Kepa Ordoki: "Okerrago izango zen Santoñako tratua izan ez balitz"


1988ko irailaren 11n
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Kepa Ordokiri elkarrizketa

Kepa Ordoki: "Okerrago izango zen Santoñako tratua izan ez balitz"
1930etik gaurdaino Euskal Herrink bizi izan dituen gerra eta gatazkak gertutik baino barrutik bizi izan dituen gizona dugu Kepa Ordoki. Irunen sortua Bidasoa ertzean bizi duzu gaur ere. Sasoi ederra, buru argia eta zakukada bat malezia nabarmentzen dira bere aurrean jarriz gero. LARRUN aldizkariak argitaratzear duen zazpigarren zenbakitik hautatu ditugu ondoko galde-erantzunak, LARRUNen aterako denaren zati txiki bat baino ez direlarik.
GALDERA: Gerra zetorrela sumatzen al zenuen, edo sumatzen al zen kalean?
ERANTZUNA: Zerbait bazetorrela igerri zen. Prentsagatik, Espainian gertatzen zirenengatik, Calvo Soteloren istiluak zirela, Kongresuan entzuten ziren gauzak... zerbait prestatzen ari zirela nabari zen. Hala gertatu ere. eta uztailaren 17an zabaltzen hasi zen Marokon sublebatu zirela.
GALDERA: Gogorra izan behar du munizio faltaz atzera egin eta azkenean erretiratu beharra.
ERANTZUNA: Hala galdu genuen Irun, bada. Armaz kargatutako tren bat bazegoen Hendaian, Bartzelonatik bidalita, baina fazista frantses eta espainolen artean zeukaten adiskidetasuna zela bide ez ziguten pasatzen utzi. Hori bai, Irun erori eta biharamonean trena oso-osorik pasa zuten.
Munizio faltari lotutako pasadizo bat badut kontatu nahi nizukeena. Kristobal Errandoneak Donostiara bidali ninduen munizio bila, eta Gaintxurizketan gora nindoan, mexikano bati errekisatutako "Paccard" batean, irrati eta guzti zuen auto batean. Aldapan gora gindoazela Queipo de Llanoren abotsa entzun genuen irratitik: "En estos momentos, los tanques del Glorioso Ejército Nacional suben las cuestas de Gainchurizqueta y están a las puertas de San Sebastián. Los rojo-separatistas huyen como liebres". Eta ni nintzen Gaintxurizketako aldapan gora zihoana.
GALDERA: Lortu al zenuen muniziorik Donostian?
ERANTZUNA: Bai, tonelada bat gutxienik ekarri nuen. Baina alferrik izan zen dena. Irun galdu genuen eta Donostiara erreplegatu ginen. San Bartolomera eraman gintuzten. Han PNVkoak zeuden, eta ANVren bandera neraman bakarra neu nintzen, ANVko gainerakoak sozialistekin, komunistekin, CNTkoekin bait zebiltzan. Esan beharra dago ANVkoak hasieratik sartu zirela saltsan, lehen egunetik, zeren eta PNVkoak egun batzuetan zalantzatan egon ziren, edo Errepublikaren alde erabat sartu edo neutral geratu erabaki ezinik. Gero bai.
GALDERA: Eta lehen Irun bezala Donostia ere galdu egin zenuten.
ERANTZUNA: Hala galdu zen, bai. Bueno, Donostia galdu aurretik Andazarraten ere ibili ginen, han zeuden ANVkoei erreleboa egiten. Baina Donostiara iritsita, Hernanira bialdu gintuzten. Irailaren 3a izango zen, eta "besteak" Santa Barbaratik behera zetozen. CNTkoek ebakuatzeko agindua eman zuten, eta herria erre behar zutela, okindegi bati ere su eman zioten...
Gaua iritsi eta gu kaleetan zehar genbiltzan. Erretiratzeko agindua eman zuten, baina ohartu ginenerako denak aldeginak ziren, gu bakarrik geratzen ginen. Donostia ere ebakuatzera zihoazela esan ziguten, telefonoz, eta ahal genuen bezala moldatzeko.
GALDERA: Non ikusi zenuen argi eta garbi gerra galdua zenutela?
ERANTZUNA: A!, Artxandan.
GALDERA: Artxandara bitartean gerra irabazteko modurik ikusten al zenuen?
ERANTZUNA: Bai, jakina. Gaur egunetik begiratuta ez, gaur garbi ikusten da gerra hura galduta zegoela. Baina orduan ez, Artxandara arte ez. Pentsa zenbaterainoko konfidantza neukan. Solluben zauritu ninduten, inglean, eta beste tiro bat besoan. Getxoko eritetxe batera eraman ninduten. Etsaia aurrera eta aurrera zetorren. Nik leihotik ikusten nituen kainonazoak gauez eta jendea erretiradan egunez.
Alde egin nuen ospitaletik, eta Eusko Langileen batzorde nazionalean presentatu nintzen, esanaz ezin nituela nere mutilak han utzi, erortzekotan denok behar bait dugu erori. Ikus ezazu. Erabateto konfidantza neukan. Konfidantza... eta hogeitalau urte!
Gero ikusi behar izan genuen bonbardeo guztia. Abioiak ba omen zetozela esaten zitzaigun beti. Baina zer egin behar zuten gure hiruk haien hogeiren kontra, nahiz eta gureak heroi bezala jokatu? Artileriarik? Ez geneukan, gure bakoitzeko haiek berrogei zeuzkaten. Tankerik? Batere ez.
