Asteartean piztu zen Zubietako erraustegiko sutea, ala astelehenetik ari zen erretzen?

  • Sei mila tona hondakinentzat prestatutako depositu batean aurreko egunetik pizturik zen suak indar hartu zuela ikusita, Sos Deiak zerbitzura deitu zuten Donostiako erraustegiko langileek. ARGIAk une hartan bertan izan zen pertsona batekin hitz egin du eta lekukotza hau ez dator guztiz bat Gipuzkoako arduradun politikoek eman duten azalpenarekin.


2021eko urtarrilaren 13an - 10:03
Zubietako erraustegiko zabor depositu bat. Pala bidez hondakin hauek labeetara botatzen dituzte. Argazkikoa ez da su hartu zuen depositua, ondoan zegoen hori.

Asteartean Donostiako erraustegian sutea zela publiko egin zuen Sos Deiak-ek. Azpiegiturak ez zuen kalte material handirik izan eta arduradunek adierazi dute langileen artean ez dela nabarmentzeko ezer ere gertatu.

Jose Ignacio Asensio buru duen erakundeak adierazi du ke detektoreek jo zutela alarma kontrol aretoan, eta berehala, instalazioetako pertsonalak larrialdi protokoloa aktibatu zuela asteartean. Suteari aurre egiteko "erraustegiko langileek aurretik ezarritako protokoloak martxan jarri dituzte eta sua itzaltzen hasi dira, eta suhiltzaileei deitu zaie gainbegira zezaten". El Diario Vasco-n irakur daiteke sutea "azkar kontrolatu eta itzali" dutela, "inolako kalterik eragin gabe".

Erraustegiaren arduradun den Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak zenbait hedabidetara bidalitako oharra (asteazken goizean oraindik ez dute beren webgunera igo), baina, ez dator guztiz bat ARGIAk bertan zen pertsona baten bidez jasotako lekukotzarekin.

ARGIAk jakin ahal izan duenez, astelehenean hasi ziren Donostiako erraustegiko langileak sei mila tona hondakinentzat prestatutako depositu batean kea ikusten. Depositu hauetan pilatzen diren milaka zabor tonaren artean hutsuneak gera daitezke, eta hutsune horietan metanoak eta halako gasak pilatuz gero, erraz piz daitezke suak, Zaldibarko zabortegian ere ikusi zenez. Mangera, pala eta gantxo batzuekin aritu ziren langileak sutea kontrolatu nahian, baina astearte eguerdian su garrek gora egin, ke asko sortzen ari zela ikusi eta Sos Deiak-era deitu zuten.

Langile batzuek adierazi dute halako azpiegituretan urte askoko esperientzia badute ere ez dutela beren bizitzan halakorik ikusi eta suhiltzaileei deitu zieten beldurtu egin zirelako. “Horrek guztiz hartzen badu su, depositu osoa modu librean erretzen bada, izugarrizko arazoa izango da, bai itzaltzeko, baita atmosferara botako lituzkeen dioxina eta gasengatik ere”, adierazi dio ARGIAri lekuko zuzen batek.

GHKk ez du aipatu, suak indar hartu zuenean eraikinaren barnean pilatu zen ke mordoa leihoak zabalduz askatu zutela, eta honek atmosferan eta inguruko herritarrek arnastutako airean izan duen eraginik.

Ez dira gutxi izan azken urteetan erraustegietan gertatu diren istripuak, gehienak azpiegitura hauetan piztutako suteak. Hala dokumentatuta geratu da Osakan, AEBetako Viginian eta Marylanden, Dublinen, Anberestik gertu dagoen Stabroek hirian, Parisen, Sardiniako Macchiareddun, Singapurreko Tuasen batzuk aipatzearren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude