"Disko hau biluzik dator, trimailurik eta estudioko gehiegikeriarik gabe"


1995eko urriaren 29an
"Gari"musikariari egindako elkarrizketa bere azken lanari buruz
"Disko hau biluzik dator, trimailurik eta estudioko gehiegikeriarik gabe"
Iñaki Garitaonaindia "Gari"
Urri aldera dendetan salgai izango dugun bakarkako lehenbiziko lan honetaz hitz egiteko Bilbon bildu gara. Gari alai eta sasoi onean agertu da hitzordura, zigarrotxoa eta irribarrea tartekatuz. Kantari gehienek erre egiten dutela esan diot, eta berak zorrotz erantzun du, «Pavarottik ezik». Ustekabean harrapatu nau, horren zale amorratua omen baita Gari. Ez da izan dudan ustebako bakarra izan.
Gari goitizena Garitonaindiatik datorkizu, noski.
Bai, eta bizkaitarra da, gainera; aita Bilbokoa da, eta ama giputza; Legazpikoa da familiaren etxe nagusia. Ni jaiotzez Donostiakoa naiz. Ez naiz inoiz Bilbon bizi izan, baina gurasoek hemen dute denda. Niretzat Bilbo da Euskal Herriko hiririk gogokoena, eta Athletic da nire taldea.
Nolatan joan zinen Gasteizera?
Lehenengo Izarrara joan nintzen, estudiatzera, hamalau urterekin. Gero, han ezagutu nituen batzuk, eta hantxe geratu nintzen.
Lizarra hori ez zen estudiante eskasentzako kolegioa, bada?
Eta Opusekoa. Baina ni ez nintzen estudiante txarra izan noten aldetik, onak ateratzen nituen eta. Kanporatu egiten ninduten, hori bai, beste motibo batzuengatik. UBIra ailegatu nintzen, istripua izan nuen motorrez, eta akabo ikasketak.
Istripu ospetsua da hori. Hertzainak-en zeunden orduan.
Ez. Istripu hau hamazortzi urterekin izan nuen, eta taldean hemeretzirekin sartu nintzen.
Gidatzeko agiria eta asegurua, dena zeneukan legez eginda?
Dena.
Ez da hori izan duzun istripu bakarra.
Gehiago izan ditut. Larriena Hertzainak-en bigarren diskoa ateratzen ari ginela izan zen. Horrekin nahiko denbora eman nuen.
Motorra aparkatuta daukazu?
Ez. Baina orduan karreratako pilotoa izan nahi nuen nik. Ez da posible izan eta, R&R-ra jo nuen!
Biak ere elkarren antzekoak dira.
Orain agian ez, baina orduko piloto ospetsuak, Barry Sheen, Nieto, Agostino,... giro horretakoak ziren denak, R&R totala. Orduan drogak eta hori ere lotuak zeuden.
Ez dut uste horiek oso bateragarriak direnik.
Orduan bai. Gero nire lagun batzuk piloto bihurtu dira, eta hor dabiltza, estatu mailako lasterketetan, autoetan. Hor ez dut uste antzina bezala ibiliko direnik.
Istripuak nahasketa horrengatik izan al ziren, ala kasualitatez?
Denetatik pixka bat.
Zenbat urte duzu?
Begira, hirurogeita hiruko uztailaren hamazortzian jaio nintzen, Alzamiento Nacionalaren urteurrenean. Lotsa pixka bat ere ematen dit esateak.
Zer egin duzu Hertzainak desagertu zenetik hona, hiru urteotan?
Puerikultura. Gurasoen dendan ibili naiz, laguntzen. Nire ametsa beste giro hori ahaztea zen, urte pare bat ematea aldendurik, baina gero, badakizu, dinamika batean sartzen hasten zara, eta berriro barruan!
Beharra sentitu izan duzu, jendearen falta?
Ez, ez da inolako sindromea izan. Urte hauetan leku batzuetara deitu izan naute, eta noizean behin jo izan dut.
Hertzainak-en zama ez ote da astunegia izango?.
Ez. Ni gustora nago bakarrik. Baina iragana ez da zama, ez, zeren eta denok geratu ginen egin genuenarekin harro. Garai bateko mugida izan zen hura, eta gu mugida horretan hasi ziren lehenak ginen.
Hertzainak bazterrean geratzea positiboa izan al da beste taldeentzat?
Ezin dut esan; dena dela, gure kasua ez da lehena izan. Itoiz ere halaxe geratu zen lehenago. Gurea ez zen gauza bera izan, baina taldeak desagertzea normala da.
Ez duzu uste Itoiz desagertzean, Hertzainak eta Zarama, musikaren aldetik, biguindu egin zinetela, haren espazioaren bila bezala?