GALDERA: Ez al zegoen gerrari buelta emateko modurik?
ERANTZUNA: Begira, asturiar eta santandertarrek euskaldunek bezala gudukatu balute Euskadin fronte bat egin ahal izango zen, eta gehiago erresistitu ahal izango zen. Hemen 40 kilometro egiteko, Bilboraino iristeko, Francok 90 egun behar izan zituen. Ikusi Santander zein azkar erori zen. Hori bai, gero han ipintzen zituzten txartel batzuk esanaz "Santanderino, no imites a los galgos vascos", ihesi joan ginela adieraziz. Ikusi genituen hemen: batzuk bai onak, baina gainerakoek bi tiro entzun orduko jira eta korrika atzera.
"Cinturón de Hierro" deitzen zen hori gaizki antolatua zegoen, baina laguntza gehiagorekin denbora gehiagoz eutsi ahal izango genion. Eta beste aldetik, gobernu zentralak agintzen zigun laguntza ez zitzaigun iristen: abioiak, materiala... Errepublikak bidalitako jefe militarrak, gehienak etsaietara pasa ziren eta besteek ez zuten balio. Beraz, zer eginik ez zegoen.
Ez nintzen ni hori hola ikusten zuen bakarra. Asko ziren ihesa planeatzen ari zirenak. Asko dago honetaz hitzegiteko.
GALDERA: Dena galduta dagoenean ihesi egiteak ez dirudi bekatu...
ERANTZUNA: Jefe batek ez ditu bere tropak sekula abandonatu behar, sekula ere ez. Koupainia bat edo sekzio bat dagoen bitartean, hori ezin du abandonatu. Izan dira beren gizonak abandonatu ez dituztenak, baina izan dira, eta hori ere esan behar da, gauzak galduta ikusitakoan bere jendea abandonatu eta itsasoz alde eginaz, erantzunkizun handiko buruak, militarrak eta politikariak. Ez dizut izenik esango, batzuek argitaratuta daude han eta hemen. Baina hor daude, eta ondo kargatuta aldegindakoak, bitxiak eta abar hartuta. Eta are okerrago dena, Jose Antonio Agirreren sinadura faltsifikatuta ere bai.
Oso probablea zen gerra galtzea. Baina egia da, baita ere, indar errepublikanoen artean harremanak hobeto joan izan balira, gehixeago erresistitu ahal izango zela, gerra hilabete batzuetan luzatuz. Alemanak eta italiarrak Munduko Bigarren Gerra prest zeukaten, eta guk gehixeagoz iraun izan bagenu, gure gerra bukatu baino lehen ekin behar izango zioten berenari, eta denak beste bide bat hartu beharko zuen, ingeles eta frantsesek ez zuten neutraltasuna eraman zuten moduan eramango. Ongi esplikatu zion hori Agirrek Bartzelonatik erretiratzean muga pasata jendarmeen koroneleri: "Orain zuen txanda da, gainean dituzue eta".
Baina gero daukagu Munduko Bigarren Gerrako esperientzia, eta hor ikusi dugu etsaiari bere erretagoardian ere gudua egin dakiokeela. Ez genuen guk holakorik egin, eta gaur ikusten da egin daitekeela, etsaia bere erretagoardian desartikulatzea. Agirrek holako zerbait egin nahi izan zuen, bera izan zen bakarra, baina ez zioten laga. Baina badakit Agirrek hori pentsatuta zeukala.
GALDERA: Esplikatu ezazu hori gehixeago.
ERANTZUNA: Iruñetik Eibarko trintxeretaraino ez zegoen ospitale pare bat eta deskantsuan zeuden batailoi batzuek besterik. Posible zen etsaiaren erretagoardiatik sartzea, Frantziaren adostasunez edo adostasun gabe, jende gutxiagorekin. Sartzen dituzu bi edo hiru mila gizon Nafarroatik, Elizondotik, eman dezagun, Frantziaren baimenarekin... baina kamuflatuta, gaur egun Hondurasek Nikaraguarekin egiten duen bezala, ofizialki ez da egia, baina egia da.
Ez hori bakarrik, gerrillero taldeak filtratu, dozenaka, sabotaia egiteto, zubiak edo elektrizitate estazioak lehertzeko. Hemen holakorik ez zen egin, baina gerra mundialean egiten ikasi genuen. Gauza asko. Egia da horietatik hemengo gerran ez genuela ezer, baina etsaiak ere ez zuen hemen horiek lokalizatzeko beharrezko tresnarik. Erretagoardia gogor zigortu zitekeen, eta ez da egin sabotai bakar bat ere.
GALDERA: Baina ez zen egin holakorik. Eta gertatu zena, alderantziz, Santoñako errendizioa izan zen. Askok diote hura traizio bat izan zela. Zuri egindako beste elkarrizketa batean, aldiz, hura justifikatzen duzula ulertu dizut. Behar bada orain hemendik, eta deus gutxi arriskatzen dela, Santoñakoa traizioa izan zela errezegia delako.
ERANTZUNA: Une hartan... Begira ezazu zer gertatzen den Nikaraguan orain, kontrekin negoziatzen. Nikaraguako presidenteak arrazoin du, kontrak somozistak dira, dolar amerikanoak. Nikaraguan miseria egongo da nahi baduzu, baina gaur Nikaraguan, Cuban bezala, obreroak platerkada bat patata jaten du eta ogi puska bat: lehen obreroak ez zuen jaten. Eta hala ere, duten arrazoin guztiarekin, Nikaraguan behartuta daude burua makurtu eta kontrekin tratu batera iristera.
