"Zerbait egiteak baino nonbait egoteak garrantzizkoagoa dirudi"

  • Hegoaldeko hainbatek emakume honen eskuzabaltasuna eskertuko dute, Tafallako askok Ortzaizeko otordu goxoak eta lagunarte beroa, inguruko laborariek erizain suharra, presoek bere gutunak... Etxean bi errefuxiatu gordetzen zituelako pasa du denboraldi bat espetxean Grazi Etxebeherek, eta ez du ulertzen inork galeraz diezaiokeenik bere etxea duen Nafarroan sukaldetik sotora lasai pasatzea.

Kontaiguzu pixka bat nola pasatu den zure egonaldia presondegian.

Neretzat egia esan ez da jasanezina izan. Bost hilabete t'erdi tartean torturarik izan ez delarik ez da deus hainbeste sufrimendu den herri honetan. Ongi gogoan ditut espetxean eman egunak baina liburu batean irakurriak banitu bezala egiten zaizkit.

Zer egin zaizu harrigarriena atxiloketaren ondorengo zure ibilaldian?

Gauza batek estonatu nau gehien: nola jostatzen diren gurekin. Dosierra hutsa duzu eta espetxera zoaz. Beraiek erabakitzen badute hobendun zarela, xerkatzen dute ahalegina. Hori ez da justizia. Deus ez den lekutik norbait errudun bihurtzea politika da. Estatu frantziarrean preso dagoen anitzek ez dute delitu izpirik. Gauza asko ikusi ditut nere bizitzan, baina beste profesionaltasun bat espero nuen justiziatik, behar bada zozoa izango naiz.

Eta orain hemen nabil, hilero presentatu behar dut gendarmeen aurrean, Estatu frantziarraren eremutik ezin naiz irten. Guadalupera, Antilletara, joaten ahal naiz, baina Izpegira ez. Nirekin inkulpaturik direnekin ezin dut hitz egin, ez eta haien familiartekoekin edo lagunekin ere. Aldendu egin behar dut kultur mailako nahiz sindikatu edo politika mailako gauzetatik, eta baita 'euskaldunek Estatu frantziarrean duten estatusa aldatu nahi duten' gauza guztietatik. Hiru ahuntz hartu eta mendira joan behar al duzu? Ataka estu batetik pasa behar duzu, eta beti dutuzu berriro espetxeratzeko aukera, Bretainiako emakume bati duela gutxi egin dioten bezala.

Erizaina izanik, pertsonak oso hurbiletik ezagutzen dituzu, jendea gehiago zabaltzen zaizu. Zer aurkitu duzu espetxean?

Ez dut sekula hurbildu han atzeman dudan miseria moralik. Jende galdua eta maitasunik ezagutu gabea. Orduan ohartzen zara gu zein aberats garen eta baita bere estofa soziala, ehun soziala, galdu duen herri bat zertan bilakatzen den ere. Hemen noizbait gauza bera gerta liteke eta horregatik mantendu behar da ehun sozial hori.

Nola dago ehun hori gaur egun Ipar Euskal Herrian?

Euskara eta beste gauza anitz galtzear badira ere, oraindik gure gizarteak zenbait balore atxikitzen ditu, solidaritatea adibidez. Ortzaizen, nahiz eta frangok gure pentsamoldea eta jokamoldea ulertu ez, biziki ongi hartu dute nere etxeratzea. Eta orduan sentitzen da gizarte horretan norbait zarela. Espetxean den anitzek kanpoan ere espetxean segitzen dute, haien munduan anonimoak direlako. Hemen ez da hori gertatzen.

Abertzaleekiko ere ehun sozial hori aldatu egin da. Euskaldunek beren buruan konfidantza hartu dute, beren baloreotan adibidez. Duela hogei urte gure burua euskaldun bezala agertzeko lotsatzen ginen, eta Seaskako egutegiak saltzera ere ez ginen menturatzen. Orain badugu ikastola Ortzaizen, 30 haurrekin, eta herrian hazten doan eskola bakarra da gainera. Hauteskundeen emaitzak ere hor dira. Gaztea hemendik ez joateko edozein lani lotzen zaio, eta ez da Estatu frantziar osoan hemen bezala hamahiru hektarearekin plantatzen den gazte laboraririk ikusten. Balore kulturalak dira horiek eta ez ekonomikoak.

Iparralde osoan ikusten al duzu zuk giro hori?

Nafarroa Behereko mendi alde honetan bai bederen. Momentuz etxaldeak hustutzen badira ere, lurrak nekazarien eskuetan gelditzen dira. Ez da kostan garatu den minbizi hori ageri: lurrak edonori eta ahal bezain garesti saltzearena alegia.

Gogorra izan behar du bizimoduak barnealde honetan. Posible al da hemen bizitzea?

