Alfonbraren azpian zegoena

  • Betirako gelditzeko itxura lukeen arren, amaitzen ari da Donostia Zinemaldia. Estreinatu dira dagoeneko film guztiak, eta hasia da epaimahaia sarien berri ematen. Batzuetan bat gatoz, besteetan ez horren beste; hor dago iritziaren koska. Agian homologazio eta lehia ez litzateke posible zinemari dagokionean. Dena dela, alfonbra gorriaren azpian zer dagoen ikusteko irrikaz nago. Akaso, garai batean bezala, harrien azpian hondarra dagoenarekin amets egin behar. Bestela, iazko hautsa. Zurriolatik ihes egindakoa, seguru.


2021eko irailaren 25ean - 07:37
Azken eguneraketa: 09:41
"Kuartk Valley" filmaren fotograma
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Maider Oleagaren Kuartk Valley filma eskaini du Zinemira sailak. Kuartangon, Arabako 300 biztanleko aranean, westerna edo cowboyen filma gauzatu zuten orain urte batzuk. 2005. urtean elkartu ziren bertakoak diren Oier Martínez de Santos eta José Luis Murga amets hori betetzeko asmoz; 2014an estreinatu zen Algo más que morir, Almería Western Film Festival jaialdian, bi sari jasoz. Ia hamar urteko bidean, hainbat herritar konbentzitu zituzten filmeko pertsonaia izateko, eta diru eta ekipo teknikorik gabe garatu zuten proiektua. Larre baten gainean eraiki zuten cowboyen herrixka irudikatzen zuen eszenatokia, eta luzez iraun zuen bertan, filma amaituta ere. Urte batzuk beranduago, Oleagak ekimen horren berri eman du.

Gorabeheraz beteriko garaia irudikatzen du zuzendariak filmaren filma den honetan. Aktoreen esperientziak, tokian utzi diren aztarnak eta jatorrizko filmaren pasarteak tartekatzen dira irudietan, baita Oleagak proposatzen dituen eszenatoki berriak ere. Herrian proiektua zeinen sakon hartu zuten sentitzen da, eta hura aurrera eramateko izandako indar eta iraunkortasuna zizelkatzen da protagonisten jarreretan. Raccordari dagokionez, zenbait pasarte filmatu behar izan ziren berriro pertsonaien aldaketengatik (10 urterekin eta 14rekin oso ezberdina zen neskatoa edo aktore txarra izanagatik Sheriffaren ordezkatzea, adibidez), eta arazo teknikoei aurre egiteko, argitasun handiz jokatu zuten, etxeko eran. Azkenerako, pasadizo ezberdinen kontaketak eta zuzendariak eraikitako eszenaratzearen bitartez, herriak bizi izan zuen etapa horren argi-ilunak kontatzen dira. Westerna filmatzea egungoaren erregistrotik zeinen gertu egon daitekeen erakusten du, gainera, Oleagak.

 

"Heltzear" filmaren fotograma

Kimuak 2021 katalogoan, nahiz Zabaltegi-Tabakalera sailean izan da Mikel Gurrearen Heltzear filma. Veneziako jaialdiko Orizzonti sailean egon ostean, etxean estreinatu da, ikusmira handia sortuta. Filma 2000. urtean kokatzen da, euskal gatazkaren testuinguruan. Kanpoan duen anaiari gutun bat idazten dion bitartean, Sara, 15 urteko eskalatzailea, bere bizitzako maila-igoerarik handienerako prestatzen ari da. Haizea Osesek jokatzen du Sararen pertsonaia, eta 16mm-tan filmatua dago.

Irudi ederrak eta aktore-pertsonaia oso indartsua dauka Gurrearen filmak. Enkoadraketak gustu handiz aukeratuak dira, argi oso berezia lortzen da, eta ekintzek pisu handia dute istorioan. Off ahotsak Sarak anaiari idazten dion gutuna irakurtzen du, bere entrenamenduen eta bizitzaren berri emanez, eta irudiek bizitza hori erakusten dute eszenaraturik. Batzuetan, ordea, gutuna sinesgaitza gertatzen da. Irudien indarrak bere kabuz hitz egiten duenez, era berean, ez da beharrezkoa hitzaren presentzia erabatekoa; ilustraziora mugatzen da, irudia potentziatu ordez. Gatazkaren irudikapen berria izan litekeenak baino interes handiagoa sortzen du eskalatzailearen bizitzak. Estekikoki zoragarria den filma hankamotz gelditzen da argudioan.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2021
2021eko urriaren 4
Sail Ofiziala
Zinemaldiaren ajeak

2021eko irailaren 28
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

2021eko irailaren 27
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

2021eko irailaren 23
Sail Ofiziala / 6. eguna
Fikziozko pertsonaiak baizik ez gara

2021eko irailaren 23
Donostia Zinemaldiaren aitzakian / 6. EGUNA
Kerik gabeko egunak

2021eko irailaren 22
BESTELAKO ZINEMALDIA / 6. EGUNA
Esaten ez direnak

2021eko irailaren 22
Sail Ofiziala / 5. eguna
Amatasun atmosfera itogarriak

2021eko irailaren 22
Donostia Zinemaldiaren aitzakian / 5. EGUNA
Azpi-azpikoak

2021eko irailaren 21
BESTELAKO ZINEMALDIA / 5. EGUNA
Atalik interesgarriena eta ospearen balioa

2021eko irailaren 21
Donostia Zinemaldia / 4. eguna
Durasi buruz hitz egin beharra

Eguneraketa berriak daude