Gerra galduta geneukan. Artxandan ohartu nintzen, esan dizudan bezala. Une hori iritsita, dena galduta zegoela ikusita, PNV hasi zen jestioak egiten. Partidua diot, kontuz; Agirreri ere esango zioten, baina beste gauza bat zen. Akordio batera iritsi beharra zegoen. Ez geneukan inolako konfidantzarik ez Asturiasko eta ez Santanderko ejertzitoetan. Gobernu zentralak ez zituen Eusko Jaurlaritzaren eskakizunak betetzen. Eta okerrik txikiena bilatu beharra zegoen.
GALDERA: ANVk ez zuen onartu Santoñako tratua, eta zuk justifikatu egiten duzu, Kepa...
ERANTZUNA: Nik ez diot haren alde nagoenik, errealista naizela diot. Irun galduta "Norte" delakoa aidean geratu zen. Gero Bilbo galduta, zer eginik ez zegoen. Gerran beti gertatzen bait da une batean atzeraka doanak esponja botatzeko ordua. Begira Iran eta Iraken artekoa egunotan. Nik esaten dudana da Santoñako tratua edo dena delakoa izan ez balitz okerrago izango zela. Bizi asko salbatu zen, nahiz eta afusilaketa ikaragarriak izan.
Baina Santoñakora itzuliz, benetan gauza grabea Bilbo entregatzea izan zen, makineria, lantegi eta guzti. Atera ziren makina batzuk, Bilbotik Santanderra bitartean mordo bat ikusten zen bide bazterretan, fresadorak, rektifikadorak eta abar, kamioietan zeramatzatela abioek ametrailatuta. Baina begira: gerra edo egiten da edo ez da egiten. Materiala ateratzerik ba al dago? Atera, bada, edo bestela puskatu. Labe Garaiak eta beste... gero ondo gelditu direla? Behar bada. Baina han etsaiak sekulako makineria eskuratu zuen.
Bilbo errenditzea, hura izan zen izugarria. Jendea garbituko zuten, bonbardeatuko gintuzten, baina Bilbon erresistitu zitekeen gehiago. Agoanta dezagun, Trutziozeraino nahi baduzu, hortik aurrera ez da eta gure Herria, baina eutsi diezaiogun hemen, hil gaitean behar bada trintxera honetan, baina ez armak entregatu. Eta armak entregatu egin ziren.
GALDERA: Ez gara luzatuko gartzelako bizimoduarekin, Kepa.
ERANTZUNA: Nahi duzun bezala. Baina ez nuke aipatu gabe utzi nahi ni bezala nere gurasoak eta bi arrebak ere gartzelan egon zirela. Hau, dena dela, abertzale askori gertatu zitzaion.
GALDERA: Hemengo gerra bukatuta berehala hasi zen Europakoa. Carlos Blasco Olaetxearen "Dialogos de guerra. Euskadi 1936" liburuan kontatua dauzkazu espetxetik ihesi egin eta Gernika batailoiarekin Estatu Frantseseko lurretan zehar egindako ibilerak. Ipar Euskadin ere ez zenuen ordea askatasunik lortu zeren eta Gurs-eko kanpora eraman bait zintuzten.
ERANTZUNA: Eusko Jaurlaritzako agintariak saiatu ziren ni askatzen, baina Behobiako jendarmeetako tenienteak ez zuen onartu. Gurs-eko kanpotik ere ihes egin nuen, eta mendiz iritsi nintzen Arruta-Sarrikotara (Baxenafarroako Amikuze eskualdean dago). Hango baserritar batek eman zidan lana eta alemanekin frantsesak gerran sartu zirenean Lannemezan-go artsenalak eraikitzeko ekipoarekin bidali ninduen Eusko Jaurlaritzak.
Han geundela sinatu zuten armistizioa frantsesek alemanekin. Sekulako desorganizazioa izan zen frantsesen artean, militarrak kobardetuta zeuden. Subfusil eta esku-granada batzuk hartu eta atera ginen handik. Alemanak iritsi ziren ordea, eta ihesi egin beharraren poderioz sakabanatu egin ginen. Gero mugako herri txiki batean egon nintzen, morroi bezala lanean. Huescako Plan herritik barrena pasa eta Bermeora iristea zen nere asmoa. Baina tarte horretan hiru iheslari polakorekin egin nuen topo: bata gaiso zegoen eta nere gain geratu zen beste biak Espainiara pasatzen ziren artean. Hala moztu zen nere plana eta hasi nintzen Erresistentziarentzako lanean, enlazetan. 1940 bukaera aldean.
GALDERA: Aipatu izan duzu De Gaulle bera etorri zela zuek agurtu eta ikurriñari ere agur egitera.
ERANTZUNA: Montalibet-eko aireportuan izan zen, eta Agirre lehendakaria ere han zegoen. De Gaulle zen denen buru, eta soldaduei errebista pasatzerakoan minutu batez egon zen ikurriñari saludoa egiten. Brindis bat izan zen gero, eta ni joan egin nintzen, hura naftalina usainezko ofizialez beteta zegoelako. De Gaullek deitu eta orduan esan zidan sekula ahaztu ez dudan hura: "Frantziak ez du sekula ahantziko bere lurra askatzeko euskaldunek egindako borroka". Ikusi duzu hitz haiek haizeak norat eraman dituen...
TXOMIN MENDIZABAL
38-41


