Zorroza enpresak baimenik gabe hainbat hondakin tratatu eta pilatu ditu

  • Zorrozak “arau hauste oso larria” egin zuen, udal arkitektoaren txosten baten arabera. Enpresak hiru aldiz ukatu zien sarbidea udaleko zerbitzu teknikoei.


2020ko martxoaren 05an - 11:15
Lan heriotzaren biharamunean Ertzaintza eta Osalanan bertaratu ziren lantegira. Argazkiaren fondoan, aldiz, udaleko txostenean jasota dauden zenbait argazki ikusi daitezke (argazkia: Aiaraldea.eus).

Aiarako Udalak espedientea ireki zion "Zorroza gestión de residuos" enpresari iragan asteko lan heriotza baino lehen, ingurumenaren eta pertsonen babes arauak ez betetzeagatik.

Aiarako Udaleko arkitektoaren aburuz, enpresak “arau hauste oso larriak” egin zituen ingurumenari, pertsonei eta euren jabegoei dagokienez. Teknikariaren iritziz, enpresak baimenik gabeko jarduera izan du, ez zituen proposatutako neurri zuzentzaileak ezarri eta, gainera, hiru aldiz ukatu zion udalari enpresara sartzeko aukera.

Enpresak administrazio-isiltasunaren bidez lortu zuen bere jardunerako behar zuen lizentzia

Aiaraldea hedabideak aukera izan du Aiarako udal arkitektoak iragan abenduan Zorroza gestión de residuos enpresari buruz eginiko txostena irakurtzeko. Testuaren oinarrietako bat aurretik –2017ko abenduan– plazaratutako informe teknikoa da. Idazki horretan teknikariak ondorioztatu zuen Zorroza gestión de residuosek bi arau hauste larri egiten zituela: bere proiektuan jasota ez zegoen jardueran aritzen zen –baimendu gabeko materialak pilatuta– eta, gainera, ahal zuena baino zabor gehiago pilatzen zuen instalazioetan.

Lizentzia, administrazio-isiltasunaren bidez

Udal arkitektoaren txostenean beste datu deigarri bat ere topatu daiteke. Izan ere, enpresak administrazio-isiltasunaren bidez lortu zuen bere jardunerako behar zuen lizentzia. Hau da, Zorrozak bere aktibitatea garatzeko baimena eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren zuzendariari, baina ez zuen erantzunik jaso. Modu horretan lortu zuen baimena. Erantzunik jaso ezean, baimena emana dagoela aurreikusten du legeak zenbait kasutan.

Arau-hauste oso larriak

Edonola ere, administrazio isiltasunaren bidez eskuratutako baimenak ez du enpresak gerora garatu duen jarduera onartzen. Hasteko, bere zerrendan adierazten zituenak baino material gehiago bildu ditu Zorrokak fabrikan.

Teknikariak ondorioztatu zuen Zorroza gestión de residuosek bi arau hauste larri egiten zituela: baimendu gabeko materialak pilatzen zituen eta, gainera, ahal zuena baino zabor gehiago zuen instalazioetan

Horrez gain, lantegian metatutako gai multzoek okupatzen zuten espazioa baimendutakoa baino %22,54 handiagoa zela zehazten du dokumentuak: “Plastikoen eta beiren multzoa %170,66 handitu da, eta pneumatikoena %205”.

Gainera, handiagotze horrek beharko lituzkeen neurri zuzentzaileak aplikatu gabe zeudela ere badio informeak, suteetatik babesteko azpiegiturak falta zirela nabarmenduta.

Sutea

Hain zuzen, 2017ko urriaren 2an fabrikan sutea jazo zela azaldu zuen udal arkitektoak. Bost metroko altuera izatera iritsi ziren garrak, eta lantegian pilatutako erregaien kopuruak suaren zabalpenean lagundu zuela gehitu zuten Arabako Suhiltzaileek, txostenean jasotzen denez.

Hori guztia kontuan izanik, alkatetza dekretua plazaratu zuen udalak 2018ko urtarrilaren 9an, enpresari hainbat gauza eskatzeko, baimendutako altuera gainditzen zuten zabor multzo guztiak kentzea tartean. Hasierako proiektuan zehaztutako su kargara moldatzea ere exijitu zion tokiko erakundeak.

Dena den, enpresak ez zuen inolako aldaketarik egin, arkitektoaren arabera. 2019ko martxoan tokiko erakundeko teknikariak hainbat argazki egin zituen fabrikaren kanpoaldetik, pilatuta zegoen zabor guztia dokumentatzeko.

Izoriako ibaia, kutsatuta

Aipatzeko moduko beste gauza bat da Murgako poligonoaren albotik igarotzen den Izoria ibaiarena. Berez, EAEko kutsatuenetako bat da, URA agentziak 2017. urtean plazaratutako txostenaren arabera, "hiri eta industria hondakinak dituelako".