Ez dakit, baina jendea bizi da. Jende zaharrak etxean atxikitzen dira, gazteak ere bai, eta Garaziko merkatuan auto eder gehiago badira zaharrak baino. Xinpleki bizitzen da babantzetan, jantzietan deus guti xahutuz: luxurik gabe baina konforta minimo batekin. Etxe guztietan badira elektrika, telefonoa, autoa, eta lan tresnak.

Hala ere, momentuan nekazaritza, zein hargin zein zurginena bezalako ofizioak kinka txarrean dira, lana ttipitu bait da. Baina hirietan ere ez da lanik eta gainera gu ezin gara Pabe edo Bordelen uros bizi, gure lurrari lotuak garelako. Hemendik goiti bortxaz beste balore batzuk eman beharko dizkiogu bizitzari, materialki gutiagorekin segur, leku sanoan eta lagunen artean bizi nahi dugulako.

Nafartasunaren aldeko propagandista gogorra zara aspaldidanik. Esplikatu beharko diguzu nolaz sentitzen den eskualde honetako euskaldun bat hain eroso Tafalla batean, Oiartzunen edo Hernanin baino gustorago...

Ez dakit nondik heldu den hori. Nafarroan hizkuntzaren mugaren gainetik etxean sentitzen naiz, izateko, gauzak sentitzeko eta festa egiteko maneran. Hango zaharrek adibidez, gaztelaniaz bada ere, hemengo gure aitatxien umore bera dute eta istorioak ere berdinak direla iduritzen zait. Ene baitan Nafarroako mugarik ez da.

Baina beti izan al da hori, ala zuek, Baigorriko koadrilak, eta Basaizea elkarteak eta abar, sortu duzuen zerbait da?

Ez, afera zaharra da. Nafarroa Behereko gure familien erdiak hangoak dira. Ene aitatxi, eman dezagun, Nafarroako Gaintzakoa da. Hemengo anitz, aldiz, Iruñean bizi dira. Lehen harreman naturalak ziren: Elizondoko feria dela eta beste. Biziki normala zen Hegoaldeko nafarrekin esposatzea, Amaiur, Erratzu eta ingurukoekin. Bidarraiko etxekoandreen erdia mugaz bestaldekoa izanen da.

Gero bilakaera bat ere izan da, geuk xerkatu ditugu harremanak: Baigorri 1978az geroztik Tafallarekin elkartua da. Egia da Basaizeak anitz lan egin duela horretan Nafarroaren Eguna antolatuz, horrek zoko askotako jendea ezagutzeko parada eman bait du. Pentsa, Zarrakaztelu, Urepele eta Alduderekin elkartu da aurten... Zure barnean duzun dei bat edota ezagutzeko gose bat badaiteke...

Abertzale munduan garatu dugu hori bai, baina besteentzat hegoaldekoak espainolak izanik ere betidanik egin dute diferentzia nafarren eta besteen artean. Haientzat ere `eskualdun espainolak' gipuzkoar eta bizkaitarrak dira. Ene aitak esan zidan behin abertzale izaten hasi nintzelarik: "Jainkoak begira eskualdun-espainolen meneko jartzetik".

Aitari arrazoia eman al diozu geroztik? Zeren eta zu Ezker Mugimendu Abertzaleko kidea izanik errefuxiatu jendea babesteagatik preso hartu zintuzten. Bi mundu horiek behar bada hemendik aurrera hobeki konpontzen ahal dira?

Oraindik ere tentsio handiak badira. Diskurtsoetan iduriz ageri da egiazko herri bat bere osotasunean ikusteko eta horri buruz zerbait egiteko nahia. Baina obretan ez da deus berririk. Hor ditugu Ahaideak elkarteak antolatzen duen Iparraldeko Presoen Eguna eta beste aldetik Errefuxiatuen Eguna. Ez da jende anitz bietara hurbiltzen.

Zuk nola antolatu duzu zure bidea, tentsio guzti horien erdian?

Nere helbideak eta helburuak ez nahasten erakutsi didate. EMAn inaiz gaur, ni bizi naizen lekuan eta pentsatzen dudan maneran lan tresna egokiena delako ene abertzale lana aintzinatzeko. Baina EMA beste talde politikoak bezala ez da helburua, lan tresna baizik. Eta beste taldeentzat ere berdin da. Helburua gure herria da. Desberdindu behar da eta hor da hutsa. Idurik garrantzitsuagoa da nonbait egotea zerbait egitea baino. Bada manatzeko nahikeria handia, agintzeko gogoa, eta ahazten dugu hemen nagusi bakarra herria dela.

Baina etsaiak obligatuko gaitu elkartzera. Frantziar eta espainiar poliziek ez bait dituzte nortasun agiriak bereizten. Euskaldun bezala guk ez badugu kontzientzia hartzen benetako herri antolaketa egin behar dugula kristorenak hartuko ditugu eta orduan batuko gara. Denok pixka bat amore eman beharko dugu iszpiritu hertsietatik ateraz, zeren eta ez bait da posible abertzalea izatea Euskal Herriaren ikukpegi orokorrik ukan gabe.

