izan duela aitortu Alkortak. «Cabo Verden egindako zazpi urteetatik hiru lanean egin ditut. Bertako jende askorentzat lanik ez dela izaten kontuan hartuta, pribilejiatua izan naiz. Arrantza enpresa batean egin nuen lan. Otarraina arrantzatzeko txalupa bat zuten enpresan. Bertako kapitainak, frantziarra izaki, zer behar zuten erran ohi zidan, etortzen zirenerako portuan dena prest edukitzeko. Horixe zen nire lana». Lana egon badagoela adierazi digu Portuk ere, baina lan-baldintzak ez omen dira egokienak.

«Bizitzeko adina irabazteko ordu asko sartu behar genituen. Venezuelako biztanleen erdia txaboletan bizi da, eta horretxek uzten du agerian bertako lan-egoera zertan den».

Euskal Herriaz eta euskal herritarroz bertako jendeak duen iritzia ere azaldu digu Rosa Alkortak. «Hango jende askorentzat gu espainolak ginen, eta guk erraten genien euskaldunak ginela. Euskal Herria non dagoen maparen bitartez erakutsi behar zitzaien, eta hemengo egoera zertan zen azaldu. Ulertu, ulertzen zuten, beraiek ere kolonia izan baitziren».

Jasaten zuten kontrolaz ere mintzatu zaizkigu. «Hilabetero joan behar izaten genuen Polizia politikoarengana. Eta Felipe Gonzalez edo horrelakoren bat etortzen zenean, poliziz betetako autoa izan ohi genuen gibelean. Zinez kontralaturik geunden. Horren erakusle, «Abc»k gure banku-kontuen zenbakien berri eman izana», zehaztu du Portuk. Aldiz, poliziekin ez zuten arazo handiegirik izan, «baldin eta polizia hori espainol baten semea ez bazen. Izanez gero, istiluak izaten genituen. Gehienetan lan profesionala egiten zuten: argazkiak egin, zuzenbidea hartu, lantokiaren berri jaso... Hilero datuak eman ohi genituen». Cabo Verden, baina, kontrola ez zen horrenbestekoa.

«Polizien presentziarik kasik ez genuen sumatu. Baina bizi ginen tokia hain zen txikia, egunero elkar ikusten genuela. Gainera, etxetik oso hurbil komandantea bizi zen, eta baita eta militar bat ere», argitu digu Alkortak.

Bestalde, ondarrutarrak antzeman du diferentziarik gizon eta emakumezkoen artean deportazioa bizitzerako orduan. «Ikusi nuenez, mutikoek errazago egin zituzten lagunak, kuadrilak. Fiteago integratu ziren. Niri gehiago kosta zitzaidan. Cabo Verdeko gizartea ezagutzen dudala erran gabe, matxismoa nabaritu dut bertako harremanetan. Xehetasunetan antzeman daiteke: adibidez, emakumeak etxean utzita joan ohi dira bestetara gizonezkoak. Edota komentarioetan: emakumeek ile luze eraman behar dutela eta antzerakoak. Eta horrelakoak, polizia baten edota kultur maila ona dutenen ahotik entzuten dituzu, ez txaboletan bizi direnen aldetik».

Euskal Herriari dagokionez jasotzen omen zuten informaziorik, baina atzerapenarekin beti ere. «Distantzia traba handia da eta, momentuz, Euskal Herriko egungo giroaz ezer esatera ez nintzateke ausartuko. Azpimarratuko nukeena da jendea, gazteria, heldu dela gure atzetik», adierazi du Alkortak. Ostera, Joxe Portuk sakonago jo du zehaztapen horretan. «Jendea hasi da konturatzen hau luzerako doala, eta hitz egin beharra dagoela. Ondorioz, hitz egin baino lehen egurra ematen dute. Baina badakite hitz egitea dela konponbide bakarra. Argi dago bakea lortzeko akordioa ezinbestekoa dela, batek bestea menperatu gabe».