GaiezGizarteaHistoriaEspainiako
PertsonaiazORDOKI1
EgileezMENDIZABAL6Gizartea
GaiezPolitikaEuskal HerrHistoria

Azkenak
2025-09-08 | Gedar
Igorreko Kiñu Gaztetxearen aurkako epaiketa, irailaren 15ean

09:00etan Durangoko epaitegi aurrean biltzera deitu dute Kiñuko kideek. Duela bost urte hasi zen Gaztetxearen aurkako prozesua.


2025-09-08 | Ahotsa.info
Bideoa: Labaren irekiera festa ospatu dute Iruñean

Labaren itzulera ospatzeko festa antolatu dute egun osoan zehar. Broken Brothers Brass Band-en kalejirak Alde Zaharreko kaleak zeharkatu ditu Estafetaraino, ondoren lehiotik kantua izan da Amets Aranguren, Julen Goldarazena Flako, Idoia Tapia eta Oier Zuñigaren eskutik; eta... [+]


2025-09-08 | ARGIA
“Terroristak” dira Espainiako Vuelta geldiarazi zuten Bilboko ekintzaileak, Israel-Premier Tech taldeko jabearen arabera

“Ez gintuen harritu nola hartu gintuzten Euskal Herrian, ezker muturreko ekintzaileen eta separatisten gotorlekua baita”, adierazi du Sylvan Adams-ek.


Itsaso zakar bat eta bi ahots poetiko

Xak eta Ekiza

Non: Ondargain txiringitoan (Deba)
Noiz: abuztuaren 27an.

