"IRAren berehalako beste su-eten bat? Ez dago horretarako aukerarik"


2007ko otsailaren 21an

Sorj Chalandon kazetariaren iritziz, John Majorrek ez du negoziatzeko borondaterik

Hauteskundeok zein testuingurutan eratu diren azaldu iezaguzu, Sorj.

Protestanteen ingurutik sortutako proposamena izan zen. Alderdi politikoak ezertarako ez direla-eta, ideia hori oinarritzat hartuta bultzatu zuten hauteskunde prozesua, britainiarrekin bake-bidea nortzuk jorratu behar duten erabakitzeko. Kontuan izan protestanteakdirela Ipar Irlandako herritarren gehiengoa. Eta helburu hauxe dute: bake prozesuan ahalik eta ordezkaritza handiena izatea.

Errepublikarrek uko egin zioten proposamen honi. Plazaratu zenean, eta John Majorrek onetsi, Dublinek zioen: «Argi ibili, ihesi doan zakurrari isatsean su ematen ari zarete eta!». Sinn Feinen ustez, berriz, errepublikar guztiak hauteskundeen aurka azalduko ziren. Baina, azkenik, Dublinek baietz erantzun zuen; SDLPk ere hauteskundeetan parte hartu egin behar zela zioen... eta Sinn Feinek, boikotak ez zuela aurrera egingo ikusirik, honek ere bere burua aurkeztea erabaki zuen. Hauteskundeen emaitza edozein delarik ere (bozketa baino astebete lehenago egina da elkarrizketa hau) errepublikarrak ez dira negoziazio mahaira bilduko. Eta pozik izango dira britainiarrak, ez baitute Sinn Fein mahai horretan ikusi nahi. Anglo-loyalisten hauteskundeak dira igandekoak, eta derrigorrez, banaketa geografikoa dela medio, protestanteek eskuratuko dute gehiengoa. Bi hitzetan esanda: britainiarrek alde guztiekin hitz egingo dute, etsaiekin salbu.

Beraz, duda-mudatan luzaro ibili ondoren, Sin Feinek hauteskundeetan parte hartzea erabaki zuen.

Erabat isolatuta zegoen Sinn Fein, eta su-etenari esker lortu zuen fronte errepublikarra osatzea SDLPko moderatu, Hego Irlandako errepublikar eta Amerikako irlandarrekin. Honenbestez, irlandarrentzat ezezik britainiarrentzat ere solaskide baliotsua bilakatu zen. Otsailaren 9an IRAk borroka armatuari berrekin zionean, berriro ere isolatuta geratu zen Sinn Fein. Eta besterik uste bazuen ere -hauteskundeoi boikota egingo zietela, alegia- alderdiok parte hartzea erabaki zuten. Nik neuk dakidanez, animuak ez dabiltza oso goitik eta mobilizaziorako kemen handirik ez da ageri. Aspaldiko zenbait ekintzaile errepublikarrek ez dute botoa emateko asmorik.

Londresen eta IRAren negoziazio projektuek elkarren kontra klak egin dute, honenbestez.

Horixe gertatu da, bai. IRAk armak isilarazi zituenean, armada klandestino batek jo lezakeen gehienezko mugara heldu zen. IRA ez zegoen bentzitua, borroka jarraitzeko moduan zen, eta da. Borondate ona erakustearren gorde zituen armak, gehiagorik ezin zezakeen egin. Lehenbiziko aurre-baldintzari, su-eten iraunkor eskariari, ezetz erantzun zion IRAk. Hilabeteko epea eman zioten horretarako. Bigarrengoan, hiru hilabete itxaron behar zutela zioten britainiarrek, su-etena benetakoa zela frogatzeko. Hirugarrengoan, armak entregatzeko agindu zioten IRAri.

Armak isilarazi dituen erakunde bati sekula ez zaio eskatu izan, historian zehar, arma horiek etsaiaren eskuetan jartzeko. Hamazortzi hilabetez egon dira isilik IRAren armak, eta ez dute deusik ere lortu. Ezta ezertxo ere! Tregoari esker hobekuntzarik izan dela diotenak gezurretan ari dira. Belfasten ez da enplegu berri bakar bat ere sortu tarte horretan. «Negoziatzeko prest gaude; hitz egin ezazue gurekin eta gainerako guztiekin, moderatuekin, loyalista gogorrenekin; mahaiaren inguruan bildu eta hitz egin dezagun» zioen IRAk armak isildu zituenean. Britainiarrek, berriz, nahita luzatu dute prozesua, eta, halako batean, Armada Errepublikarrak atentatuei berrekin zien. Zartatekoa izan zen errepublikarrentzat su-etenaren haustura, negoziazioek aurrera egingo zutela uste baitzuten.