Etxera itzultzea nolatan erabaki duten galdetuta, Joxe Porturen erantzuna argi eta garbia izan da: «Lehenik eta behin, kokoteraino geundelako, eta bigarrenik, jasaten ari ginena epaiketarik gabeko zigorra zelako. Gure helburua Euskal Herrian bizitzea dela kontuan izanik, eztabaida ireki eta hona bueltatzea erabaki genuen. Noski, erabakiak zein ondorio ekar ditzakeen jakinda: Espainiaratzea edo hemendik berriz bidaltzea. Apustu gogorra izan arren, egin beharrekoa zen».

Euskal Herrira bueltatzeko erabakia lehenago hartu ez izanaren arrazoiak kontatu dizkigu Errenteriakoak, orain zergatik hartu duten ere zehaztuz. «Jendea pittinka kanporatu dute, eta ondorioz, garai horretan zaila zen halako erabakirik hartzea. Gutxitxo ginen erabaki hori hartzeko. Hori aldatu egin da multzo handi samarra suertatu garenean. Deportatuen % 10a deportazioan zendu da, egoera okerrera doa, epaiketak hasi dira... Prozesu bat da. Arriskua handia da: kartzelaratzea edota herri berera itzultzea. Loteria da. Baina arriskuak ongi azterturik genituen erabakia hartu aurretik».

Gerora gauzak oso bestela gertatu diren arren _deportatuen atxiloketa eta Espainiaratzea_, hamar deportatuen eskaria garbia zen oso. Frantziako Gobernuari luzatutako eskaera, hain zuzen: «Euskal Herrian gaudenez, utzi diezagutela hemen bizitzen. Hori baino ez dugu eskatzen», azaldu du Rosa Alkortak, eta euren egoera normalizatzeko nahia gaineratu Portuk: «Beste edonork bezala bizi nahi dugu Euskal Herrian, eta hori lortzeko paperak eskatuko ditugu. Bizitza normala egin nahi dugu, eta lana topatuz gero lan egin. Ez dugu ezkutuan ibiltzeko asmorik».

ARGIAko irakurleentzat ere badute mezurik. Rosa Alkortarena lehenik: «Deportazioan ginelarik gutaz oroitu diren guztiei eskerrak eman nahiko nizkieke, bai Gabonetan postalak igortzen zizkigutenei eta baita euren babesa eskaini diguten guztiei ere. Izan ere, han asko eskertzen ditugu postalak eta horrelakoak». Portuk hartu du hitza amaitzeko:

«Jende guztia eskertu nahi nuke, eta gogorarazi hau soka-tira saioa dela eta mundu guztiak sokari eutsi behar diola».

 

IXABEL ETXEBERRIA


Azkenak
Israeldar kolono batek ‘No Other Land’ dokumentala grabatzen lagundu zuen aktibista palestinar bat hil du Zisjordanian

Yinon Levi izeneko kolonoak Odeh Hadalin aktibista hil du Zisjordania hegoaldean. 'No Other Land' dokumentala grabatzen lagundu zuen Hadalin, dokumental onenaren Oscar saria irabazi zuen martxoan. Kolono hiltzailea palestinar lurraldeak okupatzeagatik AEBetako zigor... [+]


2025-07-29 | Mikel Aramendi
Analisia
Kanbodia eta Thailandia, gerra-plantak egiten?

Arma astunekin elkarri erasoka lau egun eman ondoren, baldintzarik gabeko su-etena adostu dute Kanbodiak eta Thailandiak, Malaysiaren bitartekaritzarekin, Kuala Lumpurren egin duten aurrez aurrekoan. Ezingo dute akabera hori ikusi bonbardaketetan, alde batean zein... [+]


Euskal diaspora elkartuko da Boisen, eta jendetsua izatea espero dute

AEBetako Idaho estutako Boise hiriburuan ospatuko dute euskal kultura ezagutarazteko, eta euskal diaspora batzeko. Hainbat ekitaldi egingo dituzte uztailaren 29tik abuztuaren 3ra arte.