Zorrozak “arau hauste oso larria” egin zuen, udal arkitektoaren arabera

Aiarako Udaleko arkitektoak aspaldi jakinarazi zion Zorroza gestión de residuos enpresari ez zuela porlanezko azalera egokirik urak kutsatzea ekiditeko, eta hori neurri zuzentzaileen artean zegoen -bete ez zirenak-.

Adierazitakoa guztia aintzat hartuta, arkitektoaren ondorioak argiak izan ziren: enpresa legez kanpo jokatzen ari zen, baimendutakoa baino zabor gehiago pilatzen ari zelako, hori egiteko beharrezko segurtasun neurriak hartu gabe. Finean, enpresak “arau-hauste oso larriak” egin zituela ondorioztatu zuen arkitektoak, EAEko ingurugiroaren babeserako legedian oinarrituta.

Hondakinak desagerrarazi zituen Zorrozak istripuaren ostean

Aurrekari horiekin guztiekin, inguruko lantegietako hainbat lekukok esandakoak zentzu guztia dauka. Izan ere, Zorroza gestión de residuos alboan lan egiten duten edota greban dauden beharginek -Tubos Mecánicos del Nortekoek- hainbat zalantza plazaratu dituzte enpresaren jarrerari buruz. Besteak beste, hainbat lekukok adierazi dute Zorroza gestión de residuosek kamioien bidez hustu zuela fabrika istripuaren osteko gauean. "Istripua baino lehen pabiloia zaborrez beterik zegoen. Hurrengo egunean, ordea, polizia agertu baino lehen, kamioiak zeuden barruan aparkatuta eta ez zegoen hondakinen arrastorik", diote lekukoek.

Udaleko zerbitzu teknikoak hiru aldiz saiatu ziren iaz enpresan sartzen, baina ez zieten utzi

Sarrera, hiru aldiz ukatua

Jokabide garden faltaren froga gehiago daude txostenean. Udal teknikariaren arabera, udaleko zerbitzu teknikoak hiru aldiz saiatu ziren iaz enpresan sartzen, baina ez zieten utzi, nahiz eta hori Administrazioko langileen eskubidea izan ingurumenari lotutako legedia betearazteko.

Lehen bi kasuetan zuzendaria kanpoan zegoela argudiatu zieten. Hirugarren saiakeran, aldiz, enpresako nagusia bera izan zen sarrera oztopatu ziena. Iragan urtarrilean lortu zuten teknikariek enpresa barrura sartzea. Espedienteak irekita jarraitzen du, Aiarako Udalak aipatu duenez.

Pertsonen segurtasuna arriskuan

Aiarako arkitektoaren txostenak ere erreparatu zion langileen eta pertsonen segurtasunari, oro har. Horrela, teknikariaren iritziz, egokia zen Osalan eta Lan Ikuskaritzari enpresan zegoen egoera jakinaraztea, pertsonen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzen ote zen ikertzeko, legearen arabera. Handik bi hilabetera hil zen langile senegaldarra lan istripuan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa Araban
2022-01-10 | Hala Bedi
Iosu Aranberri, Gasteiz Zero Zabor
"Gasteizen zaborraren %34a soilik birziklatzen da"

Multinazionalak, errauskailuak, zabortegiak, pirolisi plantak… Honetaz eta gehiago mintzatu gara Gasteizeko Zero Zabor taldeko Iosu Aranberrirekin.


2021-06-08 | ARGIA
Zabortegiak handitu eta berriak ireki nahi dituzte EAEn

Zabortegien edukiera bikoiztu egin beharko da EAEn 2030 urtera arteko epean, Eusko Jaurlaritzak aitortu duenez. Horri aurre egiteko hainbat proiektu daude mahai gainean, egungo zabortegiak handitu eta berriak irekitzeko, hala jaso du Berria egunkariak.


2021-03-25 | ARGIA
Derrigorrezko atez ateko hondakin-organikoaren bilketa ezarriko du Kripango Udalak

Arabako Errioxan dagoen Kripan herrian bio-hondakinak etxez etxe biltzeko sistema abiaraziko dute. Azaldu dutenez organikoaren bilketa modu horretan eskaintzen duen "Arabako lehen udalerria" izango da.


Hurrengo belaunaldiei zorretan utziko dieguna

Europar Batasuneko herrialdeek dirutza mugiaraziko dute koronabirusaren pandemiari aurre egiteko. 750.000 milioi euroko aurrekontua duen Next Generation EU deituriko planaren bidez, trantsizio ekologiko eta digitala bideratu nahi da. Baina aurkeztutako proiektuek ba al dute... [+]


2021-02-07 | Mikel Zurbano
Zor publikoaren zama

Next Generation EU programak 750.000 miloi euro aurreikusten ditu datozen zazpi urtetarako. Eta aldi horretarako Europar Batasuneko (EB) aurrekontua 1,074 biloi eurokoa da. Bi hanka hauek erabiliko ditu nagusiki EBk Covid-19ak eragindako hondamendiari aurre egiteko,... [+]


Eguneraketa berriak daude