Zuberoako maskarada eta buhameak: zati hori salatzen dut

  • Eta bai, aurten ere Xiberoan maskaraden itzulia abiatu da berriz, eta igandero Urdiñarbeko Xorrotxek Buhame taldea hola aurkeztuko dute kantuz: "Buhame debrü horik lanik egin gabe, arraza debrü hori bizi dirade. Aberatsik horregatik ez da nihur ere, aldiz sortüak oro ohoinak dirade".


2019ko urtarrilaren 21an - 10:45
Buhameak Urdiñarbeko maskaradan. (Argazkia: Jokin Artola - Dantzan)

Gero Buhameen erregea antzezten duen aktoreak taldearen bizi arauak oihustatuko ditu: "Debekatua ezer hartzea bestearena ez bada; Etxeetan gomita badugu, atetik sartu behar bezala, baina nehor ez denean, isilik leihotik e.a…"

Behin gehiago harriturik uzten nau eta maskaraden zati hori salatu nahi dut.

Entzunen dut berriz: "Autoderisioa da!"

Gezurra: euskaldunek dute buhameen rola egiten.

"Betidanik Buhame pertsonaiak beren predikuetan giza ordenaz trufatzen dira, kasu hontan maskaradetako gorrietaz!"

Gezurra: Hau da gure ohiturak ikertu dituzten ikerlarien interpretazioa, berek ez zutenean ezagutzen buhameak nola sedentario egin ziren Euskal Herrian, ez eta haien kontrako errepresio neurriak edo talde horren kontrako gaitzespenaren berri.

"Xiberoan ez delakoz buhamerik gehiago, nehork ez daki nortaz ari garen, beraz ez da hain larri!"

Gezurra: Gazteenek ez dute buhame familiarik ezagutu, baina 60 urtez goitikoek bai. Maskaradetan aipatzen direnak dira Xiberoan bizitu diren buhameak. Ikusleer irri eginarazteko, haien izengoitiak erabiltzen dira, alfer agertzen, ahalkegabe, mozkorzale eta emaztekari, bai eta den denak ohointzat harturik. Alta haien ondokoetarik anitzek ibarra utzi badute, batzuk oraino hemen bizi dira. Baina egia da gutitan ikusten direla hurak maskaradetako aktoreetan edo publikoan. Eta badenean, berek ere ez dakite deus beren familiaren historiaz, funtsean hobe da horrela!

"Dena den buhameak ez ziren aingeruak"

Egia baina… Ezagutu dituztenak haietaz urrikaltzen dira beren bizi miserablea aipatuz, erranez beti zerbait emaiten zietela eskale ibiltzen zirenean, baina beti ixtorio irrigarriak gehituz haien kontuz. Irriz aipatzen dituzte orduan zeren buhame batzuek dohaina zuten bihurri izateko, legeak urratuz, jendarmen edo errekazainen autoritateaz trufatuz, gero berdin probokatuz beren balentriak kontatuz. Oroitzapen hau da gehienik egon jendartearen memorioan.

Baina erraiten ez dena da Buhameek anitzetan kario pagatu dutela hortarako. Haietarik anitz, gizon emazte edo haur, presontegian izan dira batzutan ebasten zutelakoz bizitzeko, herrialdeko beste pobreak bezala, baina gehienetan eskale eta erromes ibiltzen zirelakoz. Garai bat baino gehiagotan Euskal Herrian, errepresio neurri ikaragarriak hartuak izan dira haien kontra (giza ehiza, departamendutik uxatzea, galeretarat igortzea). Haur anitz burrasoei kenduak izan dira, ez baitituzte sekula ikusi geroztik. Bizi baldintzak anitz aldatu zaizkie industria zabaltzearekin, espartiña fabriketan harturik izan direnean, edo kanpoko obretan, bai eta haurrak eskolan ibiltzen hasi direnean eta laguntza sozialak agertu. Ordutik aitzina herrialdean egon diren ondokoek behar izan dute fama txarra ahantzarazi.

"Beraz maskaradak ezin dira gehiago egin!"

Gezurra: maskaradak egiten dituen herri bakoitzari dagokio ikusgarri zati horri buruz gogoeta egitea. Eta arazoa saihestea Europako beste maskaradetan egin duten bezala. Beste batzuetan zorigaitzez, Errumaniako Moldavia lekuko, gureen tonu berdina aurkitzen da.

XXI. mendean oraindik ahal ote da, tradizioaren errespetu estakuruan, egiaz izan den giza talde baten ikuspegi hau zabaldu, jakinez baztertuak izan direla, batzutan herra handiarekin? Gehiago dena dakigularik talde hori zela Tzigano populuaren parte, hau denean gaur ere bazterketaren biktima herri anitzetan, Manux, Gitano, Rom… eta Euskal Herriko buhameak, gehienak Garazi aldean bizi direnak, eta batzu jendartetik bazter!

Artikulu Dantzan-ek argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrazakeria
2024-04-03 | ARGIA
Barakaldon udaltzainek izandako esku-hartze "neurrigabea" eta "arrazista" salatu dute

Hainbat herritarri suzko arma batekin tiro egin ostean bi pertsona zauritu zituzten udaltzainek, horietako bat larri, pasa den martxoaren 21ean, Barakaldon. Tirokatuak kalean bizi ziren magrebtar jatorrikoak izatea ez dela kasualitatea dio 77 elkartek sinaturiko adierazpenak:... [+]


Polizia operazio "arrazista" Donostian: 29 lagun eraman ditu Poliziak identifikatzeko

Ostegun goizeko 8:00etatik 12:20era Polizia operazio handia egon da Donostiako Martutene auzoko etxe okupatu batean. Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egin dute operazioa, “atzerritarren bulegoaren operazioa” dela azaldu dute. Donostiako... [+]


2024-02-27 | Leire Artola Arin
"Beloak egoiliarrak aztoratu ditzakeela" argudiatu du Iruñeko zaharren egoitza batek, garbitzaile bat lanik gabe uzteko

Arrazakeria, diskriminazioa eta islamofobia salatu ditu langileak, eta Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak deituta. Ikuskaritzak salaketa itxi du, eta onartu egin du Misericordia enpresaren argudiaketa, dioena... [+]


Guztiontzat Egia, arrazakeriari eta Poliziaren gehiegikeriei aurre egiteko sarea aurkeztu dute

Donostiako Egia auzoan, azken hilabeteetan, bizilagunen artean segurtasunaren inguruko kezka handitu da, eta “beldur eta urduritasunak duen garrantzia aitortu eta sentimendu horiei lekua” egin behar zaiela aldarrikatu dute.


Eguneraketa berriak daude