Zuk diozunez, Londresekin inongo hitzarmenik adostu gabe aldarrikatu zuen su-etena IRAk.

Borondate ona adierazteko ekimena izan zen tregoa, aldez aurreko inolako akordiorik gabea. Su-etenak gehiago iraun izan balu, arriskuan jarriko zukeen mugimendu errepublikarraren batasuna.

Bai Sinn Feinen bai IRAn agertu izan da su-etenarekin konforme ez zenik.

IRAren barne funtzionamendua demokratikoa da eta, su-etenik aldarrikatzen bada, erakundeko unitate guztiak biltzen dituen Konbentzioak onetsi behar izaten du. Komandantziak hartu zuen, ordea, erabakia eta ekintzaileek, diziplinatuki, onartu egin zuten. Konbentziorik egin izan balitz gehiengoaren iritzia su-etenaren aurkakoa izango zatekeen, nire ustez. Tregoa aldarrikatuz armak isilarazi zituen IRAren zuzendaritzak. Eta, aldi berean, barne zatiketaren arriskua bereganatu ere. Ez zen eszisiorik izan.

Hamazortzi hilabete beranduago, eta emaitzak ikusirik, su-etena bertan behera utzi zuen Komandantziak, indarrean jartzeko erabili zuen prozedura anti-demokratiko berbera erabiliz. Pentsa zenbateraino izan zen ustegabekoa su-etenaren haustura IRAkoentzat: Belfasteko goi arduradunek irratian entzunda jakin zuten horren berri. Erakundeko Kontseilu Nagusiak, sei edo zazpi lagunek, hartu zuten erabakia. Kolpe gogorra izan zen errepublikar askorentzat: «Beste hamar edo 15 urterako berpiztu dugu gatazka», zioten.

Hala eta guztiz ere, Londresen izan dira atentatuak azkenaldi honetan. Ipar Irlandan, aldiz, ezta bat bakarra ere.

Su-etena hautsia da, baina, aldi berean, Ingalaterran soilik ari da gauzatzen haustura. Zeren eta IRAk Ipar Irlandan atentaturik egingo balu, beste aldekoek -loyalistek- ere eten egingo lukete beren tregoa. Eta odolustea martxan litzateke berriro. Gaur egun bi joera dabiltza mugimendu loyalistan. Batzuek diote: «IRAk Londresi ekiten badio, guk Dublini ekingo diogu». Gehiengoak, ordea, nahiago du su-etenari eutsi. Eta IRA Londres aldean, soilik, jotzen ahalegintzen da.

John Majorrek ezin izan du negoziatu, edo ez du nahi izan?

Ez du negoziatu nahi, ene ustez. Gehiengo oso eskasa du parlamentuan. Boterean irauteko Ipar Irlandako bederatzi parlamentari loyalisten laguntza ezinbestekoa du. Horien botorik gabe ezin du ezer egin. Bere karrera politikoak gehiago arduratzen du Major, Irlanda baketzeak baino.

«The Irish Times» egunkarian argitaratu berria duen artikulu batean Majorrek zioen espero duela IRAren beste tregoa bat ekainaren 10a baino lehen.

Ez dago horretarako benetako aukerarik. Berehalakoan hotsegin nion hainbat ekintzaile errepublikarri eta ezer ez zekitela adierazi zidaten. Ez aurrera ez atzera dagoela egoera iruditzen zait, eta ez dut arrazoirik sumatzen IRAk beste tregoa bat aldarrikatzeko. Su-etenak keinu politikoak izan ohi dira eta IRA erakunde armatua da. Bestalde, ez da heldu Londresetik batere borondate on seinalerik. Munduko obserbatzaile inpartzialenak ere ez luke somatuko egun baldintza egokirik tregoarako. Eta bihar edo etzi su-etenik izango balitz, negoziazio sekreturik eta garantiarik badelako izango da.

Bill Clintonen eta Amerikako irlandarren esku-hartzeak uste bezainbateko garrantzia izan al du bake prozesuan?

Ikaragarria. Irlandar jatorriko amerikarrak 47 milioi dira. Beren buruak irlandartzat, ez britainiartzat, jotzen dituztenak. IRAren biolentzia oso begi onez jotzen ez dutenak gehienak. Su-etena aldarrikatu zen egunean denek txalotu zuten errepublikarrek Dublinekin eta moderatuekin eratutako frontea. Otsailaren 9an txalo eta babesak desagertu egin ziren. Eta IRAk aukeratu egin beharko du: aliatuen laguntza jasotzen segi edo mugimendu errepublikarraren batasuna. Amerikako dirua edo beregan konfidantza duen jendea.

