Gauza ugari leporatu dizkiote beharginek enpresako zuzendaritzari: langileak gaizki tratatzea, formazio dokumentuak beharginen izenean sinatzea, lan istripuak modu desegokian kudeatzea... Aiaraldea hedabidea zuzendariarekin jarri da harremanetan, baina momentuz ez du erantzunik jaso.
Bi aste igaro dira Zorroza gestión de residuos enpresan 24 urteko behargin bat hil zenetik. Ordutik hona hainbat informazio argitaratu dira Murgako lantegi horren jardunaren inguruan.
Aiaraldea hedabideak bertan lan egin zuten sei pertsonekin hitz egin du. Horietako hiruk bideo edo audio elkarrizketa bidez egin dituzte adierazpenak. Beste hirurek, aldiz, anonimotasuna mantendu nahi izan dute. Hala ere, antzeko gauzak aipatu dituzte seirek enpresaren barruan ikusi eta bizitakoak kontatzerakoan.
Gavrilă Vasile Zubascu duela hiru urte egon zen bertan lanean. “Lehen hiru asteak ondo egon ziren, baina gero ez zen kontratuak esaten zuena betetzen. Ni makinista bezala sartu nintzen eta bonba hidraulikoak aldatzera iritsi nintzen”, salatu du behargin gazteak, “ez zegoen postu finkorik, zure funtzioa egun batetik bestera aldatu zitekeen”.
“Ez nituen ikastaroak eginak, ez nuen nire izenean sinatu zutena ikusi, ez ezer”
Trebakuntzarik ez zegoela nabarmendu du langileak. “Formazio ikastaro batzuk egin zizkidatela esan zidaten. Nor sinatu zituen galdetu nuen, eta beraiek sinatu zituztela erantzun zidaten. Ez nituen ikastaroak eginak, ez nuen nire izenean sinatu zutena ikusi, ez ezer”.
Gainontzeko langileek ere antzeko lekukotzak eman dituzte. “Formazio? Zer formazio? Ez zegoen inolako formaziorik”, ziurtatu du Txebi Landaburu amurrioarrak, “zerbait egin behar bazen makina barrura sartzen zinen eta listo”.
Zortzi hilabete inguru eman zituen Landaburuk fabrikan lanean. Zuzendariaren hitzezko tratu txarrak salatu ditu amurrioarrak. “Jarrera hori atzerritarrekiko zuen batez ere”, nabarmendu du, “oso baldintza txarretan zituen. Goizeko zazpietan sartzen ziren, pare bat bokata jaten zituzten eta batzuetan, uda garaian, arratsaldeko zortzi edo bederatzietara arte egoten ziren, hamar ordu baino gehiago”.
Felixek (izen asmatua) ere antzekoa adierazi dio Aiaraldea hedabideari: “Behin goizeko zazpietan hasi eta gaueko hamaiketan itzuli nintzen”. Bere hitzetan, ohikoa zen aurreikusitakoa baino ordu gehiago egotea lantegian. “Gauza guztiak egiten ziren presaka, ez zegoen kafe bat hartu ezta bost minutuz atsedena hartzeko tarterik. Tratua oso txarra zen, eta erantzuten bazenuen kaleratzearekin mehatxatzen zizuten”.
“Arduradunak esan zidan lana uzteko, bestela burua apurtuko zidalako”
Beharginek salatu dutenez, jende gehienak ez zuen denbora asko jasaten lanean.“Egon zen bat goizeko zazpietan lanean hasi eta arratsaldera arte iraun ez zuena”, oroitu du Felixek, “bi egunez baja hartzen bazenuen -katarro bategatik, adibidez- itzultzean bizitza izorratzen zizuten, zure kabuz joateko”. Adrianek -izen asmatua- antzeko zerbait kontatu du: “Arduradunak esan zidan lana uzteko, bestela burua apurtuko zidalako”. Bere hitzetan, behargin gehienek “aste bakan batzuk” baino ez zuten irauten bertan.
Luis Angel Barrena kamio gidaria da salbuespenetako bat. 2005 eta 2017. urteen artean egon zen Zorroza enpresan lanean. Lehen urteetan gatazkarik izan ez zuela azaldu du Basauriko beharginak. Beranduago hasi ziren arazoak, kamioi baten harira. “Ez zuen frenorik. Zer gertatzen zitzaion ikustera eraman nuen, eta itzultzean istripu bat izan nuen”. Orduan aldatu zen zuzendariaren jarrera. “Une oro zegoen nire atzetik. Ez zidan bidaiarik enkargatzen eta eguerdian barruan mantentzen ninduen eta ezin nintzen bazkaltzera joan”. 16-17 hilabete inguru igaro zituen guztira bajan, antsietatea dela eta. “Beste lan bat eskaini zidaten eta bertatik alde egin nuen”.
Fabrikako makina eta azpiegitura guztien egoera ere salatu dute langile ohiek. “Ez zegoen armairurik, ezta ordua markatzeko erlojurik edota dutxarik ere”, azaldu du Landaburuk. “Hiruzpalau kamioi zeuden ondo, baina gainerakoak nahiko txarto zeuden. Beti zeuden arazoak: ez zutela frenatzen, zaharrak zirela... bertan konpontzen zituzten gainera”, azpimarratu du Barrenak. Beste kamioi gidari batek ere antzeko gauza bat azaldu du: “Kamioiek beldurra ematen zuten. Bat apurtu zitzaidan eta kaleratu egin ninduten. Poztu egin nintzen, nahiago dut etxean egon bizia jokatu baino”.
“Makina bat izorratzen bazen piezaren bat kentzen zitzaion funtzionatzen jarraitu zezan”
Behargin guztiek diote gauza bera: ez zegoen inolako segurtasunik. Hau dio Landaburuk: “Makina bat izorratzen bazen piezaren bat kentzen zitzaion funtzionatzen jarraitu zezan”. Amurrioarraren hitzetan, horren ondorioz gertatu zen beharginek oroitzen duten lan istripu larrienetako bat, fenwis motako orga batek behargin baten hanka zulatu zuenean. “Inork ez zuen inor deitu. 112ra deitzeko esan genuen, baina furgoneta batean sartu zuten zauritua eta txakur bat bezala eraman zuten mutualitatera”.
Larrialdi zerbitzuak ez deitzea ohiko jokabidea zen zuzendaritzaren artean, Felixen arabera. “Batzuetan istripua izan zuen beharginari esaten zioten mutualitatera bakarrik joateko”.
Gavrilă Vasile Zubascuk bere azalean sufritu zuen segurtasun gabezia hori. “Denetarik egitera bidaltzen ninduten, bakarrik. Zinta ataskatzen bazen errotaren atzeko parteko galbahea altxatu behar zenuen, erdi ustelduta zegoen zinta batekin eusten zena”, azaldu du Amurrion bizi den beharginak, “zinta horrek giltza zabalgarri bat zuen, blokeatzeko eta garbitzen joateko. Baina ez nuenez laguntzeko inor, ahal nuen moduan moldatu nintzen. Giltza sartu nuen, zinta askatu zen eta hiru atzamar harrapatu zizkidan. Bertan egon nintzen kamioi gidari bat bertaratu zen arte. Arduradunengana joatean ur hotza botatzeko eta atzera itzultzeko esan zidaten, egurra txikitzen jarraitzeko”.
Fabrikara iristen zen zaborra kudeatzeko modua ere salatu dute beharginek. “Ni egon nintzenean zabor pilak 4 metroko altuera zuen”, nabarmendu du Zubascuk, “udalak ez zuen halakorik baimentzen, baina kontrolak zetozenean kamioi batzuk kargatu, gauzak apur bat kendu eta listo, ez zen ezer gertatzen”.
“Kontrolak zetozenean kamioi batzuk kargatu, gauzak apur bat kendu eta listo, ez zen ezer gertatzen”
Ildo beretik doa Felixek ikusitakoa: “Beste enpresa batzuetako kristala ekartzen zuten, beste gauza batzuekin estali eta ezkutatuta eramateko. Antzeko zerbait egiten zuten koipe eta gasolina ontziekin”. Zorroza gestion de residuos “birziklapen” enpresa bat dela nabarmendu du beharginak: “Nik etxean birziklatzen dut, baina enpresa honek justu kontrakoa egiten du, dena nahastu”.
Baina Zubascuk bizitakoa da kasurik deigarriena. “Ataskatutako putzu septiko bat husten zutenean, bertako materiala zegokion tokira eraman beharrean, lantegiaren atzeko aldean barreiatuta uzten zuten, zoruan. Hormigoi gutxi zegoen, lurra zen gehiena. Botekin ibili behar nintzen kakaz ez betetzeko, baina berdin zitzaien”.
Aiaraldea hedabidea Zorroza gestión de residuos enpresako zuzendariarekin jarri da harremanetan artikulu hau osatzeko, baina momentuz ez du erantzunik jaso.
Aurreko astean lan istripuen ondorioz sei behargin hil zirela salatzeko, 60 bat lagunek Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzako sarrera blokeatu dute. Ertzaintzak bertan zeuden pertsonak identifikatu ditu. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, dagoeneko 26 dira aurten... [+]
AHT Gelditu elkartearen esanetan, AHTren obretan asteartean izandako heriotza bezalakoen atzean "esklabotza-baldintzak" eta "tratu arrazista umiliagarri eta iraingarriak" baino ez daude. Atxondoko Udalak gertatutakoa ikertu eta argitzeko eskatu du. AHTko obretan... [+]
Ostegun goizean hil da langilea, Bilboko José María Ugarteburu kalean. Astelehenean bi langile hil ziren, Andosillan (Nafarroa) eta Atxondon (Bizkaia), eta asteartean beste bat Amurrion (Araba).
Dozenaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Aiaraldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) Tubos Reunidoseko lan heriotza salatzeko deitutako mobilizazioan. Laneko heriotzen "odolustea" salatu eta egoera ez normalizatzeko deia luzatu dute.
Pasa den asteko berria dugu: Irunen 67 urteko garraiolari bat hil zen, kamioia kargatzen ari zela. Errepidean izan balitz, “eragozpenak errepidean” entzungo genuke; ondoren, baxu antzean, “kamioilari bat hil da istripuan”. Gipuzkoa aldean trena hartzea... [+]
"Prebentzio neurriek egiten dute huts behin eta berriz", salatu du LAB sindikatuko lan osasunerako Nafarroako arduradun Inko Iriartek. Atzo izan zen azken lan heriotza. Andosillako lantoki batean karga gainera erorita zendu zen 49 urteko errioxarra. Hamaika egunean... [+]
Tubos Reunidos enpresan ari zen lanean eta teilatutik behera erorita hil da, sindikatuek jakinarazi dutenez. azken honekin 22 dira 2025ean hil diren langileak.
Foruzaingoaren esanetan, ezbeharra gertatu den lekuan bertan hil da 50 urteko langilea. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, urte honetan dagoeneko 21 langile hil dira beharrean ari zirela.
Langile bat hilik topatu dute astearte goizean Laudioko Bebidas Serrano enpresan. Osalanek adierazi du hipotesi nagusia gizonak bihotzeko bat izan duela dela. Istripu honetan hildakoarekin, 2025ean 19 langile hil dira jada lan istripuetan.
Ezbeharra ostegunean gertatu da eta SOS Nafarroak 16:00 orduak jotzear zirela jaso du haren berri. Medikua, anbulantzia et Foruzaingoa bertarako dira, baina ezin izan dute gizona suspertu eta bertan hil da.
Buñueleko (Nafarroa) kasuan, 34 urteko gizona makina batean harrapatuta geratu da. Arratzun (Bizkaia), aldiz, garabiak goi-tentsioko linea bat ukitu ostean hil da 61 urteko gizona.
Betsaide enpresan gertatu da, 08:00ak aldera. Urtea hasi denetik gutxienez bederatzi behargin hil dira.
2024ko laneko ezbeharren txostena aurkeztu dute LAB • ESK • STEILAS • EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek aurtengo otsailean. Emaitza larriak bildu dituzte: geroz eta behargin gehiago hiltzen dira haien lanpostuetan.