Zinemaldiaren osteko bestondoa

  • Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.

     


2021eko irailaren 27an - 09:37
Azken eguneraketa: 11:42

Victoria Eugenia antzokian nengoela gogoratu nuen bertan ikusi nuela Werner Herzogen Fitzcarraldo. Eta haserre atera nintzela amaitu aurretik, irakurria bainuen filmean erabilitako ontzia mendiz garraiatzen agertzen diren Amazonasko biztanleetako batzuk hil egin zirela.

Antzoki Zaharrera hurbiltzean gogoratu nuen orain Casino Gran Kursaal bihurtu duten lehengo Petit Casino aretora eraman gintuztela ikastolatik Jose Mari Zabalaren Axut film apurtzailea ikustera.

Ez dut Urrezko maskorra irabazi duen Crai nou ikusi, sinopsia irakurri, eta azken unean aspergarria izango zela iruditu zitzaidalako. Nire gogo eta irizpideen arabera hautatu ditut ikusi nahi nituen filmak. Ez naiz filmei buruzko nire iritzia emateko hurbildu. Zinemaz gozatu nahi izan dut, egoistaki, besaulkian eseri eta irudien bidez iristen zitzaizkidan istorio eta kontakizunekin plazer hartu.

Ezinezkoa egin zait asmoa erabat betetzea. Zinemaldiak zinema kutsatzen du. Osasun kontuen aitzakian hartutako neurriek bezainbeste. Zinemaldian, filmaren inguruan antolatzen den erritualak formateatzen du filma, eta ikuslea ere.

Akreditazioa poltsan ezkutatuta, Zinemaldiak Donostiari ekartzen dionari kasu egin gabe ibiltzen saiatu naiz. Ez dut lortu. Zinemaldiaren eragina sentitu dut, zinemarena baino gehiago. Neure burua behartu nahi izan dut hainbat konturi ezikusia egitera. Ez dut lortu.

Tasting tour-era eta tasting film-era etorritako turista zinemazaleek bete dituzte Donostiako Alde Zaharreko kaleak eta tabernak. Bertakook arrotz sentiarazteraino.

Poliziak ikusi ditut Maria Cristina inguruan, beren armak prest. “Johnny Deep babesteko ote?”. Segurtasuna omen den horretaz arduratzen direnek izango zuten motiborik kerik gabeko garaiotan horrelako indar erakustaldiak egiteko.

Proiektatu diren filmeetan euskarak izan duen presentzia neurtu dute. Batzuei uste baino gehiago irudituko zaie; beste batzuk kexu izango dira, gehiago nahiko luketelako; beste batzuei gehiegizkoa eta soberazkoa irudituko zaie.

Gaztelaniaren presentziaren neurketa egin beharrik ez dago. Badakigu ehuneko ehunekoa dela.

Hogeita hamazazpi urte igaroak ziren oraindik “Auzoak eta herriak” saila zeukan Zinemaldira joateko aukera izan nuen azken aldi hartatik. Eta bai, noski, euskararen kutsadura nabarmen hedatu da arlo guztietan. Baina Zinemaldian ere, antolaketaren aldetik egindako ahaleginak ahalegin, euskara hizkuntza subalternoa da. Gaztelaniaren eta ingelesaren azpian, euskaradun borondatetsu eta kexatiei erabiltzeko eskaintzen zaien makulu ezdeusa.

Muturra okertu zidan adiskide batek Zinemaldian parte hartzeko nire asmoaren berri jakitean. Eta beste batek, esan nionean Literaturiara ez agertzeko arrazoia Zinemaldiaren ondorengo nekea zela, honela erantzun zidan: “A, ni ere nekatuta nagok Espainiako zinemaldi horrekin, euskarazko kulturgintzaren hedapena paralizatzen duen Movistar eta RTVEren San Sebastianeko Zinemaldiaz”.

Zinemaldiaren bestondoa pasatzen zaidanean, ingurukoentzako ikusitakoen artean gustatu zaizkidanen zerrenda egin, eta areto erdi hutsean zinemaz gozatzearen plazera berreskuratu nahi dut. Bai, hori ere plazera baita.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2021
BESTELAKO ZINEMALDIA
Irudika ditzagun istorio sinesgaitzak

Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]


2021-10-03 | Mikel Antza
Donostia Zinemaldiaren aitzakian
Zinemaldiaren osteko bestondoa

Aurten ez naiz Zarautzera joan Literaturiara. Nekatuegi nengoen. Neure buruari ezarritako zine maratoiaren amaieran ondo zetozkidakeen begiei zabalik eusteko Laranja mekanikoa filmeko Alexi ipini zizkioten gailuak.


BESTELAKO ZINEMALDIA
Irudika ditzagun istorio sinesgaitzak

Zinemaldiaren glamourak atzean zer uzten zuen ez pentsatzen ahalegindu ginen. Irailaren 17tik 26ra bitarte, Donostiako erdiguneak eta Alde Zaharrak Zurriolako hondartzarekin egiten duen triangeluak ez du Zinemaldia ez zen besterik izan hizpide. Eta behin garbitzaileen kamioiak... [+]


"Haiek milionario, gu prekario"

Zahar etxeeetako langileak Zinemaldiaren alfonbra gorrian sartzen saiatu dira (irailak 25), baina Poliziak geldiarazi egin ditu.


Eguneraketa berriak daude