Gurasotasun baimena 16 astetik 17ra luzatuko du Espainiako Gobernuak, eta 32 aste gurasobakarrentzat

Astearte honetako gobernu bileran onartuko dute PSOEk eta Sumarrek, akordioa iragarri baitute. Neurria "berehala" ipiniko dela indarrean jakinarazi dute.


Astebeteko liskarren ondoren, Thailandiak eta Kanbodiak su-eten akordio bat sinatu dute

Duela astebete, bien arteko mugan Thailandiako eta Kanbodiako tropak elkarri eraso egiten hasi ziren, Frantziaren kolonizazio aldian jatorria duen gatazka berpiztuta. Bi herrialdeek "berehalako eta baldintzarik gabeko" su-etena ezartzea adostu dute astelehenean, 35... [+]


Zuzenean eta zeharka 434.000 palestinar hil ditu Israelek 2023ko urritik, Gazako biztanleriaren %20, kalkulu baten arabera

The Lancet aldizkari ezagunak iazko uztailean eginiko "aurreikuspen zuhurraren" ondoren, zuzenean eta zeharka Gazan hilda egon daitezkeen palestinarren kopurua eguneratu du Steven Donziger abokatu entzutetsu estatubatuarrak, The Lancet-en formula... [+]


Europa makurrarazi du Trumpek
AEBek Europako produktuei %15eko muga-zergak ipiniko dizkie, eta alderantziz ezer ere ez

Horrez gain, Europa behartu egin du gasa AEBei erostera, 750.000 milioi euro xahutu beharko ditu horretan datozen hiru urteotan; beste 600.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko ditu han, "inbertsio estrategikoetan"; eta, "ehunka milioi euro", zehaztapen... [+]


Agur esan du Hatortxu Rockek, baina segida izango du abenduan: Aske jaialdia

Lau egunez Lakuntza milaka lagunez bete du Hatortxu Rockek. Aurtengo edizioak presoen aldeko jaialdiaren bideari amaiera eman dio. Hala ere, abenduak 27rako jaialdi berria iragarri dute: Aske.


Gosez hiltzen ari gara

Nire gorputza erortzen ari da. Ama kolapsatzen ari da nekeak jota. Nire lehengusuak egunero jokatzen du bizitza laguntza pixka baten truke. Gazako haurrak gure begien aurrean hiltzen ari dira eta ezin diegu lagundu.


Octavio Alberola zendu da, Donostian Franco hiltzen saiatu zen anarkista

1962ko udan, CNT Francisco Franco diktadorea hiltzen saiatu zen Donostian, ETAren laguntzarekin. Octavio Alberola anarkistak koordinatu zuen ekintza, baina huts egin zuten.


Paul Urkijoren ‘Gaua’ hurrengo filmaren soinu bandaren grabaketan parte hartu du Aiaraldeko Iaiaiai taldeak

Irrintzi eta performance taldeak aste honetan egin ditu grabaketak Paul Urkijoren eta Mursegoren eta Aran Callejaren gidaritzapean, eta beste artista batzuekin elkarlanean, Ibon RG-rekin besteak beste. Sitgeseko zinema jaialdian estreinatuko dute pelikula, urrian.


2025-07-28 | Gedar
Arrazakeriarekin lotu ziren iazko gorroto-delituen ia erdia Espainiako Estatuan

%37 genero- eta sexu-diskriminazio kasuekin loturik egon ziren, eta aporofobia %33 hazi zen. Gorroto-delituen intzidentzia tasarik altuena Nafarroan identifikatu zuten iaz.


Umezurtz geratu diren Palestinako haurrei eskolak ziurtatzeko 41.000 euro bideratuko ditu Salam Gaza erakundeak

Nafarroako Kutxa Fundazioari esker 41.000 euro bideratuko ditu Palestinara Salam Gaza Gobernuz Kanpoko Erakundeak, umezurtz geratu diren haurrei eskolak bermatzeko gutxienez beste urtebetez. Alor akademikoa eskaintzeaz gainera, babes psikologikoa eta laguntza emozionala... [+]


Eguneraketa berriak daude