Ez dakit, baina gertatu bazen ere, ez zen nahita izan. Guretzat Itoiz ez zen ispilu bat, gurea beste mugida bat zen, eta, gainera, Itoizen musika ez zait gustatzen.
Kontzertuetako giroa aldatua al da?
Ez dakit, berdin segitzen duela uste dut. Niretzat inportanteena da lehen hamar talde geundela, eta orain berrogeita hamar direla. Hala ere, orain mugida lokalizatuagoa da, taldeak oso ospetsuak dira bakoitza bere probintzian, baina ez dute orokorrean hain ondo funtzionatzen. Orduan ez zuen inork esaten `hauek gipuzkoarrak dira, edo, beste horiek, bizkaitarrak'. Gero, Euskadi Gaztea fenomenoa dago, Gipuzkoan ondo baina gero handik kanpora apenas entzuten diren taldeak daude, irratitik promozionatuak.
Horrek promozioaz hitz egitera garamatza. Kontzertu handiren bat?
Egiteke dudan zerbait da hori niretzat. Hertzainak-en kasuan ere ikusi genuen hemendik irtetea ez zela posible, edo posible bazen ere, ez zela guk nahi genuen kondizioetan posible. Guri ez zigun merezi. Argi daukat nire kantuak euskaraz direla, eta nire diskoak hemen saltzeko direla. Inportantea da hemen gauzak lortzea, baina hemen rock-and-rollak ez du dirurik ematen, aspaldi batean kantatzen genuen bezala.
Kanpoan Negu Gorriak entzuten da, muntaia handi bati esker.
Pozten naiz, baina hor argi ikusten da beste osagarri batzuk daudela, ideologikoak eta politikoak. Errespetatu egiten ditut, baina ni ez noa hortik, nire bidea beste bat da. Madrilen, adibidez, musika negozioa da, eta funtzionatzen ez baduzu, akabo, baztertu egiten zaituzte, nahiz eta erdaraz kantatu.
Hiru urteotan birziklaia egin duzu, bestelako disko bat egin duzu.
Diskorako kontzeptua izan da kantuak egitea, eta kantu horiek kantatuta, gero musika jartzea. Diskoa biluzik dator, zuri-beltzean, trikimailurik gabe, estudietako gehiegikeriarik gabe.
Hain zuzen ere, Hertzainak taldeaz askotan esaten zen, estudiotik zuzeneko kontzertuetara pasatzean ez zela talde bera, aldatu egiten zela.
Ez ginen musikari onak, baina bai indartsuak, ideiekin. Ez genuen estudioa ezagutzen; hara joan eta aldaketak egiten hasten ginen, hau sartu, bestea sartu, eta halaxe. Gero arazoak egoten ziren zuzenean jotzeko orduan, denok ondo egokitu arte.
Musika etnikoaren leherketa etorri da oraintsu. Bidea irekitzen ibili zineten zuek horretan.
Oraindik ez da emaitzarik ikusten. Hemengo talde tradizionalak entzuten ditut eta oso biguinak egiten zaizkit. Txapelketetan beste irudi bat ikusten den arren, belarrikoak eta, oraindik ez dugu benetako aldaketa ikusi, denbora behar da.
Hiru urte hauetan zein musika entzun izan duzu?
Bat ere ez. Hemengoa ez. Eta kanpokoa, flamenkoa eta salsa. Niretzat bat dago, Camaron. Aspaldiko kontua da niretzat, number one Camaron da.
Hemen erdi flamenkoa egin da, trikitrixaz.
Hori halako txiste txar bat da, hain txarra! Benetan oso zaila da mestizajea. Nire gustuko musikak reggae-a, salsa, ska eta halakoak dira. Baina, noski, reggae-a ezin da egin, salsa ere nahiko egina dago. Orduan, saiatu naiz Jon Maiaren bertso batzuk bossa nova batean sartzen, eta azkenean kantu bat sortu da, ez dakit bossa nova ote den, baina kantu bat da.
Mikel Laboak ere omenalditxoa egin zion Camaroni azken diskoan.
Mikel beste maisu bat da, ez dut Camaronen parean jarriko, baina Mikel bera da beti. Ketama ere entzun dut, produktore egon nintzen Gasteizen jo zutenean, eta hor dago Pata Negra ere. Erdaraz kantatzeko hitzen aldetik da problema. Nik ezin dut edozer kantatu, sentitu egin behar dut, «Guantanamera» sentitzen dudan bezala.
Mikel Laboa «bera» dela esan duzu; Gari ere Gari da, horregatik jarri diozu izen horixe diskoari: «Gari».
Baina ni hasten nago. Garbi daukat.
Baina ez zenuen produkzio-etxeetan sartzeko arazorik izango, zure argazkiarekin...