-------------------------------------------------------

Euri langarraren eta lanbro-lainoen artean pasatu dugu Gipuzkoako muga, kostaldean zehar doan errepidetik itsaso zakarrari beha. Bandera... [+]


2025-09-08 | ARGIA
Desplazamendua behartzeko Gaza hirian palestinarrak hiltzen eta eraikinak suntsitzen jarraitzen du Israelek

Astelehen goizaldean 23 palestinar gutxienez hil dira Gazako hiriburuan, tartean bi haur gosetearen ondorioz. Igandeaz geroztik gutxienez 50 etxebizitza eraikin eraitsi ditu Israelek, beste 100 kaltetu, eta desplazatuen kanpamenduetako 200 denda suntsitu.


2025-09-08 | Sustatu
Hiru urteko isilaldiaren ondoren, Bermeoko Itsuki Irratia berriro uhinetan da

Itsuki Irratia Bermeoko ahotsa izan zen 1985etik 2022ko otsailera arte. Orduan, zailtasun ekonomiko eta teknikoek proiektua bideraezin bihurtu zuten, eta irratiaren itxiera ekarri. Baina urtebeteko berrantolakuntza prozesu baten ondoren, irailaren 1ean berriro martxan jarri dute.


2025-09-08 | Jon Torner Zabala
Ertzaintza beste 11 pertsona ari da ikertzen, uztailaren 20an Azpeitian izandako liskarren harira

Uztailaren 20an, goizaldeko 04:00ak aldera, Azpeitiko Gaztetxearen ondoan jazo ziren gertakariak, gazte batek pilen edukiontzi batean ACAB leloa [All Cops Are Bastards edo "Polizia guztiak sasikumeak dira"] idatzi eta ertzainek isuna jarri ostean. Hasiera... [+]


2025-09-08 | Bertsozale.eus
Bertsolaritza lurralde guztira hedatzeko apustua egingo da Nafarroako Bertsolari Txapelketan

24 bertsolarirekin ekingo dio bideari Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Auritzen izango da, urriaren 4an; eta, lehen aldiz, Nafarroa Arenan izango da finala, azaroaren 29an. Saio guztietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, Bertso Sarrerak atarian.


Jaizkibel konpainiak gutuna eman dio alkateari, desfilean: “Estrategia aldatzeko garaia dela adierazi diogu”

Jaizkibel konpainia berdinzaleak ekintza berezia egin du Hondarribiko alardearen egun honetan. Gutuna eman diote alkateari, mahai gainean bestelako planteamendu batzuk jar ditzala eskatuz.


Gida bat Donostiako Zinemaldiaren atarian

Euskarazko ekoizpenek presentzia nabaria izango dute aurtengo edizioan. Bestelakoen artean, espektatiba handiko lan eta gonbidatuak izango dira Donostian: George Clooney protagonista duen Jay Kelly pelikula; Angelina Jolie ere ikusiko dugu Couture-rekin; Julliete Binoche... [+]


Euskarazko ekoizpen ugari, Zinemaldian

Sail Ofizialean erakutsiko dira hiru: Maspalomas, Karmele eta Zeru ahoak. Lehia nagusitik kanpo, zuzendari onenaren saria irabazten ahaleginduko da Irati Gorostidi Aro berria pelikularekin. Beste zenbait lan ere aurkitu ahalko dira.

Zinemaldiaren atariko orokorra beste [+]


ANALISIA
CAFek Israelekin kontratua eteteko asmorik ote du?

Etengo du. Hori da kaskora supituan etorri zitzaidan pentsamendua, gosaria ahoan eta Euskadi Irratia sintonian, Imanol Pradales lehendakaria entzun nuenean CAF “gogoeta etikoa” egitera gonbidatuz, Palestinako lur okupatuetan trena eraikitzeko duen kontratua eten edo... [+]


Tunisian dira, abiatu eta astebetera
“Flotillaren aurkako eraso bat Palestinaren aldeko greben pizgarri balitz, ongi etorria litzateke”

Astebete igaro da Bartzelonako portutik Global Sumud Flotilla ekimeneko lehen ontziak itsasoratu zirenetik, Gaza helburu. Tunisian lurreratu berri erantzun ditu ekimeneko euskal ordezkaritzako kide Itziarrek –abizenik ez du eman nahi– ARGIAren galderak, igande... [+]


Enpatia garaia

Ekofeminismoak bizitza nondik eta nola baloratzen duen, ikuspegi konplexuagoa eraikitzeko proposamena dakart. Desazkundearen inguruko ekofeminismoa eta antiespezismoa ezagutzearen ondorio dira datozen lerroak; landa eremuan jaio eta hirigunean bizitzeak dakartzan ikuspegiekin;... [+]


Eguneraketa berriak daude