Zer dela eta segi nahi dute britainiarrek, kosta ahala kosta, Irlandan?

Arrazoi ekonomikoengatik ez behintzat, oso garestia baita Londresentzat Ipar Irlandan tropak edukitzea. Eta gainera, soldadu ugari hiltzen dizkiote. Arrazoi ofiziala, berriz, honako hau: «Ipar Irlanda Liverpool bezain britainiarra da». Modu ofiziosoan besterik ere esaten dute: «Ipar Irlandako herritarren gehiengoa britainiarra den bitartean ezin dugu ezer egin». Pribatuan, `en petit comitè', aitortu ohi dute britainiarrek «Aldegingo dugu; bost edo hamar urte barru, baina geuk erabakiko dugu noiz aldegin». Txipren, Indian, Palestinan... ere horixe egin zuten: ingelesek erabaki dute beti zein egunetan aldegin nonbaitetik. Ez dute ametitzen inork agintzerik noiz etxeratu behar duten. Eta oraingoan `bake irlandarra' inposatu nahi izan dietela pentsatu dute. Ipar Irlanda da, izan ere, -Hong Kong eta Gibraltarrekin batera- inperio britainiarraren azken hondarretakoa.

Otsailaren 9an Londreseko City-n lehertutakoa ondorengo 20 urteotan izan daitekeen borroka armatuaren lehenbiziko bonba izan al zen?

Ez dut uste, zeren eta nekatua dago jendea. IRAko militanteek eurek ere dastatu dute bakea. Eta bakeak, Belfasten, badu izen-abizenik: gauez tragoska bat edan ahal izatea, kalean ibiltzea, etxeko leiho eta ateetatik burdinesiak kentzea... Zoritxarrez, negoziatzen ez duten bitartean izango da gerrarik. Justiziarik gabe ez da bakerik izango. Sinn Feinekoak ez dira ergelak eta balizko Irlanda independientean alderdi ttiki bat besterik ez izatea onar dezakete. Ez dute botere goserik. Besteek bezainbateko eskubideak -ez gehiago ez gutxiagolortzearren ari dira borrokan eta prest dira horren alde bizia emateko. Britainiarrek dute azken hitza.

Parisko kazetariek ez dute nahi izaten Irlanda edo Euskal Herriko auziez hitzegin. Salbuespena dugu horretan Sorj Chalandon. «Liberation» egunkarian argitaratu berria duzun artikulu batek, Josu Urrutikoetxearen espainiaratzeaz, eragin du eztabaidarik Frantzia partean.

Irain asko jaso ditut, gutun bidez, artikulu horretako esaldi bat dela eta: «Terroristak edo askatasunaren gudariak, horrek ez digu axola. Frantziako Estatua legez kanpo ari dela, hori da axola behar diguna» Estatuek beti aritu behar dute legearen baitan. ETAko ekintzaile bat Espainiara bidaltzen dutenean, legeari jaramonik egin gabe, erabateko itxuragabekeria da hori.

Chirac Londresen izan berria da, eta ez du aipatu Irlandako auzia. Urrutikoetxearen espainiaratzea, berriz, Aznar presidente izendatu dutenean izan da. Eraikitzear dagoen Europa honetan ezin al liteke bitartekari lanetan aritu Frantzia?

Ezezkoan nago. Estatuen Europa ari da eraikitzen piskanaka, Herrien Europa hilzorian dagoen bitartean. Frantziak ez du ezer egitekorik alor honetan. Aitzitik, Britainia Handia eta Espainiarentzat gendarme lanak ari da egiten.

 


JULEN ARRIOLA


Azkenak
Netanyahuk ez dauka “gerra osteko” planik Gazarako

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak publikoki leporatu dio Netanyahuri “gerra” amaitzerako planik ez izateak Israel behartuko duela Gazan kontrol militar eta zibila inposatzera. Palestinako Aginte Nazionalaren egitekoari buruzko eztabaidak talkak sortu ditu... [+]


2024-05-17 | ARGIA
LGTBIfobiaren aurka egingo dute ostiral arratsaldez manifestazio ugaritan

LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17an eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira Euskal Herrian barrena. Albistearen bukaeran ematen dizuegu horietako batzuen berri.


Eguneraketa berriak daude