Azken urteotan bi aldeetako jendeek elkarren ezagutza handiagoa dute, gehiago mugatzen dira.

Nahiz eta lehen baino informazio gehiago egon, eta jendea errakiago mugitzen den, ez da aski hona erosketak egitera bakarrik etortzea, egiazki herriaren ezagutzera jiten direnak ez dira hainbeste. Hemengo jendeekin ere gauza bera gartatzen da Hegoaldeari dagokionez. Buruko mugak harremanik eta jendea ezagutuz kentzen dira, bestela muga geografikoak kentzeak ez du deus aldatuko.

Begira, teorian Pabekoekin ez dugu inolako muga fisikorik ezta politikorik, baina buruan bai. Izpegiko beste aldekoekin berdina gertatu behar al zaigu? Hain zuzen Izpegiko muga kendu dutenean? Ez dugu aski lan egiten politika taldeen artean, nekazarien sindikatuek salbu, batasun hori bideratzeko.

Herria aipatzen duzu. Mundu honetan ideologiak eta helburu handiak ahitu zaizkigu eta zuk sinesmen bat bezala aipatzen duzu herria.

Nik ez dut sinesmenik: nere Herria maite dut nere barnean zerbaitek identifikatzen nauelako. Nik naizena izan nahi dut eta ene herria gabe ez da posible. Zer nintzateke ni Paben edo Parisen?

Gazteek nola hartzen dute zuk diozun hori?

Orain desberdina da. Gauzak normaltzen ari dira. Ikastolak, festa komiteak, etabar, horren froga biziak dira. Gure militantzia misionisten gisakoa izan da, hala nahi genuelako noski, eta gazteek ez dute itxura hori hartuko. Desberdina da, baina aitzina segituko dute, optimista naiz horretan.

Presondegian utzi dituzanez oroituko zara, areago baldintzapeko askatasunean zaudenean.

Hori politika da eta ez justizia: presoak merkantziak dira. Duela urte batzuk ez zen pentsatzen ahal estradizioetan eta orain gauza naturala bihurtu da. Dena den, presoaren eguneroko borroka egoerari aurre egitea da eta horretan badu nahiko lan. Gainerakoa guk egin behar dugu maila guztietan. Baina ikaragarria da presoak gose greban sartu behar izatea herri mugimendurik edo beste soluziorik ez dagoela ikusten dutelako. Ezin pentsatuzkoa egiten zait hamar urtez espetxean egotea zer den. Agian presoek atxikiko dute!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar EH-ko politika
Euskal Konfederazioak haserrea adierazi du EEPren batzar nagusian, euskararen aldeko politikei diru gehiago ez bideratzeagatik

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) batzar orokorra izan du astelehenean 2024ko aurrekontua bozkatzeko. Alain Iriart, Euskal Elkargoko ordezkaria kontra bozkatu duen bakarra izan da.


2024-01-31 | Euskal Irratiak
Peio Etxeberri Aintxart
"Estatuak heriotza heroikoa eskaini zion gainbeheran zen Enbatari"

Mende erdia bete da Enbata legez kanpo ezarri zutenetik. Frantziako gobernuak Enbatak Hego Euskal Herriko ETA erakunde armatuarekin zuen balizko lotura ezarri zuen estakuru bezala. Horren ondorioz,Ipar Euskal Herriko lehen mugimendu abertzalearen azken kideak HAS Herriko Alderdi... [+]


2023-12-20 | Euskal Irratiak
Dominika Daguerre
"Hiru urtez, GALen atentatu bat jasan genuen hamabost egun guziz Iparraldean"

Berrogei urte bete dira GALek aldarrikatu lehen hilketatik. 1983ko abenduaren 19an Ramon Oñaederra ‘Kattu’ 23 urteko errefuxiatua hil zuen talde parapolizial horrek Baionako Bourgneuf karrikako Kayetenia ostatuan. Gertakari hori mugarria izan zen, hor abiatuko... [+]


2023-11-09 | Euskal Irratiak
Europako 10 milioi euro zuzenean kudeatuko ditu Euskal Hirigune Elkargoak

Lehen aldia izanen da Europako funtsak zuzenean kudeatzen ahalko dituela Euskal Hirigune Elkargoak, Akitania Berriko eskualdearen esku hartzerik gabe. 10,8 milioi euroko diru-funtsa izanen da, 2024 eta 2027 artean baliatu beharrekoa.


2023-11-06 | ARGIA
Bagira prozesua
Ipar Euskal Herriko abertzaleek aurrera begirako erronkak zehaztu dituzte

Bagira prozesuak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak etorkizunera begira hartu beharreko orientabideen inguruko gogoeta egin du, eta ondorio nagusiak aurkeztu berri ditu. Inkesta 1.500 pertsonak erantzun dute. Mugimenduaren erronka nagusi izango diren bost gai zehaztu... [+]


Eguneraketa berriak daude