Ez da horrela izan. Problema askotxo eduki ditut, beno problemak, nik uste nituenak baino gehiago. Nola alde horretatik Hertzainak-ek, eta nik gehien bat, fama txarra genuen, eta nola Hertzainak-en burua Josu zen, bada ez dut erraz eduki disketxean sartzea. Gero, kantuak entzun dituztenean problema horiek baztertu egin ziren. Gainera produkzio-etxeek ere gaizki daukate salmenten kontua. Esan behar dut Elkar-ekin egin dudala hau, eta uste nuena baino askoz hobeto joan dela dena.
Baina Hertzainak-en ahotsa zeu zinen.
Baina Josuk egiten zituen kantu gehienak. Oraingoan aldiz, nire kantuak dira, eta hasieran ez zuten sinesten nireak zirenik. Eskerrak eman behar dizkiet hitzak egin dituztenei, horiekin ez dut batere arazorik izan. Animatu egin naute, «diskoa egin behar duzu», esaten zidaten, beste batzuek «akabatuta zaude, Gari», esaten zidaten bitartean. Hori oso inportantea izan da.
Kantatzeko eran eta, ahotsa modulatzen saiatu zarela esan daiteke, kantatzen, nolabait esateko.
Nik arazo bat neukan, zeren eta Hertzainak-en azken diskoetan sartu nituen kantuak ilunak ziren, nire egoera ere iluna zelako. Disko honetan sartu nintzenean, aldiz, hitzen aldetik beste gauza bat nahi nuen, eta baita musika kontzeptuen aldetik ere. Musikaren kontzeptuen aldetik ez dut uste disko honen antzekorik denik Euskadin. Musika bilutsik joatea nahi izan dut, eta abestea, kristoren instrumentaziorik gabe. Etxean grabaturik dudan maketan ahotsa besterik ez dago. Konplejo pila bat utzi dut bazterrean. Iggy Pop, punk-a eta halako kontzeptu gogorrekin ohituta egon nintzen ni, eta orain, aldiz, beste modu batera kantatu nahi dut. Ondo abestea eta gauzak ondo egitea izan da disko honetan izan dudan jarrera. Nire asmoa, gainera, ahalik eta jenderik gehiena hurbiltzea da.
Alde horretatik esan behar da `Aitormena` ospetsua eskola-umeen kantu bilakatu zela.
Hor kontzertuetara joaten den jendearen adina dago. Egia da halako jende gaztea ikustean hasieran moskeatu egiten ginela, baina, azkenean, onartu egin genuen. Gu geu ere hamabost urte genituela joaten ginen kontzertuetara, eta aurre-aurrean jartzen ginen, ez?, eta orain azken lerroan geratzen gara, eta jezarrita.
Benetan esan duzu hiru urteotan musikarik entzun gabe bizi izan zarela?
Egia da. Autoan nituenak ziren, bi zinta Camaronekin, Ruben Bladesen zinta bat, poutpourri bat, Maria Dolores Padrera, David Bowieren nahasketa bat, eta... besterik ez neukan autoan.
Jarri al duzu telefonoa?, zeren eta, orain arte neskaren bidez egin izan baititugu kontaktu guztiak.
Jarri dut, bai, baina neska orain managerra da. Duela bost urte ezagutu nuen, eta berehala hasi ginen elkarrekin bizitzen. Berari esker gainditu ditut mementurik txarrenak, azken urte honetan batez ere. Baina orain ez dut iraganaz hitz egin nahi. Diskoa grabatzeak bizia eman dit, pozik nago, eta orain beste erronka batzuk ditut aurrean.
Esate baterako?
Jendearen aurrean kantatzea, gitarra, ahotsa eta botila bete ur, besterik ez dudala. Bosgarren kanturako izerditan blai egoten naiz. Baina merezi du. Diskoaren aurkezpena egin behar dugu, Donostian. Gero Gasteizen ere joko dugu. Bilbon jotzeko lokalik ez da eta, ez dakit zer egingo dugun.
Gasteizen halako taldetxo bat zaudete, Atxaga, Ruper, zu zeu.
Eta Jon Maia bertsolaria, edo Egaña. Niri ez zait batere gustatzen, probintzianoa da. Ni neu Legazpikoa naiz, Gizpuzkoa sakonekoa, baina esan ahal dut Gasteizen jendea itxia dela; euskaldunok nahiko baztertuta gaude Gasteizen, nahiz eta unibertsitatera bizkaitar eta gipuzkoar asko etorri izan. Gainera, azken urtean hiru lagun hil zaizkit, eta ja ez da gauza bera Gasteiz niretzat.
Nola hil dira?
Suizidioa, drogak... Diskoa haiei eskainia dago, nire lagunei.
JIMENEZ, Edorta
27-29

GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakGARITAONAI1
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
PertsonaiazGARITAONAI1
EgileezJIMENEZ2Kultura


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude