Zinemaldiko programazioaren %12 baino gutxiago izango da euskaraz

  • Irailaren 17tik 27ra bitartean, 511 emanaldi eskainiko dituzte Donostiako Zinemaldian. Horietatik 60 baino ez dira egongo euskaraz edo euskarara itzulita. Pantailak Euskaraz elkarteak esan duenez, hizkuntza eskubideak errespetatzeko ezarritako legeak ez dira betetzen.


2021eko irailaren 16an - 08:49
Azken eguneraketa: 10:54
Kursaala, 2012ko Donostiako Zinemaldian. Argazkia: AnTho-aR

2021eko Zinemaldian euskarak izango duen presentzia nolakoa den aztertu du Pantailak Euskaraz taldeak, eta datuak "gordin bezain kezkagarriak" direla zehaztu dute. Ostiralean hasi eta irailaren 25era arte egingo den ekitaldian, 511 emanaldi eskainiko dituzte. Horietatik, jatorrizko bertsioa euskara, elebiduna edo hiru eleduna dutenak 27 dira, eta azpidatzita dauden saioak, berriz, 33. Bi hauek gehituta, euskaraz egingo diren emanaldiak programazio osoaren %12 baino gutxiago dira.

Zinemaldiko hamalau sail ofizialetan, jatorrizko bertsioa euskaraz duten filmak hamazortzi dira: 35 emanalditik zortzi dira euskaraz Zinemiran; 106tik sei Sail Ofizialean; eta 75 emanalditik lau Zabaltegin. Horretaz gain, jatorrizko bertsioa elebiduna duten zazpi pelikula ere eskainiko dira Zinemiran, eta Haur Zinema atalean, proiektatuko diren film guztiak (sei) euskarara itzulita egongo dira. Azpitituluak euskaraz dituzten filmak, berriz, bost sailetan egongo dira: New Directors (53tik hamabi pelikula euskaraz), Zabaltegi (zortzi), Atzera Begirakoa (24tik lau), Horizontes Latinos (41etik bi) eta Culinary Zinema (hamazazpitik bi).

Euskaraz ez bezala, emanaldi guztiak gazteleraz edo gazteleraz azpidatzita ikusi ahal izango dira. Pantailak Euskaraz elkarteak azaldu duenez, Zinemaldiko araudiaren seigarren artikuluak zehazten du horrela izatea bermatu behar dutela ikuskizun guztietan. Legediak euskarari buruz ezer ez dioenez, ez daude behartuta hizkuntza hau erabiltzera.

Euskaldunok diskriminaturik, legea ez delako aplikatzen

"Nekez uler daiteke hainbeste diru publikorekin ospatzen den ekitaldi honetan, bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, euskarak, eta, beraz, euskaldunok, horrelako diskriminazioa jasatea", diote elkartetik. Izan ere, salatu dute legearen aurrean babestuta dagoela euskara, baina Eusko Jaurlaritzak ez dituela hizkuntza eskubideak errespetatzeko arau horiek betetzen.

Euskararen erabilera normalizatzeko 10/1982 Legeak dio Jaurlaritzak "neurriak hartuko" dituela "bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino" besteak beste, zineman eta ikus-entzunezko grabaziotan (25. artikulua). Bestalde, Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak 12.c artikuluan dio estatuei dagokiela "beste hizkuntza batzuetan sortutako lanak erregio edo gutxiengoen hizkuntzan eskuratu ahal izateko bideak erraztea. Horretarako, itzulpenak, bikoizketak, postsinkronizazio lanak eta azpitituluak jartzea bultzatu eta garatuko da".

Zinemaldian ikus daiteke lege horiek ez direla aplikatzen. Baina, zinema munduan, orokorrean, egoera ilunagoa da oraindik: Euskal Herriako zinema aretoetan estreinatzen diren filmen %1 baino ez dago euskaraz. Era berean, filmak ordainketa bidez eskuratzeko plataforma nagusietan, euskararen presentzia ez da %0,1era iristen, Pantailak Euskaraz elkarteak zabaldutako datuen arabera.

Ikus-entzunezkoak aisialdirako tresna nagusi diren heinean, arlo horretan dagoen euskararen presentzia txikiak denbora libreko hizkuntza ohituretan ere eragin handia dauka. Horregatik, elkartetik beharrezkoa ikusten dute euskarak "pantailetan bizi duen egoera goitik behera aldatzea, euskal hiztun komunitatearen etorkizuna jokoan dagoelako". Bereziki, gazteenen artean dagoen euskara maila baxuari buelta emateko bidea izan daiteke aisialdiaren esparruan euskarazko produktuak sustatzea.

Aldarrikapenak eta proiektuak

Pantailak Euskaraz elkartea hainbat herri ekimen eta eragilek ekainean sortu zuten mugimendua da. Netflix euskaraz eta Disney+ euskaraz herri ekimenak, Tinko Euskara Elkartea, BIEUSE bikoiztaile euskaldunen elkartea, Zinemak Euskaraz kanpainaren sustatzaileak eta Game Erauntsiak daude barruan. Datozen hilabeteotan, Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestua osatu nahi dute. 

Aldarrikapenen artean, administrazioari egindako hainbat eskaera bildu dituzte. Batetik, euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa bultzatu nahi dute. Bestetik, lurralde-administrazio bakoitzean Ikus-entzunezkoen Kontseilu propioa sortzea eta hiru lurralde administrazioetako ordezkariz osatutako koordinazio-organoa osatzea. 

Hedabide publikoei dagokionez, EITB indartzea proposatzen dute, euskararen normalkuntzarako tresna bihurtuz. Espainiako eta Frantziako kate publikoetan ere edukiak euskaraz eskaintzea eskatu dute. Ikus-entzunezko berrien esparruan, euskarazko streaming plataforma sendoa sortzeko ahaleginetan dabiltza, sortuta dauden kanal handietan (Disney+, Netflix eta Twitch euskaraz jartzeko sinadurak bildu dituzte) euskara erabiltzea eskatzeaz gain. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2021
BESTELAKO ZINEMALDIA
Irudika ditzagun istorio sinesgaitzak

Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]


2021-10-03 | Mikel Antza
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.


2021-09-27 | Mikel Antza
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.

 


BESTELAKO ZINEMALDIA
Irudika ditzagun istorio sinesgaitzak

Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]


Eguneraketa berriak daude